Jacques Chirac lehendakari-ohiaren heriotzak estali du Paristik 80 kilometrora Rouen hirian gertatu den istripu kimiko izugarria: irailaren 26an autoentzako aditiboak ekoizten zituen Lubrizol konpainiaren usinak su hartu zuen, oso hurbil dauzkan hiritarrak ikaratu eta oraindik neurria hartu ez zaion kutsadura zabalduz inguruan. Kilometro askoko inguruko nekazariak harrapatu ditu kutsadurak: agintariek debekatu diete beren ekoizpenak kontsumitu edo merkaturatzea.
Lundi Matin-ek zera zioen urriaren lehenean bere webguneko titulu nagusian: “Lubrizol: gure erredaktorearen zati bat ihesi dabil. Atzerapenak nozituko ditugu”. Ezker erradikaleko aldizkari frantses ezagunetakoa den hau tarteka behatzen duen irakurle bat baino gehiagori bururatuko zitzaion ea erredaktoreok poliziarekin arazo larriren bat ote zeukaten, hainbeste gai arantzatsuz idazten dute hain gordin... Ez zen hori.
“Joan den ostegunean [irailaren 26az ari da] gure komunikabidearen atal handi bat eskuetan daukaten kideak iratzarrarazi zituzten Rouen hiriko Lubrizol fabrikan gertatutako leherketek. Bati eta besteari deitu, lotan zirautenak esnarazi eta agintarien erabakien zain egon gabe hiritik alde egitea erabaki zuten, beren haurrak eta gauzarik beharrezkoenak besterik hartu gabe; horregatik dago gure erredakzioaren zati bat industriagatiko atzerriratuen egoera bitxian. Ondo dakigu nola kudeatzen dituzten agintariek honelako hondamendiak...” .Egoera argitu bezain laster beren lana erritmo normalera eramatea agintzen zuten Lundi Matin-ekoek.
Egun hartan bertan, Frantzian agronomo eta ekologista ezaguna den Herve Covesek ere Lubrizol aipatzen zuen Facebooken: “Pertsona bat baino gehiagok idatzi didate, Rouengo laino toxikoaz kezkatuta. Nekazari batzuek diote nahikoa zorte izan dutela: haizearen norabideak libratu ditu. (...) Tamalez, ordea, erraustegi askoren inguruan gertatzen den bezala, beldur naiz eremu zabalak geratuko direla mugatuta elikagaiak ez diren produktuak ekoiztera. Horretaz ari zen zirrara handiena eragin didan pertsona bat: ‘Nire buruari galdezka hasi naiz ea hain maitea dudan proiektua lurperatu behar ote dudan’. Horrela mintzatu zait berrikitan antzinako haziak, landareak eta fruituak ekoizteko proiektu bati ekin dion nekazari gazte bat”.
J'ai été contacté par différentes personnes, prises sous le panache toxique de Rouen. Certains s'en tirent plutôt bien :...
Posted by Hervé Coves on Monday, September 30, 2019
Irailaren 26an Jacques Chirac hil zela jakin zuen mundu guztiak eta horren inguruan hedabideek aho batez eragindako zalapartak estali zuen egun berean goizaldeko 05:15eatik eztanda eginda kiskaltzen ari zen Lubrizol fabrikaren hondamendia. Lubrizol multinazional amerikarraren –Warren Buffet oligarka famatuaren jabegoan dago– Rouengo usinak autoentzako lubrifikatzaileak ekoizten ditu, 14 hektarea hartzen duten instalazioetan, hiriko etxebizitzetatik oso hurbil.
Lubrizol arrisku kimiko berezia daukala adierazten duen Seveso zuzentarauan sartzen da, 2012tik Seveso goikoan, arrisku handienekoen artean. Euskal Autonomia Elkartean, konparatzeko, 42 enpresa daude zerrenda horretan, 29 Seveso goikoan. Lubrizolen biltegietan 5.000 tona gai kimiko arriskutsu zeuden leherketak abiatu zirenean, soilik horrelakoetan entzuten diren eta kezka eragiten duten izenak daramatenak.
Baina, gainera, Lubrizolen garrak ondoko Normandie Logistic konpainiara hedatu ziren eta agintariek honek gordeta zeuzkan gai kimikoen zerrenda zabaldu zutenean ohartu ziren asko Rouengo kokaleku horretan ez zegoela Seveso bat baizik eta bi, orotara ia 10.000 tona gai kimiko arriskutsu zeuzkatenak.
Gaueko leherketa eta gar handiek eta goizalbatik hiriaren zerua estaltzen zuen ke beltzak ikaratuta, asko izan ziren Lundi Matin-eko erredaktoreak bezala irailaren 26an egun batzuetarako bederen Rouendik ihes egin zutenak. Hori, ahal zutenak; askok nahita ere bertan geratu beste biderik ez du izan, airean larrialdietarako adarra entzun eta smartphonez agintarien oharrak irakurriz: ez irten etxetik, itxi leihoak, eskolak etenda daude...
Arriskuak handitu, kontrolak txikitu
Lubrizolen kiskaltzeak eragin zuen 20 kilometro luze eta 5 kilometro zabaleko ke lanbrotsu beltz, zikin eta eranskorra, ordu gutxitan haizeak eraman zuena Belgikako mugetaraino. Goizean bertan jardin edo baratza muturren bat zuenak beltzez tindatuta aurkitu zituen landareak bezala tresnak, autoak edo zorua bera.
