Lider kurduei entzun zaie 2019ko urrian: “Aukera bakarrak baldin badira edo Assadekin tratua egitea edo gure herriaren genozidioa, dudarik gabe hautatuko dugu gure herria bizirik jarraitzea”. Rojavako iraultza eta Siriako Kurdistan autonomoa likidatu ez baditu, ataka estuan jarri ditu potentzia handien talkak. Siriari dagokionez, zortzi urtetan milioi erdi pertsona hil ostean, lurrikara eragin duten plaka tektonikoek oreka berria lortu dute. Hurrengo astindua arte.
Europako agintarien kezken erakusgai izan daiteke Der Spiegel alemanaren erredakzioak urriaren 18an “Siriako debakleak zer esan nahi duen Ekialde Hurbilarentzat eta Europarentzat” analisian idatzia: “Hona egoera zertan den Sirian: iparramerikarrek alde egin dute, turkiarrak sartu dira, kurduek ihes egin dute eta errusiarrak saiatzen ari dira turkiarren aurrerakada geldotzen. Damaskoko diktadoreak pozik izan behar du, Moskuren laguntzarekin laster Siria berriro kontrolpean edukiko duelako XXI. mendeko masa-hiltzailerik handienak. (...) AEBek alde eginik Siriaren ipar aldetik eta eskualde horretako erabakiak Putin, Erdogan eta Assad autokraten esku daudela, Europaren ortzemugan arriskuak ageri dira”.
Nazioarteko aktualitatean interesatua den herritarrari oso gutxitan tokatuko zaio ikustea urriko egun horietan egokitu dena bezalako gertakizun kate azeleraturik. Soldadu yankiek Siria iparraldeko posizioetatik alde egin eta ordu gutxitara Turkiako soldaduek ekin eskualdea erasotzeari, honen eraginez YPGko miliziak –ordura arte AEBen babesa eduki zuenak– dei egin Baxar al Assadi negoziazio eske, eta berehala Errusiako militarren zaintzapean hasi eta burutzea negoziaketa.
Asko aipatu da amerikarren erretiradaren irudiak bildu dituen bideo bat, Mambij ondoko base militarrean filmatua: hondar koloreko oihal-etxolak basamortuan eta bertan militarrek presaka alde egitean bere hartan utzitako instalazioak, komunak, izotzgailuak, Coca Cola latak, erregai upelak... eta diesel motorrak piztuta martxan! Biharamunean AEBen hegazkinek bonbardatu omen zuten basea, horrelako irudi umiliagarri gehiago ez jasateko.
Aldiz... zenbait adituk aurreratu du gertakizun kate osoa aurretik prestatutako gidoi baten arabera jazo dela, gatazkan esku hartzen duten lau indar nagusiek oreka berria finkatu eta aldi berean Erdogani, Putini, Assadi eta Trumpi berari egin beharreko mugimenduak justifikagarri egiteko. Orriotan lehen ere aipatu izan dugun Moon of Alabama bloga da tesi hori defenditu dutenetako bat, sinesgarritasuna duena gertatu baino dexentez lehenagotik ari zelako aurreratzen nondik nora joango ziren tiroak.
Moon of Alabama-k –Elijah Magnier eta beste zenbait adituren ildoan– iragarria zuen abian zegoela “Win-win-win-win plan“ (lauak garaile) bat eskualdean, asteen joanean berretsi dena: “Turkiak Siriaren ipar-ekialdea inbaditzea pentsatuta zegoen Trumpi arrazoi bat emateko AEBen tropak erretira zitzan. Pentsatua zegoen ere indar kurduei presio egiteko, Siriako Gobernuaren agintea onar zezaten. Errusiak aurretik antolatuta zeukan kurduen indarrak Damaskoko tropez ordezkatzea, eta hauen mugimenduak AEBen militarrekin koordinatuak zituen. Turkiak onartua zeukan Siriako Gobernuak eskualdea berriro kontrolatzea bazela aski berme bai gerrilla kurduak eta bai bere mugan proto-estatu kurdu batek eraginten zioten kezka lasaitzeko”.
