Aurtengo Kilometroak jaia antolatzen ari den Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, bigarren ikasturtea du Birsortu proiektuak. 5 urteko haurren esperimentazioa eta imajinazioa bultzatzea du xede, baita bizikidetzaren parte diren konplizitatea, negoziaketa eta liskarrak lantzea ere. Emozioak kudeatzen ikasteko modu aproposa da Birsortu.
Esponja handi bat zotzez zulatu dute ikasleek, triku bat balitz bezala. Edo agian, kandelez jositako urtebetetze tarta bat irudikatu nahi izan dute. Xurgagailuaren hodia berriz, telefonoa bailitzan erabili dute, jolasean; batak besteari belarrira txorakeriak esanaz, barre-algaraka. Baina haur batek ispilutxoak hartu ditu eta atzetik joan zaizkio gainerakoak, hodia alde batera utzita. Orain bai, orain ez, norbere burua ispiluan ikusi ez ikusi ari dira, eta gerturatzea erabaki dut. Azaldu didate, ispiluetan bi aldiz ikusten dutela euren burua islatuta, grabitatea deskubritu berri duten Newton txikiak balira moduan, ilusioz beterik. Izan ere, ispiluaren piezak ez daude inklinazio berean jarrita. Minutu gutxi batzuk geroago, esan didate ispilutxo horiek berak igerilekura sartzeko txartel edo bonoak direla. Hala irudikatu dute.
Segidan etorri da eguneko lehen liskarra: Saioak ispilu gehiago behar ditu egiten ari den dorrea eraikitzeko, baina ispilu horiek igerilekuko txarteltzat dituztenekin ez du adostasunik lortu. Negarrez hasi da Saioa eta irakaslea gerturatu da, lasaitzeko.
Dena den, behatzea da Salbatore Mitxelenako irakasleen zeregin nagusia, Birsortu proiektuaren baitan: koadernoa eta boligrafoa eskutan, gelaren txoko batetik begira jardutea. Lan “zinez interesgarria” dela diote Olatz Zubimendi Haur Hezkuntzako koordinatzaileak eta Arantxa Urbe Birsorturen arduradunak. “Haurrek helduek baino askoz sormen handiagoa dutela frogatzeko aukera da”, dio Urbek. “Sarri helduok ulertzen ez ditugun asmoak dituzte haurrek”, gaineratu du Zubimendik. Erabilera jakin baterako sortu den materialak, edo helduok erabilera bat eta besterik ikusten ez diogun zerbait horrek, haurrentzat makina bat erabilera izan ditzake, igerilekurako sarrera edo dorre baten oinarri estrukturala. “Zer egingo genuke jada zaharkituta geratu den xurgagailuaren hodiarekin? Zakarretara bota”. Haurrek, baina, antena gisa erabili daitekeela ikusi eta praktikan jarri dute istant batean. Imajinazioari bide emanda. Helduok gara “mugak” ditugunak, “entxufe batek entxufatzeko bakarrik balio duela uste dugunak”.
Erronka izan da dimentsio batetik bestera salto egitea; ikasgela ezohiko materialez josi eta haurrak aske uztea; aske sentitu daitezela lortzea
Erroak italian dituen ekimena
Reggio Emilia hirian ditu erraiak Birsortu proiektuak, Italia iparraldean. Haurren pedagogian eredu izan dira bertako eskolak, batik bat 5 urte bitarteko haurrekin egindako lanarengatik, eta azken urteotan bereziki Lehen Hezkuntzako ikasleekin landutako proiektuengatik. Bertan abiatu zuten Birsortu proiektuaren oinarri izan den Remida ekimena, 1996an. “Sormenezko birziklapen zentro” gisa definitua, munduko beste hainbat txokotan jarri dute dagoeneko praktikan: Trondheim (Norvegia), Frankfurt (Alemania), Perth (Australia) eta Buenos Airesen (Argentina), besteak beste.
“Duela hamabi urte inguru Hik Hasi Euskal Heziketarako egitasmoa bidaiak antolatzen hasi zen Reggio Emiliara, hemengo hezitzaileok hara joan eta, astebetez-edo, proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genezan”, adierazi digu Urbek. Antzeko proiektu bat sortzeko ideia piztu zen Hik Hasiren barnean, “hezkuntza tradizionaletik harago, beste era batera lan egin nahi genuen hezitzaileoi tresna bat emateko”. Barne prozesu sakona ireki zuen orduan Hik Hasik, eta urte luzez ideia horrekin bueltaka ibili ondoren, iaz aukera paregabea suertatu zen proiektua abian jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak interesa azaldu eta Emaus Gizarte Fundazioak parte hartzeko prest zegoela iragarri zuenean.
Emausek rol inportantea du: enpresa gune handietan bilketa sare bat egitea, zakarretara joatekoa den materiala jasotzeko. Zaborretara bota beharrean, ordea, material hori zaindu eta egokitzeaz arduratzen dira Gipuzkoako Artisauak, horiek garbitu, sailkatu eta haurrei egokitzen. Ondoren, ikastetxeetara banatu eta ikastetxe bakoitzak erabakitzen du nola txertatu bere egiteko moduan.
Lehen aldiz materiala banatu zutenean, zailtasunak izan zituztela gogoratu dute bi irakasleek: “Hasiera batean lau ikastetxek hartu behar zuten parte, baina hamalauk eskatu genuen, eta denetara iristea erabaki zen; bakoitzari zer eta zenbat ematea zaila izan zen, ez baitzegoen sorta bera denontzat”. Sorta eskuratzeko biltegi bat ezartzea lortu dute aurten, eta horri esker, iaz Birsortun aritu ziren ikastetxeez gain, biltegia kokatzen den Leintz bailarako eskolek ere izango dute aukera material bila joateko.
Beste dimentsio batera, imajinatzera
“Material guztia gela bakarrean utzi genuen, eta beste bi gela moldatu genituen, bat antzerkirako espazio bilakatuta eta bestea margotzeko gune. Hala, goizetan zirkulazio librea dute hiru geletako haurrek, bakoitzak nahi duen tokira joateko aukera izan dezan nahi duena egitera”. Haurren dibertsio une horietan, gainontzeko ikasgaietan bezalatsu, behatzea dagokie irakasleei. “Ikasleak jolastu al duen behatzen dugu, ea zer eraiki edo irudikatu duen, zenbat denboraz, zer harreman izan duen beste ikaskideekin, ea Birsortu gunean aritzen den edo ez duen gustuko…”.
Gelaz gela mugitzeko askatasuna eta hiru gela horietako bakoitza modu batera atonduta egotea, haurrak imajinazioa lantzeko eta pentsatutakoa gauzatzeko funtsezko baliabideak dira. Sozializazio prozesuan lagungarria dela ere badio Urbek: “Leku horietan ematen diren harremanak bestelakoak dira; bakoitzak bere interesen arabera jokatzen du, eta egoerak bultzatuta, beste une batean elkartuko ez liratekeen bi haur elkartu daitezke, batek besteak nahi duen objektua nahi duelako adibidez. Orduan sortzen dira elkarrizketak, eztabaidak eta kasu askotan, baita liskarrak eta kasketak ere; emozio horiek kudeatzen ikasten du haurrak”.
Funtsean, Birsortuk harremanak egiteko beste modu batzuk ahalbidetzen ditu: “Emaitza ez da hain inportantea”, azaldu du Zubimendik, “jarduna eta jardun horren inguruan ematen diren gertaerak baizik”.
Urbek aitortu du irakasle guztien aldetik ahalegina eskatzen duen ariketa dela haurren dimentsiora gerturatzen jakitea, behatzerakoan: “Hasiera batean iruditu dakiguke ez direla ezertan ari, baina gure buruan bigarren eta hirugarren buelta bat beharrezkoak dira, eta haurrari galdetuz gero zertan ari den, atzetik dagoen istorio osoaz jabetuko gara”.
Helduon produktibitateaz ere mintzatu dira Urbe eta Zubimendi. “Agerikoarekin eta emaitzarekin” geratzen gara bizitzako eremu askotan, eta ez sortze prozesu horretan jazotako gertakariekin, ezta sortu edo eraiki bitarteko ilusioarekin ere. “Zotzez zulatu dute esponja handi bat, baina zer egin dute? Ilusio handiz sartu dituzte zotzak banan-banan, eurek baino ez dakiten zerbait irudikatzen ari direla”.
“Erronka izan da guretzat”, diote. Erronka, dimentsio batetik bestera salto egitea; ikasgela ezohiko materialez josi eta haurrak aske uztea; metro jakin batzuen barnean eta irakasleen begiradapean izanda ere, ikasleak aske sentitu daitezela lortzea. Sormena lantzeko aske, imajinazioari bide emanda.
JAI EREDUA ALDATZEKO ATARIAN
Ni, hi hura… ikastola mundura! lelopean, urriaren 6an egingo dute Gipuzkoako ikastolen jaia. Hirugarren aldia da Zarauzko ikastolak Kilometroak antolatzen duena, eta orain arteko moldean egiten den azkena izango da, hurrengo urtetik aurrera beste festa-eredu bat baitute helburu, Kontsumitzaile izatetik, parte-hartzaile izatera erreportajean kontatu genizuen bezala.
Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.
Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro... [+]
Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango... [+]
Infinitu irribarra egitasmoa aurkeztu dute aurtengo Kilometroak Ikastolen aldeko festaren berrikuntza gisa: irribarrez ateratako argazkiak webgunera igotzera animatu dituzte herritarrak, irribarreen mapa bat osatzeko. Ibarran ospatuko den jaiari atxikimendua emateaz gain,... [+]
Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du gaur eguerdian (urriak 4) Kilometroetako lekukoa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Zubimusu Ikastolako arduradunen eskuetatik. Gipuzkoako Ikastolen esku geratu da, beraz, 2021. urteko Kilometroak antolatzea... [+]
Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]
Ikastolen Elkartearen Kilometroak egitasmoak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dute beka hau lehen aldiz. 3.000 euroko diru-saria jasoko du hautatua izango den ikerlariak. Apirilaren 2 arte dago aurkezteko epea.
Kilometroak 2020 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak txikia jaia izango da, eta igandean egingo dute, eskualdea girotzen hasteko.
Urriaren 6an izan da Ikastolen Elkarteak Gipuzkoan antolatzen duen Kilometroak jaiaren azkena, bai behintzat orain arteko moduan. Hurrengo urtekoa, Amasa-Villabonakoa, txikiagoa izango da eta parte-hartzea sustatuko dute.
Antolatzaileak oso pozik agertu dira igandean Oñatin Kilometroak Jaiak eman duenarekin: "Egun biribila izan da, bikaina". Eta bertaratu diren guztiei eta eguna arrakastatsua izan zedin lan egin duten boluntario guztiei esker ona adierazi diete.
Ez zaio arrotza Kilometroen jaien prestaketa Oñatiko Txantxiku Ikastolari. 1989an egin zuten aurreneko aldiz, eta irailaren 24an bigarrenez hartuko du jaia herriak. Mende erdia bete du aurten ikastetxeak, eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan iritsi da urtemugara.
Kilometroak'16 ospatuko dute igandean Bergaran, Aranzadi ikastolaren eskutik, Demasa lelopean. Gipuzkoako ikastolen jaialdiak 40. edizioa izango du aurtengoa.