Munduko 40 pertsona aberatsenetakoa den Elon Muskek aurkeztu berri du SpaceX, gizakiak Ilargira bezala Martera eraman ahal izango omen dituen espazio-ontzia. Bezperan, milioika jende kalera irtenak ziren mundu osoan agintariei eskatzeko klimaren hondamendia geldiaraz dezatela. Baina –Musken hegazkin futurista lekuko– elitearen ametsa hondamendia saihestea baino gehiago da beraiek ekaitzetik libratzea, salbamendu-ontzi ongi armatuetan.
Aberatsek saihestuko ote dute klimaren apokalipsia?” idatzi du Tom Whymanek New Internationalist aldizkarian. “Milioidun jendea hondamendirako prestatzen ari da. Arazo bakarra zera da, beste guztiok ez gaudela konbidatuta”.
Hedabide nagusiek egunero zerbitzatzen digute ingurumenaren suntsiketari buruzko irudi edo titular deigarriren bat. Hondamendia arintzeko hartu beharko liratekeen neurriak aipatzen dira, agintariek gaiari benetan aurre egin diezaioten gizartean ugaritu dira mobilizazioak... baina aldaketa jada gertatzen hasia da.
Klimaren zoratzeak bere kalteak orain artean nagusiki munduaren hegoaldean erakutsi ditu eta horien aurreko lehen erreakzioetako bat da iparralde aberatseko gobernuek beren mugak militarizatu dituztela, orain arte tantaka baina laster uholdeka irits daitezkeen migratzaileetatik babesteko. Horra Christian Parenti kazetari ikerlariak deitzen duena salbamendu-txalupa armatuaren politika: dagoeneko txalupa barruan ez bazaude, orduan gure tiro bat hartzeko miran zaude.
Erreakzio horren ildoan, dio Whymanek, herrialde aberatsetako gobernuen aukera izan daiteke beren herritarrak gustura edukitzeko gainerako mundutarrak sakrifikatzeko prest egotea. “Baina denborarekin, olatuek harrapatuko gaituzte geu ere, salbamendu-txalupa armatu barruan goazenok. Aberatsen interes egoistak gainerakoon interesetatik aparte dabiltza. Iaz Kalifornia kiskali zuten sute izugarrien kontra borrokatu ziren suhiltzaileetako batzuk pribatuak ziren, aseguru konpainiek kontratatuak beren zerbitzuak ordaintzen dituztenen etxebizitzak defenditzeko”.
Kaliforniako hondamendian inguruko guztiak sutan zeuden bitartean, suhiltzaile pribatuok aberatsen etxaldeak defenditzen zituzten airetik garrak geldotzeko produktuz zabalduz eta lubakiak zulatuz. Urakan eta uholdeekin antzera gertatu da Floridan bezala bestetan: urek gero eta gehiagotan harrapatzen dituzten auzoetatik aberatsenek ihes egin dute altuera gehiagoko beste batzuetara, hauetatik txiroenak kanporatuz. Gentrifikazioa klimarekin ere badago lotuta.
Baina benetako aberatsak, dirudunetan dirudunenak, irtenbide muturragokoen bila ere badabiltza. Horren lekukotasun pertsonala emanaz mintzatu da Douglas Rushkoff: “Aberatsak konspiratzen ari dira gu atzean uzteko”.
Douglas Mark Rushkoff (AEB, 1961) teknologian berezitutako teoriko, idazle, dokumentalista eta irakaslea da, ezaguna ziberpunk kulturaz, open source motako soluzioez eta beste idatzi dituenengatik. Hemen laburbilduko diogun artikuluan kontatu du iaz gertatu zitzaion pasadizo argigarria.
Irakasle eta hizlari ezaguna, hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten luxuzko resort batera. Uste zuen inbertsio bankuetako buruzagi talde bati teknologiaren etorkizunaz hitzaldia emateko deitu zutela eta horretara joan zen, bere bizitzako hitzaldirik garestiena ematera, unibertsitatean urtebetean irabazten duenaren erdia kobratuta.
Entzulego txit murritz batekin egin zuen topo: bost tipo hiper-aberats, denak gizonak, diru-funts handien munduan goienean daudenetarik. Hizketan hasita berehala ohartu zen ez zitzaiela batere interesatzen berak teknologiaren etorkizunaz prestatuta zekarrena. Bestelako galderekin zetozen.
Klima aldaketa, klase borroka
“Gauza nahiko samurrekin hasi ziren, bitcoin kontuak, ea ordenadore kuantikoa dagoeneko badagoen... Baina pixkanaka jo zuten benetan interesatzen zitzaizkien gaietara. Klimaren krisiak zein eskualde kaltetuko du gutxien, Zeelanda Berria ala Alaska? Egia al da Google ari dela prestatzen gune bat Ray Kurzweilen burmuinarentzako, eta horrela bada, haren kontzientziak biziraungo du trantsizioan zehar ala hil egingo da eta erabat berrituta berpiztuko? Burtsako konpainia baten jabeak, azkenik, esan zuen ia bukatuta zeukala bere jauregian lurpeko bunkerra eta galdetu: ‘Nola eutsiko diot nire segurtasun arduradunen gaineko aginteari gertakizunaren ondoren’?”.
