Lau lagun: baxua, bateria, bi gitarra eta jarrera inpostatuei ihes egiten dieten bi ahots. Eboluzio interesgarria egiten ari da Kaskezur taldea hamarkada honetan. Ihesi doaz animaliak (Mukuru, 2019) da musikari gisa egiten ari diren bilaketaren azken emaitza. Soinu aldetik aurrekoak baino gardenagoa eta ñabarduraz betea iruditu zaigun disko horretaz solasteko elkartu gara Ion Mindegia eta Iñigo Belzunegi taldeko kideekin.
Urriak 18, Bera: kalean sumatzen hasia den hotzetik eskapo eginez, bete-beteta dagoen Kataku ostatura sartu gara. Gaur kontzertu eguna da, Kaskezur talde baztandarrak Ihesi doaz animaliak aurkeztuko du, musikazale askoren arreta deitu zuen 2017ko Azpisugeak-en ondoren laukoteak argitaratu duen lan berria: hamar kanta, taldearen jarrera inkonformistaren erakusgarri. Gora! izeneko lehen piezak egoera surrealista baten kontakizuna egiten du –“Bat-batean lurra sabai bihurtu zen eta gauzak gorantz erortzen hasi ziren”– eta taldearen hotsak ostatuaren jabe bihurtzean kontua hain urrun iritsiko ez den arren, kontzertu beroa izanen da. Bigarren kantarako publikora salto eginen du mikro batek, gitarraren astinaldi batean taldekideen edariak eszenatokiko lurrean barreiatuko dira eta bateria-jolearen erresistentzia fisikoa noraino iristen den neurtzen bukatuko dute, itxura guztien arabera aurreikusitakoa baino kanta gehiago jo dutelako. Gogoangarria.
Handik pare bat astera taldeko bi kiderekin eserita gaude Iruñeko Katakrak liburu-dendako kantinan. Elkarrizketaren une batean, kontzertu hori aipatuko da. “Nahiko askeak izaten saiatzen gara zuzenean”, dio Ion Mindegiak, taldeko gitarretako eta ahotsetako batek. “Jotzen ditugun instrumentuak gehienbat analogikoak dira. Sentitzen duzu hatza, pua, bateriaren indarra... Lantzen badituzu dinamika horiek, ez dago hori berdintzerik”. Alboan dauka Iñigo Belzunegi, beste gitarra eta ahotsa, Katakuko giroaz hasita atzera begira jarri dena: “Ni rockaren munduan lehengusu zaharrek sartu ninduten. Oroitzen naiz hura zela eszenariora igo, saltatu... kristoren jaleoa. Orain hori ez dut ikusten, eta niretako da gauza inportanteenetako bat historia guzti honetan”.
"Klixeetatik aparte mugitzeak bizirik mantentzen zaitu, erresistentzia antzeko bat da”
Zuzeneko jarrera hori ote da Kaskezurren hastapenetatik iraun duen gauzetako bat? 2000ko hamarkadaren erdialdean eskandinaviar estiloko rock-and-rolla egiten hasi zen taldea eta bi disko argitaratu zituen. Gero, Ilgora-rekin (2013), bide propioago baten bila hasi zen eta bilaketa horretan hirugarren geltokia da Ihesi doaz animaliak. “Gure ikuspuntua aldatu da, gitarrak garbitu ditugu eta nahi ditugu izan kolore gehiago”, dio Mindegiak. Belzunegik gehitu du, aurreko diskoaren aldean, azken lan honek “gorabehera gehiago” dituela. “Ikasi nahi dugu kantetan egoera ez horren lasaietan egoten”, jarraitu du. Hori izanen da elkarrizketako gai inportanteenetako bat: deserosotasunetik zenbat sortu daitekeen.
Ez da musikari gisa bakarrik praktikan jartzen duten zerbait. Belzunegik azaldu duenez, entzule gisa ere bilatzen ditu lehenbiziko entzunaldian hain erraz sartzen ez diren musikak: “Lehenbizikoan sartzen denak aspertzen ahal zaitu”, dio; deserosotasunak, aldiz, “beste bide batzuk eraikitzen ditu” bere ustez. Adibide konkretu batera eraman du gaia Mindegiak: “Bi gitarra dauden lekuan, bat desafinatuta egotea niri gustatzen zait batzuetan, zeren hori da klixeetatik aparte mugitzea. Niretako bizirik mantentzen zaituena da, erresistentzia antzeko bat”.
