Uztarrozeko alkatea da eta joan den abuztutik Erronkaribarreko Batzordeko lehendakaria. Lehen emakumea da kargu honetara iritsi dena. Iruñean sortu eta hazia bada ere, herrira bizitzera joatea erabaki zuen eta han dago pozik. Fidela Bernat, Erronkaribarreko azken ‘euskalduna’-ren birbiloba da. Bazter ederrak, biztanleria eskas, turismoa gora… Parke tematiko ez bihurtzea da egun Erronkariren erronka.
Irakaslea lanbidez. Iruñean sortu, baina Uztarrozera, aitaren herrira, bizitzera joatea erabaki zuen duela urte gutxi. Herri honetako alkatea da eta Erronkaribarreko Batzordeko burua.
Urte osoan 50 biztanle zaudete Uztarrozen, eta erroldatuta 141. Zergatik Iruñea utzita etorri zara halako herri batera?
Aita Uztarrozekoa da eta ama Salbaterra Ezkakoa [Zaragoza, Espainia]. Ni beti bizi izan naiz Iruñean, baina asteburu eta opor egunetan beti etortzen ginen. Hemen bizitzea zer zen probatu nahi nuen eta duela zenbait urte hona etorri, gustatu zitzaidan eta herrian gelditu naiz. Bizi eredu jasangarriago eta kolektiboagoa aurrera eramateko aproposagoa iruditu izan zait beti herria.
Irakaslea zara eta lana duzu hemengo eskolan, alde horretatik suerte handia, ezta?
Bai. Nire lehen lan eskaintza Otsagabian izan zen, gero Iruñean urtebete egin nuen, eta geroztik Erronkariko eskolan ari naiz.
Gazte baten bizimodua nolakoa da hemen?
Ni oso ongi bizi naiz. Ez naiz batere aspertzen. Ideia pila eta gauza asko daukat egiteko. Denbora falta zait dena egiteko.
Gainera, kultura eskaintza zabala dago eta herri batek aukera pila eskaintzen dizu mendian ibiltzeko, baratzean aritzeko, eskia egiteko eta, batez ere, jendearekin egoteko.
Herri batzuetan badira denda txikiak eta okindegiak. Galipentzuko emakume batek asteartero arraina ekartzen digu. Udan kamionetak etortzen dira fruta eta barazkiekin, baina askok baratzeak eta animaliak ditugu eta autokontsumo asko lantzen da hemen.
Baratze sasoia ez da oso luzea, hemen udaberria berandu hasten delako eta negua berehala iritsi, baina nik adibidez gauza asko potetan, izoztuta edo lehortuta gordetzen ditut urte osorako.
Herri hauetan oso ongi eta lasai bizi daiteke. Batzuk oso modu urbanoan bizi dira, hirian bezala, baina nik nahiago dut landa bizimodua.
Txarrena lana eta etxebizitza aurkitzea da?
Nik esango nuke etxebizitza aurkitzea zailagoa dela lana baino. Pirinio aldeko ibar hauetan bada irakaskuntzan edota administrazioan lan egiteko aukera. Udaletxean nago ni orain eta ikusten dut zaila dela lanpostu batzuetarako jendea aurkitzea. Irakaskuntzan ere ordezkoak aurkitzea zaila izaten da inork gutxik etorri nahi duelako. Lan teknikoagoak ez dira erraz betetzen. Honetaz gain, zerbitzuetan aldi baterako lan askotxo egoten da ostalaritzan eta turismoan, batez ere. Lehen sektorean lana borrokatu behar da, orokorrean norbaitengandik jasotzen ez baduzu, erosi edo zerotik hasi behar duzulako, baina hortxe aukera ere. Hemen dagoen jendearentzako aski lana dago. Egia da lan eskaintza ez dela oso anitza, horregatik normalean, hona bizitzera ez zatoz lanagatik, hemen bizi nahi duzulako baizik.
