Aquiles Cuadra: heriotza kanpaiak Erriberan

  • Bigarren Errepublikan Erriberako ezkertiarren erreferentzia nagusietakoa zen Aquiles Cuadra abokatu eta Tuterako alkatea. 1936tik aurrera faxistek hiri hartan fusilatutako dozenaka lagunen artean, epaiketa izan zuen bakarra izan zen: injustizia frankistaren erakusle da bere kontrako prozesu luzea. 80 urte geroago, Nafarroa hegoaldeko giro iraultzaile eta errepresiboa ezagutzeko aukera dugu bere espedientearen bidez.

"Izquierda Republicanakoa, Nafarroako Fronte Popularreko politikaren buruzagi nagusietako bat zen, oso bereziki Tuterako barrutikoa. Mitin ugaritan hartu zuen parte, kontzeptu disolbatzaileak erabili, klase sozialen arteko gorrotoa sutu eta masak biolentziara eramanez”. Modu horretan deskribatu zuen Juan Hidalgo instrukzio epaileak 1937ko martxoan Aquiles Cuadra De Miguel; eta hitz horiek norabide bat eta bakarra erakutsi zioten haren kontrako gerra kontseilua eraman zuen tribunalari: 1939ko urriaren 19an fusilatu zuten Iruñean, goizeko seietako kanpaiak jotzean.

Baina heriotza ezkiletara ohituta zeuden jadanik Iruñean, Erriberan eta Nafarroa osoan, errekete eta falangistek erretagoardian egindako basakerien ondorioz. Hala ere, Tuterako alkate ohiaren kasuak agerian utzi zuen inor ez zela salbu erregimen diktatorial berriaren atzaparretatik, nahiz eta itzal handiko frankisten babesa eduki. Ricardo Urrizolak Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra 1936-1940 liburuan (Txalaparta, 2017) xehatu du Aquiles Cuadraren espedientea, orain arte Nafarroako Komandantzia Militarrean gordea. Kargu garrantzitsuak zituzten pertsonen bere aldeko gutunak aurkitu ditu, baita errugabetze frogak eta oinarrizko akats judizialen gorabeherak ere. Eta hala ere heriotzara kondenatu zuten.

Espediente horrek urrea balio du, frankismoko justiziari egiazko bisaia estalgabetzeaz gain, Erriberan ezkertiar eta errepublikarren mugimendu sendo bat bazegoela iradokitzen baitu lerro artean, gerra zibil hari buruzko historia liburuetan eta kontakizunetan askotan ahaztu izan dena. 1936ko uztailaren 18ko arratsaldean, Tuterako Foru Plazan izan baitzen oraindik Corellatik joandako falangistei aurre egiten saiatu zenik, horien artean Aquiles Cuadra.

Alkate errepublikarra

Aquiles gazteak oso azkar hasi zuen karrera politikoa. Ideia aurrerazale eta laikoak familiatik zetozkion. Haren aitona liberala zen –XIX. mendean iritsi zen Tuterara, San Adriango markesaren jauregi eta lurrak administratzeko– eta aitak, Ruperto Cuadra abokatu ezagunak, pentsaera progresista hori heredatu zuen: hezkuntza publikoaren aldekoa, aurrezki kutxaren sustatzailea, eta Tuterako Alderdi Errepublikar Autonomoaren sortzailea izan zen.

Aquilesek aitaren pausoei jarraituko die, bai zuzenbidearen munduan bai politikarenean, eta Erriberan errepublikarren erreferentzia bihurtuko da bizkor. Espainiako Bigarren Errepublika iristearekin batera, Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistaren adar bat sortzen lagundu zuen Nafarroan –ondoren Izquierda Republicanan baturik– eta nekazal erreforma aurrera ateratzeko eginahalak egin zituen.

