Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

  • Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien jatorria, mamia eta etorkizuneko balizko garapena? Aurtengo odoltsuena datekeen Irakeko errebolta gerta daiteke lurrikara sozialon osagaien konplexutasunaren adibide.

Tahrir plazan bildu zen hasieran protesta baketsua, Bagdaden. 
Arras irudi diferentea ikusi dugu ondoren.
Tahrir plazan bildu zen hasieran protesta baketsua, Bagdaden. Arras irudi diferentea ikusi dugu ondoren.

Irakeko lehen ministro Abdel Abdul Mahdik urte berriarekin dimitituko duela iragarri du azaroaren azken egunetan, agintarien ustelkeria, gazteen lanik eza eta Iranen esku hartzearen kontra herrialde osoa inarrosi duten protestei aurre egiteko ahaleginean porrot eginda.

Urriaren 1ean hasi zen Irakeko matxinada handian gutxienez 400 herritarrek galdu dute bizia. 200.000 jende baino gehiagok hartu dute parte protestetan, eta haserrea karriketan erakustera atera omen dira bai bizi-baldintza oso kaskarretan dauden langile eta langabetuak eta baita klase ertainetako asko ere.    

Denbora horretan egoera kontrolatzen ahalegindu da Abdul Mahdi, orain artean moderazio eta patxada handiko gizon fama zeukan politikaria. Baina azaroaren azken astea suertatu da bi hilabeteotako odoltsuena, gutxienez 50 manifestari hil dituzte poliziek eta gobernuaren aldeko miliziek, eta lehen ministroak egoeraren kontrola galduta zeukala eman zezakeen.

Asteazkenean, 27, protestariek eraso eta su eman zioten Iranek Najafen zeukan kontsuletxeari eta hori probokaziotzat hartuta poliziek eta miliziek ondoko bi egunetan ziento erdi manifestari hilez erantzun. Gertakizunez txokatuta, Dhi Qar probintziako gobernadoreak dimisioa eman zuen, esanez: “Desohore bat da bere herriko jendea hiltzen duen sistema honen partaide izatea”.

Ondorengo erreakzioen artean are erabakiorragoa izan da, ordea, Ali Al Sistani ayatolah nagusiak publikoki iradokitzea gobernuak aldatu beharra zeukala. Beste zenbait apez xiitak ez bezala –Muqtada al-Sadr populista da horietan ezagunena– Al Sistanik bere hautu politikoak soilik krisi larrietan plazaratzen ditu eta Iraken eragin handia aitortzen diote denek.

Azaroaren 29an ostiraleroko sermoian xiita irakiarren apez nagusiak espreski ohartarazi zituen denak gerra zibilean eta tiranian murgiltzeko arriskuaz, espreski eskatu zien gobernuaren indarrei ez hiltzeko protestari gehiago  eta matxinoei, berriz, bortizkeria oro baztertzeko. Egun horretan jakin zuen Abdul Mahdik bere aldia amaitua zela.

Mundu arabiarreko aktualitatearen jarraipena egiten duten hedabideen artean Europan erreferenteetako bat izango da Orient XXI weba, frantsesez eta arabieraz idatzia Alain Gresh kazetari beteranoaren zuzendaritzapean. Orient XXI-en Mustafa Saadoun kazetariak Irak bertatik bidalita plazaratu du “Heriotzari aurre egiten dioten gazte horiek“ kronika, kaleetan ikusi eta entzun dituenen bilduma.

“Matxinada ‘xiita’ bat –idatzi du Saadunek– aginte ‘xiita’ baten kontra? Urriaren 1ean hasita Irakeko protestalariek aurre egin behar diote errepresio gupidagabe bati, haiena mugimendu baketsua den arren. Inguruko eraikinetan ezkutatutako sniper-ak (frankotiratzaileek) metrailatzen jendetza, oso hurbiletik jaurtitako granadak, atzerritik ekarritako armen erabilpena... (...)  Esan liteke gobernua eta agintean dauden alderdiek sekulako ikara diotela protesta hauei, zeinetan protagonistak diren inolako lotura politiko edo erlijiozkorik ezagutzen ez zaien gazte taldeak”.

