“Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria”

  • 1975eko irailak 27. Franco hilzorian, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua ordurako. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, Baena, García Sánz. Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia da Mikel. Begietara begira-begira zuela fusilatu zioten anaia Bartzelonako Cerdanyolan.

Mikel Paredes anaiaren hilobian. Fusilatu bezperan Txikik Che Guevararen poema baten bertsoa idatzi zuen: 
Mañana cuando yo muera / no me vengáis a llorar / Nunca estaré bajo tierra / soy viento de libertad. Argazkia: Zaldi Ero.
Mikel Paredes anaiaren hilobian. Fusilatu bezperan Txikik Che Guevararen poema baten bertsoa idatzi zuen: Mañana cuando yo muera / no me vengáis a llorar / Nunca estaré bajo tierra / soy viento de libertad. Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mikel Paredes Manot (Zalamea de la Serena, Extremadura, Espainia, 1952)

Julen Lekuonaren kantua iduri, gurasoak eta zazpi senideko familian, zaharrena izan zen Mikel. Ondoren etorri ziren Jon, Guadalupe, Diego, Isabel, Kepa eta Perdi anai-arrebak. Jon galdu zuten, Txiki, eta hezur-mamiraino markatu du horrek sendia, oro har, eta Mikel bera, oroz gain. Glencree ekimenaren bigarren aldian parte hartu zuen 2008an. Hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan izan da bere lekukotasuna eskaintzen. Hamaika neke eta pena, min eta arantza, berriz, nahiago ditu bere golkorako gorde.

Anaia nola fusilatu zizuten ikusi zenuen.

Bai. Niregandik hamar metrora zegoela. 23 urte nituen, eta 21 Jonek. Mukizu bat zen, esaterako. Hortxe ageri da argazkietan. Gazte, eta idealista, idealismoa baitzen garai hartan herri honetan geneukan gauzarik inportanteena, injustizia zaparradari kontra egiteko modu bakarra. Isilpeko borrokan hasten zen jendeak bazekien, kontziente zen, egun batean libre zela, baina biharamunean preso zitekeela. Jende mordoa lotu zitzaion borrokari, batzuen izenak agertu dira, beste batzuenak ez; batzuk atxilotu zituzten, beste batzuk ez, zorionez. Eta nik, orduan bezalaxe pentsatzen dut orain, herri honen alde saiatu behar dugula. Jakina, orain ez ditut 23 urte, 67 baizik, bizi-eskarmentua dut, jende asko ezagutu dut. Horietako batzuek, bere burua Superman-tzat daukate, edo aiatola balira bezala jokatzeko ohitura dute…

Jende mordoa lotu zitzaion borrokari. Tartean, Jon; tartean, zu zeu.

Era batera eta bestera borrokatu naiz garai hartatik hona. Inoiz ez dut ezer esan, Glencree arte [euskal gatazkaren bake prozesuan hainbat biktimek topaketak egin zituzten justizia, memoria eta elkarbizitza bultzatzeko]. Glencreen parte hartzeko eskatu zidatenean, zerbait egin behar zela pentsatu nuen, eta nahiz eta batzuek ez zuten begi onez ikusi nire parte-hartzea, parte hartu nuen. Zerbait egin beharra zegoela uste nuen, egiazko botererik ez dugulako, Gasteizko boterea ez delako Madrilek maileguan utzitakoa besterik: “Gaur eman, bihar kendu”. Gogotik saiatu behar dugu jendea geureganatzen, gehiengo handia osatzen, eta, gehiengoarekin, Madrilera joan eta esaten: “Egin guri kasu, edo ez ikustekoak ikusiko dituzue!”.

Katalanen modura, esan nahi duzu?

Katalanen modura, baina goxoago. Eta, beti, bortxarik gabe. Bortxa bidez ezinezkoa da. Askoz ere beldur handiagoa diot Estatuaren bortxari, Katalunian nahiz Euskal Herrian eratu litekeen ezein mugimendu bortxazkori baino, Estatua gai baita beste GAL bat, edo bi, muntatzeko, lehen egin zuen moduan, eta gainera, “zilegitasun” osoz. Zer zilegitasun, ordea? Guk ez dugu hitza besterik, zintzo agertu behar dugu Europaren aurrean, herri bezala aitor gaitzaten. Katalanek ere hortik jo beharko luketela uste dut.

Jon buru-belarri sartu zen borrokan, sartu zen ETAn. Eta zu? Anaia nagusia zinen.

Ni ez nintzen sartu.

“Ez zinen sartu”... Nola sartu zen Jon?

Giroak horretaratuta. Injustizia zen orduko justizia. Jonek, bere kuadrillan bertan zenbait jende zer edo zertan zebilela ikusi zuen, eta berak ere bide hartatik jotzea erabaki zuen. Herrian zenbait talde osatu zituzten, eta talde haiek zein bere aldetik zebiltzan, loturarik gabe. Talde bat erortzen zenean, hiruzpalau harrapatzen zituzten, ez beste inor. Horrelaxe hasi zen Jon. Egun batean, ezkutatu egin zen, eta handik urtebetera harrapatu zuten.

Nola jakin zenuten ezkutatu zela?

Guardia zibila Jonen bila etxera etorri zitzaigunean. “Non da zure semea?”, galdetu zioten gure amari. Eta ama harri-harri: “Kanpin egitera joan da”. Baita zera ere! 1974an, ETAk [Luis] Gómez Acebo [Pilar Borboikoaren senarra] bahitzeko asmoa hartu zuen gogoan, ordainetan Espainiako kartzeletako presoak aska zitzaten. Komandoak jo eta su zebiltzan. Hiruzpalau komando Bartzelonara joan ziren, zein bere aldetik orduan ere, eta halako batean hantxe harrapatu zuten Jon.

Urte hartan [1975] ekainean-edo, Altsasun egon nintzen berarekin. Esan zidan: “Mikel, Perpinyà aldera noak, ez nauk puska batean ikusiko. Kontatuko diat handik itzultzean”. Nik ez nion besterik galdetu, jakitea ere ez zen-eta komeni. Guardia zibilek, edo poliziek, galdekatuz gero, ez dakizuna ere kontatzen hasten zara. Perpinyà aldera zihoala, itzulian kontatuko zidala esan zidan, baina ez zen itzuli. Bartzelonan atxilotu zituztela irakurri genuen egunkarian. Astebete edo hamar egun eduki zuten. Gogotik torturatu zuten, ohi zutenez. Direnak eta ez direnak egin zizkioten, gainerako guzti-guztiei egin dietena, eta are amorru handiagoarekin Joni, ez zelako Euskal Herrian bertan jaioa, migratzaileen semea zelako. Horixe esan zidaten guardia zibilek Pirinioetan atxilotu nindutenean.

Argazkia: Zaldi Ero.

Noiz atxilotu zintuzten?

Jon fusilatu eta hilabetera edo. Anaia fusilatu zidatenean, Bartzelonatik Zarautza etorri bai, baina ez nintzen etxera sartu. Badaezpada ere. Lagun batzuen etxean hartu nuen aterpe. Hilabete egin nuen haiekin. Halako batean, mendira nindoala esan nien, Tolosako Oargi mendizale elkartearen irtenaldia zen, Pirinioetara. Autobusean joan ginen. Jacatik gora, gelditu, autobusetik jaitsi eta oinez abiatu ginen mendian gora, eta orduan, guardia zibilak! Tiroka airera, gu denok geldiarazteko. Lurrean etzanarazi gintuzten. Identifikazioak eskatu, eta lau, atxilo hartu gintuzten. Poliziak fitxatuta ginduzkanak, nonbait. Ez nituen beste hirurak ezagutzen. Badakit, hala ere, haietako bat gor utzi zuten, kolpeka. Niri dagokidanez, guardia zibilek Jacatik Iruñera ekarri ninduten. Furgoian, betikoa: irainka eta joka eraso zidaten, anaiaren kontra gaizki esaka eta hau eta hura. Jon fusilatu eta hilabetera, baina haren kontra, hala ere. Eta niri, berriz, egurra. Haiek zartakoak! Iruñean, poliziaren esku utzi ninduten, eta Donostiara.

Donostiara, nora?

Gobernu zibilera. Gela txiki bat zen, kez betea. Haiek biribilean, eta ni batetik bestera bultzatzen nindutela, zartakoka. Halako batean, irten egin ziren gelatik, armairu baten gainean, bistara, pistola bat utzita. Ikusi nuen, ikusi nuenez. Ez dakit zer asmo zuten, nik arma hura hartzea-edo, nik arma eskuan nuela ni bertan akabatzeko-edo. Ordu erdiro, ziegatik gora, lixiba jo, eta behera. Lau egun eduki ninduten preso. Eta, gero, libre utzi ninduten. Urte hartako urrian agertu zen albistea Cambio 16 aldizkarian. Libre utzi ninduten, baina ez nintzen etxera itzuli. Donostia aldean gelditu nintzen.

Jon atxilotu eta gero, zer pauso eman zenituzten?

1975eko uztailaren amaieran atxilotu zuten. Lehenbizi, ohiko epaiketa egin behar ziotela esan zuten, banku lapurretaz akusatuta. Polizia baten hilketaren egile ere bera izan zela esan zuten, baina ez zen gauza argia. Garai bertsuan, beste bi polizia ere hil zituzten, Bartzelonan bata, Madrilen bestea, eta ohiko epaiketa zena, sumarisimo bihurtu zuten, gerra kontseilua, bai ETA eta bai FRAP egurrean zebiltzalako. Hainbat militante atxilotu zituzten, epaiketa gisakoak egin zituzten, eta batzuen eta besteen artean, hamaika heriotza zigor eman zituzten epaileek. Europan jendeak kontra egin zion horri, protesta gogorrak izan ziren han eta hemen, eta azkenean, bost heriotza zigor erabaki zituzten. Tartean, Jonena. Diotenez, ez zelako Euskal Herrian jaioa, eta estatuan gainerako herrialdeetako kideak izutzeko asmotan. Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria. Horrexegatik joan ziren Amerikara eta txikitu zituzten herri guztiak.

Marc Palmes eta Magda Oranich izan zenituzten abokatu.

Juan Mari Bandresek eta Miguel Castellsek egin ziguten bide hori. Esku bete lan zeukaten gainerako akusatuak defendatzen, eta Marcek eta Magdak hartu zuten Jonen defentsa Bartzelonan. Gogo onez, gainera. Gazte ziren eta oso gure aldekoak. Ama eta izeba Paulina Bartzelonara joan ziren eta han Pons Llovet familiaren etxean ostatatu ziren. Haien seme Josep Lluisek Segoviako ihesean parte hartu zuen. Ikaragarri lagundu zigun Pons Llovet familiak, ikaragarri. Jon hil eta gero ere, haien hobian sartuta eduki zuten gure anaiaren hilkutxa, iparraldeko hilerrian, ekartzea lortu genuen arte.

Ama epaiketan egon zen.

Bai, pantomima hutsa. Orduan ere ikusi zuen Jon.

Goian, omenaldia Txiki eta Otaegiri Andoainen, 1978ko irailaren 9an.
Behean, Donostian urte berean, manifestazioa Txiki eta Otaegi omentzeko. Argazkia: Argia Artxiboa.

Tortura zantzuak ikusi zizkiola zioen zuen amak, muxu ematera hurreratu eta ubelduak ikusi zizkiola.

Bai. Epaiketa eguneko kontua da hori. Denetarik egin zioten Joni: bainuontzia, zintzilik eduki zuten, era guztietako kolpeak jo, betiko mehatxuak egin… Ama eta izeba epaiketan egon ziren, eta gero itzuli egin ziren Zarautzera. Haiek etorri, eta ni joan nintzen, zer edo zertan saiatzera, justizia eske, injustiziaren erresuman. Epaia emanda zegoen, ez zen atzera itzulerarik. Jonek berak esan zidan gau-kaperan: “Hauek ez dute etsiko”. Beste gauza bat ere esan zidan gau-kaperan, torturaren kontura: “Zernahi esanarazi didate, baina ez dut lagunik salatu!”.  

Nor eta nor zineten gau-kaperan?

Marc [Palmes], Magda [Oranich], Coronado kapitaina, zeina baitzen armadaren ofizioko abokatua, zenbait funtzionario, eta besteren bat. Bukaerarik gabeko gaua izan zedin nahiko nukeen, baina arin igaro zen. Kontu kontari eman genuen gaua, txorakeriak esaten, ondoren zetorrena saihestu nahian bezala. Horretan ari ginen arren, nik ezin nuen egunsentia burutik kendu. Aldiz, Jon bera lasai zegoen. Ez dakit heriotzaz jabetzen zen, ez dakit neu ere jabetuko ote nintzatekeen, edo ez dakit besterik gabe benetan jabetuta zegoen eta aurrera egiteko prest zegoen. Ez dakit.

