Guatemalako ikastetxe publikoetan astean 80 minutuz ikasten dute maia familiako kaktxikelera hizkuntza. Horrela ezin hizkuntza ikasi. Gloria Puc hiriburutik gertu bizi da, eta kontatu digu hizkuntza eta maia nortasuna berreskuratzeko nola lau ikastetxe komunitario abian jarri dituzten. Garabide elkartearen bidez etorri da Euskal Herriko hizkuntza normalizazio prozesua ezagutzera. Aretxabaletan egon gara berarekin.
Lau ikastetxe komunitarioetarako irakasleak prestatu behar dituzue. Kaktxikelera ikasi beharrean dira, transmisioak kale egiten duelako.
Zoritxarrez, kaktxikelera ez da transmititzen. Hori gertatzeko faktoreak asko dira. Lau ikastetxe horietako bat, adibidez, hiritik gertu dago eta hurbiltasun horren ondorioz espainierak ordezkatzen du kaktxikelera. Barne gatazka gogorrak ere bizi ditugu, prozesu oso bortitzak ditugu hemen, hilketak gertatzen dira. Bestalde, gurasoek uste dute gaztelaniaz ikasten ez badugu ez dugula lanik aurkituko. Ohikoa da “Zertarako balioko digu hizkuntzak?” galdera egitea. Horrela pentsatzen dutenek halako mezuak jaso dituzte hezkuntza sistema arruntean, prozesu bortitzetan. Esaten zaigu Guatemalari gerta dakiokeen gauzarik txarrena garela maiak.
Diskriminatu gaituzte maia izateagatik, hizkuntza ez transmititzeko faktoreak oso indartsuak dira.
Irakasleak prestatzen lan handia daukazue.
Kontua ez da esatea, “irakats diezaiegun kaktxikelera irakasleei!”. Izatetik abiatzen gara. Ni nor naiz maia bezala? Nola bizi naiz? Gure aitita-amamen jakintzak berreskuratu nahi ditugu, eta hala, irakasleak ez dira izango kaktxikelera irakasle soilak. Maitemindu daitezela beraien kulturaz, bihotzetik ezagutu dezatela zer den gure hizkuntza. Irakasleak akademikoki eta politikoki formatzen ditugu. Horrela, irakatsi diguten historia gainetik kendu ahal izango dugu. Hezkuntza deskolonizatzen ari gara hizkuntza landu ahal izateko. Ez da nahikoa esatea, “hitz egin dezagun kaktxikelera!”. Bada kaktxikelera hitz egiten duen jendea, baina sistemak bezala pentsatzen du. Guk irakasleekin formazio historikoa eta politikoa lantzen ditugu.
Lau ikastetxe horietako batean murgiltze eredua osorik ezarri duzue.
3 urtetik 16 urte arteko ikasleak dituzte. Duela bost bat urte hasi ziren. Oso emaitza onak ematen ari da. Ikastetxe komunitarioa izan aurretik My Melody ikastetxea izan zen. Gaztelaniaz eta ingelesez ikasten zuten haurrek. Jabeek lurra eta eraikina utzi zituzten kaktxikelera irakatsiko zuen ikastetxea abiatzeko.
Ingelesa eta gaztelania? Gurasoek ez zuten alde egin eredua aldatu zenutenean?
Ingelesak indar handia hartu du Guatemalan. Ikasten baduzu, lana izango duzu.
Batzuek alde egin zuten, baina beste batzuek ez. Ez zuten ihes egin, zeren azaldu genien komunitatearen alde egingo genuela, gure nortasuna eta kultura berreskuratu nahi genituela. Metodologia aldetik oso aurreratuta dago, sartzen direnetik irteten diren arte kaktxikeleraz egiten dute, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo.
"Neskak gure arropa eskatzen hasi dira. Galdua genuen gure janzkera eta garrantzitsua da, zeren hor erakusten da gure natura, unibertsoa, bizimoldea"
Beste ikastetxean %60 ikasten dute jatorrizko hizkuntzan.
Izaera desberdineko eskola da. Gizarte beharrak erantzutera bideratuta dago. Bat-batean etor daiteke ikasle bat eta ez jakin batere kaktxikelera. Aldiz, umeak politikoki ahaldunduta daude. Ahaldunduta esaten da gaur egun, ezta? [barrez ari da]. Arte eskola dute eta zaharren jakintzak eta musika ikasten dituzte. Guraso oso aktiboak dauzkate eta protestak direnean umeek gurasoei haiekin eramateko eskatzen diete. Marinbak, danborrak eta dortokak hartuta joaten dira haurrak. Neskak gure arropa eskatzen hasi dira. Galdua genuen gure janzkera eta garrantzitsua da, zeren hor erakusten da gure natura, unibertsoa, bizimoldea. Alabaina, diskriminazioagatik eta arrazakeriagatik arropa janzteari utzi diogu, zeren bestela hala esaten digute kalean: “Hara, hor doa indiarra!”. Egoera oso gogorrak dira, errazagoa da haietako bat bezala bizitzea eta prakak janztea. Neskek amei azaldu diete zergatik nahi duten janzkera berreskuratu. Ehuleak ere gure ehunak aldarrikatzen hasi dira.
Beste bi ikastetxeak nolakoak dira?
Gurasoen %51k kaktxikelera hitz egiten du, eta aldiz, umeen %5ak daki hitz egiteko beste. Oso gutxi transmititu da. Abantaila da, hitz egiten ez badute ere, ulertzeko gai direla. Murgiltze eredua jarri nahian dabiltza. Horietako batean oztopo garrantzitsu bat dute, ez dute diru nahikorik nahi adina irakasle izateko. Egia esan, ikastetxe komunitario garen neurrian, denok ditugu arazo ekonomikoak! Ikastetxe bati udalak eskaini dio irakaslea. Hizkuntza badaki, baina sistemaren pentsamoldea du. Zerotik hasi behar dugu lanean horrelakoekin eta batzuk apatikoak dira gure bizimoldearekiko.
Gurasoak gustura daude lau ikastetxeekin?
Umeak etxera zein aldartetan doazen, agian hori da garrantzirik handiena duena. Haurrak zoriontsu dira eta motibatuta daude. Gauza onak kutsatu egiten dira. Estatuko ikastetxeetan berenera makurtzen dituzte, buruz ikasi eta ikasi. Gure haurrek ez dakite nor diren ere. Ikastetxe komunitarioetan izaten uzten zaie, bihotzetik abiatzen dira. Bihotzaren bidea aukeratzen duenak ez du hanka sartzen. Uste dut, izan nahi duguna aukeratu genuenean, ez genuela hanka sartu eta pozik bizi gara.
Gogoan dut, ikastetxe hauetako batean alaba matrikulatu zuen ama baten kezka. Esan zidan ez zuela eskola horretan sartu behar alaba, matraka ematen hasi baitzitzaion eta galdetzen ea zergatik ez zuen jatorrizko janzkera erabiltzen. Umea eskolaz aldatu nahi izan zuen, baina alabak ezetz eta ezetz. Poliki-poliki sentsibilizatu zen ama hura eta azkenean jatorrizko arropa janzten hasi zen. Bere arropa maitatzera heldu zen, bere kultura maitatzera