argia.eus
INPRIMATU
2019ko urriko altxamendua
2019ko azaroaren 21

Zortzi hildako, 1.340 zauritu, 1.192 atxilotu eta 883 dekretua, indargabetua. Hauxe litzateke zifra hotzetan, urriko hamaika eguneko altxamenduaren balantzea Ekuadorren. Baina ez da gehiegi arakatu behar beste zerbaiten arrastoak antzemateko. Alfer huts gisa (“erlamandoak!”) presidenteak  irainduak izan ostean, urriaren 13ko irudi bat nabarmendu zen guztien begi bistan: mugimendu indigenaren ordezkariak estatuko botere nagusien aurrean herri oso baten hitza ordezkatuz eta haien eskakizunak betearaziz: ez soilik neurri ekonomiko onartezin batzuk atzera botaz, nazio aniztasuna zer den ere adierazpide garbiz erakutsiz.

Hau ez da, inondik ere, garaipen erabatekoa. Ez dakigu nola bideratuko dituen orain estatuak Nazioarteko Diru Funtsak ezarri nahi dizkion errezetak eta etorriko diren eraso berrien aurreko erantzunak. Baina komeni da gogoratzea historia hau ez dela berria. 1992an, Quitoraino 500 kilometroko ibilaldia burutuz, Amazoniako 1’2 milioi hektarea haien ondare izendatzea lortu zuten. 1994ko eta 1995eko mobilizazioek atzera bota zituzten nekazarien gizarte segurantzaren eta lur komunalen pribatizazioa sustatzen zituzten legeak. 1997an eta 2000n Abdalá Bucaram eta Jamil Mahuad presidente neoliberalen gobernuak erauzi zituzten. Gerora, gauzak katramilatu ziren eta mugimendua zatikatu zen, hainbat gobernuren kolaborazioa eta Rafael Correaren aupatzea tarteko. 2015erako mobilizazioetan argi geratu zen, halere, azkenaren eta indigenen arteko talka, aurtengoan gertatu bezala.

Jatorrizko herriak dira Ekuadorren antolatuenak eta kontzientziatuenak, eta haien legitimitatea erabatekoa dela agerian geratu da oraingoan. Inguruko beste lekuetan ez bezala –Kolonbian, Perun edo Bolivian, esaterako– konfederazio bakarrean elkartzen dira han Amazoniakoak eta Andeetakoak, baina horrek ez du esan nahi mugimendu zabalaren baitan ezberdintasunak ez daudenik. Eta hiri nagusietan –Quiton eta, batez ere, Guayaquilen, non kokatzen diren kreoleen oligarkiaren indar nagusiak– indigenen aurkako oldarrak beldurgarria izaten jarraitzen du.