Etxebizitzak, aldiz, normalean ez dira alokatzen, eta saltzen diren gutxi horiek ikaragarri handiak dira eta gehienak zaharberritu gabeak. Etxetzar horiek berotzea eta mantentzea, oro har, oso garestia izaten da, gainera.
"Pirinio osoan 5.200 pertsona inguru bizi gara. Erronkaribarren 1.500 pasatxo daude erroldatuta, baina 700-800 dira urte osoa hemen ematen dutenak”
Zenbat jende bizi zarete hemen?
Pirinio osoan 5.200 pertsona inguru. Erronkaribarren 1.500 pertsona pasatxo daude erroldatuta, baina 700-800 dira urte osoa hemen ematen dutenak. Uztarrozen bere garaian 900 izatera iritsi ziren. Orain kasik 200 udan, baina neguan askoz gutxiago. Iaz 45 pertsona zenbatu genuen astelehenetik astelehenera. Izugarri aldatzen da herria astegunetatik jai egunetara.
Halere baikor gara. Gazte batzuk etorri gara ibarrera bizitzera, batzuk hemengoak jatorriz eta beste batzuk kanpotik etorriak: Iruñetik, Kataluniatik, Espainiar Estatutik, urrunagoko etorkin gutxi batzuk…
Adineko gehiegi eta haur gutxiegi?
Bai, Pirinio osoan bezala. Haur oso gutxi jaiotzen dira. Hemen, Uztarrozen, hiru daude eta urtarrilean beste bat sortuko da. Bi urtetik behin bat jaiotzen bada, ez dago gaizki.
Eskolan 3 eta 16 urte bitartean 80 ikasle inguru dugu. Izugarrizko beherakada izan dugu bereziki azken bost urte hauetan.
Aurten soilik bi haur sartu dira 3 urtekoak. Heldu den urtean zazpi sartuko dira, baina kopuru hori ez da ohikoa, tamalez.
Parke tematiko bihurtzeko arriskua ikusten duzue?
Bai. Ni behintzat horrekin kezkatuta nago. Turismo asko dugu eta turismoaren garapenean asko inbertitzen da, baina nik uste dut gehiago inbertitu beharko litzatekeela bestelako ekimenetan bertako ekonomia produktiboa sustatze aldera. Soilik turismoa bultzatzea menpekotasuna sustatzea da, azken finean. Guk bertako herri eta baliabideak gordetzen ditugu guztion gozamenerako eta pentsatu behar dugu noraino ote den hori ekonomia eredu osasungarria. Gure diru sarreren zati bat turismotik etortzea ongi dago, baina ez dadila hori izan gure diru sarrera nagusia. Garapena beste modu batez bideratuko nuke.
Nola?
Lehen sektorea indartuz. Azterketa sakona egin behar da. Hemen ditugun natur baliabideak, egurra, abeltzaintza, energia berriztagarriak… hori dena aprobetxatu behar da modu eraginkor batez. Ematen du turismoa diru iturri errazena dela, baina epe luzera begiratuta produkzioa sustatzen saiatu behar da. Gure produktuak, gazta, esate baterako, merkaturatzeko bide egokiak eta traba gutxiago behar ditugu. Orain denda txiki gutxiago dago inguruan eta saltzaile handiekin negoziatu behar dugu ahal bezala. Globalizazioa gu irensten ari da. Mikrotik makrora pasatzea oso zaila da gaztagile txikientzat.
Honekin batera, argi eduki behar dugu, kontsumitzaile bezala denok asko egin dezakegula. Kontziente izan behar dugu zenbat lan eta zenbat baliabide kostatzen den elikagaiak egitea, adibidez, eta prest egon beharko ginateke hura ordaintzeko, agian administrazioaren bitartez...
Gero eta elur gutxiago egiten du mendian. Hori ere kezkagarria da hemengo eski pista eta eskoletarako?