Eguna argitu zuen.

Eta Modelo kartzelatik irten ginen, Diagonaletik barrena, guardia zibilez eta poliziaz inguratuta. Izugarria. Katalanak berak ere izutu nahi zituztela uste dut. Handik bost kilometrora, Cerdanyola, hantxe hilerria, eta hantxe basoa, Espainiako armadarena, nonbait. Tarte batean basoa xahutu, zabaldu txiki bat egin eta, hantxe erdian jarri zuten Jon. Gurutze Gorriaren anbulantzia ere han zen, kartzelako furgoiarekin batera. Dena prest izan zutenean, igo ginen zabaldu hartara abokatuak, ni neu… Hantxe zegoen Jon, lotuta. Ikusi ninduen orduko, Eusko gudariak kantatzen hasi zen. Inguruko basoan, berriz, oihuak aditzen ziren: “Txikiiiii….!!! Txikiiiiii...!!! Gora Euskadiiiii!!!”… Baina fusilatu zuten. Eta abokatuek heldu ez banindute, guardietako bati fusila kendu eta tiroka erasoko niekeen. Zakur seme haietako bat hasi zen esanez: “Honek ez dik tiro gehiago tiratuko!”.

Bartzelonako militante jendea oihuka basoan.

Bai. Jakina, kontrol mordoa jarri zituzten, alderdi hartara sartzea galarazi zieten, baina haien oihuak heldu zitzaizkigun. Gero, kontrolak gainditu eta hilerriraino sartu zen jende hura. Han, azken agurra eman nahi izan genion Joni, eta hilkutxa zabaldu genuen. Orduantxe atera zuen Marcek [Palmes] Jonen argazkia, gorpu zela, kamera txiki batekin. Baten batek ikusi-edo, eta irteeran poliziak kendu egin zion kamera Marci, baina ordurako gordea zeukan barruko erroilua. Jende emana hilerrian. Eta arratsaldean berdin. Hileta-meza egin zuten, eta gero, protesta gogorra. Oso oroitzapen ona daukat katalanena, eta berdin zait zein zen haien bandera, injustiziaren aurrean ez baitago alde bateko edo besteko banderarik.

Jon fusilatzen zutela ikusi zenuen. Zertan da trauma?

Hortxe. Nekez gainditzen da. Inoiz ez dago ahazterik. Ez geunden gerran, ezta? Eta, aldiz, gerran bageunde bezala hil zuten Jon… Horrek zer pentsa ematen dizu: horretarako gauza baldin badira, zer ez ote dute egingo hurrengo batean? Oraintxe, hamar urte daramatza isilik ETAk, eta hala ere, ez digute bakean uzten: benetako erabakiak hartzen, geure buruak benetan gobernatzen ez digute uzten.

Zenbateraino markatzen du horrek denak?

Erabat. Markatzen zaitu bizian, markatzen zaitu lanean, markatzen zaitu denean… Udaltzain izan nintzen, eta nire herriaren alde saiatu nintzen beti. Batzuek, zenbait aiatolak, ez zuten ulertu ni garai hartan udaltzain sartzea, zein izan ziren nire arrazoiak. Eta, aldiz, udaltzain jantzita ere guardia zibilen kuartelean atxilotuta egotea ere gertatu zait, sasoi latz haietan manifestazio bat babesteagatik. Orain ez, orain nahitaez joan behar dute udaltzainek manifestazioak babesten.

Zertan zenuten antza Jonek eta zuk?

Ni bera baino bi urte zaharragoa nintzen, bera baino serioagoa, hura ni baino beroagoa zen. Nabarmena zen. Errieta egiten nion: “Jon, erori egingo haiz, harrapatu egingo haute, ez duk segundoa ere iraungo!”. Eta ez zuen segundorik iraun. Ez zidan kasurik egin. Baina, tira, beharbada horri esker nago ni oraindik hemen.

Hainbestean, gauza asko kontatu dizkiguzu, Mikel. Baina zenbat gorde dizkiguzu?

Askoz gehiago… 

1977ko irailaren 27an Txikiren gorpua
panteoi berrira aldatu zuten. Argazkia: Argia Artxiboa.