Analisi honen arabera, denak gustura win-win-win-win egoerarekin. Erdoganek erakusten du arrakastaz aurre egin diela PKKri eta mugan proto-estatu kurdu bat sortzeko ahaleginari. Trunpek bete dezake AEBetako tropak alferrikako urrutiko gerretatik etxeratzea, hauteskundeetan agindu bezala. Siriak ipar-ekialdeko lurraldea berreskuratzen du, horko baliabide oso handiak barne. Errusiak prestigioa irabazi du munduan eta eragina handitu Ekialde Hurbilean, AEBetako armada boteretsua handik kanporatuta. Denak pozik, salbu eta kurduak. Hauek dira jokaldi honetan galtzaile nagusiak eta berriro itzuli dira abiatu ziren puntura.
Baina nola lortu du Errusiak Ekialde Hurbilaren zaindari nagusi geratzea, duela gutxi arte inperio gaindi ezina ziruditen AEBei beldurra galduta? Esplikazioa egon daiteke urteotan AEBetako armada ahalguztidunari aurre egiteko batik bat Errusiak eta hein batean Txinak eta Iranek ere garatu dituzten arma eta estrategia berrietan.
AEB-en misilak pasa ezin direnean
Urteotan askotan aipatu den bezala AEBek militargintzan teknologia aurreratuenekin egindako jauzi iraultzailearen aurrean –Revolution in Military Affairs–, potentzia txikiagoek ere egin dituzte gerra prestakizunetako beren etxeko lanak. Justu hauek ari dira lorten Andrei Martyanovek The (Real) Revolution in Military Affairs bataiatu duena.
Armada sobietarrean ofizial aritu eta gaur AEBetan bizi den Martyanovek dio benetako iraultza ez AEBek baina Errusiak egin duela armagintzan, amerikarrek menderatu ezin dituzten arma berriak sortuz. Eta AEBek lehengo nagusitasun militarra galduz, nagusitasun geopolitikoa ere galdu dutela.
Garai berrien tonua irailaren 16an eman zuen Vladimir Putinek Ankaran Erdoganekin eta Irango Rouhanirekin batera eskainitako prentsaurrekoan, bideozko irudiek jaso zutenez. Yemeneko matxinoek eraso berria zuten Saudi Arabiako petrolio findegi handiena. Ikusi galdera-erantzunak:
–Kazetaria: Errusiak aurreikusita dauka Saudi Arabiari laguntza ematea?
–Putin: Prest gaude Saudi Arabiari beharrezko laguntza emateko, beren buruak defenditzekotan. Buruzagi saudiek hartu behar dute erabakia, Iranekoek S-300 misil sistemak erosiz eta Erdogan lehendakariak gero Errusiaren hegazkin-ontzien aurkako S-400 Triumph sistema erosiz egin zuten moduan. Saudiarren azpiegiturak bermez babesteko balioko lukete.
–Rouhani: Beraz... saudiarrek erosi beharko lituzkete S-300 edo S-400ak?
–Putin: Haiek erabaki behar dute.
Eta hiruek barre egin zuten kontuarekin.
Izan ere, AEBek Saudi Arabiari saldu dizkioten arma garesti eta sofistikatuak garatuta daude amerikarren estrategiarako, erasorako balio dute baina ez kanpoko erasoei aurre egiteko: beren babes sistemak ez ziren gai izan Yemendik matxinoek bidalitako drone eta jaurtitako misil askoz merkeagoak ez hauteman eta ez suntsitzeko. Aldiz, Sirian bertan ikusi da errusiarrek ekoiztutako babes sistemak eraginkorrak zirela, horiei esker dirau boterean Assadek.
Baina, gainera, Errusiak are arma berri sofistikatuagoak aurkeztu zituen 2018an, hipersonikoak, funtsean arerioenak baino abiadura handiagokoak. Errusiako defentsa ministroak azaldu zuen AEBen estrategiatik bereizten zituena: “Guk ez ditugu hegazkin-ontziak behar, horiek hondoratzeko armak dira behar ditugunak”. Eta bide batez, Txinari eskaini dizkio elkarlanean aritzeko.
Sirian ikusten ari garenez, indar harreman militarretan aldaketa handiren bat jazo da munduan eta orain hori geopolitikan ari da islatzen. Europari ere egokituko zaio birkolokatzea.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]
Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]
Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.
Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.