Klima aldaketa dela-eta aurreikuspenak ez dira onak. Oraingoz ongi doa eta jende askori enplegua ematen dio. Enpresa txiki hauek, gainera, bestelako proposamenak ere bilatzen ari dira elurra ez dagoen sasoietarako, ipar martxa ibilaldiak esate baterako. Bada jende oso gogotsua eta nik uste dut gauzak sortzeko gaitasuna dugula, baina horrekin batera lehen sektorea indartu beharra dago, orain oso zaharkituta dagoelako bai adinean baita garapenean ere.
Abereak gero eta gutxiago eta orain berriro hartza arerio. Gobernuaren proposamenekin ez zaudete ados. Zergatik?
Bai, hala da. Oso gai sakona da. Gobernuarekin azaroan bildu ginenean saiatu nintzen helarazten hartzak ekartzearen erabakiak sortzen digun ezinegona. Kontua ez da hartza bai, hartza ez. Hemen larriena da haiek haien planak egin dituztela guri galdetu gabe. Erabaki horiek guztiek eraldaketa garrantzitsu bat dakarte gurera eta aldaketa horietarako prest gauden ala ez, ez digute galdetu. Gure gainetik pasa dira.
Jende asko hori guztia asimilatzen saiatzen ari da. Hau ez da abeltzaintzaren galera dakarren faktore ez bakarra ezta garrantzitsuena ere, baina falta zitzaiguna zen. Hemen bizi garenok gara hau dena zaintzen dugunak eta badira kudeaketa eskubide batzuk. Horien gainetik pasatu izanak min eta haserre handia eragin digu. Ingurumenaren diagnosi sakona egin behar da. Gauza jakina da abeltzaintza estentsiboa oso onuragarria dela biodibertsitateari eusteko, baina hori, adibidez, ez da sustatzen hartza bezainbeste. Ez dago plangintzarik desagertzear dagoen abeltzaintza mota hau babesteko. Larreak zeuden toki askotan orain basoa dago eta horretaz ez da hitz egiten.
Uztarrozen orain esplotazio bat itxi berri dute eta ez da izan hartzaren erruz edo erretiroa hartu dutelako. Faktore asko daude, eta hori dena aztertu behar da.
Hartzaren erasoengatik ematen dituzten laguntzak ez dira aski?
Ez, eta gainera ez da batere erraza horiek lortzea. Hasteko, frogatu behar duzu ardi horrek hartzaren eraso zuzena jaso duela eta haren gorpua eraman. Horretarako, lehenbizi, aurkitu behar duzu. Gainera, ematen dizuten diru horrekin ez duzu zure ardia berreskuratzen, zuk daukazun ardi mota hori, zuk urtetan landu eta hobetu duzun arrazakoa. Eta gainera, izugarrizko paper pila egin behar da. Burokrazia oso konplexua da eta inork ez dio artzainari horretan laguntzen. Gainzama da. Kalteak hildako aleak baino askoz gehiago dira: urduritzen diren eta ihes egiten duten ardiak, abortuak…
Zer neurri berri proposatzen ditu Gobernuak, zehazki?
Aurtengo udan bi artzain laguntzaile jarri zituzten. Horretaz gain, hartza non dabilen jakiteko GPSak eta bestelako komunikazio sistemak jarri dira abian eta aurrerantzean neurri gehiago ere eskura izanen ditugula esan zuten: itxitura birtualak, hartza dabilela ohartarazten duten koloreak, hotsak ateratzen dituzten ardientzako lepokoak, mastin txakurrak, besteak beste. Txakur horiek erabiltzea, adibidez, zaila da, animalia oso errazak ez direlako eta turismoarekin ere oso bateragarriak ez omen dira. Nik, hala ere, ez diet ezetz esaten neurri horiei eta probatu beharko da ea funtzionatzen duten, baina argi utzi nahi duguna da haserre handia dagoela hemen, pertsona askok ikusten duelako hartza ekarri digutela bertan uzteko asmoarekin eta guk onartu beharra besterik ez dugula.
Ehizaren inguruko eztabaidarik ba al da hemengo gazteen artean?