Protestak piztu diren Bagdadeko auzoak jende xehearen bizitokiak dira, xiitak gehien bat, 2003tik talde politikoen militante eta koadro harrobi izan direnak. Agintean diren alderdiek ez zuten espero hiriko elite gazte ikasiak abiatu protestak leku eta jende horietara zabaltzea. Alabaina, gazte txirook ere harrapatu ditu errepresio oso gogorrak berak eta, Saadun bezala beste zenbait behatzaileren arabera, protestetako jokabidea baketsua izan delako ez da izan are basatiagoa agintarien errepresioa.

Epika erlijiozkoa barik, eguneroko ogia

“Zenbait ekintzailek –idatzi du Sadunek– azaldu didate zein zen ezkutatutako frankotiratzailearen modus operandi-a, batzuetan manifestariei ipurdi aldera egiten ziela tiro, haiei iseka egin edo umiliatzeko bezala. Ingurukoak saiatzen baziren zaurituta lurrera eroriari laguntzen, tiroka eragozten zien behartzeko laguna lurrean hiltzen uztera”. Asko aipatu da sniper-ok ez poliziak baina gobernua sostengatzen duten milizia xiitetakoak direla, Iraken gero eta esku hartze handiagoa daukan Irani lan zikina egiten diotenetakoak.

Orient XXI berean islam xiitan aditua den Sabrina Mervin akademikoak “Erlijiosoari gaina hartu dio nazionalak” analisian azaldu du nolako giroa aurkitu duen xiitentzako santua den Karbala hirian eta inguruetan. Han protestak urriko erromesaldiagatik egon dira etenda, ondoren berriro hasteko.

Mervinen aburuz, erlijiozko epika handiak bost axola zaizkie manifestariei, konploten teoriak bezain gutxi: eguneroko ezin biziak mugiarazi ditu.  Eta erromesaldian bezala erlijioak gaina hartzen duenean, elizako ereserki zaharrak eguneratzen dituzte: “O, Profeta, herria matxinatu da... Gobernuarentzako loriarik ez, denak lapurrak”.

Eta Iran? Alde guztietan larrutzen du jendeak, omen, ‘anaia iraniarra’, Estatuaren mekanismo guztiak kontrolatzen dituela, ustelkeria orokortuaren parte dela, Iraki zintzurra estutzen diola laguntzeko aitzakian...

Egia da udazken honetan matxinadak pilatu zaizkiela Irango agintariei. Iranen kaleko mobilizazio handiei egin behar izan diete aurre; informazio zehatzak urri zabaldu dira bertatik, baina hildako asko izan direla dirudi. Libano hamaikagarren krisi larrian murgildu da, han ere protesta mugimendu handiak tarteko eta Iranen papera auzitan. Zenbait analistak azpimarratzen du AEBen eta Saudi Arabiaren eskuak astindu nahi duela Iranen eraginpeko eskualde osoa (Iran, Irak, Siria, Libano...) desestabilizazio ahaleginarekin lotuz matxinadak.

Justu beste muturretik, beste batzuek hauek sartzen dituzte 2019ko protesta handien zaku zabalean: “Lehenbiziko aldiz protestak gertatu dira munduko eskualde eta sistema politiko orotan, aberats demokratikoetan bezala autoritarioetan”, esan du Richard Young akademiko eta aholkulari britainiarrak. Branko Milanovic Munduko Bankuko kide ohiarentzat matxinada guztiok biltzen ditu agintearekiko haserreak eta politikariekiko mesprezuak: “Hau da globalizazio aroko lehen iraultza, ez globalizazioaren kontrakoa”.

Aldiz, Orient XXI-eko Alain Greshentzako gaude 2010ean mundu arabiarra astindu zuten iraultzen bigarren olatuan. Lehenak, Tunisiatik 2010ean zabalduta, diktadurak uzkailtzea lortu zuen, baina Saudi Arabiaren diruz eta militarren esku hartze kontra-iraultzailez ito zituzten. 2019ko bigarren olatuaren erregaiak orduko berdinak dira: aginte autoritario itotzaileak, egoera sozial tamalgarriak, langabezia, gazteen etorkizunik eza eta desberdintasun izugarriak. “Ekialde Hurbila da munduko eskualdeetan berdintasun gutxienekoa!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Eguneraketa berriak daude