Macronen pentsio sistemen erreforma: sektore publikoa desegiteko urrats berria

  • Abenduaren 11n aurkeztu du Frantziako lehen ministroak pentsio sistemaren erreforma. Puntu bidezko erretreta sistema gauzatuz eta kapitalizazioari bidea irekiz, orain arteko modeloaren bukaera aurreikusten dute langile sindikatuek. Erreformaren aurkako mobilizazioa indartsu abiatu dute, hiru aldiz greba orokorra burutuz, abenduak 5, 10 eta 12ean. Aurkezpenaren biharamunean CFDT, UNSA eta CFTC sindikatuak ere lotu dira lege proposamenaren aurkako mobilizazioari.

abenduaren 5eko greba orokorra. 10.000 lagun batuz, azken urteetako manifestaziorik jendetsuena burutu dute Baionan.Jenofa Berhokoirigoin

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsio sistemaren erreforma egitasmo orokorrago baten baitan dagoela  deitoratu zuten abenduaren 5eko greba orokorraren kari, Baionan burutu manifestazioan: “Lan Kodea, funtzio publikoa, zerbitzu publikoak, langabezia asegurua eta orain pentsioak… guztia gogorki erasotzen dabil Macron, desberdintasun sozialen emendioa areagotuz”. Pentsio sistemaren erreformaren kontrako mobilizazioaren lehen eguna izan zen abenduaren 5ekoa. Lehena, baina ez azkena: greban segitzearen alde bozkatu dute hainbat sektoretako langileek, tartean, SNCF tren konpainiakoek edota RATP Paris inguruko garraio publikoetakoek. Lizeo eta unibertsitateetan ere martxan da mugimendua. Abenduaren 12ean hirugarren greba eguna burutu dute, eguna manifestazioz eta blokeoz josiz.

Aste hastapenean sindikatuekin bildurik, erreforma aurkeztu zuen asteazkenean Edouard Philippe lehen ministroak. “Konfrontaziorik gabe” baina “fermuki” gauzatu nahi duena. Alta, desadostasuna hor da eta izanen dira berriz grebak –agian mugagabeak–, blokeoak, manifestazioak eta forma berriko ekintzak. Azken urte honetan Jaka Horiek autonomoki garatu mugimendua eta sindikatuek erreforma horri buruz bideratu borroka juntatzea izanen dute aurka daudenek erronka. Gobernuaren determinazioa ikusita, denboran iraunen duen mugimendu masibo eta azkar bat ezinbesteko ukanen dutelako borroka irabazteko.

“Modernitatearen” eta “transformazioaren” izenean, hainbat erabaki eta neurri hartuak ditu jada Macronen gobernuak, guztiak norabide berean doazenak: zerbitzu publikoen desegitera. Pentsio sistemaren erreformarekin, “aberatsen presidentea” izengoitiarekin izendaturiko Macronek olioa bota dio beste behin ere Frantzian sendi den haserre sozialaren suari. Abenduaren 5ean burutu lehen mobilizazioan 1,5 milioi manifestari kontatu izana (806.000 lagun Barne Ministerioaren kontaketari segi) adierazgarria da. Belaunaldien arteko elkartasunean oinarrituriko erretreta sistema mantentzearen aldeko mugimenduak negua berotuko duela aurreikusi daiteke. 10.000 lagun elkartu ziren abenduaren 5ean Baionako karriketan, CGT, FO eta FSU arteko intersindikalak eta LAB, CFE-CGC, Solidaires eta Unsa Education sindikatuek deiturik. Ikasleak ere egon ziren mobilizaturik. Azken urteetako manifestaziorik jendetsuena, antolatzaileen arabera.

Biharko erretretak segurtatzeko, puntu bidezko sistema bat martxan jarriko du Macronek. Langileak puntu batzuk bilduko ditu bere lan bizitzan zehar, eta erretretara heltzen denean, puntu horiek euro bihurtuko dira, indize baten arabera. Nahiz eta gobernuak segurtatu balio finkoa ukanen dutela puntuek, berez ez da horretara behartua izango. Egoera finantzarioa orekaturik mantentzeko helburuari segi, puntuaren balioa apaltzen ahalko luke gobernuak.  Puntuak erretretara sartzeko urtean daukan balioaren araberako pentsioa ukanen du erretretadun berriak.