Ez. Gauza arrunta da hemen. Basurdeak, oreinak eta orkatzak, bereziki ehizatzen dira. Mendia aprobetxatzeko beste modu bat da. Ehiztariek ere bide pila zabaltzen dute eta laguntzen dute mendia garbi mantentzen. Kirolari eta artzainekin batera, haiek dira mendian gehien ibiltzen direnak.
Esan behar da oso jarduera maskulinizatua dela. Beste maskulinitate eredu batzuk lantzeko aprobetxa zezaketen, bidenabar.
Zein da Erronkaribarko Batzordean zure egitekoa?
Ibarrean zazpi udal gara, Burgi, Bidankoze, Garde, Erronkari, Urzainki, Izaba eta Uztarroze, eta horietako alkateek eta beste zenbait ordezkarik osatzen dugu Batzordea. Nire zeregina da bilerak deitzea eta antolatzea, herri bateko alkateek egiten duten gisan. Nire lan egiteko modua da dena batzordekideekin kontsultatzea.
Nafarroako tokiko administrazioaren berrikuntza martxan dago. Hamabi eskualde berrien artean Piriniokoa txikiena izanen da populazioari doakionean. Aldaketa handia izanen da zuentzat?
Nik dakidala orain ditugun eskumenak izaten jarraituko dugu. Aurreikusia dago idazkaria, kontu-hartzailea eta beste hainbat langile komunean izatea eskualde barruan. Horregatik, eta herri bakoitzaren izaera, neurri batean, gal daitekeelakoan, batzuk mesfidati daude. Hala ere, nik positiboki ikusten dut denak bat eginik indar handiagoa izanen dugulakoan.
Ipar Euskal Herriarekin harremana mantentzen da?
Ez gehiegi. Lortu dute muga banalerroa izatea. Larrainerekin senidetze ituna dugu eta urtero elkartzen gara jai giroan. Uztailean Hiru behien tributua-ren ospakizuna egiten dugu biarnotarrekin, baina horretan gelditzen da harremana. Orain Belarouat izeneko mugaz gaindiko proiektu interesgarrian ari gara parte hartzen hemengo, Garaziko, Eretako eta Laskuneko ondare naturala, turismoa eta bertako ekonomia sustatzeko. Egitasmo horri esker, Belaguako aterpea laster zabalduko dugu berriro, adibidez.
Nola baloratzen duzu Pirinioko Emakumeen Elkartea eta Emakumeen Sarearen lana?
Eskualde honetan emakumeen mugimendua oso indartsua eta iraunkorra da. Aurten XIX. biltzarra ospatu da. Erakutsi nahi dugu guk ere badugula zer esana eta zer egina. Izugarrizko potentziala dute taldeek, eta gainera, adin guztietako emakumeak biltzen dituzte. Oso talde aktiboak dira. Azken martxoaren 8an, adibidez, erabaki genuen greba eta manifestazioak Iruñean ez, baizik eta gure herrietan egitea, eta karabana itzelak egin genituen. Oso arrakastatsua izan zen.
Erronkaribarreko azken euskaldunaren birbiloba zara.
Amonaren ama zen, aitaren partetik. 93 urterekin hil zen, ni jaio nintzen urtean. Fidela erreferente bihurtu da hiltzen azkena izan zelako, edo behintzat ezagutu zen azkena. Seguruenera beste euskaldunik geldituko zen oraindik garai hartan, baina bera ezagunena izan zen elkarrizketa asko egin ziotelako. Ez dut mitifikatu nahi, baina egia da azken urteetan euskararen galeraren kontzientzia hartu zuela eta argi utzi zuen hori ez zuela nahi. Bere desioa zen haurrek euskara ikas zezaten. Gure aitari eta bere anai-arrebei esaten zien “que esos chiquitos aprendan vasco”. Hala izan da Erronkarin eta Pirinioalde osoan, oro har.
Fidela
Jakingo bazenu... jakingo bazenu zuretzat hain arrunta zen hura, hain etxekoa… zein garrantzitsu bilakatu den! Erronkariko uskararen erreferente-harribitxia zara!
Zenbat elkarrizketa, zenbat galdera: “Nola esaten zaio honi? Eta besteari?”. Eta zuk ongi esaten zenuen, bai: “Hauek harrapatu nahi naute, nola ez dut ba jakinen nola esaten zaion honi! Haiek esaten dutenaren berdina da-eta!”.
Zu agian ez zinen konturatzen, baina altxorra eraman zenuen zurekin eta horrek altxor bilakatu zaitu zu ere, Fidela Bernat, erronkarieraren azken hiztuna.
“Zergatik ez zenigun transmititu? Zergatik ez genuen jaso?” galdetu diogu maiz gure buruari. Jakin dugu, bai, azken urteetan argi esan zenuela zure ondorengoek euskara jakin behar zutela, euskara(z) bizitu behar zutela. Eta hala izan da! Zure indarrarengatik, uskararekiko erakutsitako maitasunagatik, gogoagatik... Azkenik euskara heldu da zure familiara, Uztarrozeko eta Erronkaribarko kaleetara.
Bihotzean zeneraman Erronkaribarra, bere lurrak, bere ohiturak, bere hotsak, hizkuntza... Harrotasunez, azken momentua arte. Orain Erronkaribarko euskaldunak dira bihotzean, harrotasunez, oroimenean gorde zaituztenak.
Eta horregatik zure indarrak oraindik dirau, hemengo larre eta herrietan.
Izan zinetelako gara!
Mila esker guztioi!
Jone
Lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko lanean dihardute Nafarroako Pirinioetan azken urteotan, eta lanketa horren baitan sortu zuten Pirinioetako Mahaia. Diagnostikoa ondu dute azken urteotan, eskualdean lehen sektoreari lotuta dituzten hutsuneak identifikatzeko, eta ondorio... [+]
XIX. eta XX. mendeetan ohikoa zen hiri nagusietako kaleetan ikustea janzkera tradizional ikusgarria zuten emakume batzuk, sendabelarrak saltzen. Ansotarrak ziren, Aragoiko Ansó ibarrekoak. Erakusketa batek haien historia kontatu digu, eta bide batez azalerazi du atzean... [+]
Nafarroako ipar-ekialdeko egoera larriari aurre egiteko Pirinioaldeko Mahaia sortu zuten zonaldeko hainbat gizarte eragilek eta erakundek. Nafarroako Gobernuaren utzikeria salatu dute bertako biztanleek. Aurizko alkate Unai Irigaraik eman dizkigu xehetasunak Guardasola saioan.
Asteazken honetan Pirinioetako herritarrek batzar irekia egin dute Jaurrietan eta salatu dute Nafarroako Gobernua ez dela behar bezala garatzen ari Pirinioetako Plana.
Pirinioetako Mahaiak agerraldia egin zuen ostiralean, "konpromisoen lege bat" eskatzeko eta Nafarroako Gobernuari "neurri zehatzak" exijitzeko.
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]
Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]
1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]
Nafarroako ipar-ekialdeko eskualde honetan lau pertsona bizi dira kilometro koadroko, Erkidegoaren batez bestekoa baino hamabost aldiz gutxiago. Biztanleriaren zahartze larria eta zerbitzu publikoen gabezia dira zonaldeko kezka nagusiak.
Goizeko berria. Zuberoako Herri Elkargoak kudeatzen duen Irati gaineko eski-estazioa behin betiko zerratzea erabaki du, elur eskasean izanen direlako aurten ere. Oroitzen naiz duela hogei bat urte, Pyrénées Magazine aldizkariko zenbaki berezi batean,... [+]
Guztira 160.000 euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak bertako biztanleen “aukera berdintasuna” sustatzeko. 174 ikaslek jasoko dute 360 eta 2.000 euro bitarteko diru-laguntza. Ez da nahikoa izango, ordea, Pirinioetako herritarrentzat, diru-laguntza eskatu dutenen... [+]