Jaka Horien (Gilets Jaunes, frantsesez) mugimendua 2018ko urrian abiatu zen eta urtebete beranduago bizirik dirau. Ekarri dituenen eta huts egindakoen balantzea egiteko goizegi ote da? Itsasoaren beste aldetik, Ingalaterratik, Simon Fairlie saiatu da eta LARRUNerako euskaratu dugun End of the Month, End of the World argitaratu du, gaiaz dokumentatu eta Frantziatik Jaka Horiak ezagutzeko aste batzuetako ibilaldia egin ostean. Jaka Horiak britainiarrei ingeles batek azalduta… ikuspegi interesgarria gerta daiteke Argia nagusiki Espainiako NAN daukaten irakurleek darabiltela kontuan hartuta.
Matxinada eta herri mugimendu frantsesez lehendik ere idatzia du: May 1968 in the Countryside (1968ko maiatza landa eremuan). Fairlie abeltzain eta kazetaria ARGIAren Gakoak-en orrietara ekarri dugu berrikitan (Jasangarria eta etikoa al da haragia jatea?) begano/ez-begano eztabaidaren kontura: abeltzaintza txikia ingurumenaren mesedegarri dela argudiatuz plazaratu berri du Meat: A Benign Extravagance (Okela, kalterik gabeko gutizia) liburua.
Unibertsitatea bukatuta lan egin ostean nekazaritza, artzaintza, hargintza eta beste hainbat lanbidetan, The Ecologist aldizkari mitikoaren zuzendari izan zen 1990etik 1994ra artean. Hura utzi eta geroztik Dorset eskualdeko agroekologiazko etxalde kolektibo batean ari da: behi eta txerriak hazi eta segako ikastaroak eman eta segak saltzen ditu, ingurumenaren eta nekazaritzaren aldeko komunikazio eta mugimenduak utzi barik. The Land Magazine aldizkari txiki baina erreferentziala kudeatzen du eta hirietatik landa eremura ihes egin nahi eta baliabide gutxi dutenei aholku ematen dien Chapter 7 elkartea sustatzen du.
Jaka Horiekin lehenbiziko aldiz topo egin nuen Bedarieux herri industrial txikiaren saihesbidearen rotonda batean, Languedoc eskualdeko baserri eremuan. Aste pare bat neraman Frantzian, asko irakurria nintzen haietaz, autoaren leihoan barrena beren esku-orriak emanak zizkidaten, beren hi-vis txalekoak [high visibility, urrundik ikusteko modukoak, islatzaileak] ikusita neuzkan autoen aginte-mahaietan baina ordura arte egon gabe nengoen haiekin aurrez aurre. Gune hartan mordoxka bat zegoen, pankarta eta afixaz beteta, Frantziako bandera tricolore-az gain; Acte XV [XV. ekitaldia] zen, mobilizaziozko 15.a.
Autoa aparkatu eta solasera hurbildu nintzaien. 20 bat egongo ziren asto gaineko mahai luze baten inguruan ardoa edanez, lukainka sorta bat erretzen jarrita parrilan eta umore onean. Galdetu nien zertaz ari ziren protesta egiten: beren kexu nagusia zen bizimoduaren garestitzea, zenbat kostatzen zitzaien iristea hilabete bukaerara, fin de mois-era. “On crève de faim” (Goseak akabatzen gaude) esan zuen ile bakan gominadunak atzeraka orraztutako gizon batek, nahiz eta bestelako itxura ematen zuten parrilako lukainkek eta 1,50 euroko ardoa erruz egoteak. Beste gizon bat, kalpar tenteak eta bibotea zeuzkana, ohartu zen exagerazio horrek ez zuela askorik laguntzen eta azaldu zuen gutxieneko soldata irabaziz gero, 1.200 euro baino gutxiago, eta horri 400 kendu etxebizitzaren alokairutarako… horrek ez zuela ematen gaur eguneko bizimoduak eskatzen dituen gauzak ordaintzeko. Politikariek, korporazioek eta akziodunek beren sakeletara eramaten dituztela etekinak eta bitartean Emmanuel Macron lehendakariak are gehiago murrizten dizkiela zergak eliteko jendeei.
Bizimoduaren garestitzearen kezkak kontsentsua egiten du Jaka Horien artean. Baina bi gizonekin solasean jarraitu arau, beren arteko ezberdintasun ideologikoak azaleratu ziren, gehiago nabarmendu zirenak energia berriztagarrien gaian. Gominadunak zioen denetarako eguzki plakak erabiltzekotan horretarako beharko litzatekeela “Frantziaren azalera osoa eta ez genuke janaririk ekoizteko lurrik edukiko”. Biboteduna ez zegoen ados, bere herrian badauzkate eguzki plakak, gauza ez oso zabaldua Frantzian, zeinetan energia nuklearra baita errege. Iruditu zitzaidan gominaduna ziurrenik Marine Le Penen eskuin-muturreko Rassemblement Nationalen aldekoa izan zitekeela eta, aldiz, bibotedunak botoa eman ahal izan ziola Jeann-Luc Melenchoni, [Britainia Handiko] Jeremy Corbynen baliokide izan daitekeena Frantzian.
Arrakala hori bera aurkitu nuen elkarrizketatu nituen bai Jaka Hori talde ezberdinen artean eta bai talde bakoitzaren barnean. Decazeville herrian, Aveyron eskualdean antzina burdingintzan ari zen herri gaur herdoilduan, Jaka Hori talde bati galdetu nion ea ezkerrekoak ala eskuinekoak ziren. “Ez daukagu joera politikorik” erantzun zidaten; baina gero haietako bi gaizki esaka hasi ziren etorkinez, nola hondatzen zituzten dohainik eskaintzen zitzaizkien etxebizitzak: “Hainbeste maite baldin badituzue ingelesek, zergatik ez dituzue eramaten gureak?”.
Errepidean hogeita bi kilometro aurrera eginda hurrengo herrian, Capdenac, galdera bera egin nion beste talde bati eta erantzun ezberdina eman zidaten: “Hemen denok gara ezkertiarrak”, esan zidan emakume batek. “Gaur arratsaldean klimaren aldeko mobilizazio batera joango gara Figeacera”. CGT (Confederation General du Travail) sindikatu ezkertiarraren esku-orri bat eman zidan.
Salbuespena da, ordea, hautu politikoa hain gardenki azaltzea. Jaka Horien mugimendua bere osotasunean zail da sailkatzen ezker eta eskuineko ardatz tradizionaletan. Bere izaera aldakorrak batetik eta espero baino iraunkortasun handiagoak eztabaida nazional handi bat eragin dute eta badira hor irakaspenak Britainia Handiarentzako baliagarriak.
Hori kolorea ikono bilakatuta
Mugimendua abiatu zen Parisko gobernuak –klimaren aldaketaren kontrako ‘trantsizio ekologiko’ estrategiaren baitan– ezarritako gasolinaren eta gasolioaren zerga berrien kontrako ekintza egun nazional batetik. Deia zabaldu zuen Eric Drouet kamioilariari bururatu zitzaion jendeari eskatzea bere atxikimendua erakutsi zezala [istripuetan erabili beharreko] jaka horia nork bere autoaren aginte-mahaian. Alde batetik, txofer guztiek bazeukaten bana, Frantziako errepideetan ibiltzeko autoan eramatea derrigorrezkoa delako; baina errazten dute ere manifestazioetan eta argazkietan nabarmentzea eta, gainera, zuk nahi duzun eslogana errotuladore batez idatzita eraman dezakezu bizkar aldean.
Itsasoaren alde honetatik [Britainia Handitik] begiratuta ez dirudi oso hautu burutsua. Aktibista britainiarrentzako, jaka horiok dira etsaiaren uniformea edo, zehazkiago, segurtasun goardena. Hemen “Asteazken Horia” izenez ezaguna da 1992tik Twyford Downeko kanpalekuaren bortxazko sakabanaketa, hura ere Droueten deialdiak eragindakoa bezala nazio mailako mugimendu batek antolatua, autopista berrien eraikuntzaren aurkako ekintza zuzenezko kanpaina arrakastatsu hartan. Bestalde, nork hautatuko luke bere uniformetzat PVC-zko jaka bezalako gauza itsusi eta anti-ekologikoa? Laster iritsiko zen erantzuna [Britainia Handian]: UKIPen [alderdi ultraeskuindarra] jarraitzaileek atxikimendua erakutsi zietenean beren agerraldietan.
Horrez gain, jaka horien mobilizazioek antzekotasun harrigarri bat zeukaten kamioilariek eta baserritarrek (orduan esan zenez, erregai konpainien adostasun aitortu gabearekin) 2000.ean Britainia Handiko birfindegiei antolatutako blokatzeekiko. Hauen helburua zen agintariek kentzea “Fuel Duty Escalator” legea, erregaiei urtero inflazio tasa gehi %3ko zerga beroketa globalari aurre egiteko 1993an, gobernu kontserbadoreak ebatzitako gauza on bakarretakoa. Tony Blair lehen ministroa, bi urte beranduago Irakera tropak petrolio konpainia britainiarren interesak babestera bidaliko zituen hura bera, ez zegoen prest etxean erregaien hornidura arriskatzeko eta laster eman zien amore protestalariei.
Macronek Frantzian ezarritako tasa urte batzuk lehenago britainiarrek ezarritakoen oso antzekoa zen eta Macronek berak Blairrek bezain arin egin zuen atzera herritarren protesten aurrean. Alabaina, Macronek zerga ezabatu arren abenduaren 1eko manifestazio bortitzen ondoren, protestalari frantsesak ez ziren etxera itzuli. Ez ziren kamioilari eta nekazariak, baizik eta jende arruntez osatutako multzo nahasi bat, erabili zutenak erregaien zergen kontrako protestaren aukera presio egiteko beste eskakizun askoren inguruan. Haserre zeuden Macronek murriztu zizkielako zergak mega-aberatsei eta haserre zeuden herritar xehearekiko zeukan jokabide harroputzagatik: “Hutsaren hurrengoa diren jendeok” deitu zien behin. Irailean Macronek egin zuen beste hanka-sartze bat oroitarazi ziguna Norman Tebbit politikari kontserbadoreak 1981ean egindako ‘On your bike’ famatua [langabetuei gomendatzen zien gutxiago kexatu eta bizikleta hartzeko: “1930eko hamarkadan haur nintzenean gure aita langabezian zen, baina ez zen joan liskarrak antolatzera, hartu bizikleta eta lan bila ibili zen aurkitu zuen arte”. Itzultzailearen Oharra]: nekazari gazte bati gomendatu zion lana nahi bazuen aski zuela “errepidea zeharkatzea” lana aurkitzeko. Emakumeak erantzun zion berak “mendiak gainditu” behar izaten dituela lan bila.
Ez da kasualitatea erregaien zergen gaiak hain azkar piztu izana protesta bat zeinaren ikonografia hain sakon txertatua dagoen automobilaren kulturan. Hasieran mugimenduaren berri Internetez zabaldu zen, baina benetan bere irudia gorpuztu zen autoen aginte-mahaian ipinitako jaka horian: autorik ez bazenu ez zenuke aginte-mahairik edukiko eta ziurrenik jaka horirik ere ez. Protestaren eremua ez zegoen fabrikan edo unibertsitatean, ez udaletxe atarian eta ezta norbere auzoan ere: zegoen herrien ingurabideetako rotondetan –non kotxezaleak besterik ez diren ikusten–, eta batzuetan autobideetako bide-sari guneetan eta gasolindegietan. Erregaiei zergak kentzeaz gain, hasierako eskarien artean zeuden autobideetako bide-sarien ezabatzea edo berrikitan errepideetako gehieneko abiadura orduko 90 km-etatik 80 km-etara jaisten zuen arauarena.
Azken hilabeteotan asko aipatu da protestan konprometitutako jendea gizartearen periferiakoa dela, hitzaren esanahi geografikoan bezala soziologikoan1. Mugimenduan ez dabiltza urbanita aberatsak, bobo jendea [bobo: bourgeois-boheme kontzeptuaren laburpena. Camille Peugny soziologoak honela definitzen du: “Diru sarrera izugarriak ez baina onak dauzkan pertsona, gehienbat unibertsitate titulua duena, kulturazko baliabideak erabili eta botoa ezkerrari ematen diona”. Itzultzailearen oharra] jendea, intelektual ezkertiarrak edo ikasleak; ezta ere baserritarrak, hauek izatekotan barrikadetara joko zuten eta. Bedarieuxeko Jaka Horiek esan zidaten beren artean ez zegoela laborari bakar bat ere: “Ez gara haiek eta gu nahasten”. Ez zeuden ere metropolietako bazter-auzuneetako (banlieu-etako) beheko klaseko etorkin txiroak, 2005eko txikizioetan parte hartu zutenak. Hiriko matxinadetan ibilitako batek esan zionez Liberation egunkariari: “Zergatik lagundu behar diegu, beraiek guri inoiz lagundu ez badigute?”2.
Frantzia, “Grand Pays Automobil”
Ezaugarri amankomun bat baldin badaukate, Jaka Hori jendea gehienbat bizi da lehen hirien alboko herri txikiak ziren eta gaur lotarako auzo bihurtu diren guneetan, edo lehen jarduera komertzial edo industriala zeukaten eta ekonomiaren globalizazioak bazterrean utzi dituen herrietan. Basamortu horietan, lanpostu baten bila lehiatzeak sarritan dakar bide luzez mugitu beharra; eta noizbait hiriak erdigune bat eduki baldin bazuen, suntsitu egin diote3. Frantziak Europako beste edozein herrialdek baino goizago eta alaiago hartu zuen beretzat AEBetako politika, hemen grandes surfaces (azalera handiak) deitzen dituzten komertzioak herrien kanpoko aldeetan kokatzekoa. Hiri planeamendua irakasten duen irakasle frantses batek idatzi du:
“Hau ez da kasualitatez gertatu, ez zen saihestezina. Peri-urbanizazioa gogor bultzatu zuten 1980 eta 1990ko hamarkadetan… nola edo hala beren udalerriak garatzen ikusi nahi zituzten auzapez presatuek, nahiz eta horrek ekarri herrien kanpoko aldeetan sakabanatzea bakarkako etxeak, komertzio azalera handiak eta zerbitzu publikoak. Garapen barreiatu hau, Europako beste inon baino eskala handiagoan egin zena, sustatu zuten hirigintza garatzeko gobenuak emandako pizgarri fiskal ugariek”4.
Bedarieuxeko komertzial gunean saltokien kasik erdia hutsik dago. Erosketak egiteko leku guztiak, herriko okindegi handiena barne, hiritik kanpo daude kokatuta eta jendeak nahi eta nahi ez autoa behar du haietara iristeko, berdin Fernand Leger artistaren izena daraman lizeo modernistara. Hurbilen daukan hiriak, Beziers, harrokeriaz erakusten ditu bere kanpoko aldeko bi komertzial gune erraldoiak, eta bitartean bere erdi guneko alde zaharra erabat abandonatuta dago eta bertan erosketak egin nahi izateak negargura eragiten du.
Gilet Jaune jendearen fenomenoak hein batean adierazten du kotxearen kulturak bere promesak betetzerakoan huts egiteak eragindako etsipena. Macron lehendakariaren hitzetan Frantzia da “grand pays automobil”. Frantziako errepide sarea Britainia Handikoaren hiru halako da, nahiz eta herrialdearen azalera bi halako izan. 11.612 kilometro autopista dauzkate, horietako asko konpainia pribatuek ordain-sariz kudeatuak, eta gehienak 1994a baino geroago eraikiak: urte hartan erabaki zuen Britainia Handiak ez gehitzea gehiago 3.500 kilometrotara iristen ez den bere autopista sareari. Hala ere, Frantzian herritarren arteko bataz besteko auto jabetza britainiarrena baino %9 gehiago bakarrik da eta frantsesek soilik %9 kilometro gehiago bidaiatzen dituzte autoz britainiarrek baino.
Beste hitzekin esanda, frantziarrek ez dituzte erabiltzen azpiegitura horiek ahalko luketen bezain sarri, eta badirudi hori hala dela pagatzeko adina irabazten ez dutelako. Le Figaro5 egunkariak plazaratu zuenez, 2016an Frantzian herritar bakoitzak urtean 6.000 euro gastatu zituen bere automobilean, hau da, gutxieneko soldata diren 13.836,5 euroen %43. Ezin harritu, beraz, periferietan bizi diren jendeak kexu baldin badira erregaien prezioagatik. Frantziako gobernuek errepide eraikitzaileei eta azalera handietako korporazioei baimendu diete AEBetako ereduko azpiegiturak eraikitzea bazter guztietan, baina horiek gehiengoarentzako eskuragarriak lirateke soilik erregaiak AEBetan bezain merke baleude.
Jaka Horiak arazo horretaz ohartzen direla ikus daiteke beren idatzietan. Beren eskakizunen artean, denetara 42 osatzen dituen zerrendan, zazpik zerikusia daukate garraioarekin (hona hemen zerrendan agertzen diren ordenan):
- Herri txikietako eta herrien erdiguneetako enpresa txikiak sustatzea: gelditu hirien inguruneetan komertzial gune handien eraikitzea, dendari txikiak merkatutik kanpo gera ez daitezen.
- Kendu gasolinaren eta gasolioaren gaineko zergak.
- Gelditu industrien deslokalizazioa, eta babestu bertako ezagutza eta lanpostuak.
- Kendu CICE (enpresen etekinen gaineko zerga) eta inbertitu dirua Frantzian hidrogenoan oinarritutako auto industria abian jartzeko.
- Gelditu garraiabide publiko, posta bulego, eskola eta maternitate ospitaleen itxierak.
- Trenbidezko merkantzien garraioa lehenetsi.
- Zergak ezarri itsas-ontzien eta hegazkinen erregaiei.
Hedabideek jokatu duten papera
Jaka Horien matxinada teknologiaren batekin lotzen baldin bada ez da autoarekin, sare sozialekin baino. Zenbait adituk mugimenduak herritarren artean eduki duen arrakasta egotzi diote Facebook eta Twitterrek eskaintzen duten komunikazio arinari, Facebooken algoritmoen ‘filter bubble’ (iragazki burbuila) eraginari, edo are Errusiako hackerren esku-hartzeari.6 Ez da harritzekoa plataforma horiek jendeak ohartarazi eta koordinatzen egindako papera, zeren eta sare sozialak gaur egun askorentzako lehen komunikazio tresna baitira. Baina lehenagoko matxinadak ez ditugu sailkatzen erabili izan dituzten hedabide nagusien arabera –izan ahoz-ahokoa, prentsa idatzia, telefonoa edo emaila– eta beraz zalantzan jarri behar dugu oraingoa sare sozialei egoztea. Matxinada ez balitz internetetik harantz zabaldu, seguru eragin txikia edukiko zuela.
Edonola ere, protesten antolakuntzak berekin zekarren sare sozialen, hedabide nagusien eta kalearen arteko elkarrizketa, eta hau katalizatu zuen lekuko egunkari batek. Maiatzean Priscillia Ludoskyk abiatu zuen erregaien zergen igoeraren kontrako on-line sinadura bilketa bat. Bost hilabetetan ez zuen askorik lortu, 700 sinadura baizik ez. Baina orduan La Republique de Seine-et-Marne egunkariak tarte bat egin zion, artikulu batean aipatu urriaren 12an eta hau irakurri zuen inguru hartan kamioi baten txoferra zen Eric Droueten emazteak. Drouet harremanetan jarri zen Ludoskyrekin, honen sinadura bilketa jarri zuen bere Facebook orrian, azaroaren 17an mobilizatzeko deia zabaldu zuen eta gaia une horretan bilakatu zen birala.
Astebeteren buruan 100.000 sinaduretara iritsi zen. Urriaren 21ean Le Parisien egunkariak kronika eskaini zion mugimenduari eta laster beste prentsak ere berdin egin zuen. Hurrengo astebururako, Droueten arabera, azaroaren 17an mobilizatzera konprometitutako jendeak igo ziren 13.000tik 93.000ra. Urriaren 24an Drouetek interneten ipini zuen protestarekin adostasuna adierazteko Jaka Horiak erabiltzeko ideia bikaina eta egun gutxiren buruan karriketan hasi ziren ikusten autoen aginte-mahaietan. Urriaren amaierarako Drouet famatua egina zen, zazpi minutuko elkarrizketa egin zioten Frantzian albiste kate ikusiena den BFM telebistan.
Mainstream hedabideek lagundu zuten, duda barik, handitzen hasierako protestaldietako partaide kopurua (287.000 azaroaren 17an, gobernuaren arabera). Baina prentsaren ohiko jokabidea da ere bozeramaileak aurkeztu eta liderrak sortzea: ondoko asteetan egunkarietan bezala telebistan hainbat ustezko lider azaldu ziren, hasi Ingrid Levavasseur moderatuagandik eta Maxime Nicolle eta Christophe Chalençon bezalako eskuindar gogorretarainoko abanikoa osatuz7. Kazetari batzuk saiatu ziren Drouet aurkezten eskuin gogorreko gizontzat –hein batean ematen zuen itxura hori– baina baldin eta Marine Le Penen jarraitzailea bazen oso ondo disimulatzen zuen, ukatuz esatea noren alde bozkatu zuen presidentetarako hauteskundeetan, horrek garrantziarik ez zuela eta.
Alderdi politiko ezberdinek, oharturik mobilizazioek atzean uzten ari zituztela, bat egin zuten Jaka Horiekin hainbat modutan. Marine Le Penek jaka horia bere Citroën autoaren kristaletik ikusteko moduan jarri zuen, baina aparte mantendu zen mobilizazioetatik “alderdi politiko baten buruzagi baten lekua hori ez zela” argudiatuz. Jean-Luc Melenchonek, La France Insoumise alderdi ezkertiarreko buruak, Drouetengana hurbiltzeko keinu baldarrak egin zituen, ezezkoa jaso zutenak. CGT sindikatuak hasieran gaitzetsi egin zituen protestak baina gero hobeto pentsatu eta otsailean greba antolatu zuen haiekiko elkartasunez8.
Bobo eta soixante-huitard [1968ko maiatzeko protestetan ibilitako edo haiekin identifikatutako] jendeei dagokienez –Ingalaterran “The Guardian-en irakurleak” deituko geniekeenak– askok urrun samarretik begiratzen diete. Pozik daude Jaka Horiek Macronen agenda neoliberalari aurre egiten diotelako, baina mesfidatzen dira mugimenduaren izaera traketsaz, bere baitako osagai eskuindarrez eta Libération egunkariak “eskarien sikulu-saltsazko magma” izendatu zuenaz.
Klima defenditu, justizia soziala ere bai
Baina zenbateraino dira sikulu-saltsa eskariok? Egia da herrialdean zehar talde autonomo asko ari direla beren iritziak ematen ezein antolakuntza zentraletatik aparte, baina plazaratu dituzten eskaerak sarritan izugarri antzekoak dira eta badaukate koherentzia nabarmena.
Eskariotan gehienak dagozkio bizimoduaren kosteari eta helburutzat daukate austeritateari eta prekarietateari aurre egitea: gutxieneko soldata eta pentsioen igoerak, errenten kontrola, zergak igotzea aberatsei eta korporazioei, zerbitzu publikoen nazionalizazioa, zerga iruzurra borrokatzea, eta abar. Batzuk neurri ekologikotzat har daitezke, hala nola etxeen isolamenduentzako laguntzak eta zerga arintzeak, hegazkin konpainiei eta haiek darabilten erregaiari zergak ezartzea. Beste eskari batzuek bilatzen dute gobernua eta konstituzioa demokratiko bilakatzea, esaterako Suitzakoaren antzeko erreferendum sistema ezarriz. Bakan batzuek (aipatu 42 neurrietatik 4k) aipatzen dute etorkinen gai minbera.
Apirilean Batzarren Batzarrak, Jaka Horien tokiko 235 talderen ordezkariek osatutako nazio biltzarrak, argitaratu zuen “Azken deialdia” honako eskariokin:
“(…) hobekuntza orokor bat soldata, pentsio eta zerbitzu sozialetan, bereziki txirotasun maila azpitik bizi diren bederatzi milioi jendeei dagokienez. Aintzat hartuz krisi ekologikoa bideratzeko dagoen behar larria, guk diogu ‘mundu amaiera, hilabete amaiera (fin du monde, fin du mois), logika bakarra, borroka bakarra’”.
Eslogan hau Jaka Horien Batzarrak hartu zion Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikorako ministro ohiari, zeinak dimititu baitzuen Macronen politikengatik protestan esanaz: “Bideratu beharra daukagu jendeak hilabetea amaitzeko [eguneroko gastuak ordaintzeko] nozitzen duen larritasuna; baina aurre egin behar diogu ere mundu amaiera baten mehatxuari”.