Nafarroako landa eremuan desberdintasun sozial handiak zeuden kazikeek urte askoan pilatutako boterearen ondorioz. Tuteran ere (11.000 biztanle) nekazaritzako jornalariak ziren herritar ugari –1930eko hautets zentsuaren %37– eta lurjabe handi gutxi batzuek osatzen zuten hiriko oligarkia. Ebroko bazter horietan eskolarik apenas zegoenez, irakasleek soilik haur “egokienak” aukeratu eta matrikulatzen zituzten, kronika lokaletan irakur daitekeenez. Hala, jornalarien ia erdiak ez zekien idazten ezta irakurtzen ere, eta analfabetoen portzentajea Nafarroan baino altuagoa zen Tuteran. Ez da harritzekoa beraz, lur banaketa justuago baten aldeko aldarrikapenek indar handia izatea.

1931n ezkertiarren blokeak aisa irabazi zituen hauteskundeak Erriberako hiriburuan, Aquiles Cuadra ordezkari nagusietakoa zela. Hoy astekariko lerro buruetan boz horien izaera plebiszitarioa kausitu dezakegu: “Errepublika ala Monarkia? Tuterak erabaki du: Errepublika!”. Abokatuak berak zuzentzen zuen magazina, eta bere bidez erregimen aldaketa bultzatu zuten Erriberan. Cuadra 1932tik 1934ra izan zen Tuterako alkate, eta ondoren zinegotzi karguan segi zuen 1936an faxistek kolpea eman arte. Tartean egokitu zitzaion Lizarrako Estatutuaren gai korapilatsua eztabaidatu eta bozkatzea –beste nafar politikari askok bezala, azkenean aldeko jarrera erakutsi zuen–.

Erribera ezberdina zen

1934ko urrian Espainiako Estatuan piztutako iraultza sozialistak porrot egin zuen eta errepresioa Nafarroan ere nabaritu zen –Ezkabako gotorlekua kartzela gisa erabiltzen hasi ziren lehen aldiz–. Aitzitik, kinka larri horrek eragin zuen 1936ko otsaileko hauteskundeetan ezkertiar sektore anitzak batzea “Fronte Popularra” koalizioan. Hauteskunde egunaren bezperan Tuterako Cervantes antzokiak 2.500 lagun bildu zituen, eta denei hitz egiten, María Luisa Domingo, Jesús Monzón buruzagi komunista, Ramón Bengaray sindikalista eta Aquiles Cuadra hautagaiak ikus ditzakegu; tuterarrak herri lurrak eta korralizak defendatu zituen irmo. Baina halako ekitaldietan parte hartzea garesti ordainduko zuen geroago.

Ebroko bazter horietan eskolarik apenas zegoenez, irakasleek soilik haur “egokienak” aukeratu eta matrikulatzen zituzten. Ez da harritzekoa beraz, lur banaketa justuago baten aldeko aldarrikapenek indar handia izatea

Fronte Popularraren garaipena aitzakia paregabea izan zen eskuindar erreakzionarioentzat, aspalditik prestatzen ari ziren altxamenduari ekiteko.Emilio Mola jeneral kolpistak Nafarroan ezarri zuen konspirazioaren kanpamendua, armetan ziren milizia katolikoen lurraldean: “Errekete karlistak era modernoan ekipaturiko ejertzitoa dira, hortzetaraino armaturik. (…) Tropa horiekin, Nafarroa faxisten terrorearen azpian eroriko da”, iragarri zuen Madrilgo prentsa obreroak.

Baina Erribera ezberdina zen, “zenbait injustizia sozialen ondorioz”, Antonio Lizarza erreketeen buruak berak aitortu zuenez. Horregatik, eskualdean ia mila txapelgorri mobilizatuta egon arren, falangistek esku hartze handiagoa izan zuten Tuterako merindadean 1936ko uda odoltsuan.