Kriterio horren gibelean gordetzen den errealitatea argitu zuten Baionako manifestazioaren bukaerako hitzartzean: “Puntuaren balioa momentuko gorabehera politiko eta ekonomikoen araberakoa izango da, burtsako krisiaren araberakoa, Nazioarteko Diru Funtsaren araberakoa eta Europar Batasunaren politika ultra liberalaren araberakoa”.

Pentsio apalagoak, bai ala bai

Pentsioen apaltzea ondorioztatuko luke erreformak. Lege proposamenaren oinarrian dagoen Delevoye txostenean irakurri daitekeenez, erretretei bideratu dirua Frantziaren BPGren %14ra mugatuko du Gobernuak. Jakinda datorren urteetan pentsiodunen kopurua azkarki emendatuko dela, bai ala bai apalagoa izanen da bakoitzari bideraturiko pentsioa. Erreforma azaltzeko orduan, ondoko irudia erabili ohi dute aurkariek: pastel berarentzat jale gehiago baldin badira, partekatzerakoan, bakoitzaretzako pastel zatia txikiagoa izaten da. Laburbiltzeko, “elkartasun gutxiago eta pobrezia gehiago”, sindikatuen hitzetan. Gainera, pentsioa kalkulatzeko erreferentzia urteak ere aldatuko dira: pribaturako hogeita bost urte hoberenak eta publikorako sei hilabete hoberenak hartu beharrean, urte guztiei begiratuko zaie. Erretreta heinaren apaltzea eragingo du horrek ere. “Lanbideko gorabeherak, langabezia garaiak, lan kontratu partzialak gogor ordainduko dira erretretaren orduan”, CGT, FO eta FSU sindikatuen arteko intersindikalaren arabera. Pentsio duin eta bizigarri bat ukateko bide berriak irekiko ditu Frantziako gobernuak: izango da aukera, baldin eta norberak bere buruarentzat dirua baztertzen badu. Hain zuzen, kapitalizazio sistema osagarri bati irekitzen dio bidea erreformak.

Erretreta hartzen duenerako dirua gordetzeko aukera ukango du aktiboak. Oraingoz, aberatsenei mugatua da banaketa sistematik atera eta kapitalizazio sistemara pasatzeko aukera –hilabetean 27.000 euro gordin baino gehiago irabazten dutenei–, baina erreformarekin muga hau apalduko dute (10.000 euro gordineko hilabete sarira, Delevoye txostenaren arabera), langile gehiagori irekiz posibilitatea.

Kapitalizazioaren arriskua
Banaketa sistema utzi eta kapitalizazio sisteman sartzeko aukera ukanen dute langile gehiagok

Baliteke ondoko urteetan muga hori oraindik gehiago apaltzea eta beraz kapitalizazio sistemak elkartasunean oinarrituriko sistema ordezkatzea, edo behintzat banaketa-sistemaren osagarri izatea –dirua baztertzeko ahala dutenentzat, noski–. Argi dena da, pentsioen kutxara bideratuko den dirua gutxituz joanen dela, aberatsenek (hilabetean 10.000 euro gordin baino gehiago irabazten dutenek) ez kotizatzeko aukera ukanen dutelako. Kotizazio tasa %2,8koa izango dute, soldata apalagokoek ordea %28koa ukanen duten bitartean.

Bestalde, erreformak eragingo duen araubide berezien bukaera izaten da erreformaren aldekoen argumentu nagusia. Gaur egun, berrogeita bi pentsio kutxa ezberdin daude, kalkulu sistema ezberdinak dauzkatenak eta pentsiodunen artean ezberdintasunak ondorioztatzen dituztenak.

Araubide berezien bukaera

Errealitate “ezin ulertua eta desorekatua” Macronen hitzetan. Guztiak desegin eta bakarra sortuko du erreformak. Haatik, aldaketa “trantsizio progresiboan” egingo duela hitz emana du. Hain zuzen, badaki araubide berezi horiek dituzten sektoreetan jarraitua eta eraginkorra izaten ari dela greba mugimendua. Adibidez, SNCF tren konpainian zein RATP garraioetan. Pentsio sistema bakarra ezartzeari dagokionez, kontrako argumentuak plazaratzen dabiltza aurkariak. “Askok uste dute erreforma hau araubide berezien bukaerara mugatzen dela. Alta, erreformaren zati txiki bat baizik ez da hori. Gainera, langileen %3a dira soilik araubide berezi hauetan”, Regis Nos Retraites kolektiboko kideak azaltzen duenez. Ezberdintasun sozialak txikitzeko bidean aldaketa hau interesgarritzat baldin badauka ere, gaur egungo pentsio sistema atxikiz egin daitekeela dio. Erreformari esker, erretretadun guztiek gutxienez 1.000 euroko pentsioa ukango lukete, Frantziako Gobernuaren hitzetan. Gutxiengo pentsio hau gaur egungo sistemarekin ere finkatu daitekeela dio. “Komunikaziorako elementuak dira… ez da hori erreformaren funtsa”.

Bi neurri hauek begi onez ikusirik, sostengua adierazi dio erreformari laborarien FNSEA sindikatuak. Ipar Euskal Herriko ELB barne duen Confederation Paysanne nekazarien sindikatua haatik aurka agertu da: “Elkartasunean eta zuzentasunean oinarrituriko pentsio sistema baten alde gaude, zeinetan bakoitzak bere ahalen arabera kotizatzen duen eta bere beharren arabera jasotzen duen”.

Philipperen aurkezpena arte desadostasunik plazaratu ez zuen CFDT sindikatuak ere gogorki deitoratu du lege-proposamena. Abenduak 5 eta 10eko greba orokorrera ez bazuen deitu, abenduaren 17ko mobilizazioei lotzeko deia egin du. CFDTren gisara, UNSA eta CFTC sindikatuak ere erreformaren aurka kokatu dira Philipperen aurkezpenaren biharamunean.

Defizitaren egiazko arrazoiak

Pentsio sistema defizitarioa izaki, “oreka finantzarioaren lorpena” garrantzitsutzat dauka Gobernuak. Ofizialki, hori du helburutzat erreformarekin. COR Pentsioen Orientazio Batzarrak azken txostenaren arabera, txarrenean 17,2 miliar euroko zuloa izango du 2025. urterako; hoberenean, 8 miliar eurokoa. Analisi hau gezurtatu du, ordea, ATTAC elkarteak,  gehituz zuloa desagertu daitekeela beste politika bat gauzatuz gero. “Pseudo-defizit hau nagusiki dator pentsio sistemari bideraturiko baliabideen gutxitzetik. (...) Eta, gutxitze hau funtzionarioen murrizketa handiagatik, konpentsatuak ez diren kotizazio sozialen apaltzeagatik eta langabeziaren ardura duen Unedic -ek eta CNAF Familia Alokazio Kutxak transferitu diru zamaren gutxitzeagatik dugu”. Bestelako aterabideak ere daude, gainera: 30 miliar euroz gora ditu Erretretentzako Erreserba Fondoak. Zuloa izanez gero diru hori bideratzeko ideiarekin sortu zuen fondo hori 1999ean Alderdi Sozialistako Lionel Jospinen gobernuak.

ATTAC elkartea: "Erretreta kutxen pseudo-defizit hau nagusiki dator pentsio sistemari bideraturiko baliabideen gutxitzetik".

Gobernuak hala erabakirik, Jaka Horien kexua baretzeko bozkatu neurriek ere zuloa areagotu dute. Kotizazio sozialak apaltzeko erabakia hartu zuten (besteak beste, ordu gehigarrien gaineko karga sozialak desagerraraziz eta pentsio apaldunei CSG deitu ekarpena ez emendatzeko erabakia hartuz).

1994eko Veil legeari segi, kotizazioen apaltze edota desagerpenen konpentsazio integrala segurtatu behar du Estatuak, Gizarte Segurantzak eskasiarik ez pairatzeko gisan. Horrelakorik ez egitearen alde bozkatu zuten urrian diputatuek, senatariek aldiz Veil Legearen gauzapenaren alde bozkatu zuten azaroan. Abenduaren 3ko azken bozketari segi, ez du konpentsaziorik egingo Estatuak. Gizarte Segurantzako Kontuen Batzarraren kalkuluen arabera, 2,7 miliar euroko zuloa ondorioztatu dute bi neurri horiek (2019eko defizitaren erdia).

 

Martxoan abiatu zuten greba
ospitale publikoetako langileek,
murrizketa politiken aurka

 

Bederatzigarren hilabetea greban, hiru aldarrikapen eta gortasuna parean”. Horra nola laburbiltzen duen egoera Pierre Schwob Tellier Inter-Urgences kolektiboko kideak. Astez aste, mobilizazioz mobilizazio, martxoan Parisko ospitaleko larrialdietatik abiaturiko greba mugimendua zabalduz joan da beste zerbitzu eta hirietara, tokian toki, greba mugagabea edo puntuala martxan jarriz. Adibidez, zahar etxeetako langileak zein medikuak lotu zaizkio mobilizazioari. Baionako ospitale publikoan ere protestan daude eta abenduaren 5eko greba orokorrarekin bat egin zuten: harri batez bi txori, pentsio sistemaren erreformaren kontra eta dituzten aldarrikapen propioen alde egiteko. “Gobernuaren neurri eta diskurtsoek ez diete gure beharrei erantzuten”, dio Thomas Cabrone Baionako ospitaleko erizainak. Konkretuki hiru aldarrikapen dituzte: lanpostu gehiago, pazienteentzako leku gehiago eta soldaten igoera. Hots, kalitatezko zerbitzu publikoa mantendu ahal izateko baldintzak.

“Errantagarritasunari begira dago Macron, gu aldiz, eriei so gaude: haien egoera ekonomiko eta soziala edozein izanda ere, guztiak artatu nahi ditugu, artaren kalitatea bermatuz. Hau da gure bokazioa”, Cabroneren hitzetan. Hogei urtez, 100.000 ohe kentzeaz gain, amaetxeen %50a eta 95 larrialdi zerbitzu hetsi dituzte gobernuek. Hamar urtez, 8,4 miliar euroko murrizketa pairatu dute, aurrekontuaren %10 heina. Are erritmo azkarragoan dabil zerbitzu publikoa murrizten Emmanuel Macron presidentea. Hauteskunde kanpainan hitz emandako “Estatuaren modernizazioa” zerbitzu publikoen murrizketarekin gauzatzen dabil.  Politika horren emaitza ezin argiagoa da ospitaleetan: eriak igurikagelan eta pasabideetan metaturik eta erizain geroz eta gehiago nekaturik, gainditurik eta burnout sindromeak jota.

Azaroaren 20an Edouard Philippe lehen ministroak aurkeztu neurriek ez dituzte grebalariak asebete: postu berririk ez, erientzako leku gehiagorik ez eta hilabete sariari dagokionez “mespretxuaren isla diren prima batzuk han eta hemen” (ez ordea aldarrikaturiko 300 euroko emendiorik). Prima horiek lansaritik kanpokoak izateaz gain, ez dira erretreta sistemaren barruan kontuan hartuko, eta edozein momentutan moztu ahalko dituzte. Gainera, ospitaleko langile guztiek ez dute prima hori jasoko: medikuntza zerbitzuko agenteek adibidez ez dituzte eskuratuko, alta, horiek dira kontratu labur eta lansari apalenak dituztenak. Egoera finantzarioa hobetzeko neurriak ere hitz eman ditu Philippek: gobernuak, 2020. urtetik aurrera, guztira 1,5 miliar euroko aurrekontua irekiko du ospitale publikoentzat, hots, 500 milioi euro urteko. Ospitale publikoek daukaten zorraren herena —10 miliar euro— bere gain hartuko du Estatuak. Langile intersindikalaren arabera ez da nahikoa eta greba eta mobilizazio eguna ukanen dute berriz ere abenduaren 17an.

Aterabidea: pribatura edo su-hiltzaileetara

Osasun zerbitzu publikoak ezin duenean bere misioa bete, bi bide ditu eriak: pribatura jotzea –ahalmen ekonomikoa ukanez gero–, edo suhiltzaileen zerbitzura jotzea –pribatuan ez bezala, kitorik dakartelako arta–. Justuki, suhiltzaileak ere greban daude, maiatzaz geroztik. Urriaren 15ean protesta egun bateratua burutu zuten ospitaleetako langileekin batera. Emendatuz doazen eskaerei erantzun ahal izateko beharrezko dituzten baliabideak geroz eta murritzagoak dituzte suhiltzaileek ere. Lan karga eta baliabide eskasak deitoratzen dituzte horiek ere. Baina ez dute erantzun baikorrik jaso: “Areagotuz doa haserrea eta erantzunik gabe dauzkagu aldarriak”, CGT, FASPP-PATS, FO-SIS,CFDT-SDIS, UNSA-SDIS, SPASDIS-CFTC, Avenir Secours eta CGE-CGC artean osatu intersindikalaren hitzetan.

Lanbidearen arriskua kontutan hartzen duen erregimen berezia ere desagertzekotan dute pentsio sistemaren erreformagatik. Abenduaren 5 eta 10eko greba orokorretan parte hartu dute.

 


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude