“Durango efektuaren ondorioz liburu on batzuk oharkabean pasatzen dira”

  • Iruñeko liburu-saltzaileen artean Abarzuza familiak toki berezia du, 1944an Andres Abarzuzak lehen denda zabaldu zuenetik.
    Egun, haren bilobek jarraitzen dute liburuen negozioan. Horietako bat Martzela da, Santo Domingo aldapako denda xarmangarriko nagusia. Garai batean ezkutuan saltzen zituzten euskal liburu eta aldizkari debekatuak. Orain, aldiz, horiek dira Abarzuzako apalategi ikusgarrienak hartzen dituztenak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Martzela Abarzuza Fontellas (Iruñea, 1959)

Iruñean sortu eta betidanik liburu-dendan aritu da amarekin. Hasieran Kale Berriko dendan, gero Xalbador eta Xalemen, eta duela 26 urtez geroztik Santo Domingo aldapako Abarzuza liburu-dendan. Abarzuza denda euskal kulturaren ezinbesteko erreferentea da Iruñean, familia honek orain dela 75 urte lehen denda zabaldu zuenetik. 

Betidanik liburu-saltzaile?

Bai. Nire lehen oroitzapenak Kale Berrian genuen dendakoak dira. Denbora asko ematen nuen han eta baita San Frantzisko plazan jostetan ere.

Nola hasi zen Abarzuza familia liburuak saltzen?

1944an Víctor Abarzuza, gure aitak, udaletxe ondoko Carnicerías kalean liburu-denda zabaltzeko baimena eskatu zuen. Bere izenean eskatu zuen, baina aitona Andres zen negozioa abiarazi zuena. Aitona udaletxeko atezaina zen eta semeen laguntzaz ireki zuen Abarzuza. La Feria del Libro. 1952an udaletxea handitzeko lanak egin zituztenean, karrika horretako dendak itxi eta Kale Berrira eraman zuten liburu-denda.

Ceferina Fontellas zuen ama nola iritsi zen dendara?

Gure ama umezurztegikoa zen eta Beuntzako familia batek adoptatu zuen. Oso familia xumea zen eta denetik egitea egokitu zitzaion: ikatza egin, behiekin joan… eta 12 urte zituela neskame etorri zen Iruñera. Gaztetan lanean aritu zen aitonaren etxean eta han ezagutu zuen gure aita. Berehala hasi zitzaion dendan laguntzen eta aita 45 urterekin hil zenean, berak aurrera atera gintuen bost anai-arrebak, dendan lanean, josten eta ahal zuen guztia egiten.

Zuen ama xaloa mostradorean egon da azken unera arte. Irribarretsu eta euskaraz solastatzeko beti prest.

Bai, halakoa zen. Euskaldun peto-petoa zen eta gaztelania ongi ulertzen bazuen ere, berak erraztasun askoz handiagoa zuen euskaraz mintzatzeko, horregatik askotan joaten zen autobus geltokira ea Beuntzako jendea edo beste herrietako euskaldunak ikusten ote zituen solas egiteko.

Hala ere, zuek ez zenuten euskara etxean ikasi, ezta?

Ez. Senideen artean ni zaharrena naiz eta jaio nintzenean ama nirekin beti euskaraz aritzen zen, baina aita, osasun eskasekoa izanik, askotan egoten zen erietxean eta etxera itzulita triste jartzen omen zen gu euskaraz adituta berak ez zuelako ulertzen. Horregatik amak erabaki zuen etxean erdaraz egitea.

Noiztik zaudete Santo Domingo kalean?

Denda hau duela 26 urte zabaldu genuen. Urte asko egon nintzen Kale Berriko dendan. Gero Rafa senarra eta biok Xalbador eta Xalem dendetan aritu ginen gurea zabaldu arte. Gainera, ama Kale Nagusian bizi zen bigarren pisu batean eta hemen denda eta lehen solairua batera saltzen zutenez,  hona etorri ginen hirurok eta gurekin izan da duela lau urte hil zen arte. Oso gustura izan gara hemen.

Eta Abarzuzatar gehiago daude liburuen negozioan, ezta?

Bai, hainbat denda izan dituzte. Gaur egun Kike eta María lehengusu-lehengusinak Iratxe dendan ari dira, lehen El Bibliofilo zen, eta haien espezialitatea liburu zaharrak dira, eta beste bi Pablo eta Patxo, Elkarren daude.

Liburu-saltzaileak derrigor izan behar du irakurzale amorratua?

Txikitan nire anai-arrebak oso irakurzaleak ziren, baina ni batere ez. Amak ahalegin handiak egiten zituen arren, nik ez nuen batere gustukoa izan 16 urtera arte. Gogoan daukat zer liburu izan zen iritziz aldatzera eraman ninduena: Felix Urabayenen El barrio maldito. Hura irakurri eta izugarri gustatu zitzaidan. Geroztik ez diot inoiz utzi irakurtzeari. Nire ustez, ordura arte falta zitzaidana ulertzea zen, eta hori da, hain zuzen ere, egungo haur eta gazte askoren arazoa. Sinetsita nago norberak bere liburua aurkitzea ezinbestekoa dela irakurketarekin zaletzeko eta hori bizitzaren edozein momentutan gerta daiteke.

Argazkia: Dani Blanco.

Nola doa liburuen salmentaren negozioa?

Azken urteotan teknologia berrien eragina nabari da eta paperezko liburuen salmentak beherakada handia izan du. Ni liburu elektronikoen aurka ez nago, pirateriaren aurka baizik, horrek min handia ematen baitigu.

Hala ere, uste dut paperezko liburuak ez direla desagertuko eta oraindik gelditzen dela toki bat guretzat. Argitaletxeak berrasmatzen ari dira eta gero eta liburu erakargarriagoak ari dira plazaratzen eten gabe: nobela grafikoak, komikiak, liburu ilustratuak… oso lan ederrak dira. Haur eta gazte literaturan oraindik badago merkatu indartsu bat, bai euskaraz bai gaztelaniaz ere, eta nire adineko belaunaldiko irakurleok, papera eta teknologiaren artean gaude. Teknologia erabiltzen dugu, baina papera maite dugu. Oraindik badago merkatu esparru bat, ez guk nahiko genukeen bezain handia, baina bada. Modako eleberriak digitalean gero eta gehiago irakurtzen diren moduan, bertako gaiak edo haur eta gazteentzakoak, gehiago saltzen dira paperean. Edozein modutan ere, liburu-denda gisa jarraitu ahal izateko gero eta paper-dendako material gehiago saldu behar dugu biziraun ahal izateko. Liburu-saltzaileok, orokorrean, ez gu bakarrik, oso erromantikoak izaten gara eta titulu pila izaten dugu, nahiz eta horietarik agian soilik %10 saldu.

Dena den, esan behar dut euskal jendeak fideltasun handia duela. Oraindik badago euskal liburuak edo bertako gaiak erosteko kontzientzia. Horregatik eskerrak eman behar dizkiegu gure bezeroei.

Euskal gaia da zuen berezitasuna?

Bai eta Nafarroako gaia. Plazaratzen den gehien-gehiena dugu.

Entzierroaren bihotzean egonda, bezeroen artean turista asko izaten dira?

Bai, asko. Horiek hemengo historia eta gidaliburuak eskatzen dituzte, gehienbat. Espainiako Estatutik etortzen direnen artean oso ongi saltzen ditugu Euskal Herriko ohiturak, kondairak.

Alor horretan ba al da best sellerrik?

Askotan Orhipean liburua gomendatzen dut. Lan ederra egin zuen Xamarrek duela 26 urte lau hizkuntzatan plazaratu zuen lan honekin. Oso ongi dago, labur erakusten dizulako zer den Euskal Herria ikuspegi askotatik eta gainera ilustrazio askorekin. Joseba Asiron eta Martin Altzueta Martintxo-ren Euskal Herriko historia ilustratua nobela grafikoa ere oso ongi saltzen dugu.

Durangoko Azokak liburu betekada dakar?

Bai. Azken bolada honetan, argitaletxeek horren aldeko apustua egiten dute erakusleiho ona delako, baina guretzat oso zaila da. Dena erakutsi nahi eta ezin. Hobe litzateke lanak urtean zehar plazaratzea. Durango efektuaren ondorioz liburu on batzuk oharkabean pasatzen dira. Egile ezagunenak nabarmentzen dituzte komunikabide guztietan eta egile berri asko bigarren planoan gelditzen dira. Batzuek besteei egiten diete itzala eta oso ongi antzematen da, literalki, apalategietan.

Bernardo Atxaga ez bazara, hobe beste edozein garaitan argitaratzea?

Bai, eta Atxaga bazara berdin dio noiz ateratzen duzun, Durangoko Azokan edo uztailaren 6an. Berdin dio arrakasta ziurtatua duzulako. Hala ere, afera honetan argitaletxeen iritzia ere entzun beharko litzateke.

