Etiketei ihes egiten dien sugea

  • Giro ezezagunen bila jarraitzen du Serpientek Krisanteilu estreinako lan luzean. Ez da erraza lehen kolpean post-punk klasikoa oroitarazten duten bederatzi abestiak etiketa bakarrean kabiaraztea, bat behingoan ohartzen baita segituan hasten direla kategoria zurrunetatik ihesean, batzuetan atmosfera ilun eta tetrikoetarantz, besteetan pop melodia argitsuetarantz. Hirukoteko bik –Ana Arsuagak eta Elena Nuñezek– azaldu digute zein koordenadatan aurkitzen diren une honetan.

Lagun egin ziren aurrena, musika talde bat sortu zuten gero. Serpiente 2015ean hasi zen entseatzen, eta hainbat kide aldaketaren ostean, bost kantuko EP bat grabatu zuten handik bi urtera egun taldea osatzen duten hirurek: Ana Arsuaga mikroan eta teklatuan, Beatriz Perales baxuan eta Elena Nuñez baterian. Peralesek eta Nuñezek Octopussys taldean jotzen zuten aurrez; Arsuagak, aldiz, piano eta kantu ikasketak egin bai, baina artean ez zuen talderik osatu. Oinarrizko instrumentaziozko abesti soilak grabatu zituzten, entzulea eramaten zutenak baxu-lerro errepikakorren gainean eraikitako giro ilunetara, ahots gozo baten estalkipean. Argitaratu berri duten Krisanteilu (Humo Internacional, 2019) lehen lan luzean ere, aurrekoaren ildotik, 80ko hamarkadako post-punkera joaten zaio bati oroimena, baina agerikoa da kantek ez dutela bertan goxo gelditu nahi, eta ihes egiten diotela inon izozteko saiakera orori, aditzera emanez bezala jarrera horrek baizik ez diola balio taxuzko bilaketa artistikoan dabilenari.

Abestien soiltasuna amateurismoarekin nahastu izan die inoiz kritikak, baina taldekideei ez die grazia handirik egiten horrek. “Zergatik deitzen digute guri amateur? Amateurismoa nahasten delako oraindik birtuosismo ezarekin”, dio Arsuagak. Aipatzen duenez, gainera, emakume izateak zerikusi zuzena dauka halako etiketak hain erraz jartzearekin. “Denetik irakurri behar izan dugu. Beste behin “las crías” (“neskatxak”) bezala bataiatu gintuen kronikalari batek, noiz eta justu gu baino talde gazteago batekin kontzertua eman genuenean. Haiek mutilak ziren, noski”. Soiltasuna ez da Serpientekoentzat besterik egin nahi eta ezinaren ondorio. “Hori bilatzen dugu. Abestien sortze prozesua ere halakoa da: gutxirekin ahalik eta gehien ateratzen saiatzen gara, lau gauzarekin kalitatezko zerbait egiten. Filosofia hori nabaritzen da abestien akaberan”.  

"Zergatik deitzen digute guri amateur? Amateurismoa nahasten delako oraindik birtuosismo ezarekin"

Oroitzen dutenez, egungo hirukoa elkartzearekin bat hasi ziren soinu propio hori aurkitzen. Bilaketa horretan bereizgarri garrantzitsu bat izan zen Nuñezek bateria jotzeko daukan modua: taldeko aurreko bateriak ez bezala, zutik jotzea erabaki zuen, bonborik gabe, kaxa eta danbor gutxi batzuekin. “Adiskide batek gomendatu zidan hala egiteko. Taldean hasi nintzenean, ohartu nintzen soinuak bazuela kutsu melenga bat, suabea, gozoa, eta bateria zalapartatsu batek enbarazu egin zezakeela. Probatzen hasi nintzen, eta uste dut neurri egokia topatu dudala”. Kantak sortzerakoan, baxuaren riff-etik abiatzen dira gehienetan, eta erritmo horren gainean inprobisatzeari ekiten diote gero. Hirurak arte mundutik etorriak izateak sortze prozesuan eraginik ote duen galdetuta, baiezkoan dago Arsuaga: “Sentitzen dugu elkarrekiko lotura bat. Ideia berri bat sortzean oso aske aritzen gara, beldurrik gabe. Musika modu arautuan ikasi duen bati askotan kosta egiten zaio teknika egokia mantentzetik haragoko ikuspegi bat izaten. Maila eman behar du, lehenik eta behin. Aldiz, guk ez daukagu halako presiorik, eta horrek ausartago egiten gaitu sortzerakoan”.

Collagetik harago

Etiketetan kabitzen ez badira, ez da horren bila aritu direlako. “Jotzen hasi eta horixe atera zitzaigun, ez dago aurrez pentsatutako ezer”. Norbaitek zer jotzen duten galdetuz gero, prest daukate erantzuna: “Entzun diskoa eta ikusiko duzu”. “Baina disko osoa entzun!”, gehitzen dute barrez. Berritasunaren bila aritzen dira konposatzean. Eroso sentitzen dira inoiz landu gabeko lengoaiak bilatzen eta haietatik abiatutako abesti txatalak sortzen. Ondorengo pausoa zaie gogorrena: koherentzia topatzea, abesti zati solteak collage hutsean geldi ez daitezen lortzea. “Batetik besterako trantsizioak egitea kostatzen zaigu gehien, amaieran kantak osotasun bat izan dezan. Dena dela, oso naturala izaten da prozesu guztia. Eta behin oinarriak definitutakoan, ahotsak sartzen ditugu”. Arsuagak idazten ditu hitzak, euskaraz zein gaztelaniaz, baina paperekoa beti moldatzen du abestiak iradokitzen dion horretara. “Ahotsarekin egiten dudanaren arabera, edo oinarriak transmititzen didanaren arabera, lehendik idatzitakoa aldatzen dut, edo zuzenean beste hitz batzuk sortzen ditut. Niretzat, melodia garrantzitsuagoa da hitzak baino, eta, beraz, beti moldatzen ditut hitzak melodiara”.

Ana Arsuaga eta Elena Nuñezekin hitz egin dugu Serpiente taldearen izaeraz (argazkia: Dani Blanco).

Lehendabiziko EPan eta disko berrian antzerako apustu estetikoa badago ere, jauzi bat nabari dute. “Disko berria aurrekoa baino konplexuagoa da. Ez soilik orain hobeto jotzen dugulako, musikalki eboluzionatu dugulako baizik”. Nuñezek oroitzen du aurreko lanean jo bai, jo zuela, baina abestien sortze prozesuan parte hartu gabe. Disko berrian, aldiz, hasieratik parte hartzea izugarri garrantzitsua izan da berarentzat. Baita gogorra ere. “Asko sufritu dut bateria grabatzen. Grabatzean denak garbi-garbi gelditu behar du, nik neure modua daukat jotzeko, eta asko kosta zait. Egun bakar batean grabatu nuen dena, baina a ze eguna… negar eta guzti egin nuen”. Aurreko EParen grabaketan denek batera jo zuten estudioan, zuzenekoa balitz bezala, eta errazago egin zitzaien. Oraingoan, ostera, pistak banaka grabatzeak zehaztasun gehiago eskatzen zien. Postprodukzioan ahalik eta tranparik gutxien egin nahi zuten, gainera. “Nahiago genuen saiakera on bat grabatzea lortu arte segi, gero emaitzan asko eskertzen da. Baina une gogor samarrak pasatu behar izan ditugu horretarako”. 

Lagunarteko eszena

Subitzan grabatu dute diskoa, Montreal estudioetan, Urtzi Iza eta Hans Krugerrekin. Humo Internacional zigilu asturiarrak argitaratu die lana. “Galizia inguruan jo izan ditugu kontzertu batzuk, eta haietako batean ezagutu genuen Pablo Fernandez, diskoetxearen sortzailea. Proposatu zigun lan berria beraiekin ateratzeko, eta berak ekoizten dituen taldeak asko gustatzen zaizkigunez, ez genuen bitan pentsatu”. Grabaketa prozesuan dena ez da sufrimendua izan, une ederrak ere bizi izan dituzte. “Soinuaren kontuarekin, adibidez, asko ikasi dugu. Gu ez gara inoiz soinuaren friki batzuk izan, eta harrigarria da zer mundu dagoen hor. Flipatu egin dugu”. Halaber, prozesu guztian laguntzaile izan dute Vulk taldeko Andoni de la Cruz. “Bilbon badago lagunarteko eszena bat. Vulkekoez gain, Lukiek, Karpatos… musika aldetik agian ez dugu zerikusi handirik izango, baina oso gertu sentitzen ditugu”. Soinuari dagokionez, berriz, lotura gehiago topatzen dute esperimentaziotik edaten duten apustuekin, edota ildo atonalagoetarantz jotzen dutenekin. Akauzazte, Ibon RG eta Sacco aipatu dituzte, besteak beste. “Denak gu baino nagusiagoak dira, ordea, eta apenas elkarbanatu dugun eszenatokia haiekin”.  

"Konposatzen ari garenean, bat-batean ideia batek forma hartzen du, denok ohartzen gara aldi berean, eta oilo-ipurdia jartzen zaigu"

Kontzertuei ekiteko gogoz daude orain. Zuzenekoetan entzulearekin parez pare jartzen diren une horretan gertatzen dena interesatzen zaie. Musikari gisa gehien gozatzen duten uneetako bat dela diote. “Zuzenekoetan ikusten duzu inon baino argiago musikak besteengan eragiteko daukan ahalmen izugarria. Bat dantzan hasten da, bestea hunkitu egiten da… oso indartsua da hor entzulearekin gertatzen dena. Komunikazio mota bat da, hitz hutsa iritsi ezin den dimentsio batera iristen dena. Ez dago musika baino kanal indartsuagorik bestearekin azkar konektatzeko”. Sentsazio horren bila ekiten diote zuzeneko bakoitzari, askotan lortzea zaila dela jakin arren. Ostera, ustekabekoak ere izaten dituzte. “Zuzenekoan zerbait ematen duzu, eta trukean erantzun bat jasotzen duzu. Literalki. Baina badira beste une batzuk, konposatzen ari garenean adibidez… Bat-batean ideia batek forma hartzen du, denok ohartzen gara horretaz aldi berean, eta oilo-ipurdia jartzen zaigu”.

Hilaren 28an Bilboko El Muelle tabernan ariko dira, eta abenduan Zarata Festeko programazioaren barruan. Serpientek irristan jarraitzen du, oraindik aurkitu gabeko zerbaiten bila, eta zuzenekoetan buru-belarri aritu arren, jada hasi dira abesti berriak egiten, “abesti zaharrak atzean uzteko bada ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


2025-02-14 | Iker Barandiaran
Nire ama-hizkuntza feminismoa da

Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024

---------------------------------------------------------

Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Raimundo El Canastero taldearen aurkako epaiketa atzeratu dute, akusazio larriagoak egotzita

Asteazkenean izan behar zuen epaiketa dataz aldatu dute Lizarrako alkateak azken momentuan jarritako helegite baten ondorioz. Orain taldeari "gorrotoa sustatzea" ere egozten zaio eta lau urterainoko kartzela-zigor arriskua dute kideek. 


Arabako musika kolektiboak
Guk geuk, geure erara

Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


2025-01-30 | Gorka Intxausti
Zenbat dira 30 urte?

Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------

Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


2025-01-24 | Xalba Ramirez
Olaia Inziarte, edo esateko asko duenak asko esaten du (eta eskerrak)

Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024

-------------------------------------------

Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak... [+]


Eguneraketa berriak daude