Egon hadi lo

Paula Estévez

Garagardoa edaten duena, segituan da lo; lozorroan dagoena, bekaturik egin ezinik dago; bekatu egiten ez duena, zerura seguro! Beraz, edan dezagun agudo!”.

XVII. mendeko logika-liburu bateko esaldi jostagarri baten itzulpen gutxi-asko jostalaria, horra. Zurrutaren apologiarik ez nuke egin nahi, ordea, eta esaldiaren laburpen edo aldaera sanoxeago bat ekarri nahi nuke gaur lerro hauetara, aldarri: “Lozorroan dagoena, bekaturik egin ezinik dago; bekatu egiten ez duena, zerura seguro! Beraz, lo egin dezagun luzaro!”.

Heriotzak berdintzen omen gaitu behin betiko loan, pobrearen esperantza hauspotzeko herri-jakintza horrek irakatsi digunez; baina, hori baino lehen, behin-behineko loak ere berdintzen gaitu pixka bat. Boteretsua baita loa, inondik ere, eta artegagarria ere bai, ondo pentsatuz gero: “Morfinadun suge” bat, Unai Iturriagaren hitzetan. Gure hizkuntzan bertan nabari da zenbaterainoko ahalmena aitortzen diogun: guk “lo hartzen dugu”, bai, baina berdin “hartzen gaitu loak” gu. Loaren atzapar samurretan gara kalteberen den-denok, eta kalteberatasun-aldi horrek, hala ere, segurtasuna ematen digu nolabait: bizirik iraunarazten digu. Azken batean, gizakiak denbora gehiago eman dezake jan gabe, lo egin gabe baino: hamaika egun, horixe omen errekor ofiziala. Ez alferrik, atzituak lo-ezinean edukitzea da tortura-molde ezagunenetako bat.

Sekula goserik pasatu ez dugunok (ez gara asko munduan) eta aspaldian goserik pasatu ez dutenek (horiek gehixeago agian) onartezintzat joko genuke gosea ekarriko ligukeen sistema bat; altxatu egingo ginateke (pentsatu nahi dut) erantzuleen kontra. Alabaina, lo-zorretan bizi gara denok, eta lasai antzean onartzen dugu hori, “dagoena dago” esanez, gure begi-zuloen beltza kasualitatea balitz bezala, halabeharra, jainko arraioren batek gure aurpegian negatiboan errebelatutako ilargi-erdi pare saihetsezin bat. Zonbi-saldo bat gara, kafeinomano madarikatuak, eta gorputzak arrastaka eramaten gaitu hara-hona, bateria erdi gastatuko androide disfuntzionalak bagina bezala… Baina normala omen. Alderdi politiko bakar baten programan ez duzu lehentasunezko konponkizun gisa aurkituko lo faltaren epidemia. Lan-baldintza erogarriak direla (txandakako lanaldiak, estresa…), zaintza-lan itogarriak direla (zenbat aldiz eteten zaio loa zaintzaile dabilenari?), argi- eta soinu-kutsadura dela…: azkenerako, lo erraz samarrekoa ez denak nahikoa lan du behar adina eta behar bezala atseden hartzen, eta, hori gutxi balitz bezala, hedabideek tarteka-tarteka gogoratzen digute, kulpak pertsonalizatzeko ahalegin temoso horretan, Massachusettseko Unibertsitatearen arabera-edo lo faltak bizi-itxaropena murrizten duela, eta gaixotzeko arriskua areagotzen. Beste larribide bat, lo lasai egiten izugarri laguntzen duena.

Nik dakidala, loa ez da giza eskubide bat, bere hartan. Joan den udan, ordea, Erresuma Batuan kanpaina deigarri bat hasi dute gobernuak loa eskubide gisa onar dezan (#righttosleep), argudiaturik herrialde horretan “lo-kalitate kaskarra” dutela hogeitabi milioi biztanlek, eta horrek ondorio ezin kaltegarriagoak dakarzkiola gizarteari. “Loa ez da pribilegio bat”, dio, tinko, mugimendu horren manifestuak. Baina, mundua zer den, aldarriaren bultzatzailea ez da herritar-talde engaiatu (eta nekatu) bat: online koltxoi-denda bat baizik. Lo nahi gaituen sistema horrek berak salbatuko gaitu, seguru, sonanbulismo honetatik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Analisia
Agur buzoiei

Danimarkatik iritsi zaigu berria: 400 urtez estatuak eskainitako zerbitzua etengo du PostNord enpresa publikoak, eta eskutitzak banatzeari utziko dio 2025 urtea amaitzean. Gobernuak adierazi du enpresa publikoak negozioa paketeak banatzera bideratuko duela. Bi arrazoi eman ditu... [+]


2025-03-26 | Anuntxi Arana
Plater garbiak

“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]


2025-03-26 | Edu Zelaieta Anta
Bakardade tonifikatua

Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi... [+]


Burujabetza eta herri boterearen aldeko topaketak Tafallan

Topatu eta topa! Tipi-tapa, elkarrekin ekin eta, bidea, eginean egin aurrera. Mahaiak, aulkiak, koadernoak eta boligrafoak, platerak, konfidentziak, tragoak eta ahotsak, eskuak, ideiak eta barreak, borrokarako besarkada gozoak. Txistulariak bileran, erraldoiak lasterka eta... [+]


2025-03-26 | Tere Maldonado
Hezkuntza Saila: ezgai ala ez duin?

Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua... [+]


Botere biguna desarmatzen

Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty... [+]


Teknologia
%2ko zapalkuntza

Orain dela 20 bat urte, berrikuntzaren inguruan master bat egin nuen. Bertaraturiko gonbidatu batek esan zigun gizakion historian berrikuntza teknologikoaren eragile handiena gerra izan zela. Gerra, halaber, eragile handia da botere harremanen berrikuntzan.

Berrikuntzaz ari... [+]


2025-03-26 | June Fernández
Meloi saltzailea
Otsoak

Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.

Palestinako Popular... [+]


2025-03-24 | Garazi Muguruza
Desioa

Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]


Nazio askapena; arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako antidoto bakarra

Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]


Eguneraketa berriak daude