Premia bereziko ikasleak asetzen ez dituen hezkuntza

  • Eskola inklusiboa saltzen du administrazioak, baina oso bestelako errealitatea deskribatzen dute premia bereziko ikasleen gurasoek: bulegoetan hartutako erabakiek behar baino hezitzaile eta baliabide gutxiago esleitzen dizkiete euren seme-alabei, ikasgela arruntetatik atera eta gela egonkorretara bideratzen dituzte “arazoa” gainetik kendu eta dirua aurrezteko, eta familiek borroka amaigabea errepikatu behar dute ikasturtero, haurra laguntzarik gabe utz ez dezaten.

"Alabaren profila irakurri eta paper batean oinarrituta hartu zuten erabakia, tematu naizelako aurrez aurreko ebaluazioa egin dioten arte", dio Olaiaren ama Elena Arroyok. Betaurrekodun neska da Olaia (Arg: Dani Blanco)

Olaiak 4 urte ditu eta miopatiarekin jaio zen (giharrak oso ahul izatea eragiten du). Orain arte ordu gutxitan joan da Bakioko eskolara eta ikasturte honetan eskola-ordu guztietan hezitzailea izatea eskatu zuten gurasoek, baina hezitzaile erdia (lanaldi erdia) eskaini zion Hezkuntzak: “Gainerako orduetarako, ikastetxeari nolabait esaten zaiona da: dituzuen baliabideekin zuek moldatu, eta horrek esan nahi du hezitzailea ez dagoen orduetan adibidez libreago dagoen irakasleak lagundu beharko duela, eta ikastetxe txikietan beti ez da posible. Ikastetxeak ere babestu zuen hezitzaile osoaren beharra, baina Hezkuntza Delegaritzak ezetz erantzun zuen. Erreklamazioa jarri genuen, fisioterapeutaren txostena gehituz-eta, baina berriro ere ezetz. Azkenean, abokatu batekin harremanetan jarri eta idatzia egin dugu, helegiteei ekingo diegula azalduz, Arartekora joateko asmoa ere banuen, eta orduan bai, ebaluazio pedagogikoa egin diote haurrari eta ondorioztatu dute Olaiak hezitzaile osoa behar duela. Aurretik, alabaren profila irakurri eta paper batean oinarrituta hartu zuten erabakia, tematu naizelako aurrez aurreko ebaluazioa egin dioten arte”. Garbi du Elena Arroyok: zarata egin dutelako konpondu da beren kasua, baina hurrengo urteetarako “laguntza hau ez da errepikatuko. Urtero horrela aritu behar gara, eskean ariko bagina bezala, eta umeak behar duena lortzen badugu, sekulako mesedea egin baligute bezala tratatzen gaituzte, haurraren eskubidea denean”. Ez dago dudarik, desgastea handia da, familia guztiak ez daude etengabe borrokatzeko prest, ez dira gai, bidean nekatuta amaitzen dute… “eta administrazioak hori aprobetxatzen du, nahi duena egiteko”.

"Azkenean amore eman dugu"
Susana Lopez ere emakume borrokalaria da. Ander 9 urteko semea autismo espektroaren barruan dago eta Irunen ikasgela arruntean aritu da beti, hezitzaileak lagunduta, harik eta duela bi ikasturte berritzegunetik –nolabait administrazioaren eta ikastetxeen arteko zubia dira berritzeguneak– proposatu zieten arte semea gela egonkorrera eramateko. Premia bereziko ikasleak baino ez dituzten gelak dira gela egonkorrak, gutxi gorabehera bost ikasle eta bat-bi hezitzaile, “eta haurra bertan izatea gela arruntean izatea baino merkeago ateratzen zaie. Sentiarazten dizute zure semea zama dela haientzat, gela arruntean mantentzeko baliabide asko behar dituela”, baina gela egonkorrera eramateak Ander beste ikastetxe batera aldatzea esan nahi zuen eta gainera, gelak ez zituen konbentzitu: “Hori ez da inklusioa; profil oso ezberdineko haurrak ziren, dena nahasten dutelako, desgaitasunen bat dutenak zuzenean batera jartzen dituzte eta kito, eta semea gela arruntean jarraitzeko prestatuta ikusten genuen, mutiko lasaia da gainera”. Familiak ezetz erantzun zion proposamenari, eta alternatiba bakarra eman zieten: Anderrek kurtsoa errepikatu beharko zuen. “Iaz errepikatu egin zuen eta gaizki pasa zuen, lagunak galdu zituen; eta ikasturte amaieran, proposamen bera: gela egonkorrera. Azkenean amore eman dugu, baina gutxienez Gautena elkarteko gela egonkorrera bideratu dugu”. Gautena, izan ere, autismoan espezializatutako elkartea da.

Kattalin Ezkerra: "Gurasoek ez dute eskubiderik jakiteko seme-alabei zein laguntza esleitu zaien. Zergatik? Ikastetxeak gero puzzlea egin dezan, agian Amaiari zegozkion orduetako batzuk Ikerri emango baitzaizkio"

Gose greban, alabaren eskubideen alde
Raquel Garcíaren 7 urteko alabak ere autismoa du, sakona, eta hasieratik oso esperientzia txarra izan du Hezkuntza arloarekin, behar izan duen laguntza ez baitzaio eman, dio amak. Lehen Hezkuntzara iritsi zenean, berritzegunetik zuzenean esan zioten ezinezkoa zela haurrak ordutegi osoan hezitzaile bat izatea “eta ikusita gela arruntean baliabide nahikorik ez zuela izango eta nire alabak menpekotasun maila handiena duela, gutxienez gela egonkorra eskatu nuen Balmasedan, baina erantzun zidaten Enkarterrietan ez zela gela egonkorrik behar. Zergatik? Ikasgela arruntean baliabiderik gabe mantendu eta gero zuzenean zentro berezietara bidaltzen zituztelako haurrak, gainetik kentzen zituzten”. Sinadura bilketa arrakastatsua abiatu zuen Garcíak, premia bereziko ikasleen gurasoak biltzeko Lagundu NEE elkartea ere sortu zuen, salaketak prestatu zituen abokatuarekin, gose grebari ekin eta hedabideen arreta bereganatu zuen… “eta orduan bai, deitu zidaten: gela egonkorra jarriko zutela Sodupen. Eta hara, iaz ireki zuten eta aurten jada lau ikasle doaz bertara. Ez al zuten esaten beharrik ez zegoela?”.

Kaltetuta dauden familiak asko direla dio Raquel Garcíak. Adibiderako, bi kasu aipatu dizkigu: “Duela gutxi, Getxoko Nuestra Señora de Europa ikastetxean behar bereziak dituen ikasle bat zentroa uztera gonbidatu dute, zentroaren maila jaisten zuela argudiatuta. Eta beste ikastetxe batean, bere kabuz hazka egiteko gai ere ez den ikasleari hezitzaile erdia jarri diote DBHn; gainerako orduetan hazkura badu ikaskideek hazka egiteko esan diote, baina adibidez komunera joan behar badu?”. Etxetik ikastetxera joan eta etortzeko garraioari edota jangela orduei lotuta ere, seme-alabek nahikoa baliabide ez dutela kexu da hainbat guraso.

Beste ama batekin batera abiatu zuen Lagundu Enkarterriak elkartea 2017 bukaeran, baina EAE guztira zabaldu eta Lagundu NEE Euskadi bihurtu da ekimena: “Denbora gutxian, ehun familia baino gehiago batu zaizkigu, behar asko eta galduta dagoen familia asko dagoen seinale. Ezjakintasun handia dago, familiei gauza ugari ezkutatzen zaizkielako eta hainbatek sinetsi egiten dute Hezkuntzatik kontatzen dietena, edo ez dute arazotan sartu nahi, beldurra dute... Guk familiak informatzen ditugu, zein eskubide dituzten eta zer eta nola egin dezaketen”.

"Gela egonkorretan ez dago inklusiorik, dena nahasten dutelako", kritikatu du Anderren ama Susana Lopezek (arg: Dani Blanco).

Nola erabakitzen da ikasleak behar duen laguntza?
Funtsean, baliabideen banaketa prozesua –haurrak hezitzailea, pedagogo terapeutikoa, logopeda… behar al duen eta zenbat orduz– kritikatzen dute familiek, hezitzaileek eta sindikatuek, hainbat arrazoirengatik. Batetik, haurrari zein laguntza esleitu paper gainean erabakitzen delako, formula matematiko baten bidez: berritzegunekoek ikaslearen informazioa sartu eta lortutako profilaren arabera zehaztuko du aplikazio informatikoak zenbat orduz dagokion laguntza ikastetxean, diote. “Haurra apenas ikusten duten, erabakia hartu behar dutenek”, diote elkarrizketatuek. “Gainera, profilari dagokion ordu tartetik, ia beti gutxienekoa ematen dizute. Alabari 16-27 laguntza ordu zegozkion eta 16 eman zizkioten, baina beste ikasle bat egoera berean zegoenez, zer egin zuten? 16 ordu zati 2, bakoitzari 8 ordu. Ze logika mota da hori?”, dio Raquel Garcíak.

