“Sistema diseinatuta dago emakume migratzailea biktima sexual edo lan esplotazioaren biktima izateko”

  • Duela hamarkada bat, Kongoko Errepublikako gerratik ihesi, Madrilen amaitu zuen Nicole Ndongalak. Gaur egun, migratzaileei harrera egitea helburu duen Karibu elkarteko zuzendari orokorra eta Afrikako Etxea aholkularitza batzordeko kide da, besteak beste. CEAR-Euskadik Bilbon antolaturiko "Mugak gurutzatzen dituzten bizitzak. Hegoaldeko Mugari buruzko analisi feminista bat" kongresuan parte hartu duela aprobetxatuz, berarekin mintzatu gara.

Argazkilaria: Dani Blanco
Argazkilaria: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zergatik eta nola egin zenuen ihes Kongotik?
Gerra zibilak eztanda egin zuen eta 1997-98an jende askok alde egiteko erabakia hartu genuen. Ordura arte neska zoriontsua nintzen, bizimodu normala neraman, baina ziurtasunik gabeko etorkizuna nuen aurrean, eta familiaren laguntzaz herrialdea uzteko hautua egin nuen; 20 urte inguru nituen. Afrikatik kanpora bidaiatzeko bisa lortzea ezinezkoa da eta nik pasaporte faltsua erabiliz egin nuen hegan, Kongotik Belgikara eta Belgikatik Espainiara. Lehenengo egunak atzerrian ziurgabetasun egunak izan ziren, babesgabe sentitzen zara, noraezean, gazte eta bakarrik atera nintzelako nire herrialdetik eta helmugako gizarteak beste aldera begiratzen duelako; ikusezinak gara jendartearentzat. Egun gutxira, zorionez, Karibu elkartea ezagutu nuen Madrilen eta esperantzaren atea ireki zitzaidan. Hazten eta aurrera egiten lagundu zidan elkarteak, biktimismoan erori gabe. Hori bai, bakardadea, inkomunikazioa, herrimina… ez dituzu gainetik hain erraz kentzen.

"Emakume izateagatik, gizonek baino are migrazio prozesu gogorragoa bizi dugu; emakumeak dira bidaian xantaia eta indarkeria gehien jasaten dutenak"

Orain iristen diren migratzaileei harrera egiteko, zertan izan zaizu baliagarri zuk bizi izan zenuen esperientzia?
Migratzaile ilegal gisa (hala esaten digute, ilegal) bizitakoak laguntzen dit egoera berean datorrena hobeto ulertzen, begirada hori izaten. Migratzaile izatea zer den jakiteko, bizipen horiek izan behar dituzu, errazagoa da antzematen zein behar dituen iritsi berriak. Kariburen barruan esaterako, nik emakumeen formazio eta promoziorako zentroa sortu nuen, hona etortzen garen emakume afrikarrak beti iristen garelako ikasteko espiritu horrekin, baina gizarteak ez dizkigu horretarako ateak zabaltzen. Paperik ez baduzu, itzalean geratzen zara, formazioa ezin eskuratu, eta traba horiek gainera handitzen joan dira, okerrera egin dugu.

Pertzezpzioa da Afrikatik batez ere gizonek migratzen dutela.
Emakume migratzaile afrikarrez hitz egiten da soilik haurdun bagaude edo ume batekin iritsi bagara. Pertsonen salerosketa sareen bidez iristen direnak ere ikusezinak dira, bidaia anonimoak dira eta ez dira hedabideetan ateratzen. Migrazio prozesuak anitzak dira eta noski emakumeek ere migratzen dutela, baina bidaia nola egiten duzun, ezkutuan egiten duzu maiz.

Sarri salerosketaren biktima gisa baino ez al ditugu ikusten emakume afrikarrak?
Oro har, emakume afrikarrez hitz egiten denean gutxiesteko da. Inoiz ez dira aipatzen adibidez eskubide berdintasuna borrokatzen lehen lerroan aritu diren emakumeak, bizikidetzaren alde lan handia egin dutenak… Kultura gutxikoak bagina bezala irudikatzen gaituzte, nahikoa prestaturik ez bageunde bezala, diote ahulak garela… Topiko andana. Prostituzioan dagoena sarri engainatu egin dute, bai, baina emakume indartsuak izaten jarraitzen dute. Errepikatzen dut: migrazio bakoitza prozesu ezberdin bat da, ezin ditugu emakume afrikar guztiak biktima gisa etiketatu. Emakume portzentaje altu bat komunitatearen zutabe dira Afrikan, komunitateek funtzionatzen dute emakumeen lanaren inguruan.

Kuriosoa da emakume migratzaileak ahultzat hartzea, hain bidaia arriskutsu eta gogorra egiteko gai izan direnean.
Egia da emakume izateagatik are bidaia eta migrazio prozesu gogorragoa bizi behar izaten dugula, salto egin beharreko horma gehiago dugulako, gizon migratzaileek baino. Emakumeak dira adibidez bidaian xantaia eta indarkeria gehien jasaten dutenak, biolentzia sexuala militarren partetik, migratzaileen euren partetik bidaian eta kanpalekuetan… Hori errealitate ukaezina da, hona iristen diren emakumeek kontatzen digute. Horregatik, sarri gizonen babesa behar dute pasabide klandestinoetan, edo gizonen borondatearen menpe daude, baina ez emakume ahulak direlako, beste aukerarik ez dutelako baizik. Egin kontu, hilekoa duen emakumeari ziurrenik ez diote itsasoratzen utziko, debekatua du, esaten dutelako odolaren usainak marrazoak erakartzen dituela. Pateran sartu nahi badute, hilekoa ez izateko emakumeek pasa behar dituzten egoerak beldurgarriak dira. Horrelako estigmatizazioa gizonek ez dute bizi.

Beste adibide bat: bidaian behin baino gehiagotan bortxatu dute emakumea, haurdun geratu da eta hegoaldeko mugara iristean [Maroko, Aljeria…] erditu da, bada konboiek esango diote ez dutela jaioberririk onartzen, zarata asko ateratzen dutelako. Haurra koskortu arte han geratzera kondenatuta dago emakume hori.

Emakumeek jasaten dituzten gehiegikeriak handiak dira, tradizio patriarkal eta familiarren menpe: ezkontza behartuak, mutilazio genitala… Azpiratze horrek pertsona gisa gutxiagotzen gaitu, baina egoera horietan ere, harrigarria da emakumeak zer nolako indarra eta irmotasuna bereganatzen duen, beti aurrera ekiteko, bere bizitzaren jabe egiteko. Hartzen dituzten erabakiak errazegi juzgatzen ditu gizarteak batzuetan, baina ezin da egoera bati buruz hitz egin, egoera hori eragin duen zergatia ezagutu gabe. Oro har, emakume afrikarrek partekatzen duten ezaugarri bat nabarmenduko nuke: abilak dira irtenbideak aurkitzen, eta aurrera segitzeko baliabideak lortuko dituzte.

"Geu gara migrazio ordenatua eskatzen lehenak, baina migrazio ordenatua ez da mugak ixtea, seguru bidaiatu ahal izatea baizik"

Migratu ostean, helmugan ere aurreiritzi askori egin behar diote aurre.
Sarri shock egoeran iristen dira, zaurgarri, hiru horma handi igaro behar izan dituztelako: jatorrizko herrialdean bizi duten diskriminazioa, bidaian sexualizatua eta merkantilizatua izatea, eta helmugan trabak baino ez aurkitzea. Bizitakoak bizita, egokitzea gehiago kostatu ohi zaie. Hemen denbora bat daramagunok iritsi berriak laguntzen ditugu, ez bakarrik oinarrizko arreta eskaintzen (leku bat, janaria, osasun arreta…), baita formazioa eta aholkularitza juridikoa ematen ere. Gakoa da beraiek adierazten dituzten beharretatik abiatzea, horiei erantzuna ematen laguntzea, bakoitzaren bidaia eta bizitza-helburuak ezberdinak eta pertsonalak direlako. Aktiboki entzutea da gure oinarria, gizarte honetan maiz ez baitugu entzuten, eta funtsezkoa da norbere autonomia errespetatzeko. Migratzaileek ahotsa dute, baina harrera-gizarteak batzuetan ahaztu egiten du hori, migratzaileak tratatzen ditu subjektu pasiboak bailiran, zer komeni zaien eta zer lortu nahi duten jakingo ez balute bezala.

Salaketa ildo bat ere badugu Karibun, migratzaileen eskubideak nola urratzen diren ikusaraztea helburu. Adibidez, migratzaileen CIE zentroetan egiten diren basakeriez hitz egiten dugu, kartzelak baino okerragoak direlako. Edo Europako legeek nola darabilten migratzaileen eta bereziki migratzaile emakumeen aurkako indarkeria instituzionala, gure eskubideen kontra doazen egoerak sortzen dituztelako. Gure eskubideak babesteko ardura publikoa duten erakundeek kontrakoa egiten dute: ez dituzte bizitzak errespetatzen, zaurgarri egiten dituzte. Inor ez da ilegala, inork ez luke ilegala izan behar, eta manifestazioetan ozen aldarrikatzen dugu gure dokumentazioa arautzea eta lan egiteko aukera izatea, baina traba legal eta burokratikoak ikaragarriak dira. Urteak eta urteak pasatzen ditugu, gure egoera legeztatu arte.

Babesteko behar lukeen legeak, beraz, klandestinitatera kondenatzen zaituzte.
Guztiz, paperik ez lortzeak babesgabe uzten gaituelako, eskubiderik, lan aukerarik eta aukera sozialik gabe. Europan, sistema diseinatuta dago emakume migratzailea biktima izateko, biktima sexual, edo lan esplotazioaren biktima. Are gehiago, lege horiek dira ume, emakume eta gizon askoren bizitzak arriskuan jartzen dituztenak eta hainbatetan heriotzara kondenatzen dituztenak. Pertsonak legeztatzea da alternatiba erreal bakarra, elkarbizitza duina bermatzeko. Eta gu geu gara, migratzaileak, migrazio ordenatua eskatzen lehenak, itsasoan norbait hiltzen den bakoitzean sufritu egiten dugulako. Migrazio ordenatuak, ordea, ez du esan nahi beti mugak ixteaz hitz egiten jardutea, egiten duten moduan; esan nahi du jatorrizko herrialdeekin komunikazioa bilatu eta legearen barruan bidaiatu ahal izateko moduak ezartzea. Kontua zein da? Migrazio ordenatu edo arautuaren atzean, gobernu bakoitzak nahi duena ulertzen duela. Pertsona batek bere herrialdea uzteko urteak eta urteak behar izatea nola izango da migrazio ordenatua? Gauzak ongi egitea da migrazio ordenatua, seguru bidaiatu ahal izatea.

"Ez dugu erori behar 'jarri beltz bat zure mahaian' dinamikan. Landu behar dena da migratzaileok nahikoa ahots izatea"

Hainbat agintariren ahotan indarra hartzen ari den diskurtso xenofoboak beldurra ematen al dizu?
Migratzaileoi diskurtso xenofoboak ez digu beldurrik ematen, beti hor izan delako eta gure bizitzetan beti oso presente egon delako. Beharbada harrera-gizartea da gehiago harritzen dena, esplizituki hitz egiten delako horretaz, modu askean eta agerikoan ari baitira, baita instituzioetatik ere. Eta hori kezkatzekoa da, bai, esplizituki hitz egiteak indarra eta hauspoa ematen diolako muturreko diskurtso baztertzaileari. Baina garbi izan dezatela: diskurtso horrek ez digu beldurrik ematen, badakigulako migratzea eskubidea dela, ez gara mesedeak eskatzen ari, eta estremista batzuk hau edo hura esaten ateratzen direlako ez gaituzte geldiaraziko, orain arte bezala borrokan jarraituko dugu.

Hainbat agintarik bereizten dute etor daitezkeen eta etor ezin daitezkeen migratzaileen artean. Lehenengo eta bigarren mailako migratzaileak daudela uste duzu?
Gure azalean bizi dugu hori: migratzaile afrikarrak zuzenean migratzaile ekonomiko gisa sailkatu dituzte, nahiz eta askok herrialdetik ihes egin gerragatik, indarkeriagatik, jazarpenagatik… Beltza ikusten bazaituzte, joera da pentsatzea diru arazoengatik bidaiatu duzula, ez zaituzte errefuxiatu politiko gisa aitortzen. Gainera, hain da zaila epaitzea pertsona batek zergatik utzi duen atzean bere etxea, bere herrialdea; bidaia bakoitzaren atzean faktore ugariz betetako historia bat dago. Itsasoan edo basamortuan bere bizia arriskuan jartzen duenak bake bila egiten du, ez gogo hutsagatik. Eta migrazioaren arrazoia edozein dela ere, gogoratu nahi dut Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere lehenengo artikuluan ezartzen duela pertsona guztiak jaiotzen direla libre eta berdin duintasun eta eskubidetan. Badakit nahiko utopikoa dela, baina hori ez da inolaz ere errespetatzen: migratzaileak objektu bihurtu eta sailkatu egiten ditu botereak.

2017an Moha Gerehou elkarrizketatu genuen, orduan Madrilgo SOS Arrazakeriako presidente. Kontatu zigun migrazioari buruzko jardunaldietan aditu zuriek hartu ohi dutela hitza eta migratzaileak soilik gonbidatzen dituztela euren esperientzia azaltzeko, biktima gisa. Oraindik ere hala al da?
Guk bizi izandako migrazio esperientziak berak balio handia du, baina egia da migrazioa eragiten duten arrazoiez eta aurrera egiteko irtenbide eta gakoez ere hitz egin dezakegula, eta egia da harrera-gizarteak hor ez gaituela behar adina aintzat hartzen. Kongresuetan, foroetan eta sare sozialetan gero eta gehiago ikusten ditugu migratzaileak ahotsa jartzen, baina oraindik asko dago egiteko. Eta hori esanda, azpimarratu nahi dut ez dugula erori behar “jarri beltz bat zure mahaian” dinamikan, kultur aniztasuna landu duzun irudia emateko. Landu behar dena da migratzaileok nahikoa ahots izatea eta nahikoa gaitasun, atzean dugun kolektibo oso batek entzun nahi duena transmititzeko.

Emakume migratzaileen kasuan, are handiagoa da ikusezintasuna, baina borrokan ari dira baita ere.

"Diskurtso xenofoboak ez digu beldurrik ematen, badakigulako migratzea eskubidea dela; ez gaituzte geldiaraziko"

Orokorra da galdera, baina nola ikusten duzu Afrika?
Nik ere orokor erantzungo dizut. Esperantzaren kontinentea da Afrika, nahiz eta Mendebaldeko eta Afrikako politikari ustelek agintzen duten herrialde askotan eta bertako ondare eta aberastasuna espoliatzen ari diren. Gerrek eraginda afrikar askok jasandako sufrimendua eta pobrezia oraindik agerikoak dira, baina Afrikako emakume eta gizonengan konfiantza daukat. Afrikak bakea desio du. Gogoratu, Afrika da humanitatearen erreserbaren bihotza.

Zein harreman duzu jaioterriarekin?
Senide asko ditut Kongon eta harremana mantentzen dut, nire identitatea ez dudalako inoiz galduko. Hogei urte baino gehiago daramatzat Espainian bizitzen, nire bigarren herrialdea da, baina begirada Kongon dut jarria, bertako jendeak behar gaituelako. Nahiko nuke nire sustraiekin elkartu eta zahartzaroa nire herrialdean igaro, baina epe motzean zaila da nire etorkizuna zehaztea.

Argazkilaria: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
“Buruan tiro puta bat” emateko eskatuz, Donostiako Martutenen herritar talde batek biolentziarako deia egin du

Martutene auzoan lapurretak ugaritu direla aitzakia hartuta, iaztik, hainbat dira Martutene auzoan eztabaida eta polemikak. Segurtasun talde bat sortu zuten hainbat bizilagunek, “Ertzaintzak ezer egiten ez zuela iritzita”. Pauso bat urrunago joan dira orain, eta... [+]


Isa Egiguren, kazetaria: “Egoera zaila da eta erreskateak konplikatuak izan daitezke, horregatik psikologikoki ondo prestatuta joan behar gara”

Aita Mari ontzian salvamento marítimo humanitario izeneko gobernuz kanpoko erakundearekin lanean ari da Isa Egiguren kazetaria.


2024-06-27 | Gedar
Melillako sarraskiari buruzko ikerketa artxibatu du Marokoko Fiskaltzak

Duela bi urte, Marokotik Melillara igaro nahian ari ziren ehunka pertsonari eraso egin zieten polizia-indarrek, eta gutxienez 70 lagun erail zituzten, nahiz eta kopuru zehatza ez dagoen argi. Gertakarien inguruko ikerketa amaitutzat jo dute Marokon, iritzita ez dagoela... [+]


2024-06-20 | Gedar
Kolonbiako hainbat gazteri iruzur egin dio Arrasateko pertsona batek

Futbolarien agente bat dela antzeztuta, gazteei dirua eskatu eta Kolonbiatik migratzera bultzatu ditu iruzurgileak, sinetsarazita Euskal Herriko futbol talderen batek interesa izan zezakeela haiengan. Gutxienez 25 pertsona engainatu ditu, eta pilatuta izan ditu azpialokatutako... [+]


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


2024-06-13 | Gedar
Adin txikiko pertsona migratuak indarrez tokialdatzeko erreforma bat onartu dute Espainiako Estatuan

Atzerritartasun Legea aldatzea adostu dute Kanariek eta Espainiako Gobernuak: lurralderen batek pertsona migratuak hartzeko duen "gaitasunaren %150" gainditzen denean, estatuko beste erkidego batzuetara mugitzera behartuko dituzte adingabeak.


Migrazioa oztopatzeko asmoz Mexiko eta AEB arteko muga ixtea erabaki du Bidenek

Migrazio politikaren gogortzea dakarren dekretua izenpetu du ekainaren 4an AEBetako presidente Joe Bidenek eta asteazken honetan sartu da indarrean neurria. Testu horrek dio egunean 2.500 zeharkatze ilegalen langa gaindituz gero (asteko batezbestekoa eginez), muga erabat itxiko... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-05-03 | Antxeta Irratia
Hendaiako erretentzio zentroan %34 pertsona gehiago atxilotu zuten iaz

Cimade elkarteak emandako datuen arabera, %55a aske geratu bazen ere, 2023an 351 pertsona atxilotu zituzten paperik gabekoak atxikitzeko zentroan. Gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zuten.


2024-04-25 | Gedar
Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko du Espainiko Gobernuak Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude