Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio. Merezi du haietara itzultzea. Artikulu honetan, Hondarribiari buruz zer esan zuen berreskuratuko dugu.
1840an, 19 urterekin, ikasle gisa ibilbide gorabeheratsu samarra izan ondoren, eta gurasoek utzitako sosaz baliatuz, Gustave Flaubertek Pirinioetan eta Korsikan barrena bidaiatu zuen. Gaztetatik letren adikzioan eroritako norbait zen, bere menderako ere oso idazle goiztiarra –13 urte zituen lehen testua argitaratu zuenean, berak eta Ernest Chevalier ikaskideak sortutako Art et progrès eskuz idatzitako aldizkarian–. Hortaz, bidaia horri buruz idatzi zituen lerroetan agertzen den Flaubert ez da oraindik Madame Bovary edo L’Éducation sentimentale nobela handiekin XIX. mendeko rockstar literario bilakatuko zena. Baina hala ere, Flaubert Flaubert da: Frantziako literaturaren idazle handienetako bat, guztiz kanonikoa, gaur egungo idazle ez gutxiren inspirazio iturri. Estiloan perfekzionista, bizi izan zuen mendearen kontalari zehatza –“le mot juste” erabiltzeko grina horren gramo bat arnastuko bagenu geroz eta zabarrago idazten dugun kazetariok, ai, orduan–, eta horregatik, deigarria egiten da Euskal Herriaz idatzi zuenak jaso duen arreta eskastxoa.
Hartu Hondarribiko kasua, adibidez. Udalaren webgunean sartzen bazara, XIX. mendeko bi idazle frantses inportantek herriaz idatzi zutela aipatzen da –Victor Hugo eta Stendhal–, baina Flaubert ez da inondik ageri. 1973ko herriko jaietan Iggy Popek, David Bowiek eta Lou Reedek Bentan jo, eta orain hura kontatzen hastean hiruretako bat aipatuko ez bagenu bezala da: atentzioa deitzen duen hutsune bat, segur aski Flauberten testua ez ezagutzeari egozten ahal zaiona –idazlea hil ondoren argitaratutako Voyage dans les Pyrénées et en Corse liburuan agertu baitzen, obra minor bat–, baina nolanahi ere, bete beharreko zuloa, ez gabiltza-eta horrelako bisitariz oso aberats.
Mahukak ukondoraino bildu eta goazen, bada, orrialde preziatu horiekin lan pixka bat egitera: Bidasoak Hondarribiraino eraman duela esplikatu eta Faisaien Irla mespretxatu ondoren –ez omen zuen aipamenik ere merezi–, alde zaharreko ate nagusian dago Flaubert. Bera sartzen eta neska kozkor bat ateratzen, “hanka-hutsik, gorriz jantzirik eta trentzak sorbalden gainean; ez zuen atzera begiratu eta bere bidea jarraitu zuen. Hondarribia erortzeko zorian dagoen herria da. Ez da batere hotsik entzuten kaleetan, belarrak bultzaka hazten dira horma kiskalien kontra, ez dago leihorik etxeetan. Kale nagusia zuzena eta malkartsua da, etxe beltzez inguratua, zeinak balkoi ustelduz hornituta dauden, haietan zabal eguzkitan lehortzen piltzar gorriak; astiro igo dugu, alde guztietara begiratzen eta are gehiago begiratuak izaten”.
Tira, hondarribiar txobinista samarra bazara, kontua ez da oso ongi hasten, hori da egia. Baina aizue, Lehen Karlistaldiaren azken tiroak entzuten ziren Rouenen jaiotako idazlea hemendik pasa zenean, ezin zitzaion herriari eskatu txol polit eta distirant egoteko trabukoekin tira eta tunba jardun berritan. Gainera gero gauza hobetzen hasten da, ematen baitu Flaubertek trip bat izan zuela herriko kaleetan: “Hondarribian promenatzen nintzen bitartean, erabat ireki nintzaien gertatzen zitzaizkidan inpresioei, eszitazioz gozatu nituen, dena irentsi nahi zuen sentsualitate batez; indar guztiekin murgildu nintzen nire irudimenean, irudiak eta ilusioak osatzen nituen eta plazer osoz hartu nuen galtzeko eta murgiltzeko aukera”.