Bestetik, Hezkuntzak amarrua egiten duela azaldu digute: ikasle bakoitzarentzat erabakitako ordu kopurua ez da publikoa, “eskatu dizkiogun arren, Jaurlaritzak ez ditu datuak ematen, gardentasun falta handia da”, diote ELAtik, eta erabakitako orduak –haurrari beharrean– zuzenean ikastetxeari esleitzen zaizkio, ikastetxeak banatu ditzan. Horren atzean ezkutatzen dena garbi du Kattalin Ezkerra hezitzaileak: “Baliabideen banaketaren protokoloan espreski jartzen du informazio hori ez zaiela gurasoei emango; gurasoek ez dute eskubiderik jakiteko beren seme-alabei zein eta zenbat baliabide esleitu zaizkion. Zergatik? Ikastetxeak gero puzzlea egin dezan, dituen beharren arabera, eta agian Amaiari zegozkion orduetako batzuk Ikerri emango zaizkio, jarrera zaila duelako, nahiz eta beharbada premia bereziko ikaslea ez izan. Tranpa da, Amaiaren gurasoak ez daitezen kexatu”.

Adibiderako, Gipuzkoako ikastetxe batean ikasturte honetan bertan gertatua: hezitzaile batek bi ikasle zituen onartuta; ikasle berri bat iritsi da bat-batean, premia bereziak ditu baita ere, eta lehentasuna eman diote administraziotik. “Hari dedikatu dituzuen baliabideak”, adierazi diete. Alegia, hari dedikatu behar dizkio hezitzaileak orduak, besteak ordurik gabe utziz.

K. Ezkerra: "Hitz egiteko gaitasuna, geldi eta isilik egotekoa eta paper gainean lan egitekoa: horietakoren batean huts egiten baduzu, bazoaz gela egonkorrera. Lotsagarria da, sarri gakoa ez baita ikasleak ez duela gaitasunik zerbait barneratzeko, baizik eta ohiko bideetatik ez duela barneratzen"

Enbarazu egiten baduzu, gela egonkorrera
“Europan joera da ikastetxe bereziak eta gela egonkorrak desagertzen joatea, benetako hezkuntza inklusioa lortzeko, eta hemen sistemak ere hori saltzen du, baina askok gela egonkorretan bukatzen dute gurean, maiz gurasoak presionatzen dituztelako, ‘edo gela egonkorrera pasatzen duzu seme-alaba, edo ez du nahiko laguntzarik izango gela arruntean’”, dio Elena Arroyok. Entzumen urritasuna daukaten ikasle gehienak ere Taldekatze Eskoletara bideratzen dituztela salatu du Steilasek, “familiei eskola aukeratzeko askatasuna ukatuz”.

Muinean, ikasgela arruntetan sakonagoa behar du aldaketak, Kattalin Ezkerra hezitzailearen iritziz: “Batez ere 3. mailatik aurrera, irakaskuntzaren formatua da ikasle guztiak mahaian eserita irakasleari begira jartzea, ariketak eta zuzenketak aldi berean egiten. Ez da aniztasuna kontuan hartzen, eta guk egin behar izaten duguna da gure ikasleekin egoera horretara ahal dugun moduan egokitu. Badira irakasleak espazioak eta irakas-moduak berrantolatzen dituztenak ikasle guztiak iritsi daitezen informaziora, baina erabaki pertsonalak dira, borondatez hartuak, sistema kontrako norabidean doa: adabakiak jartzen doa, eta adabakiek balio ez dutenean, gela egonkorretara bidaltzen dituzte ikasleak. Haur asko eta asko dira sistema horretatik kanpo geratzen direnak, eta oso bazterrean gelditzen direnak, horiek beste gela batera eraman eta kito, hori bazterketa da, ez inklusioa. Gipuzkoan adibidez gela egonkor pila bat irekitzen ari dira eta ikasgelan enbarazu egiten duen ikaslea horietara bideratzen dute. Batzuk gela egonkorrean hobe daudela? Bai, baina nik izan ditut ikasleak, gela arruntean lasai asko egon zitezkeenak, eta joera izan da gela egonkorretara bideratzea. Praktikan, gela arruntean mantentzeko ikasleei eskatzen zaie: hitz egiteko gaitasuna, geldi eta isilik egotekoa eta paper gainean lan egitekoa. Horietakoren batean huts egiten baduzu, bazoaz gela egonkorrera. Lotsagarria da, sarri gakoa ez baita ikasleak ez duela gaitasunik zerbait barneratzeko, baizik eta ohiko bideetatik ez dituela barneratzen, eta behar dituzu bide berriak pentsatu eta asmatu”.

Eba Gomez: "Hezitzaileon helburua da ikaslea ahalik eta autonomoena izatea, gure laguntzarik behar ez izatea. Arazoa da administrazioak laguntzak kentzen dituela ez irizpide horren arabera, dirua aurrezteko baizik"

Hezitzaileak, zamatuta
Gurasoen kritikak berresten dituzte hezitzaileek: premia bereziko ikasleentzat dagoen laguntza ez da nahikoa, eta murrizketak dira horren errudun: “Garai batean hezitzaile bakoitzak gehienez hiru ikasle izan genitzakeen, orain sarri bostekin aritzen gara, pentsa zein kalitate eskain diezaiekegun”, dio Eba Gomezek. “Hezitzaile kopuru antzekorako ikasle gehiago dago, eta beraz denbora gutxiago eskaini diezaiekegu, gainera egunean zehar ikasle batetik bestera ibili behar dugu, haientzat eta guretzat horrek sortzen duen aztoramenduarekin, eta gure helburuak beste batzuk badira ere, egungo ereduan sarri gure lana bihurtzen da kontentzio lan bat, eustea ikasleari, ‘ez dezala enbarazu gehiegi egin ikasgelan’”, azaldu digute Gomezek eta Ezkerrak.

Berez, hezitzaileen helburua da ikaslea ahalik eta autonomoen izan dadila lortzea, gutxinaka languntzarik behar ez izatea… “baina arazoa da administrazioak laguntzak txikitzen edota kentzen dituela ez autonomiaren irizpidea erabilita, dirua eta baliabideak aurrezteko baizik, eta abiapuntu horrekin laguntza behar duen hainbatek ez du nahikoa laguntza jasotzen”, gehitu dute.

Curriculum egokituak ere kritikatu ditu Ezkerrak, alegia behar bereziak dituen ikaslearentzat prestatzen diren eduki egokituak: “Batzuetan ikaslearentzat errazegiak dira, egin dezakeenaren azpitik jartzen dira helburuak, eta apropos egiten da horrela, denak eroso egoteko; ez dago haren etorkizunarekiko itxaropenik”.

Taldearen indarra
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kasuak hartu ditugu adibide, baina elkarrizketatuek kontatu digute Euskal Herri osoan dela txarra premia bereziko ikasleen egoera. “Pentsa, Ipar Euskal Herrian, ikasle hauekin lan egiteko administrazioak dituen irizpideak dira epe luzeko langabezian egotea eta emakumea izatea! Eta ez zaie ez titulaziorik ez ezer eskatzen”, salatu dute LABetik.

Lagundu elkartean ez daude geldi, gero eta jende gehiago ari da batzen eta badakite taldearen indarra funtsezkoa dela, babes horrek ematen diela familiei kemena, seme-alabentzako onena aldarrikatzen jarraitzeko. Ikasturte honetan, mobilizazio handi bat antolatzeko asmoa dutela kontatu digute, premia bereziko ikasleak aintzat hartuko dituen hezkuntza ereduaren alde. Borrokatzeari ez diotela utziko argi baitute familiek.

"Hezkuntza sistemak ez du aniztasuna kontuan hartzen, haur asko dira sistematik kanpo geratzen direnak". Irudian, Eba Gomez (ezkerrean) eta Kattalin Ezkerra hezitzaileak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eskola inguruetako aire kutsadurarik handiena atzeman dute Donostiako hiru ikastetxetan eta Bilboko bitan

Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira karbono dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Haur Hezkuntzako irakasleen %94 emakumeak dira

Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Gipuzkoako klub batean jokatzeko ez da derrigorrezkoa izango eskola kirolean parte hartzea

EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]


Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka... [+]


Diskurtso militaristaren aurrean, eskoletan gerraz modu kritikoan gogoetatzeko materiala kaleratu dute

“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


Eguneraketa berriak daude