“Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait”

  • Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian aurkeztu eta munduan barrena dabiltza lur sakonetatik aterata.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Animazioa forma hartzen joan zen egin ahala. Abiapuntuan jatorri desberdineko irudiak nituen, tartean argazkitara ekarritako arbasoen irudi bakanak, marrazkitan jasotako emakumeen erretratuak... filmeko eszena moduan pentsatu nuen irudi bakoitza, jatorri desberdineko pasadizoa jasotzen zuen txatala. Literaturarekin analogia egingo banu mikroipuinen bilduma itxura izango luke, elkarren artean lotu daitezkeen narrazioek osotasunari zentzua ematen diotenak”. Izibene Oñederrak (Azkoitia, 1979) Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Lursaguak lan berriena. 11 minutuko lan intentsoa da; erraietakoa, mugitua, iradokitzailea. Geroztik munduan barrena dabil. Bosnian, Mexikon, Perun, Buenos Airesen, Madrilen… eta egunotan Bilboko Zinebin ere bai. Lan horretaz eta zinema nahiz arte sorkuntza ulertzeko moduez aritu gara egilearekin.  

Arte sorkuntzan narratiba desberdinak arakatzea interesatzen zaizu?

Geroz eta gehiago interesatzen zait helburu bezala ez edukitzea narratiba konbentzionalik. Hizkuntza zinematografikoa menperatzen dutenak badaude, hori kontrolatu behar izatea pisu handia da niretzat. Abiapuntuan gidoiak oso ondo landua izan beharko luke, eta horrek izugarrizko zama sortzen du nire lan prozesuan. Buruan bueltaka ditudan ideiak ordenatzeko, arrazoia erabili beharrean eta ulergarri egitearekin sinplifikaziora jo beharrean, nahiago dut senari jarraituta irudien lotura bilatzea, eta horretan ari naizela, modu naturalean sortzen ari den eraikuntza narratiboari kasu egitea, saiatuz ez kopiatzen aurreko ezer. Bideak egitea, sortzen utzi ideien etorriari eta beraien arteko lotura ia inkontzienteei, irregularra izango den zerbait bideratzeko, amorfoa ziurrenik, baina fidela izanik kontatu nahi nuen izaki konplexu horri.

Transgresioak gorri kolorea dauka? Zure filmean gorriak presentzia zabala dauka, bai satorretan, bai emakumeen irudietan…

Ez dakit ba... ez da nahita egindako aukera. Egia da gorri kolorearen gama desberdinekin lotu daitezkeela filmean agertzen diren gertakizun batzuk. Hildako satorkumeak eta pontxetan igerian dabiltzan tanpoiak, diskoko argiak ere bai agian, bukaerako obarioak irudikatzen dituzten landare basak... Uste dut gorria kasu guztietan kontrastean dagoela beste koloreekin, dela berdea, dela hori bizi-biziak eta kontraste bortitzak ematen diola indarra.

Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait, egunerokoa zartatzen duen umore beltzezko ekintza denean, kontzientzia hartzera garamatzanean... ezkutuan ateratako argazkia apurtu edota hildako satorrak oparitzea hil zituztenei. Hala ere, Buenos Airesko feministen performancea, tanpoiak ketchup-ez busti eta euren erakusketa zabaltzean eskaintzea handia iruditzen zait ...  Gorriaren erabilera kasu horretan bai izan daiteke transgresioaren sinbologia garbia.

Zinema transgresiorako tresnatzat duzu?

Egia da nire posiziotik, animaziozko film laburrak egitea asko kostatzen zaion egilea naizen aldetik, kontatzen dudanak bai ala bai merezi behar duela kontatua izatea. Ezin naiz ibili gaur egunean egiten den horri begira, edo ez behintzat egiteko modu horrek baldintzatuta. Pentsaezina litzateke sariak biltzen dituzten filmei begira egotea tankerako animazioak egiteko. Filmak egiten “denbora galtzen badut” eginbeharrak bultzatzen nauelako da. Kontatzeko desioak, agian kontatzearen bitartez buruan dabilkidan hori ulertzeko desioak.

Uste dut lengoaia bat bilatu behar izaten dudala justu istorio hori kontatzeko, eta nik hautatu baino gehiago lan prozesuak ematen didala lengoaia hori. Ez dakit den zehazki zinematografikoa, den plastikoa, bien arteko erdibidean dagoen… Elementu horiek egiten dute lengoaia hori izatea transgresibo samarra.

Bestalde, uste dut film labur horretarako neurri egokia dela, eskatzen duen denbora, aurrekontua, aurrera eramateko taldearen lan baldintzak bermatzea bideragarria delako, eta hortaz transgresio tresna egokia da.

Lehen-lehenik, irudi bat datorkizu burura, marrazki bat?

Ez, irudi pila bat datozkit burura, senari jarraituta analogiak egiten hasten naiz, askotan nahigabe. Kasu honetan argazkiak izan dira abiaburua eta bizitzako pasadizoak, memorian gelditu direnak baina haurra nintzela gertatu zirenez erdizka gogoratzen nituenak. Gogoan nituen gure amamaren baserriko argazkiak, gure ama nerabe zela ateratakoak haietako batzuk, eta banekien argazki horiek banituela, gainera, txuri beltzekoak, konposizio aldetik zaindu gabeak baina niretzat oso ederrak; eta giroa, garaia, tokia ulertzeko edota neure erara interpretatzeko iradokitzaileak.

Memorian iltzatutako argazkien artean daude filmeko lehen eszena eginarazi zidatenak: gogoratzen dut nire ama sukaldean kafea hartuz eta ducadosak erretzen, eta argazki bat puskatzen. Akordatzen naiz argazki harekin, oso umea nintzela gertatu bazen ere pasadizo hura; orduan, neuk ere atzera egin dut, eta fikzioaren bitartez landu dut argazki hori, berreraiki egin dut. Gure ama nerabe zeneko baserriko argazkiak, aldiz, gordeak ditut, eta hor jardun dut antzeman nahian nolakoa izango zen neska gazte hura baserri giroan. Are, batzuetan etortzen zitzaidan Marisolen kantak izango zituela buruan, eta irudikatzen nuen baserritar izan nahi ez zuen gazte hura Marisol imitatu nahian. Bazen baserritarra, eta ezin zuen hortik erabat deslotu, baina era berean, bazituen beste erreferentzia batzuk, eta beste erreferentzia horiek ere egin zuten bera zena.

Lehen eszena aipatu duzu; bukaerakoan emakume bat ikusten da korrikan badoana. Emakumearen liberazio sekuentziak dira?

Lehenengoa ez da emakumearen liberazio sekuentzia, baizik eta bere gogoaren kontra erretratatu eta betirako izoztu nahia, eta argazkia ateratzen duen egilea fokuz kanpo dago, hiltzaile baten gisara. Michael Hanekeren Happy end filma ikusarazi zidaten eszena erakutsi nuenean. Hanekeren filmaren hasieran ikusten da norbait ari dela familia bat grabatzen eta ez dakigu zein den, baina grabatzen duenaren arabera egilearen erretratua egiten hasten gara, zein izango den, zertarako... Nire animazioan argazkilari gehiago ere agertzen dira eta argazkilariaren aurrean hain pasibo ez dauden emakumeak, euren betikotasunera pasatzeko modua gehiago aztertzen dutenak. Bukaeran emakumeak dira argazki egileak: biluzirik daude, baina ez dira objektu bilakatzen. Bilakaeraren irudikapen moduan ulertu daiteke filma. Erreminta horrek ematen die, nolabait, gidari izateko aukera, ez beste norbaitek gidatuak.

Euskal matriarkatu mitikoa zalantzan jartzeko saiakera bat ere bada filma?

Ez dakit, konplikatua da hori horrela denik esatea. Amaren pertsonaiarekin umorearen bidez estrategia bat garatzen da baserri giroko errealitate zurruna zartatzeko. Baserriko eszena da hori, filmeko mugarria, gabon afaria, gizonezkoak kopa edaten eta fariasak erretzen alde batean, haurrak bestean, eta emakumeak aparte… Gu umeak ginen garaiko telebistan Sabrina dago kantuan, denok gaude adi ea titia ageriko zaion edo ez; eta gure amari okurritzen zaio farias kaxan bilduta hildako satorra ateratzea mahai gainera, aurrez umeen aurrean bide bazterrean hilda utzi zituen osabari oparitzeko. Emakumearen irudi hori berritzailea da, apurtu egiten du estereotipoarekin, zirrikituak bilatzen ditu bere bidea egiteko.

Zuretzat ere, animazioa lantzea, artea azken batean, errealitatea zartatzeko tresna bat da?

Baliagarriak zaizkit emakumearen irudikapen hori eta filmean agertzen diren besteak, eredugarritzat ditudan emakumeen ekintzak egunerokoan bizitzen laguntzen didatelako eta lan sortzaileetan jarraitzeko beta ematen, neure burua guztiz arraroa kontsideratu gabe. Garrantzitsua da zeure antzekoekin harremanetan egotea, historiako beste momenturen batekoak izan edota kilometro askotara badaude ere. Hortik Hélène Cixousen sator edo lursaguaren ideiaren defentsa. Eta filma laburtzeko erabili dudan aipua: “Inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara”.

Donostiako Zinemaldian 'Lursaguak' estreinatu ondoren hitz egin dugu Izibene Oñederrarekin (argazkia: Dani Blanco).

Zinemara arte ederretatik hurbildu zara. Oztopo asko aurkitu dituzu bidean?

Oztopoak baino gehiago, esango nuke bazterretik, mugetatik lan egiteko aukera izan dudala, batzuetan bakar xamarrik ere aritzen naizen arren. Zorteduna sentitzen naiz egin ditudan filmak oihartzuna izan dutelako, eta nazioarteko zinema jaialdietan interesa pizten dutelako.

Arteleku ondo ezagutu zenuen eta Tabakaleran aurkeztu duzu Lursaguak. Nola bizi izan duzu batetik besterako trantsizio hori?

Urrun ikusten dut hori guztia. Saiatu izan naiz neure kabuz sortzen proiektuak, besteen menpekotasunik gabe eta zinema egiteko lehengaia betidanik marrazkia izan dut. Elementurik merkeena zen espresio-bide moduan aukeratu nuen iraganean, gero Hezurbeltzak nire lehenengo animazio filma bilakatuko zen haren jatorrian sortu nituen zientoka marrazki. Denborarekin ohartu naiz, menpekoak garela gizakiak definizioz; eta garrantzitsua dela besteen indar sortzailea proiektuak aurrera ateratzeko. Hala ere, ez dut behar makinaria konplexurik pelikulak egiteko, denbora baizik, eta talde txikitan lan egitea gustatzen zait, taldeko bakoitzari askatasuna emanik bere erara ideiak garatzeko. Talde handian eskuetatik hanka egingo zidan metodologia honek, baina eremu murritzean potentzial handia du.

Arteleku ondo zegoen, noski, beste jendea aldameneko geletan zebilelako euren proiektuetan barneratuta. Hala ere, zentroa azken fasean harrapatu nuen, pixka bat pertsona helduen antzera iraganeko garai hobeagoei begira zegoenean. Uste dut proiektuaren dekadentziaren pisua bizkarrean eraman genuela han lanean geundenok denbora tarte batean. Bestaldetik, baliagarria izan zen, hainbat ekimenetan parte hartu genuelako urte haietan, MAPA taldearen barnean bestelako zinema ikusi eta erakusten genuen, hainbat nazioarteko animatzaileren eskolak jaso genituen...

Eta Tabakalera, nola ikusten duzu?