Musika abiapuntu horretatik eginda, noski, Ihesi doaz animaliak ez da disko erraza. Baina haren konplexutasuna ez da kriptikoa izatera iristen, pop egiturari eusten diolako. “Nik beti jartzen dut Wilcoren adibidea”, dio Mindegiak: “Estruktura nahiko tipiko bat, baina une batean galtzen dutena beste zerbait bilatzeko”. Eta beste zera horren bilaketan, azken disko honetan, lagun izan dute Borrokan taldeko Ibai Gogortza, ekoizle lanak egin dituena. “Adibidez, Keinuak kantan esan zigun: ‘Probatu lehenbiziko minutu eta erdian abestu gabe’; asko lagundu digu beste ikuspuntu bat sartzen”.
Berako konexioa
Gogortza ez da diskoak daukan konexio beratar bakarra: bigarren kanta entzuten duenak (Euria), zerbait ezaguna aurkituko du: Joseba Irazokiren Euria ari du diskoko bigarren abestiak letra berdina zeukan. Bertsio bat? Adaptazio librea? “Ez dakigu nola deitu”, erantzun du Mindegiak. “Letra musikaren gainetik sartu eta ematen zuen Irazokirenaren bertsio negatibo bat. Komentatu genuen Josebarekin, bera pozik –bueno, Joseba beti dago pozik–, esan zigun ilusioa egiten ziola; eta guk: ‘Bai zera, ilusioa gurea!’. Eta gero sartu zuen gitarra ere kanta horretan”.
"Ez dakigu nondik joan, baina horrek berak irekitzen dizu bide bat”
Miren Narbaiza Mice-ren ahotsa ere entzun daiteke publikoa saltoka jartzeko pentsatua dirudien Buztinezkoa kantan. “Beti ikusten genuen elkar kontzertuetan, gero elkarrekin jo genuen Joseba B. Lenoir eta Kaskezurrek; eta Azpisugeak egin genuelarik, Miren eta Joseba etorri ziren grabaketara. Gero ere harremana izan dugu, beti hor zegoen elkarrekin zerbait egiteko zera hori. Azkenean, diskoa grabatzera gindoazenean erran genion: ‘Kantatuko duzu?’ eta berak baietz. Eta gainera kanta punkienean. Mirenen ahotsa ez da horren polit eta oniriko entzuten, zuzena da, eta nik uste laguntzen duela emakume baten ahotsa egoteak hor ere”, azaldu du Mindegiak. Abesti horren letra Oskar Alegriak eta Bernardo Atxagak Iruñean eman zuten Oteizari buruzko hitzaldi batetik atera zen. Orioko artistaren bideo bat ikusi ondoren, Alegriak honakoa esan omen zuen: “Ikusi duzue ze buztinezko pentsamendua, bera buztinezkoa da, buztinezko burmuina dauka, buztinezko ideiak”. Kantaren errepikak berriz Quosque Tandem…! liburuan euskal estiloaz esaten zuenetik edaten du: “Librea, naturala, jarraia eta ibiltaria”.
Aurreko diskoan sumatzen zen Sonic Youth eta tankerako taldeen kutsuak hor jarraitzen du, baina Kaskezurrek bere bidea egiten jarraitzen du, deserosotasunetik elikatzen: “Ez dakigu nondik joan, baina jarrera horrek irekitzen dizu bide bat”, dio Belzunegik. “Nik uste kanta hauek ulertzen direla, baina nahiko nuke etorkizun batean bertze situazio batzuetara ere joan, egoera ezberdinagoetara. Eboluzio bat bilatzeko bidea izaten ahal da”. Bilaketak nora eramango dituen hurrengo lanetan ikusiko da. Momentuz, urtarrilera arte lotuta dituzte kontzertuak ia astebururo: ez utzi animalia hauei ihes egiten.
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.
---------------------------------------------------------
Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.
Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]
22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]
Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024
--------------------------------------------------
Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu... [+]
Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen.
Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko... [+]