“Eroso sentitzen naiz mehatxu eta gorroto giro horretan, zoriontzen nautenean baino erosoago”

  • Abortatzen saiatu zen emakume drogazale eta prostituta baten semea, ez zuela jaio behar aldarrikatzen du Abel Azconak. Bere bizitza eta zaurietatik sorturiko artea egiten du eta bere heriotza pentsatua du: pieza artistiko bat izango da. Obra polemiko eta zentsuratuen egilea, Eliza Katolikoaren barruan urtetan onarturiko pederastia salatu zuen Iruñean egindako performance batean eta sentimendu erlijiosoen aurkako gorroto delitua leporatuta deklaratzera deitu du epaileak. Nahiago izan du desobeditu eta Lisboara erbesteratu, nahiz eta lehenago edo beranduago atxilotuko dutela dioen.

Argazkilaria: Alvaro Minguito
Argazkilaria: Alvaro Minguito
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bazterketa egoeran daudenentzako klinika madrildar batean erditu zen Abelen ama 1988an, eta bertan utzi zuen semea. Emakumearen orduko bikotekideak umea jaso eta Iruñera eraman zuen. Iruñean hazi zen eta Iruñean adoptatu zuen, aurrerago, familia ultrakatoliko batek. Bere biografiari loturiko gai deserosoak jorratu ditu ekintza artistikoetan (sexu abusuak, drogak, mina…), baita bestelako gaiak ere (Palestinako lurralde okupatuak, errefuxiatuak, 1936ko Gerrako desagertuak…). Liburu ugari argitaratu ditu eta 80 herrialde baino gehiagotan erakutsi ditu inor epel uzten ez duten obra artistikoak: koranaren orriak jan ditu; galerian biluzik jarri eta bere gorputzarekin nahi dutena egiteko eskatu die ikusleei; kargaturiko pistola baten aurrean eseri da, mehatxu egin dioten kolektiboei adieraziz tiro egin diezaioketela; "pederastia" hitza idatzi du ostia kontsakratuak erabiliz; “Make America Great Again” tatuatu du ipurtzuloan…

Zuk kontatua da, ama toxikomanoa eta prostituta zenuela, behartu egin zutela haurra (zu zeu) izatera; jaio eta gero bazterketa, tratu txarrak, buruko gaitzak, suizidio saiakerak… sufritu dituzu. Bizi esperientzia gogor horien kutsua nabari da zure artean.
Herentzia eta motxila horrekin bizi naiz eta horren araberako kokapena hartzen dut nire lanetan. Sexuarekin, bazterketarekin, nire bizitzaren parte diren zauri askorekin zerikusia du egiten dudanak, nire historia aztertzeko modu bat delako. 7 urte nituenean adoptatu ninduten, eta adopzio horrek nire aurreko bizitza ahaztea ekarri zuen, harik eta 17 urterekin erabaki nuen arte aurreko bizitzako patroiak errepikatzea, prozesu horiek ulertzeko. Nire amarekin nuen lotura heroina eta prostituzioa ziren, eta hori errepikatu behar nuen. Lanetako batzuek balio izan didate nire burua hobeto ezagutzeko, nolabaiteko oinarri katartikoa izan dute, baina beste batzuek egoera okertzea ekarri dute. Prostituzioari lotutako proiektuak adibidez esperientzia mingarriak izan dira.

Salaketatik ere asko du zure arteak. Pedofilia, fundamentalismo erlijiosoa, drogak bezalako gaien bidez, tabu asko mahaigaineratu dituzu.
Prozesuak hasi ditudanean, jarrera egoista batetik egin dut, nire barne-bizitza aztertzeko behar horrek bultzatuta, baina aldi berean egia da tabuz beteta dagoen gizarte honetan gai deserosoak landu ditudala. Espainiako Estatuak ez du gaitasunik memoria jorratzeko, memoria bere aldaera guztietan, eta ni gai izan naizenean nire memoria arakatzeko eta kanpora ateratzeko, metaforikoki eta literalki biluzteko, nolabaiteko oreka lortu dut nire buruarekin. Espainiak ez du hori egiten eta kaka guztia etxean geratzen da, tabuz betetako herrialdea da, historia pertsonal asko isilpean mantentzen dituena.
Artistak zintzoa izan behar duela uste dut, norbera dena eta sentitzen duena adierazi behar du, eta nire kasuan nire bizi historiarekin egiten dut lan. Gehiegi kontatu dudala? Tira, agerian jarri dut dena, baina ez naiz damutzen.

"Jaiotzera behartu ninduten eta nik erabakiko dut noiz bukatuko den bizitza hau. Eta opari bat izango da, gaitz mentalak eta neke handia pilatzen dituzunean opari bat delako"

Hori guztia ateratzeak oreka lortzeko balio izan dizula diozu, baina zure zenbait proiektu artistikok oso autosuntsitzaileak dirudite.
Bai, baina niretzat hori oreka da, nire oreka. Gaitz mentalei eta zauri pertsonal askori aurre egin behar diet egunero eta olatu suntsitzaile horren barruan oreka aurkitzen ikasi dut. Artistikoki egingo ez banu, beste modu batera egingo nuke, bizitza eta heriotza ulertzeko dudan modua delako. Jaiotzera behartu ninduten eta nik erabakiko dut noiz bukatuko den bizitza hau; horrek ere oinarrituko eta ulertaraziko ditu buruan ditudan ideia asko.

Zuri oreka lortzeko balio dizu. Ikusleari?
Niretzat performance bat da maleta bat irekitzea, baina etxean ireki beharrean jendaurrean irekitzea, eta prozesu kolektibo bihurtzen duzun unetik jende batek lagunduko dizu maletako poltsiko batzuk irekitzen; elkar ekintza horretatik ikasten dut, norbere maleta eta motxilarekin iristen den jende horrengandik. Nire esperientziak ikusarazteak eta jendeari horiek bizitzeko aukera emateak ere haiei laguntzen die gai horien inguruan gogoeta kritiko bat egiten.

Artistak terrorista, militantea eta aktibista izan behar duela irakurri dizut.
Artistak bakarrik ez, pertsona orok, gehituko nuke. Gutxienez aktibista. Hainbat kolektibotatik terrorista deitzen didate eta nik neure egiten dut hitza; kalean artea egitea eta eskuin muturrari eraso egitea terrorismoa bada, agian terrorista gehiago behar ditugu.
XXI. mendean, arteak jada ez du objektu estetiko soila izan behar, eta ikusle batek zure obran parte hartzen duenean berarengan inpakturik ez izatea, onerako edo txarrerako ez transformatzea, artistaren aldetiko errespetu falta ere iruditzen zait.

Azconaren ekintza artistikoetako batzuk: 'Artistaren heriotza'; 'Enpatia eta prostituzioa'; eta Lotsaren proiektua, Zisjordaniako horman. (Azconaren argazkiak)
"Jendeari askatasuna ematen diozunean, 'egin nahi duzuna nirekin eta nire gorputzarekin', izugarria da zertarako prest dauden"

Proiektuak hasten dituzunean ez omen duzu polemikarik sortzeko asmorik. Benetan?
Ba polemika gehien piztu dutenak oso modu pertsonalean sortu nituen. “Pederasta” hitza idazteko ostiak hartzera adibidez haurra nintzeneko elizetara joan nintzen, oso modu intimoan egin nuen prozesua… eta ez nuen halako erantzunik espero.

Tira, arteak polemika sortzea ere ez da txarra, ezta?
Arte politikoa lantzen baduzu eta sektore jakin batzuk kritikatu behar badituzu, establishmentarekin sartuko bazara, jende horrek probokaziotzat hartzea da zerbait ongi egin duzun seinale. Nik erlijio katolikoa salatu eta bat-batean artzapezpikua atera da nitaz denetik esaten, jendeak manifestazioa egin du kalean haserre; bada, funtzionatu egin du nire lanak. Obra detonatzaileak direla diot nik: ekintza txiki bat egiten duzu eta bide luzea egin dezake, sekulakoa nahaspilatu daiteke.

Zure gorputza da zure obra artistikoaren ardatz nagusietakoa. Kontzienteki objektu bihurtu duzu zure gorputza, desio iturri ere bada batzuetan, minaren katalizatzaile… Nola ulertzen duzu zure gorputza?
Historia autobiografikoak pisu handia du nire gorputzaren erabileran. Adibidez, ez dut nik objektu bihurtu, besteek bihurtu dute nire gorputza objektu: prostituta bat behin baino gehiagotan zu abortatzen saiatu denean, objektu politiko bezala jaiotzen zara. Eta gorputza objektu politikoa den heinean, instalazio artistikoa bailitzan ere landu dezaket. Artistikoki, gorputza da niretzat lantzen errazena eta erantzun azkarrena ematen didana. Errazagoa da ikuslea transformatzea gorputza bezalako obra bizi eta irekia baliatuz, produktu estetiko eta itxia (margolan bat, eskultura bat…) baliatuta baino. Arma politiko indartsuena da gorputza.