Gertakizuna, the event, eufemismo horrekin deitzen zioten eliteko bost marrazo haiek ingurumenaren kolapsoak eraginda gerta daitekeen zera larri eta handi horri, izan gaixotasunen ugaritzea edo estatuen hondoratzea edo leherketa nuklearra edo dena delakoa.
Bunkerdunaren galderak bazeukan mamia. Aberatsak ohartzen dira guarda armatuak beharko liratekeela beren ondasunak jende masa haserretuetatik babesteko. Baina nola ordaindu guardia horiei diruak bere balioa galtzen baldin badu? Kaosean guardiek beren artean lider berri bat aukeratzea nola eragotzi? Milioidun haien kalkuluetan sartzen zen, zaindarien fideltasuna bermatzeko, janari guztiak giltzapean gordetzea, gakoak beraiek edukita. Edo guardiei disziplinazko lepoko bereziak ezartzea, bizirik jarraitzearen truke. Edo zaindari lanetan robotak jartzea.
“Honek harritu ninduen –dio Rushkoffek– zeren eta bilkuraren gaia teknologiaren etorkizuna baitzen. Baina funtsean, haien kezka da beste handikien uberan joatea, Marte kolonizatu nahi duen Elon Musk (Tesla), zahartzea saihestu nahi duen Peter Thiel (Paypal) edo beren burmuinak super-ordenagailuetan zamatu nahi dituzten Sam Altman (Y Combinator) edo Ray Kurzweilen (Google) ildoan. Nahiko luketen etorkizun digitalak zerikusi gutxi dauka gizadi osoaren bizi-baldintzak hobetzearekin eta asko beraiek ihes egitearekin klimaren aldaketak dakartzan arriskuetatik: itsas mailaren igotzea, migrazio masiboak, planeta mailako pandemiak, gutxiengoekiko gorrotoa eta baliabide naturalen agortzea. Horientzako teknologiaren etorkizunaren funtsa benetan hau da: ihes egin”.
Rushkoffek aberaskiloei iradoki omen zien bihar jendetzaren eta are guardien ere beldur izatea baino hobe litzatekeela gaur jendeok zuzen tratatzea, segurtasun ekipoa familiakotzat hartzea eta jokabide inklusibo hori zabaltzea beren negozioen katebegi guztietaraino, jasangarritasuna sustatuz eta aberastasunak banatuz arrisku gutxiago egongo zela horrelako event ikaragarri bat gertatzeko. Azken finean, hobe teknologiaren aurrerapenak denen mesederako garatzea amets erromantikoetarako baino. Milioidunek estimatu zioten baikortasuna, baina berentzat hartu ez; ez zeuden hondamendia saihesteko moduez interesatuta: urrunegi joan garela uste dute.
Ruhskoffek dio amaieran: “Gizaki izatea talde-kirola da, ez dago banaka biziraun edo ihes egiterik. Gizakiek etorkizunik izango baldin badute, elkarrekin edukiko dute”. Tom Whymen gordinago mintzatu da New Internationalist-en: “Aberatsek aurreikusten dituzten ekintza horiek oroitarazten digute klimaren aldaketa klase borroka dela“.
1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.
Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]
2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]
Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]
Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]
Walden Bello Filipinetako idazle, ikerlari eta antiglobalizazio aktibista ezaguna abuztuaren 8an atxilotu zuten; abuztuaren 9an fidantzapean atera zuten kartzelatik behin behinean. Focus on the Global South Gobernuz Kanpoko Erakundearen zuzendari exekutiboa da Bello, besteak... [+]
Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]
1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua... [+]
Urtarril amaieran Gasteizko Mercedes konpainiako zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu zen ohartarazteko fabrikako ekoizpen-katea eten beharko zutela autoentzako hainbat pieza elektroniko eskuratu ezinik zebiltzalako –zehazki, txip elektronikoak–. Bi... [+]
Azarotik azarora, urte bete eman dute greban eta mobilizaturik Indiako milioika nekazarik, Narendra Modiren gobernuak laborantzako prezioak eta merkatu osoa liberalizatzeko ezarritako hiru lege atzera botatzea eskatuz. Azkenean agintariek erabakietan atzera eginda, borroka eta... [+]
Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]
Aurreko hamarkadan Amazonek ordaindu zuen zerga tasa efektiboa %13 izan zen. 2020 urtean Amerikako Estatu Batuetako 55 enpresa handienek ez zuten zergarik ordaindu. Espainiako Estatuan mila miloi euro baino gehiago fakturatu zuten enpresen mozkinaren gaineko tasa efektiboa 4,57%... [+]
Europako autogintzako industriaren geldialdiaren erdian Margrethe Vestager Lehiakortasunerako europar lehendakariordeak iragarri du Europar Batasuneko lehia-politika errebisatuko dutela estatuek mikrotxipen produkzioa diruz lagundu dezaten.