 

Guardia zibilak

“Behin baino gehiagotan joan behar izan dut Zarauzko guardia zibilen kuartelera, udaltzain lanak horretaratuta. Tartean, jende ‘normalarekin’ tratatu dut han. Beste batzuetan, euskaldunoi eta euskal den edozeri amorrua dieten guardia zibilekin. Horiek ez ditut hemen nahi, ez guardia zibiletan, ez gainerako polizietan ere”.
 

Kontatu

“Gazteek ez dakite gertatu zaiguna. Ikastetxe eta unibertsitateetara joan ohi naiz, gure historia kontatzera, Jonena eta gurea. Eta gazteak negar malkotan, hantxe, nire aurre-aurrean. Eta beti esaten diet: ‘Egin gure herriaren alde, baina bortxarik gabe. Erabili burua, herri honetan argiak gara-eta. Erabili burua, osatu gehiengoak, gauzatu gure asmoak’. Inportantea da historia kontatzea, historia bat bera, nork bere ikuspegitik”.
 

Azken hitza: Hilarria

“Eta behar dudan
denbora baino lehen
hiltzen banaute
nere hortzetan itzaliko den azken antzia
beste batenetan
loratuko den
lehen irria
izango da.”

(Joxean Artzeren ‘Nahiz eta heriotza’ poema zatia, Jon Paredes Manoten hilarrian)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1975eko fusilatzeak
Miguel Castells: «Ahal nuen guztia eta gehiago eman dut errepresioaren kontrako abokatu lanean»
Miguel Castells Artetxek 1956tik gaur arte abokatu lan asko eta ezberdinak egin dituen arren, gure gatazka politikoaren auzietan lortu du fama. Horietako batzuen arrastoa berak edo bera tartean zela idatzitako liburuetatik segi dezakegu. El proceso de Euskadi en Burgos -Pako... [+]

2021-07-20 |
FRANCOREN AZKENA
Frankismoaren azken urteetako gizartean eta kulturan gertatutakoaren kronika egiteko, 1973tik 1975era ZERUKO ARGIAn argitaratutako testu esanguratsuenak bildu ditu Pilar Iparragirrek, "Franco hil da" liburuan.

Liburuak, ARGIAk iaz hasitako ildoari jarraipena ematen dio. "Hitzak"... [+]


María Victoria Sánchez-Bravo
“Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik”

María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla... [+]


August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


2016-09-27 | Uztarria
Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi"... [+]


Mertxe Urtuzaga Otaegi
"Pentsatzen ez genuena etorri zen: biktima aitortu zuten Anjel"

Kanposantuko nuarbeko aldapan gora / Orduan haurrak zirenak / Zazpi pinuak zain dauzkate / Kanposantuan ateak beti zabalik nuarbek. Poema gidari hartu eta abiatu gara kanposantuko Nuarbeko aldapan gora, orduan haurra zen Mertxe lagun harturik. Poetak ez dio gezurrik: kanposantuan... [+]


2015-09-23 | Juan Mari Arregi
1975eko fusilatzeak
Prentsa klandestinoa elkartasun sortzaile

1975eko salbuespen egoerari eta frankismoaren blokeo informatiboari aurre egiteko sortu genuen "Noticias del País Vasco durante el estado de excepción" buletina. Zenbaki bakoitzetik 50.000 ale banatu ziren isilpean eta eskuz esku, Euskal Herrian, ... [+]


1975. urtea
Hiltamuaren kronika

40 urteko diktaduraren ondoren Francok azken hatsa eman zuen 1975ean. Urte sinbolikoa izan zen inondik ere, frankismoaren aparatuen (polizia, oligarkia, justizia...) eta jendartearen arteko hortik aurrerako pultsuak zedarritu zituelako 1978an ernalduko zen erregimen... [+]


Antonia Manot
"Semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan hemen"

1975eko irailak 27. Franco azkenetan, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena, Garcia Sanz. Txikiren ama da Antonia Manot. Zalamea de la Serenatik Zarautza, Bartzelonatik barrena…


2007-02-21 | Mikel Asurmendi
TXIKI ETA OTAEGI
1975EKO IRAILAK 27: HERRI HONEN IRAGAN HURBILA
1975eko irailaren 27a egun gogoangarria da Euskal Herriaren eta borrokalarien historian. Franco diktadoreak ETAko Juan Paredes "Txiki", Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez, Jose Humberto Baena eta Ramon Garcia Sanz militanteak fusilatu zituen.

Eguneraketa berriak daude