Abolizioa

Bilboko Aste Nagusian C. Tanganaren kontzertua bertan behera uztearen erabakia izan zen udako polemika feminista biziena. Oporretatik bueltan, beste ekitaldi baten kontrako boikota izan dugu eztabaidagai sare sozialetan: A Coruñako Unibertsitatean sexu langileen elkarteek antolatutako jardunaldi batzuk, alegia. Prostituzioaren abolizioaren aldeko sektoreen ustez, halako kongresu bat ospatzeak sexu esplotazioaren legitimazioa dakar. #UniversidadSinProstitución traola erabili dute, Errektoretzak presioen aurrean amore eman duen arte. Erabaki horrek ehundaka irakaslek sinatutako manifestu baten erantzuna jaso du, #UniversidadSinCensura traolarekin.

Prostituzioa izan da historikoki mugimendu feminista gehien polarizatu duen gaia. Egun, sare sozialen dinamikek polarizazio hori are gehiago elikatzen eta ikusgai egiten ari dira. Txio batean ez dago ñabardura handiarekin debatitzeko aukerarik. 280 karaktere badira nahikoa, ordea, pentsaera bakarra inposatzeko. Abolizionista zaratatsuenek George W. Bushen erretorika berdintsua erabiltzen ari dira sareetan: “Nire alboan ez dagoena terrorista da” esaldian, aldatu “terrorista” eta jarri “emakumeen salerosketaren defendatzailea”.

Haurdunaldi subrogatuen gaiari ere aplikatu diote eskema hori, errealitate berri eta zeharo konplexu baten inguruko eztabaida pobretuz. Zalantzaren bat adierazten badugu edota bestelako iritziak entzuteko beharra, emakumeen merkantilizazioaren alde egitea leporatuko digute.

Bitartean, bestelako abolizionismoek ez dute horren besteko oihartzunik. Angela Davisek borrokatzen duen abolizionismoa –kartzelarena, alegia– dut gogoan. Bere esanetan, genero indarkeriari irtenbidea emateko, ulertu behar dugu estatu indarkeriarekin duen lotura. Davisek ezin hobeto azaltzen du kartzelak sexu, arraza eta klase zapalkuntzetan oinarritutako instituzio patriarkalak direla.

Sexu salerosketa esklabutza mota bat da, duda barik. Baina badago are normalizatuagoa eta onartua dagoen esklabutza garaikide mota bat: barne etxeko-langileen erregimena. Zergatik ez da agertu erregimen honen abolizioaren aldeko plataforma feministarik? Seguru asko, aldarri horrek gure egunerokoan deserosotasun eta gatazka handia eragingo zuelako. Nola izango naiz koherente, baldin eta nire familiak aitite zaintzeko barne zaintzaile bat kontratatu badu?

Duela urte batzuk, ospe handiko filosofo feminista abolizionista baten hitzaldia entzun nuen. Oso ondo azaldu zuen prostituzioa instituzio patriarkal eta kapitalista bat dela eta gizonen heziketa matxistan pisu sinboliko itzela duela. Bere hitzaldia txalotu nuen, baina galdetu nion ea ez legokeen ondo beste arlotan ere emakumeen giza eskubideen urraketa bortitzak horren sutsuki salatzea. Andaluzian marrubiak biltzen dituzten Marokoko langileen esplotazioa –sexu jazarpena barne– aipatu nion. Emakume txuri pribilegiatu horren erantzuna hauxe izan zen: “Ezin duzu alderatu landan marrubitxoak biltzea zakilak jatearekin, neska!”.

Feminista txuri eta pribilegiatuok sare sozialetan gure desadostasunak muturrera eramaten dihardugun bitartean, prostitutek, emakume presoek, etxe barneko langileek eta marrubi soroetako langileek bizi dituzten sexu/arraza/klase indarkerien aurka antolatzen jarraitzen dute. Horietako batzuk bakarrik bihurtu ditugu gure eztabaida antzuen objektu, baina guztiak dira beren borroken protagonistak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude