Abeltzainentzat erresistentzia ekintza bilakatu da Keniako North Horren bizitzea

  • Klima larrialdiak ohiturak aldatzera behartu ditu Keniako abeltzain nomadak. Euri urtaroetan ez da tantarik erortzen eta, ondorioz, ur putzuak sikatu egin dira. Komunitate horiek errefuxiatu klimatikoak bilaka litezke etorkizun ez hain urrunean.


2019ko azaroaren 15an
Argazkia: Angel Ballesteros.
Argazkia: Angel Ballesteros.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Isilik eta erritu jakin bati jarraituz, El Boru Magadho herrixkako gizonek lepoa moztu diote ahuntzari. Ohiko ekintza da urtaro berria iristen den bakoitzean. Herritarrek ahuntza odolustuta hil arte itxaroten dute eta hesteak ateratzen dizkiote. Ez da erritu makabroa, ehun urtetik gorako ohitura baizik. Hesteek klima igartzeko balio dute Keniako Gabra komunitateko kideentzat. Herrixkako agureek, Jakintsuen Batzarrak, hesteak irakurtzen dituzte eta hurrengo urtaroa nolakoa izango den “asmatzen” dute.
Ahuntza hil ostean, bost agure batu dira hestearen inguruan. Digestio-aparatuaren kolorea eta marrak aztertu nahi dituzte datorren urtaroa nolakoa izango den aurreikusteko. Jakintsuen Batzarrak ez du zalantzarik. “Euria hurbiltzen ari da eta hurrengo asteak oparoak izango dira”, adierazi du bostetako batek. Gainontzekoek baietz esan dute buruarekin. Errituaren ikusle izan diren herrixkako biztanleen artean poza sumatzen da.

Herrixkako agureek, Jakintsuen Batzarrak, ahuntzaren hesteak irakurtzen dituzte eta hurrengo urtaroa nolakoa izango den "asmatzen" dute. Argazkia: Angel Ballesteros.

Halere, Guyo Gonjoba abeltzaina ez dago oso konbentzituta. “Nire aita da bost agureetako bat, baina azken urtetan ez du asmatzen. Euriaren zeinuak nabaritzen ditu, haatik, ez da tantaka bakar bat ere erortzen. Duela hiru hilabete gauza bera esan zuen, eta ezer ez”.

Badira hainbat urte El Boru Magadhoko abeltzain nomadek lehortearen ondorioak pairatzen dituztela baina 1993 inflexio puntua izan zen

Badira hainbat urte El Boru Magadhoko abeltzain nomadek lehortearen ondorioak pairatzen dituztela. Guyok 45 urte ditu eta gogoan du noiz nabaritu zuen aldaketa: “1993ak inflexio puntua ekarri zuen. Urtaro euritsuek porrot egin zuten eta nire amonarengana joan nintzen erantzun bila”. Etxeko matriarkak, ordea, zera esan zion: “Arbaiak (jainkoak) haserretu egin dira”.

Orduz geroztik, txarretik okerrera egin du egoerak. “Euriak ez ditu betiko urtaroak errespetatzen eta ezohiko haize boladak ikusten ari gara”, azaldu du Guyok. Gabra komunitatea, Kenia eta Etiopia arteko Chalbi desertuaren inguruan bizi da. North Horr da eremu horretako udalerri nagusia. “Abeltzainak gara eta ohituta gaude muturreko baldintzetan bizitzera”, adierazi du Guyok. Baina azken hamarkadetan apurtu egin da naturaren, gizakiaren eta animalien arteko oreka.  

Nagusiek ohitura kristauak eta animistak batzen dituzte euri faltari erantzun bat emateko. Gazteek, ordea, badakite klima larrialdia gizakiaren gehiegikeriak
eragin duela

Klima larrialdia? Abeltzainak ez du zalantzarik: “Natura suntsitzen baduzu, hark zu suntsituko zaitu. Amalurrak ez du ahazten”. Keniako txoko ahaztu honetan, belaunaldi talka sumatzen da. Nagusiek ohitura kristauak eta animistak batzen dituzte euri faltari erantzun bat emateko. Gazteek, ordea, badakite klima larrialdia gizakiaren gehiegikeriak eragin duela eta eraldaketak sustrai zientifikoak dituela.

North Horreko abeltzain gehienak herrixka txikietan bizi dira, bata bestearengandik kilometro gutxira. Familiek manyatta izeneko egiturak eraikitzen dituzte, alegia, enborrez eta oihalez osaturiko etxe zirkularrak. Desertuaren erdian iturburuez eta palmerez beteriko oasiak daude, baina abeltzainek nahiago dute urmaeletatik urrun bizitzea. Malaria tasa oso altua da eta moskitoek oasiak gustuko dituzte.

Urtaro lehorrean, gizonezkoek animaliak "fora" edo larre freskoetara eramaten dituzte. Emakumeek, berriz, komunitatearen ardura osoa hartzen dute. Argazkia: Angel Ballesteros.

Urtaro lehorrean, gizonezkoek animaliak eramaten dituzte fora edo larre freskoetara. “Gure komunitateko fora hemendik 35 kilometrora dago. Hainbat egun behar ditugu oinez gameluekin eta ahuntzekin hara iristeko”, azaldu du Guyok. Animaliek eta gizonezkoek urtaro lehor osoa igarotzen dute herrixkatik kanpo. Emakumeek, berriz, komunitatearen ardura osoa hartzen dute.

Gubo Ukuru zazpi seme-alaben ama da eta Goricha herrixkako emakumeen batzarra zuzentzen du. “Nire ardura da etxeko guztiak zaintzea senarra eta seme nagusia kanpoan daudenean”. Ukuruk 52 urte ditu, baina nagusiagoa dirudi: “Bizitza ez da erraza izan, beti familiaren eta komunitatearen ongizaterari begira”. Ukuruk gogoan du herrixkak urtaroaren arabera lekualdatzen ziren garaia. Abeltzain nomadak ziren eta emakumeen erantzukizuna zen manyattak eraikitzea. Ukuru 18 urterekin ezkondu zuten Godana izeneko bizilagunarekin eta Goricha herrixkako kide bihurtu zen.

Gabra komunitatea herri sedentario bilakatzen ari da: lehen herrixka urtaroaren arabera lekualdatzen zuten. Azken bost urtetan ez dute herrixka lekualdatu. Argazkia: Angel Ballesteros.

Edonola ere, azken bost urtetan ez dute herrixka lekualdatu. Gabra komunitatea herri sedentario bilakatzen ari da. Ukuruk ez dio inoiz bere buruari galdetu nola izan zatekeen bere bizitza beste toki batean jaio izan balitz. Ez du horretan pentsatzeko denborarik. Emakumeak bi ume ditu bruzelosiaz kutsatuta. Abeltzainen artean infekzio ohikoa da bruzelosia. Animaliengandik gizakira transmititzen da esnearen bidez. Familiek ez dute ahuntzen eta gameluen esnea irakiten eta horrek kutsatzea eragiten du.

“Gameluen esnea ez da lehen bezain ona. Animaliek ez dute nahikoa jaten”, adierazi du Ukuruk. Iritzi berekoa da Guyo: “Gameluek 20 egun pasa ditzakete urik edan gabe, baina jan gabe ezin dute denbora askorik igaro. Euri faltak pobrezia ekarri du abeltzainen komunitateetara. Eremu lehorretan miseria zabaldu da. Larre berdeen inguruan, berriz, gatazkak piztu dira”.
Hala, lehorteak komunitateen arteko gerra piztu dezakeen beldur da abeltzaina. “Gabrek ez dugu inoiz bizilagunekin arazorik izan. Gure familiaren larreak Turkana Lakuaren ondoan daude eta beste hainbat talderekin elkarbanatu ohi ditugu. Eremu honetan ez dago jabetza pribaturik, lurrak estatuarenak dira”, azaldu du Guyok. Baina azkenaldian ez dago animalia guztien sabelak betetzeko adina zelairik.

Emakumea umeak zaintzen eta esnea eramaten: “Gameluen esnea ez da lehen bezain ona. Animaliek ez dute nahikoa jaten” adierazi du Gubo Ukuruk. Argazkia: Angel Ballesteros.

Eta ez hori bakarrik. Ura ateratzeko erabiltzen diren putzu asko lehortu egin dira akuiferoak hustu direlako. Beste putzu asko, berriz, kutsatuta daude mineralen korrosioarengatik: “Ikusten duzu zulo handi hori?”, seinalatu du Guyok, “putzu handi bat da, baina iragan urtarrilean 175 gamelu hil ziren bertako ura edan zutelako”.

Klima aldaketak ekarritako arazoen ondorioz, komunitatearen ardura beregain hartu du Guyok: “Duela bi urte telefonoz deitu ninduen aitak. Oso arduratuta zegoen. Familiaren biziraupena arriskuan zegoela esan zidan eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Nairobiri agur esan nion eta El Boru Magadhora itzuli nintzen”, gogoratu du abeltzainak. Izan ere, Guyo apaiz protestantea izan zen urte luzez: “Gaztea nintzenean mundua ezagutu nahi nuen eta hiriburura joan nintzen. Baina seme zaharrena naiz eta atxikimendu handia dut familiarekiko”. Horiek horrela, herrixkako neska batekin ezkondu dute Guyo, eta gurasoen manyattaren ondoan bizi da emaztearekin eta bi alabekin.

Emakumeen ardura da "manyatta"k eraikitzea, alegia, enborrez eta oihalez osaturiko etxe zirkularrak. Argazkian horretan ari dira. Argazkia: Angel Ballesteros.

Abeltzainak teknologia berriak txertatu ditu komunitatearen egunerokoan: Guyok bat egin gu Italiako Turingo Unibertsitate Politeknikoak abiarazi duen proiektu aitzindariarekin. Ekimenak TRIM du izena eta mugikorreko aplikazio bat da. TRIMek datu meteorologikoak, animalien gaixotasunak, flora eta haizearen norabidea bezalako informazioa batzen du eta GPS sisteman oinarrituriko datu basea eskaintzen die abeltzainei. Helburua da mugikorraren bidez ur putzuak eta larre freskoak non dauden seinalatzea.

"Mugikorreko aplikazioak ez du miraririk egiten baina lana errazten digu"

Guyo datu-biltzaile bilakatu da: “Aplikazio berriak ez du miraririk egiten, baina patroi jakin batzuk ulertzen laguntzen digu. Klima joerak zeintzuk diren identifikatu eta horiei erantzun azkarrago bat ematen saiatzen gara. Badakigu behin-behineko adabakia dela, baina gure lana errazten digu”.

Guyo Gonjoba abeltzain nomada (ezkerretik hasita bigarrena) El Boru Magadho herriko agureekin. Argazkia: Angel Ballesteros.

Abeltzain komunitateentzat erresistentzia ekintza bilakatu da North Horren bizitzen jarraitzea, eta borroka hori ez dago soilik klima larrialdiari lotuta. Marsabit hiritik bost ordu behar dira kotxez El Boru Magadhora iristeko.  Chalbi desertua gurutzatu behar da eta ez dago errepiderik. Eremuaren isolamenduak ohiturak mantentzen lagundu du, baina Keniako agintariek bidea asfaltatzeari ekin diote aurten. “Zer gertatuko da herrixkako agureak hiltzen direnean?”, galdetu du Guyok. Zaila dirudi belaunaldi berriek tradizio abeltzainari eustea. “Gazte asko unibertsitatera joan dira eta beste hainbestek kostaldeko zonalde turistikoetara ihes egin dute. Nire anaiak, adibidez, Mombasako hotel handi batean lan egiten du”, esan du Guyok.

Keniako agintariek bidea asfaltatzeari ekin diote. Urbanizatu edo alde egin. Abeltzaina hauek errefuxiatu klimatiko bilakatu daitezke

Urbanizatu edo alde egin. Abeltzainak ez du beste alternatibarik ikusten. Izan ere, argi dauka klima aldaketak ez duela atzera bueltarik: “Agian Keniako mugak zeharkatu beharko ditugu eta beste herrialde bateko ateak jo. Abeltzain izaten jarraitu nahi dut, baina, horretarako, Ekuatoretik iparralderago joan behar dugu”. Guyok ez daki errefuxiatu klimatikoak zer diren, baina aurki horietako bat bilakatu daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Aitor Cevidanes
“Akainak gaitza kutsatzeko denbora behar du, egunean bertan kenduta ez dago arriskurik”

Akainak edo kaparrak batetik, eltxo tigreak bestetik, Euskal Herrian duten presentziaz eta gurean dauden espezieez mintzatu zaigu Aitor Cevidanes ikertzailea. Osasuna eta ingurumena hizpide, dituzten arriskuez, herritarron uste faltsuez eta klima aldaketaren nahiz gizakion... [+]


Ekainik beroena izan da aurtengoa mundu mailan, erregistroak daudenetik

Klimari buruzko datuak jasotzen dituen Copernicusen arabera, hamahirugarren hilabetez jarraian errekorra hautsi da aurtengo ekainean. Parisko Akordioan hitzartutako 1,5ºC-en helburua ez da bete eta egoera aldatzen ez bada, errekor negatibo berriak izango direla aurreikus... [+]


Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko

Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango... [+]


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


2024-06-24 | Nicolas Goñi
Nola saihestu dezakegu aire kutsatuaren murrizteak dakarren berotze efektua?

Azken urteotan nabaritu den beroketa globalaren emendatzea neurri batean kutsadura murriztearen ondorioa da, hain zuzen, murriztuz doazen aerosol sufredunen isurketek, berez, berotegi efektuaren zati bat konpentsatzen dutelako. Paradoxa horrek egoera berri batean sartzen gaitu,... [+]


Paloma Castro (AEMET Nafarroa)
“Udaberria arrunta izan da eta uda ohi baino beroago izango da”

Ostegunean hasi da uda. Hartara, udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur AEMETek. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan den arren, udaberri “arrunta” izan da eta uda ohi baino beroagoa izatea aurreikusi dute.


2030erako lur eta itsas eremuak %20 lehengoratzeko araudia onartu du Europar Kontseiluak

Astelehenean onetsi du Europar Kontseiluak Natura Lehengoratzeko Legea, hiru hilabeteko blokeoaren ondoren. "Mugarri gako bat da kontinenteko ekosistemen babeserako eta berreskurapenerako", esan dute hainbat elkarte ekologistek, besteak beste, BirdLife Europe,... [+]


Ikusten banauzu, egin negar

Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau berriro ikusten baduzu, negar egingo duzu. Ura maila honetan zegoen 1417... [+]


2024-05-29 | Nicolas Goñi
Marshall uharteetan, elkarlana dute itsasoaren igoerari egokitzeko planen oinarrian

Ozeano Barean, atoloi apalez osatuak, Marshall uharteak dira klima aldaketaren aurrean herrialde hauskorrenetakoak, itsas mailaren gorakadak zuzenki mehatxatzen dituelako. Bertako gobernuak egokitze plan sakon eta zehatz bat martxan jarri du, biztanleekin elkarlanean, behetik... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


2024-05-08 | Nicolas Goñi
Ekialdeko Afrikan, oztopoak oztopo, eurite aldaketei egokitzeko ekimenak martxan

Etiopia, Somalia eta Kenyako hainbat eskualdetan ia hiru urtez euririk gabe egon ondoren, azkenaldian urpetuak izan dira. Sasoi kontrasteak ohikoak izanik ere eskualde hartan, klima aldaketarekin larritzen dira, eta euriak hobeki baliatzeko hainbat tokiko ekimen garatzen ari... [+]


Etxeko lanak

Hauteskunde-kanpainen arteko tarte gero eta estuagoan, komeni da XXI. mendeko urte erabakigarrietan sartu garela gogoraraztea. Adibide bakarra jartzearren, ozeanoen tenperatura-errekorrak etengabe gainditzeak izututa dauzka zientzialariak, eta dagoeneko ez dakite egoeraren... [+]


Klimaren errekorrak birrindu dira 2023an ere

Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) 2023ko txostenak erakusten du beste behin ere markak hautsi direla klimaren adierazle diren hainbat alorretan: berotegi-efektuko gasak, lurrazaleko tenperatura, ozeanoen berotzea eta azidotzea, itsasoaren mailaren igoera, Antartikako itsas... [+]


Eguneraketa berriak daude