Mingarria era bada, hainbatetan. Artearen izenean, zigortu egin izan duzu zure gorputza. Larrialdietan bukatu zenuen, 42 orduz zure gorputzarekin plazenta bat irudikatu ostean.
Koherentea naiz, naizena eta zoritxarrez bizitza honetara egitera etorri naizena errepikatu baino ez dut egiten, kasu honetan baita artearen bidez ere. Ideia jakin batzuk adierazteko proiektu jakin bat egin behar dudala uste badut, egiten dut eta ez dut baloratzen mina emango didan edo ez. Gainera, min fisikoa ez da min hain izugarria, beste min batzuekin konparatuta. Prostituzioari lotutako prozesu artistikoetan esaterako, fisikoki min ematen ez duten gauzak gogorragoak izan dira.

Prostituzioa eta sexua, hain juxtu, oso presente daude zure artean.
Ez hainbeste, baina oihartzun handia izan dute sexuari loturiko obrek. Gainera, proiektu konplexuak iruditzen zaizkit, ez dudalako oso ongi ulertzen jendeak hartzen duen dinamika. Galeria batean ohean biluzik jarri naizenean izugarria da zenbat jende etorri den nitaz abusatzera, erasotzera… Jendeari askatasuna ematen diozunean, “egin nahi duzuna nirekin eta nire gorputzarekin”, izugarria da zertarako prest dauden; gainera elkar kutsatzen dira, batek halako egiten badu hurrengoak gehiago egin behar du; ikerketa soziologikorako ematen du. Botere kontua da beharbada, bakoitzak barruan daramatzan mamuak… Eromena.

'Amen' obra. Abel Azconaren argazkia.

2015ean, Amen obrak hautsak harrotu zituen Iruñean: 242 ostia kontsakratu bildu zenituen (mezetako eukaristietan zuk zeuk hartuak) eta “pederastia” hitza idatzi zenuen horiekin. Elizaren sektore bat asko haserretu da zurekin, baina Elizaren barruan urtetan onartu diren gehiegikeriak frogatuta daude. Errealitatea irudikatzea, errealitatea bera baino gogorragoa egiten zaie batzuei?
Tira, jende horrek jarraitzen du pentsatzen (eurek hala esan didatelako) Elizan sartzen diren apaiz gay isolatu batzuen kontua dela pederastia. Baina datuek kontrakoa diote: isolatua inondik inora, asko dira gehiegikeriak egin dituztenak eta beste hainbeste ezkutatu dituztenak. Eta azkenean, abusuak salatzea helburu zuen obra bihurtu da fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen obra bat, lehen nioen bezala obra detonatzaile bat, ehunka pertsona atera zirelako kalera Iruñean, egurrezko gurutzeak eskuan, nire eta nire obraren aurka. Eszena beldurgarria benetan.

Nola bizi dituzu mehatxuak?
Oso eroso sentitzen naiz mundu horretan, gorroto eta herra giro horretan, zoriontzen eta lausengatzen nautenean baino erosoago. Aipatu dugu, autosuntsiketan funtzionatzen dut, eta gainera uste dut egiten dudan artea ez dela “ze polita” esateko modukoa, baizik eta helburua duena zure barruak mugitzea, beldurtzea, asaldatzea… Pentsa, Amen bezalako pieza minimalistaren emaitza izan da munduko hogei katedraletan erreparazio meza egin zutela artzapezpikuek eta Iruñean lehenengo aldiz eliza guztiak itxi zituztela eta 120 apaizak katedralean bildu zirela erritual bat egiteko.
Obrak izan zuen oihartzunean faktore ugarik eragin zuten: batetik ni nor nintzen (familia ultrakatoliko baten barruan hazi nintzen, ongi ezagutzen dut mundu hori eta beraiek ere ezagutzen ninduten ni), bestetik erakusketa Erorien Monumentuan egitea eskatu nuen eta utzi egin zidaten, eta gainera EH Bilduren Udalak antolatu zuen erakusketa eta oposizioak aukera baliatu zuen politikoki hari erasotzeko.

Orduko alkateak, halere, EH Bilduko Joseba Asironek, eskatu zizun mesedez obra erretiratzeko, gustu txarrekoa zela.
Orain arte inoiz ez dut horri buruzko iritzirik eman, Opus Deiren lurraldean ez nuelako egin nahi aldaketaren udalaren aurka, baina uste dut ez zutela ongi egin, beldurra sartu zitzaiela. Ezkerra koldarra da, beti ongi geratu nahi duelako guztiekin eta gobernatzen duenean egiten duen politika gehiago da eskuindarrak pozik uzteko, ezkertiarrei begira baino. Inor ez dadin kexatu. PSOE ezkertiarra dela esatea asko esatea da, baina PSOEk gobernatzen duenean adibidez diru bikoitza ematen zaio Eliza Katolikoari, PPk gobernatzen duenean baino.

Ez jaio izanaren eskubidea aldarrikatzen duzu. Ez nuen lehenago halakorik entzun.
Bai, Elizak aldarrikatzen duenaren kontrakoa da, horregatik asaldatzen ditu. Emakume prostituta eta heroinazalea haurdun geratu bada eta ez badu haur hori izan nahi, gizarte bezala lan egin behar dugu ume hori ez dadin jaio, eta jaiotzen bada, heroinak utzitako sindromearekin, emakume horren bizimoduak eragindako buruko gaitzekin… gizarteak zerbait ez du ongi egin. Abortatzeko eskubidea da emakumeak duen eskubidea, baina baita zirkunstantzia jakin batzuetan umeak duen ez jaiotzeko eskubidea ere. Jakina zen jaiotzen uzten bazidaten ondorio batzuk izango nituela eta izan ditut ondorio horiek. Nire bizitzan izan den maitasun ekintza handiena da nire ama biologikoa hirutan saiatu zela ni abortatzen Nafarroan, baina ez zuen lortu.

Beharbada harritzen duena da ez duzula abortatzeko eskubidea orokorrean aldarrikatzen, diozu zuk zeuk ez zenuela jaio behar.
Eta horregatik zailagoa zaie ni erasotzea, ez naizelako orokorrean ari. Dena den, Tuterako artzapezpikuak esan zuen nirekin salbuespena egingo zukeela. Bitxia da, katoliko askorengandik jasotzen dudan mehatxua hori bera da: “Zure kasuan abortatu egin beharko zukeen”. Bizitzeko eskubidea argudiatzen dutenak heriotza desio didate.

"Ezkerra koldarra da, beti ongi geratu nahi duelako guztiekin eta gobernatzen duenean egiten duen politika gehiago da eskuindarrak pozik uzteko, ezkertiarrei begira baino"

Askotan zentsuratu dituzte zure obrak. Epaitegietara ere eraman zaituzte. Adierazpen askatasunak ez ditu une onenak bizi.
Espainian adierazpen askatasuna utopia da, jendea erbestean eta kartzelan dugu bere ideiengatik. Lotuta eta ongi lotuta zioen Francok, eta hala da: Monarkia, Eliza eta beste hainbat erakunderen artean dena ongi lotuta utzi zuten, eta hori zalantzan edo kolokan jartzen duen edozer kolpeka mozten da. Egoera ihes egiten ari zaie eta kolpeak gero eta gogorragoak dira, baina ez dira konturatzen zenbat eta kolpe gehiago eman, orduan eta gehiago egingo diela ihes egoerak, kolpea jasotzen duzunean hasten zarelako erreakzionatzen. Honek eztanda egingo du.

Artistak ere bihurtu zarete jomuga. Hain arriskutsua da artea eta kultura?
Frantziako Estatuan lege bikaina dute: artea blindatuta dago eta artistak askatasun osoa du obra artistiko batean nahi duena egiteko, baita “Gora ETA” oihukatzeko ere. Horrelako zerbait beharko genuke leku guztietan. Azken finean, artea da politika egiteko modua eta ez dagoenez beren kontrolpean, zentsurari heltzen diote. Sarri erakunde politikoetatik lortzen ez dena artearen bidez lor daiteke eta jende batengana ere hala iritsi zaitezke. Esaterako, Latinoamerika “Espainiak barkamena eskatzen dizue” kartel erraldoiz betetzen ari gara. Nola ez, salaketa jaso dut jada, Espainiaren irudia kaltetzen ari naizela argudiatuta.

Ultrakatolikoen salaketei jaramonik egin ez eta erabaki duzu epailearen aurrean ez agertzea. Desobedientzia da zentsurari aurre egiteko modu on bat?
Are gehiago, geratzen zaigun aukera bakarrenetakoa da, zein beste gauza egin dezakegu? Hasieran gaizki egin nuen: sistema onartu nuen eta epaitegietara joaten nintzen deitzen nindutenean, baina inoiz amaitzen ez den gurpila da. Nire bizitza osoan izango ditut kereilak, azken bi asteetan hiru kereila berri sartu dizkidate, eta epaitegira gehiago ez joatea erabaki dut, desobedientzia gainera prozesu artistiko bezala ulertzea, prozesu artistikoak politikoak diren unetik. Lisboara ere, beste hainbat arrazoiren artean, horregatik joan naiz bizitzera, nahiz eta Espainiara bidaiatzen dudan noizbehinka. Atxilotzen nautenean, prozesu artistiko gisa ulertuko dut eta kito.

Atxilotuko zaituztela aurreikusten duzu, orduan?
Bai. Deklaratzera joateko bilatze eta atzemate agindu bat dut nire aurka, eta polizia identifikatzera ere etorri zait Espainian izan naizenean, baina burokrazia medio, ez da hain erraza ni hartu eta auzitegira eramatea, egun eta ordu bat zehaztu behar dute ni atxilotuta eramateko, Willy Toledo aktorearekin egin zuten moduan. Dena den, egun hori iritsiko da: deklaratu gabeko hainbat bista pilatzen dituzunean, atxilotu egiten zaituzte. Isiltasunaren inguruan asko irakurri dut (Tiananmengo plaza, Mayo Plazako amak…), isiltasuna arma politiko gisa, eta isiltasunetik onartuko dut nire atxiloketa, isiltasuna poliziaren, epailearen eta balizko kartzelaratze baten aurrean.

"Desobedientzia da geratzen zaigun aukera bakarrenetakoa. Hasieran sistema onartu eta epaitegira joaten nintzen deitzen nindutenean, baina inoiz amaitzen ez den gurpila da"

Zeri dio beldurra Abel Azconak?
Ez naiz pertsona beldurtia. Lehenengo salto egiten dut, eta gero gerokoak. Kartzelak beldurra ematen du, noski, baina badakit sartzen banaiz ahaldunduta egingo dudala, prozesu artistiko bezala onartuz. Eta agerian geratuko da badakiguna: herrialde honetan, ideia nagusiekin bat ez bazatoz erbestea edo espetxea beste aukerarik ez duzula.

Eta zein obsesio dituzu?
Obsesio nagusia da nire bizi-kargaren pieza artistikoa azkar bukatu ahal izatea, nekatuta nagoelako jada. Eta beste obsesioa, ordurako nahi dudan guztia kontatu ahal izatea eta dena lotuta uztea. Gauza asko kontatu nahi dut eta horregatik noa hain azkar, kasik hogei liburu publikatu ditut dagoeneko, nire egia kontatua uzteko beharra sentitzen dudalako.

Heriotzaz ari zara?
Bai, “bizi-karga” finago geratzen da, kar, kar, kar, baina pieza artistiko batean hilko naizela esaten ari naiz. Niretzat, gorputza da karga kontzeptualaren irudikapen bat, baina karga kontzeptualak askoz indartsuago iraungo du gorputza presente ez dagoenean. Hainbat ideia politiko eta ez jaio izanaren eskubidea defendatzen ari naiz, beraz horrelako pieza batek emango dio zentzua eta bukaera gainerako guztiari. Egin beharreko zerbait da. Eta opari bat izango dela uste dut gainera, gaitz mentalak eta neke handia pilatzen dituzunean opari bat delako.

'Azken ordua' obra. Argazkia: Abel Azcona / Rosmutt Galery.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Yun Ping. Aldiro etxera itzuli
“Inor ez da gauza bakar bat, ezta gauza oso itxi bat ere”

Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. [+]


Eguneraketa berriak daude