Jarana peñako bonboa eman zizueten iazko Sanferminetan. Pozik?

Oso hunkigarria izan zen ikusi genuelako jendeak zenbat maite gaituen.  

Argazkia: Dani Blanco.

Nabarmendu zuten Abarzuzako ateak beti zabalik egoten direla, baita entzierroetako korrikalarientzat ere.

Aspalditik sartzen dira korrikalari batzuk entzierroa hasi baino lehen haien gauzak hemen uztera. Normala da gurean eta berdin izan beharko luke toki guztietan, nire ustez. Goizeko bostetan mahaitxo bat ateratzen dugu kalera egunkariak saltzeko, baina dendako atea zabalik egoten da eta lasterkari batzuk sartzen dira gauzak uztera edo komunera joateko. Dena oso modu naturalean hasi zen. Gogoratzen dut nor izan zen lehena: Iñaki Ochoa de Olza mendizale zenaren aita. Korrika egiten zuen hemen, Santo Domingon, semeak bezala, eta behin eskatu zigun baimena betaurrekoak hemen uzteko. Horrela hasi zen dena. Gero bata bestearen atzetik hasi ziren etortzen. Bakoitzak uzten ditu bere mugikorra, diru-zorroa… nahi duen tokian eta entzierroa pasatakoan bakoitzak berea hartu eta hurrengo egunera arte. Txarrena da bila etortzen ez denean, horrek esan nahi duelako agian zezenak harrapatu duela . Zorionez, gutxitan gertatzen da.

Gure dendako ateak beti irekita daude jende guztiarentzat. Denda txikion indar-gunea jendearekin dugun harreman zuzena da, hain zuzen ere.

Hotza da liburua hipermerkatuan erostea?

Nire ustez, bai. Dena den, uste dut badela jendea hori nahiago duena, ez delako denda txiki batera sartzera ausartzen, agian, ez duelako ezer erosiko. Ulertzen dut, eta horregatik ez gara joaten bezeroen atzetik. Dendariak psikologoa ere izan behar du eta begiratu pertsona bakoitzak zer nahi duen. Bezeroak laguntza behar badu eskatuko dizu, baina lasai sartzen bada gauzak patxadaz ikustera, utzi begiratzen eta gozatzen.

Galdetzen dizutenean, liburuen gaineko kritika txarrak ere egiten dituzu?

Beti egia esaten dut. Gustuak desberdinak direla kontuan hartuta, begi-bistakoa da merkatura ateratzen den guztia ez dela ona. Lasto asko dago. Pertsona ospetsu batzuek liburuak ateratzen dituzte famatuak direlako, baina horrek ez du esan nahi idazle onak direnik. Youtuber batzuek, esate baterako, izugarrizko arrakasta dute liburu txarrak idazten.

Horrek ere badu alderdi positiboa, ezta?

Jendea, eta batez ere gazteak, horrela behintzat hurbiltzen badira liburuetara, gaitz erdi!

Liburu-denda askotxo itxi dute azkenaldian. Zer pentsatzen duzu?

Beti dira berri txarrak, baina zorionez beste batzuk, gutxi eta oso espezializatuak, ireki dituzte. Saltzaileon artean oso harreman ona izan dugu betidanik eta ekimen gero eta gehiago egiten ari gara elkarrekin: Liburu Azoka, Liburuaren Eguna, eta azken bi urteetan literatur sari berri bat banatu dugu. Aurten Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, Santiago Lorenzoren Los asquerosos eta Júlia Sardàren Los Listz liburu ilustratua, saritu ditugu. Ekimen hau oso ongi etorri zaigu harremanak estutzeko eta arreta liburuetan jartzeko, ez soilik logistikako gauzetan ohi bezala. Literaturari buruz hitz egiteko biltzen gara eta gozamen handia da guretzat. Buruan proiektu berriak ditugu, jendeak ikus dezan liburu-dendatan ere gauza asko gertatzen direla.

Zenbat saltzaile zaudete Nafarroan?

Gu Diego de Haro elkartean gaude eta orain hamazazpi gara, gehienak Iruñerrikoak.

Zenbat denbora irauten du liburu berri batek erakusleihoan?

Gero eta gutxiago. Liburu berrien mahaian, urte garaiaren arabera, baina batez beste hiru hilabete inguru. Saltzailearen iritziak asko balio du. Norberak bere gustukoak nabarmentzen ditu eta oso polita da hori, liburu-denda bakoitzak bere nortasuna eta berezitasunak dituela erakusten duelako.

Best sellerrak oso inbaditzaileak dira normalean eta saltzaileak beste lan batzuen aldeko diskriminazio positiboa egin behar izaten du, liburu gutxi batzuek ia espazio osoa har ez dezaten. Euskal munduan normalean hori ez da gertatzen. Idazle handi baten lana iristen denean, Atxagaren bat iristen denean, adibidez, zalantzarik gabe espazio nagusia ematen diogu. Haur eta gazte literaturak ere lehentasunezko tokia izaten du, irakurleok gure etorkizuna baitira, eta oraina ere bai. Liburu ilustratu asko eta asko, adibidez, artelanak dira eta argitaletxe batzuek horien aldeko apustua egin dute, badakitelako jendeak erosiko dituela.

Etorkizuna nola imajinatzen duzu?

Senarra eta biok daramagu Abarzuza liburu-denda eta ideia asko dugun arren, behar genuke dendarekin jarraitzeko prest dagoen norbait, gu hemendik urte gutxira jubilatuko garelako. Fisikoki aldatuko nuke liburu-denda, haur eta gazteen atala handituz. Aurkezpen gehiago egingo nituzke eta dendaren informazioa zabalduko nuke sare sozialetan. Esparru horietan presentzia irabazi behar dugu, zalantzarik gabe.

Ikurrinak eta zentsura

“1979an Joxe Lacalle, argazkilari eta tabernari ezagunak, ikurrina handi bat jarri nahi zuen Jarauta kaleko bere tabernan, eta gure amak, josten zuenez, gau bakar batean egin zuen. Joxek erasoak jaso zituen, lehergailua ere jarri zioten tabernan. Ama ez zen oso konforme gelditu egindako lanarekin, ikurrina hura oso zehatza ez zelakoan. Berak bazekien, noski, ikurrina nolakoa zen, Kale Berriko sotoan ezkutatu eta gordeka saltzen zituzten liburu eta disko askotan agertzen zelako.

Nik lehen ikurrina Zeruko Argia-n ikusi nuen. Aldizkari guztiak toki berezi batean jartzen genituen, pintzez zintzilikatuta. Oraindik legalizatuta ez zegoenean, Argia-k azal osoa hartzen zuen ikurrina handi bat jarri zuen eta amak denen bistan jarri zuen. Denetik entzun behar izan zuen, gaixoak, baina ez zuen etsi. “Hau merkatuan dagoen aldizkari bat da eta nik ez dut zertan ezkutatu”, esaten zuen.

Gure amak ez zion inori traba egin nahi izan, baina pentsatzen zuen euskalduna izanik, zergatik egin behar zion horri uko. Gure familiako dendetan, baita Iruñeko beste batzuetan ere, liburu ezkutalekuak genituen. Ikuskatzailea oso pertsona ona zen eta dendetara etortzen zenean galdetzen zuen ea zerbait ote genuen deklaratzeko, besterik ez. Amak esaten zion ezetz, dena ongi zegoela eta agur, hurrengora arte. Gure ama oso ausarta zen”.


ASTEKARIA
2019ko azaroaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu dendak
Eva Forest liburutopia
Utopiaren ortzimugari so

Elkargunerako eta hausnarketarako espazio izateko sortu berri dute Eva Forest liburutopia Gasteizko erdigunean. Liburuak baino, jakintza dute oinarrian. Pentsamendua, memoria eta transmisioa. Pentsatzen gozatzea. Kafetegia eta liburu denda korridore labur batek eta umeen txokoak... [+]


2022-10-04 | Reyes Ilintxeta
Aritz Otazu. Liburu zaharren azken mohikanoa
“Ez da bidezkoa Nafarroako Artxiboak urtean soilik 8.000 euro izatea antzinako liburuak erosteko”

Frantzian bereziki, baina mundu erdian barrena ibiltzen da Aritz Otazu XVI. eta XVII. mendeetako liburuen bila. Nafarroako eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea da bere pasioa eta zuzentzen duen Mintzoa Argitaletxearen xedea. Mintzatzen ematen du egun osoa: bezeroekin,... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Danele Sarriugartek euskaraturiko Walden-entzat izan da Nafarroako Liburudenden Elkartearen saria

Danele Sarriugarte idazleak euskaratutako David Thoreauren Walden liburuak jaso du Nafarroako Liburu Denden Elkartearen euskarazko libururik onenaren saria.


2021-11-09 | ARGIA
Amazonen estrategiari aurre egin eta liburu denda txikiak lagundu nahi dituen Frantziako lege berria

Amazon ahalguztidunak bidalketa gastuak kobratu gabe banatzen ditu liburuak, baina liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bizirauteko etekin duin bat jaso nahi badute. Horri aurre egiteko, zehazteke dagoen gutxieneko bidalketa gastu kopuru bat kobratzera derrigortuko du... [+]


Durangoko Azokarekin lotutako programazio musikala Hego Euskal Herriko hainbat aretotara zabalduko da

Durangoko Azokak iragarri du Euskal Herriko hainbat lekutan kontzertuak antolatuko dituela abenduaren 5etik 8ra. Helburua: pandemiaren aurkako neurrien eraginez Durangora joaterik izango ez dutenei ere Azokako giroa hurbiltzea. Gainera, urtarrileraino luzatuko dute Durangorekin... [+]


2020-09-08 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Brontë

Nerabe garaiko irakurketa ia erabat ahaztuta, Irungo karrika nagusiko 16.enean eskuratu nuen Irene Aldasororen itzulpen bikaina den Gailur ekaiztsuak. Bereziki inspiratuta ez nengoen egun batean izan zen, zerbait nahi baina zehazki zer nahi duzun ez dakizun egun horietako... [+]


YLENIA BENITO, BRONTË LIBURU-DENDAREN SORTZAILEA
“Irakurleek hau bezalako dendak nahi dituzte, baina liburuaren industriak ez du irakurleengan pentsatzen”

“Batzuetan liburu-denda txikiei lotutako ideia erromantikoa daukagu, baina errealitatea ez da hain erromantikoa”. Liburuaren industrian, denda txikiak azken putza zergatik diren garbi azaldu digu Ylenia Benitok. Irungo Brontë liburu-denda asmoz beteta zabaldu... [+]


2020-05-20 | ARGIA
Iruñeko Katakrak liburu-dendak bazkide berriak lortzeko kanpaina abiatu du

Iruñeko Kale Nagusian dagoen liburu-denda, kafetegi eta areto kooperatiboak “Zurekin bai ala bai” kanpaina jarri du martxan, proiektua sostengatzeko bazkide berrien bila.


Iruñeko liburu dendak, ateak zabaltzeko bidea aztertzen

Katakrakeko Hedoi Etxarte eta Karrikiriko Jon Bujandarekin solastatu gara, ezagutzeko nola egokitu dituzten salmentak egoerara, eta nola egiten ari diren orain denda fisikoak irekitzeko prozesua.


Liburu denden %13a ixteko arriskuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Jaurlaritzaren laguntzarik jaso ezean

Euskal kulturako editoreak kexu agertu dira Eusko Jaurlaritzak industriarako diru-laguntzarik iragarri ez duelako. Euskal Autonomia Erkidegoko liburu dendetako langileen %95a ERTEan dagoela jakinarazi dute, eta kulturgileentzako eskainitako laguntzak industriara ere bideratzen... [+]


Liburu-denda independenteak itxita, Amazonek triskantza eragin dezake sektorean

Liburu-dendak itxita daude konfinamendua agindu zutenetik eta, bitartean, Amazon bezalako plataformek saltzen jarraitzen dute hemen eta ia mundu osoan. Hori bai, liburu-dendak dauzkatenek autonomoen kuota berdin-berdin ordaindu behar izan dute martxoan. Egoera hori salatu du... [+]


2019-05-02 | Dabi Piedra
Zuzeneko emanaldia
Apalentzako apalak

Euskal kulturaren alderdirik abangoardistena, sormen berritzaileena bildu eta erakustea da Loraldia Festibalak bere buruari jarri dion xedea, baina urtero hartzen du iraganera begiratzeko tartea. Aitzindariek ezarritako zimendurik gabe, nekez izango genukeelako gaur euskal... [+]


Requiem bat herriko azken liburu-dendari

Atera naiz Marianen janari dendatik, dozena bat kroketa erosita, oilasko bular bat xerratan (“finak mesedez”) eta parean tokatu direlako poltsan bukatu duten beste pare bat gauza, hasten naiz etxerantz eta kalea gurutzatzen ari naizela ikusten dut afixa eskaparatean:... [+]


Nola lagunduko dituen Parisko Udalak hiriko liburu-dendak

Parisko Udalak 250.000 euroko diru-laguntza iragarri du liburu-denda independenteentzat, hirian dauden mota honetako negozioak mantentzeko eta berriak irekitzea bultzatzeko. Parisko liburu azokaren 39. edizioa ostiral honetan hasiko da eta ekitaldi horren atarian eman dute... [+]


Eguneraketa berriak daude