Espainol txarrak

Uztailaren 18ko arratsaldean, Corellatik joandako falangistak tiroka hartu zituzten Tuterako Foruen Plazan bildutako errepublikarrek. Ordu gutxira, ordea, guardia zibilen komandante batek Diario de Navarra-ren inprentatik ateratako gerra bandoa irakurri zuen linterna batzuen pean eta errepresio faxista Erribera osoan zabaldu zen hurrengo egunetan. Fernando Mikelarena historialariak Navarra. De la esperanza al terror liburutik datu ikaragarriak ditu erauzita: Lodosan 133 lagun hil zituzten, Mendavian 99, Azkoienen 89, Corellan 87, Sartagudan 84… eta Tuteran 64 pertsona. Horietako asko Tuterako kartzelatik aterarazi zituzten eta besterik gabe fusilatu –bertan giltzapetuta zeuden 640 presotik %40 hil zuten–. Nafarroan aspaldi ari dira informazio hori guztia eguneratzen, bai Memoriaren Dokumentazio Zentroan bai bestelako ikerketen bidez, eta zifrak are beldurgarriagoak direla dirudi.

Tuterako San Frantzisko komentu zaharra espetxe gisa erabili zuten 1936ko Gerran. Ondoren, Espainiako ejertzitoaren zalditegi eta poliziaren koartel ere izan zen. 2003an Rafael Moneoren proiektu handi batekin birgaitu nahi izan zen eraikina, baina egun erdi erorian dago. Kanpoaldean hainbat artistaren grafiti ikusgarriek apaintzen dituzte pareta zartatuak; gutxik dakite ordea, barruan 600 lagunetik gora giltzapetu zituztela faxistek eta haietatik ia erdia fusilatu egin zutela.

Terrore horrekin bat egiten ez zuen oro traidoretzat hartzen zen: “Badaude etengabe kritika eta zurrumurrua zabaltzen duten gizonak. Beharrezkoa da espainol txar horiek bakarrik uztea, euren konpainiak kutsatu egiten baitu”, zioen Falange de Tudela egunkariak. Errepresioa noraino iritsi zen neurtzeko moduko dokumentu bat eskuratu du berrikitan Tuterako Udalak: 1936ko abuztuaren 14an udalerritik kanporatutako familien edo “jendailaren” zerrenda. Pérez-Nievas sendiak zeukan, gerra zibilari buruzko beste hainbat paperekin batera, eta orain digitalizatu egingo dute udal artxiboan gordetzeko.

Emilio Majueloren aburuz, Tuteran gizarte sare zabala eta mobilizazio politiko handia zegoen, baina hori guztia “desegin” egin zuten hilabete gutxian, eta horrek hamarkada askotan markatu zuen hiria: “Belaunaldi oso baten bizitza hondoratu zuten eta urtetan ezagutu dugun hiri triste, kamuts, ahazkor eta otzana bihurtu zen”, azaldu zuen NUPeko historialariak 1936ko Gerraren karira antolatutako hitzaldi batean. Jose Mari Esparza editoreak ere nabarmendu izan du gerrak Erriberan sorturiko arrakala, euskal-nafar izaera defendatzen zutenak “bide bazterrean edo erbestean” amaitu zutelako.

Iruñetik Sevillara ezkutuan

Aquiles Cuadrak segituan ikusi zuen kolpe militarraren porrotak gerra ekarriko zuela eta faxistek ez zutela gupidarik izango erretagoardian geratu zirenekin. Uztailaren 18ko arratsalde hartan Tuterako guardia zibilen arduradunekin hitz egin zuen eta jabetu zen hauek ere altxatuen alde jarriko zirela aukera izan orduko. Gaua ez zuen etxean igaro: Manuel Ucar adiskideak eta bere semeak lagunduta ihes egin zuen ordu txikitan alkate ohiak. Hauek Fontellasko hobi komun batean amaitu zuten lau hilabete geroago.

Alfarora joan zen lehenik, eta gero Gasteizera –Arabako goarnizio militarra oraindik ez baitzen kalera atera–. Lagunen etxeetan ezkutatuz Espainiako Estatu guztia gurutzatzea zuen helburu abokatuak, Gibraltarrera iritsi eta handik Londresera pasatu ondoren “Errepublikaren zerbitzura jartzeko”, bere biografia landu duen Enrique Cuadra ilobaren arabera.