Apenas ezagutzen dudan, baina ez nago desiratzen sortze guneen erdigunean egoteko. Gustukoa dut periferiak ematen duen ezkutatzeko aukera eta askatasuna. Errazagoa da kontzentrazioa eta norberaren beharrei begira lan egitea. Hala ere, horrek eskatzen du, sorkuntza prozesutik aparteko lan baldintza duinak izatea, filma posible egingo duen laguntza izatea eta behin obra amaitzean ikusgarritasuna emango dion makinaria bat egotea filma ulertu eta zabalduko duena.

"Ez da arriskua baloratzen, kultura txiki batek esportatu dezakeen berezitasuna izan daitekeen arren"

Arteleku eta Tabakaleraren bitartean Kalostra ere egon zen. Itxi egin zuten.

Bai, itxi egin zuten, baina ireki zutenean ere ez gintuzten nahi. Sentitu dut animatzaileak arte aplikatua egiten dugula, ez gara zinemakoak, ez gara artearen ingurukoak, ez pinturakoak eta ez eskulturakoak ere, jakina… Ez ditugu umeentzako filmak egiten bereziki, beraz zeinentzako egiten dugu animazioa? Periferian mantentzen gaituzte, eta hori oso ona da arautik aske dauden sorkuntzetarako, baina bestalde… Beste kultura batzuetan animazioa barneratua dute, Europa ekialdean esaterako.

Erakundeen eta artearen arteko harremanaz zein iritzi duzu?

Susmoa dut gaur egun garrantzi handiagoa duela erakusketa edo Zinemaldia pentsatzen duenaren lanak gero edukiz beteko duen artistaren lanak baino. Alde horretatik komisarioa da artista, pentsatzailea. Bere ikus-ildoak urrea balio du eta inguruan artista edo sortzaileak lerrokatzen dira atentzio eskean. Nire lanerako erakundeen diru laguntza ezinbestekoa da, suizida litzateke diru partidarik gabe lanean hastea. Era horretara menpekoa naiz, erakundeak diru laguntzetarako jartzen duen epaimahaiaren menpekoa. Garai bakoitzean ospea jasotzen duten zinema tendentzien arabera, nire lana balioztatua egongo da edo ez zaio garrantzirik emango. Herri txikia izanda, uste dut garaika proiektu kultural konkretuak defendatzen direla, musikari hau, zinemagile hau, idazle hau... Ez dakit erakundeen hautua den aukeraketa zorrotz hori edo barrurago dugun zerbait den, bat nabarmentzea eta erakusleihoan jartzea, bestelako proiektuak itzalera eramanez. Hala ere, egile sakrifikatua naizen aldetik, nahiko frustragarria da. Eta hala ere esker onekoa izan behar dut, eskatu dudan bakoitzean jaso dudalako babesa. Perspektiba gutxi dagoela iruditzen zait, autore-lanak diren horiei babes inkondizionalik ez zaiela ematen. Harribitxiak diruditen proiektuak diru laguntza jasotzeko erreguka ibiltzen direla antzematen ditut nire inguruan, behin proiektua eginda dagoenean, lan horrek nazioartean izan dezakeen oihartzunaren indarra ez dela aski aurreikusten erakundeetatik. Ez da arriskua baloratzen, kultura txiki batek esportatu dezakeen berezitasuna izan daitekeen arren. Ez gara onenak izango Hollywoodeko aurrekontu handiko filmak egiten, baina izugarrizko potentziala izan genezake desberdinaren ikuspuntutik begiratutako istorioei formak ematen.

Irakasle zara EHUn, Arte Ederren fakultatean. Unibertsitateak, akademiak zer ematen dizu sorkuntzarako, eta zer kendu?

Arte Ederretan eskolak emateak gauza asko ematen dizkit, hasteko eta garrantzitsuena, lanbide serioa... Bestetik, etorkizuneko artisten proiektuak aurrez aurre ikusteko aukera ematen dit, entrenamendu modukoa, eurei lagungarri izango zaizkien ideiak garatzeko, betiere euren ikuspuntua ulertzen ahaleginduz. Bestalde, kontzentrazioa kentzen dit, ez delako posible animazio proiektuak eskatzen didan denbora eta dedikazio jarraitua edukitzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Eguneraketa berriak daude