Mikel Esclamadon da Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaile berria. Lekukoa hartu dio azken hogeita hamabi urteetan ardura bete duen Jakes Bortairuri. Betebeharrak eta helburuak ez ditu ttikiak, baina motibazioa eta jakin-mina ere hein berekoak ukanki, gustura sentitzen da. Gau eskolen egoeraz aritzeaz gain, euskalgintzaz zein euskararen normalizaziorantz eman beharreko pausoez aritu zaigu.
AEKren Ipar Euskal Herriko koordinatzaile berria zaitugu.
Ofizialki otsailean hartu nuen postua, Jakes [Bortairu] azken koordinatzaile izandakoarekin bospasei hilabeteko transmisio fase bat burututa. Informazio anitza eta zabala bazuen transmititzeko, jakinik gainera AEK ez dela erakunde tipia. Irailaren lehenean joan zen erretretara eta orduz gero nabil koordinatzaile bakar gisa.
Nola doa?
Ongi. Korrikaren antolaketarekin hasi nintzen, goxoa eta interesgarria izan zen. Jakes joan ondotik duda fase bat ukan nuen, erreferentea joan eta bakarrik izate horrengatik. Sartze kanpaina betean gainera! Azkenean transmisioa ongi egin da eta erran nezake sartzea ongi pasa dela. Geroz eta hobeto nago postuan, gaiak geroz eta hobeto menperatuz. Kanpotik ezagutzen nuen mundu bat barnetik deskubritzen nabil poz eta interes handiarekin.
Zerk motibatu zintuen postu horretara?
Garaian langabezian nintzen baina aitzin horrelako lan bat nuen, Hegalaldia elkartean. Nahiz eta animalien artatze arloan izan, proiektuen koordinazio eta jendeen kudeaketaren ardura nuen. Horretan plazer hartzen nuen eta jakin nuenean AEK-k koordinatzaile bat behar zuela, hitz egitera hurbildu nintzaion Jakesi, xehetasun gehiago ukan nahian. Pertsonalki, bizitzan erronkak eramatea maite dut, gauza berriak deskubritzea; lanpostu horrek hori eskaintzen zidan. Euskararen inguruan izateak, euskaraz lan egiteak ere bazuen garrantzi handia.
Nolakoa da Ipar Euskal Herri mailako gau eskolen mapa?
Hamabost bat gau eskola ditugu hiru probintzietan hedaturik, aurten 1.100 ikaslerekin, hots, azken urteetako batez bestekoan mantentzen gara. 50 bat langileko ekipoa dugu, boluntario eta guztiak kontutan harturik urtean zehar 80-90 langile izaki orotara. Gau eskolez gain, Xede eta 6H formakuntzak ere baditugu, sail profesionalekoak izaki horiek. Xeden erakunde publikoetatik etorritako langileak dira eta 6Hn lan bilaketan edota sail aldaketan direnak.
Garrantzi handikoak azken bi horiek ere.
Ipar Euskal Herria euskalduntzeko eta eremu profesionalean euskaldun hiztunak ukateko bidean biziki garrantzitsua da. Helburua ez dugu euskara irakastean bakarrik, erabilera ere landu eta azkartu nahi dugu. Xede duela hamabost urte sortu genuen eta aurten 180 ikasle biltzen ditu, 6Hn berriz 35 bat dira. AEKren erronka nagusietarikoa dugu doakotasunarena. Sail horiek horretara laguntzen dute, sail profesionalean diren dirulaguntzak bideratzen ditugulako.
Erabilera aipatu duzu. Ipar Euskal Herriko testuinguru linguistikoa nolakoa ikusten duzu?
Geroan ukanen dugun erronkarik handiena erabilera dugu. Euskal hiztunak sortzen badakigu, baina ikasle izatetik euskaldun aktibo izaterako salto horretan dugu erronka, gainditu ez duguna nik uste. AEK-k badu bere zeregina, baina gizarte guztiak eta oroz gainetik instituzioek eta politikoek dute zeregin handia. Euskarari zor zaion tokia eman behar zaio administrazioan zein karrikan, normalizazio egoera batera iritsi arte.
Erabileraren arora heltzeko zein dira ezinbesteko osagaiak?
Ez naiz instituzioan ordez mintzatuko baina euskararen ezagupena ezinbestekoa dugu, ofizialtasuna ez bada, behintzat koofizialtasun egoera behar dugu, zeinetan euskarak bere lekua duen, administrazioetan, eskoletan, bide seinaleetan, karrikan.
Ezagupenik gabe bizirik dirau euskarak Ipar Euskal Herrian.
Gure arteko gizarteari esker, hau da, herri mugimendua deitzen dugunari esker, azken urte eta hamarkadetan izandako lan eta borroka guztiei esker. Horrek gaitu gaur egun dugun egoerara arte eraman. Instituzioek lekukoa hartu behar badute ere, gizarteak beharko du lan hori akuilatzen eta indartzen segitu. Gizarte osoaren beharra izanen du euskarak.
Instituzio eta herrigintzaren arteko elkarlanerantz goaz geroz eta gehiago. Zerk segurtatuko digu elkarlan emankor bat?
Demagun, Euskaraldiak arrakasta polita lortu zuen eta bide horretatik segitu behar dugula uste dut. Momentukoz hamar-hamabost egun artean dugu, baina 365 egunez behar genuke ukan. Hori dugu helburu eta horretan ari gara instituzio publikoekin bilduz, politika berriak sortuz. Guk badugu terrenoko ikuspegia, haiek terrenotik heldu diren ideiak eramateko, bozkarazteko eta gauzatzeko indar politikoa. Duela hogeita hamar urte mahai baten inguruan jartzea ezinezko bazitzaigun, gaur egun posible dugu eta hori baikorra da. Baikorki ikusi behar dugu geroa... badugulako zer egin!
Beharra alde batera utzirik, zu baikor zara?
Bai. Nire filosofia ere bada beti aurrera begiratzea, erronkak lortuko direla pentsatuz. Baikorra izan behar da. Noski, errealista ere bai, badakigulako ez dela dena arrosa eta polit.
Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.
Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]
Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.
Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]
“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.
Ikasturte honetan, lehen mailako ehun eskola elebidunetan 5.700 ikaslek ikasiko dute. Bigarren mailan hamasei kolegio eta lau lizeotan 1.600 dira. Zailtasun nagusia aurten ere kolegioan euskararen eta frantsesaren arteko oren parekotasuna erdiestea da.
Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]
Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.
"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]
Iñaki Iurrebaso soziolinguistak euskararen egungo egoeraren argazkia egin du Baionan iragan zen Hizkuntz politikari buruzko ikastaroan, muga-gaindiko ikastaroen kari.