2016an Tuterako Erlojuaren Etxean erakusketa jarri zuten gerrako errepresio frankista gogoratzeko. Orain, udalak dokumentu esanguratsuak eskuratu eta digitalizatuko egingo dituela jakinarazi du. (argazkia: @ateresatudela)

Hala, Miranda Ebrora egiten du, ondoren Leonen egongo da denbora batez hainbat ostatutan, Medina del Campon ere bai, eta azkenik, 1936ko abenduan Sevillara iritsiko da. Andaluziako hirian, pilota partidu bat zuhurki ikusten ari omen zela apaiz batek ezagutu eta salatuta atzemango dute. Atxilo hartu arteko denbora tarte horretan, bere gurasoak eta arreba preso eduki zituzten, frankisten pertsekuzio goseak iheslariaren senideak ere kolpatzen baitzituen sarri.

“Masa errepublikarren caudilloa

Atxilotua izan eta hilabetera, jadanik Iruñeko kartzelan zela, justizia militarrak espedientea ireki zion. Tuteran falangisten kontrako erasoa antolatzea egozten zioten Cuadrari. Hiri horretako guardia zibilaren komandanteak eta Acción Ciudadana miliziako zuzendaritza batzordeak txosten bana idatzi zuten hitz oso gogorrekin. “Bizitza laikoa eta immorala”, “propagandista”, “masa errepublikarraren caudilloa”... Berari botatzen zioten Erribera errepublikarra izatearen kulpa: “Esan liteke Tuterako distrituan ezkertiarrek erakutsitako nagusitasun eta jarrera Cuadra jaunaren eragin eta predikazioagatik izan zela”.

Aquiles Cuadrari botatzen zioten Erribera errepublikarra izatearen errua: “Esan liteke Tuterako distrituan ezkertiarrek erakutsitako nagusitasun eta jarrera Cuadra jaunaren eragin eta predikazioagatik izan zela”

Aquiles Cuadrak bere kontrako akusazio zehatzak alboratu zituen kartzelatik egindako deklarazioetan. Hala, adierazi zuen altxamenduaren egunean ez zituela “masak zirikatu”, eta ez zuela zerikusirik izan Tuterako guardia zibilen burua tokiz aldatzearekin edo 1936ko martxoaren 6an ezkertiar talde batek Nafarroako Diputazioa asaltatu izanarekin. Baina instrukzio epaileak ez zion kasu zipitzik egin eta “matxinada militarra” delituagatik prozesatu zuen. Abokatua saiatu zen delitu horiek ezeztatzen: gerra bandoa geroagokoa zela, Tuterako epaitegiko auzian ez dela bere izenik ageri… alferrik. “1936ko uztailaren 18ko egun historikoan ejertzito gloriosoak beregain hartu zuen Espainiako botere legitimo bakarraren kontra altxa zen armetan”, sententziatu zuen Burgoseko fiskalak.

1937ko azaroaren 10ean egin zen bere kontrako gerra kontseilua. Egun hartan, Nafarroako pertsonaia ezagunek deklaratu zuten Cuadraren alde, esanez “ordenakoa” eta “biolentziatik urrundutakoa” zela. Tartean ziren Mola jeneralaren idazkari José María Iribarren edo Tomás Domínguez Rodeznoko kondea –Nafarroako karlisten buruzagia–. Zigorra esperotakoa izan zen ordea, eta tramite akats batengatik gerra kontseilua berriz errepikatu behar izan bazuten ere, Aquiles Cuadraren patua jadanik idatzita zeukaten: heriotza.

Heriotzaren zain

1938ko urtarrilaren 19an sinatu zuen behin betiko zigorra tribunalak, baina ia bi urte egon zen kartzelan exekuzioaren zain. Zergatik? Ricardo Urrizolak bere liburuan iradoki duenez Rodeznoko kondeak esku-hartu zuen, ordurako Justizia ministro baitzen. Baina 1939an Francok bere gobernua birmoldatzean Esteban Bilbao Eguia jarri zuen kargu horretan, eta auditoreak zigorra betearazteko agindua jaso zuen berehala.

Kartzelan, heriotzarekin zuen hitzordu krudelaren itxaronaldian, hainbat pertsona esanguratsurekin egon zen Cuadra. Javier Ciga margolari nafarrarekin ziega konpartitu zuen eta arkatzez egindako bere erretratu bat utzi zuen oroimenerako. Pello Irujo EAE-ANVko politikariaren lagun ere egin zen; honek gerora esan izan zuenez, Nafarroa Euskal Herrian salbatuko zela aitortu omen zion abokatu tuterarrak, “gerra amaitzen den moduan amaitzen dela ere”.

Javier Ciga Iruñeko kartzelan izan zenean, presoen eguneroko bizitza irudikatu zuen arkatzez paperean. Tartean hainbat jende ezagunen erretratuak ere egin zituen, Irujo anaiena edo Aquiles Cuadrarena kasu. Tuterako alkate-ohia zeldakide izan zuen margolariak.

1939ko urriaren 18a, Iruñeko kartzela. Epaileak sententzia sinatzeko eskatuko dio Aquiles Cuadrari. Honek uko egingo dio. Biharamunean hilko dute zitadelako larrialditarako atetik gertu. Lekukoek diote espetxeko presoetako askok negarrez entzun zituztela detonazioak. Sei hilabete ziren gerra amaitu zela.

Tuterako udaletxeko aurrealdean plaka batek herri hartan frankistek fusilatutako 19 kargu publikoak gogorarazten ditu gaur egun, “ez daitezen isiltasunean eta ahanzturan hil”. Hor dago Aquiles Cuadra De Miguelen izena.

Esteban Bilbao Eguia, erantzule

Ibilbide sutsua izandako politikari tradizionalista bilbotarra, gerra hasi zenean atxilo hartu zuten errepublikarren Altuna Mendi ontzian, baina presoen trukaketa bati esker faxisten aldera pasa zen. Berak asmatu zuen Franco, Caudillo de España por la gracia de Dios leloa, erregimenaren txanponetan irakur zitekeena.

1939ko abuztuaren 9an izendatu zuen Francisco Francok bere gobernuko Justizia ministro eta kargu horretan egon zen garaian –1939tik 1943ra– heriotza-agiri ugari sinatu ziren. Euskal Herrian errepresio frankistaren eragile nagusietakoa izan zen. Bilbao ministro jarri orduko Aquiles Cuadraren exekuzio agindua bete zen, ia bi urte geldirik egon ondoren.

2014an EHUko txosten batek agerian utzi zuen Bilboko urrezko domina eman zitzaiola 1947an eta udalak seme kuttuntzat zuela; hortik urtebetera udal korporazioak bertan behera utzi zituen sari horiek.

Eta nor gogoratzen da Jesusa zerbitzariaz?

Erriberan fusilatu zituzten lagunen gehiengoa ez zen kargu publikoa edo politikaria, jornalari edo herritar xehea baizik, Aquiles Cuadraren etxean lan egiten zuen Jesusa Ruiz Melero bezalakoa. Aurretik loteria saltzaile ibilia, alargundu zenean jarri zen alkate-ohiarentzat zerbitzari.

Emakume hark ez zuen bere etxeko jaunak baino zorte hoberik izan: 1936ko azaroaren 14an hil zuten, epaiketarik gabe. Batzuen esanetan, “propaganda ezkertiarra” banatzeagatik, bestetzuen ustez “bandera errepublikarra eskegi zuelako”. Ablitasen jaioa, 37 urte besterik ez zituen eta alaba bat utzi zuen umezurtz. Bere izena ez da lerroburu handietan ageriko, bai ordea Sartagudan dagoen Memoriaren Parkeko zerrendan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Koldo Amatria
“Eraistea da Erorien Monumentuaren esanahia aldatzeko modu bakarra”

Eraispenaren aldeko elkarteek manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Irrintzi Plazan manifestazioaren deitzailea den Koldo Amatriarekin hitz egin dugu.

 


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


Eguneraketa berriak daude