Emakume baten kantuak eteten du gogobetetasun egoera hori. “Kanta espainiar” baten erritmo geldo eta tristeak deitzen du idazlearen arreta: “Adineko emakumea zen segur aski, ahotsak dardara egiten zion eta desagertutako zerbaitez dolutzen zela zirudien. Ez nuen deus ikusten, kalea huts-hutsik zegoen, gure buru gainean zerua urdin eta distiratsu, denok isildu ginen. Zer esan nahi zuen ahots zaharrez abesturiko kanta espainiar hark? Hildakoen dolua ote zen? Gaztaroko urteetara itzulera? Jada ez dagoen garai on baten oroitzapena? Hondakin hauen gainean abestutako gerra-kanta? Edo andre zahar ezezagunak xuxurlatutako amodio kanta?”. Zalantza horretan dagoela, beste ahots bat, gazteagoa, abesti alaiago batekin hasten da, Flaubertek bolero gisa deskribatzen duena; baina agudo bukatzen da idazleak larretxorien melodiarekin parekatzen duen kantua.
Oinez segitzen du beraz, han eta hemen kale erdian agertzen zaizkion putzuak saihestuz. “Ez dakigu nora goazen, herriak ere noraezean dabilenaren itxura dauka, eta gauza mingarriak pentsatzen dituenarena”. Esaldia hobe ulertzen da pixka bat aurrerago, arrantzale batekin topo egin eta gerran giriak tirokatzeko erabilitako postua erakusten diotenean. “Karlistek gogor eutsi dutenez, banaka-banaka erori dira, Erdi Aroa harriz harri erori zen bezala; baina erauzi egin behar izan dituzte, eta azkazal ugari zartatu da; etxe bakoitza, ate bakoitza, habe bakoitza balaz zula-zula eginda dago, elizak kanoikadak jaso ditu, etsaien obusak Behobiaraino iritsi dira eta gizonak hil dituzte”. Bat-batean badirudi bohemioak, estilistak, bidaiari kezkagabeak ezin duela inguratzen duen horretaz abstrakzio gehiago egin.
Irakurri berriz aurretik kontatu dituenak: kiskalitako hormak, etxe beltzak, hanka-hutsik dabilen neska hura begiratu gabe ondotik pasatzen, herritarrak ondo jantzitako bisitarien zelatan, adineko emakumearen kantu tristea. Gerra-ondoko irudiak dira, 1840ko Hondarribia, gaurko Siria, zer axola du, gorpuak oraindik epel daude. Madalena auzora ere joango da geroxeago, eta haurrek samaldan inguratuko dute, limosnaren bat jasoko duten esperantzan. Flaubert: aberats bat, heriotzak eta miseria gorriak hondatutako Gipuzkoako azken herrian. Akaso irudi triste hori eman zuelako ez da aipatzen bisitari ilustre honek idatzitakoa? Idazleari, nolanahi ere, arrastoa geratu zitzaion: “Hondarribia utzi nuen, maitatutako zerbait uzten den atsekabez”.
Hondarribiko Alardearen harira herrian aurten bizi izan den tentsioa garbi islatu du Igor Enparan alkateak, hondarribiar guztiei bidali dien eskutitzean. "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko... [+]
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez,... [+]
«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]
Kirol ugari egin ditu Mercedes Ortega Barrenak (Bilbo, 1967); hala nola atletismoa, paddel surfa eta orain arrauna. Hondarribiko HS2 Surf Center eskolako Dragon Boat taldeko kidea da. Batik bat minbizia duten edo izan duten emakumez osaturiko taldea da. Barrenak nabarmendu du... [+]
"Kaleetatik ezin pasa", hondarribiarrak "masa turistiko honen guztiaren ondorioak pairatzen" ari direla-eta, turista taldeak 25 pertsonara mugatzeko mozioa aurkeztuko du udaleko alkatetza duen Abotsanitz alderdiak: "Azken urteetan agintariek bilatutako... [+]
Hondarribiko Psilocybe musika elkarteak 30 urte bete zituen iaz, eta berak kudeatzen duen musika aretoak, 15 urte. Etxeko talde eta teknikarien eskutik, hemeretzi abestiko bilduma osatu du.
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".
Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]
Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]
Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.
Elai Serbitzuak azpikontratatutako enpresako langileek 115 eguneko greba egin dute eta behin akordioa lortuta bertan behera utzi dute. Langileen akordioa “oso positibotzat” jo du ELAk.
30. urteurrena ospatzeko bi jaialdi antolatu ditu elkarteak uztail eta abuzturako. Mundu osoko musika elektronikoa eta rocka izango dira nagusi.
Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]