Berehala agintariek herritarrei gomendatu zieten nork bere baratzeko produkturik ez jatea eta inguru zabaleko udalerri askotako baserritarrei debekatu barazkiak saltzea eta azienden esnea kooperatibei edo biltzaileei entregatzea, abereak ukuiluetan edukitzea aginduz. Le Monde egunkariaren kalkuluetan, 2.000 etxalde eta ekoizle txikiri eragin die debekuak, nekazaritza eta transformazio industria osoa kinka larrian jarriz 137.000 hektarea hartzen dituen eremu zabalean.
Herritarren begietan kutsagarririk deigarriena olio beltzezko lirdinga baldin bazen, egunak pasa eta Lubrizol eta Normandie Logisticek biltegietan zeuzkaten produktuen zerrendak ezagutu ahala, kezkak ugaritu dira beste pozoi arriskutsuagoez. Alde batetik, suteak airean barreiatu dituen furano eta dioxinez. Baina baita amiantoaz ere, eraikinaren atal askotan hori erabilia zelako. Hala ohartu dira suhiltzaileak berak ere behar adinako babesik gabe bidali zituztela garrei aurre egitera krisiaren lehen orduetan.
Lubrizoleko hondamendiak azaleratu du 2008ko krisiaz geroztik fabrika arriskutsuotan nola ugaritu diren istripuak eta aldi berean murriztu horiek saihesteko mekanismoak. 2018an Parisko gobernuak arindu egin zizkien ingurumen azterketen baldintzak Seveso fabriken jabeei eta Rouengoari primeran etorri zitzaizkion: kontrolatu beharreko segurtasun perimetroa murriztu zaio eta, batik bat, ingurumen azterketa berririk gabe bai produktu arriskutsuen kopuruak handitu eta bai instalazioa zabaldu ahal izan ditu, horrela saihestuz ingurumen behatzaile independenteen kontrola.
Bestalde, Estatua argaltzeko dinamika neoliberalen poderioz aginte publikoek gero eta inspektore gutxiago dauzkate gero eta ugariagoak eta arriskutsuagoak diren instalazioak behatzeko. Gainera, legedian egindako aldaketekin indarra kendu diete urte luzez enpresotako arriskuen jarraipena egiten zuten mekanismo eraginkorrenei, higiene eta segurtasun batzordeei, zeinetan bertako langile sindikatuek protagonismoa baitzeukaten. Enpresek ekoizten eta pilatzen dituzten produktuez informazioak ezkutatzen dituztenez, faktorietako langileen osasun arazoen azterketa da, sarritan, inguruetako herritarrek ere nozitzen duten kutsaduraren pista nagusia.
Horiei gehitu behar zaie industria honetan ere nagusitu dela produkzioaren azpi-kontratazioa, prozesurik arriskutsuenak sarritan ezagutza eta esperientzia gutxiko konpainia eta langile prekarizatuen esku utziz. Rouengo hondamendia abiatu zen azpi-kontrata batek zabaltzeko lanak egiten zituen biltegian.
Lubrizolen ispiluan begiratzea on lukete Euskal Herrian Seveso fabrikak dauzkaten udalerrietako jendeek.
(P.S.) Rouengo Lubrizoleko istripua gertatu eta hamabost egunera, hura itzaltzera eta inguruak segurtatzera bidalitako suhiltzaile eta poliziek salaketa sartu dute epaitegian, aurrean zeukaten arriskuez agintariek aski informazio eman ez eta behar bezalako babesgarririk gabe bidali zituztelako.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta... [+]
Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]
2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]
Bilboko Udalak autoak gutxitu nahi ditu erdigunean, aire kutsadurak behera egin dezan. Horretarako, hainbat hiritan abian jartzen ari diren neurri bera hartu du: gehien kutsatzen duten autoei erdigunera sarrera debekatzea. Talde ekologistek neurria kritikatu dute, besteak beste... [+]
Ostiralean herritar batek detektatu zuen ura ez zegoela garbi, baina ezin da jakin noiztik dagoen horrela. ARGIAk jakin duenez, URA agentziako kideak bertaratu dira Arkaitzerrekara. Aspalditik salatzen ari dira erraustegiaren isuriak eta kutsadura.
Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]
Erakunde ekologistatik kezkatuta ikusten dute Barakaldo eta Erandio arteko zubia eraikitzeko itsasadarraren hondoko 87.000 metro kubiko; dragatzearen iragarpena. Diru publikoaren xahutzea, arduragabekeria eta agintarien planifikazio falta salatu ditu, baita obrak... [+]
Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]
Gipuzkoako erraustegiaren emisioen bost urteko jarraipenaren emaitzak aurkeztu ditu ToxicoWatch fundazioak. Emaitza kezkagarriak, bizidunei eta zehazki gizakiei osasun kalte larriak eragin diezazkieketen kutsatzaileez ari garelako. Emaitza nabarmenak, erraustegi berria eta ustez... [+]
Pertsonen eta txakurren testikuluetan mikroplastikoak topatu dituzte maila esanguratsuetan. Eta ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela horrek eragina izatea ugalkortasunaren jaitsieran. Toxicological Sciences aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Bost urtez aritu da laginak hartzen Toxicowatch erakundea erraustegiaren inguruko oiloen arrautzetan, goroldioan, zuhaitzetan, sedimenduetan eta ama esnean, besteak beste. 2019tik dioxina maila asko handitu da, baita metal astunak, PFASak eta beste gai oso kutsagarri batzuk ere... [+]