Hasieran kezkaren bat egon bazitekeen klimaren ukatzaile eskuindarrek eta nazionalista xenofoboek beren gain hartu eta manipulatu zezaketelako erregaien zergaren kontrako kanpaina, arriskua ez da mamitu. Aitzitik, Jaka Horien mugimenduaren barruan kontsentsu zabalez onartuta dago klimaren aldaketa bideratzeko neurriek balioko dutela soilik justizia sozialarekin bateragarriak diren heinean.
Jaka Horiak eta ekonomia morala
Samuel Hayat ikerlari sozialak nabarmendu duenez, “Jaka Horien mugimenduari koherentzia ematen diena, bizirik atxikitzen dituena, zera da: ‘jendearen ekonomia morala’ deitzen den horretan sustraituta dagoela”.
“Ekonomia moral” kontzeptua E.P. Thompson historialariak sortu zuen, adierazteko XVIII. mendeko elikagaiengatiko matxinaden izaera: herritar xeheek eskatzen zuten ogiaren prezio eta salmentari buruzko arauak osoki mantendu eta kunplitu zitezela. Matxinada horiek, nahiz eta adore eta irudimen handiz egin zuten borroka, gutxi zeukaten iraultzailetik, alderantziz, beren helburua zen berrezartzea klaseen arteko harremanetan hein batean zuzentasuna eta erreziprozitatea bermatzeko balio zuten ohitura eta estandarrak, merkatu ekonomia erasokor baten indarrak hondatuak zituztenak. Matxinoak aurrerazaleak ziren aberastasunaren banaketa ekitableago baten alde ari ziren heinean, baina kontserbadoreak ziren lehenagotik ezarritako eta urratutako moral bati buruz ari ziren neurrian.
Antzeko izaera bat daukate hainbat Jaka Horik: ez dute onartzen zergen zama gero eta handiagoa txiroenei ezartzea aberatsenen mesederako, haserre daude ikusiz manufaktura industriak deslokalizatzen dituztela, lanpostuak prekarizatzen eta zerbitzu publikoak murrizten, aldi berean boboen ‘klase sortzailea’ primeran dabilen bitartean. Gizarte programa aurrerakoi bat eta kulturaren eta betebeharren zentzu kontserbadorea uztartzen dituen ekonomia morala izan da ahalbideratu duena eskuineko eta ezkerreko jende haserretuek elkarrekin lan egin eta eskari sail koherente bat jostea.
Etorkinei dagozkien lau eskariak ere (horiekin ados egon ala ez) funtsean dira gobernuari bere bete beharrak kunplitu ditzan egindako deiak. Lehen bietan soma daiteke ezkertiar aurrerazaleen eraginak eta azken bietan kontserbadoreenak:
- Migrazio derrigortuen sustraian dauden arazoak konpondu behar dira.
- Asilo eske datozenak duintasunez tratatu behar dira, egonlekua, segurtasuna, elikadura eta hezkuntza bermatuta.
- Asilo eske etorri eta eskaria onartu ez zaienak beren sorterrietara itzuli behar dira.
- Etorkinentzako integrazio programa oso bat abiarazi behar da, frantses hizkuntza eta kultura ikastea barne.
Jaka Horien eskarien multzoa analizatuz, ordea, nabarmena da ezer izatekotan ezker aurrerazalearen agenda dela nagusi haietan. Bordeleko –mugimenduaren gune garrantzitsuenetako bateko– Jaka Horiez egindako ikerketa batek erakutsi zuen haien %42 ezkertiarrak zirela, %12 eskuindarrak eta %33 filiazio politikorik gabeak9. Pentsa daiteke mugimenduaren osagai ezkertiarrak politikoki hobeto artikulatuta daudela eskuineko agenda bati dagozkionak baino. Ondorioz, hedabideek puztutako lider batzuen ikuspegi eskuindarrak etorkinekiko kezkaz, naziotasunaz eta abar beteta dauden arren, mugimenduak aurkeztu dituen eskari gehienak aurrerazaleak dira. Sandra Laugier eta Albert Ogien akademikoek Libération-en idatzi duten moduan, Jaka Hori ezkertiarrek “beren konpromiso politikoan oinarrituta, lagundu dute osatzen eskaera politiko zerrenda bat (soldatak, zergen justizia, zuzeneko demokrazia eta abar) lortu duena baztertzea mugimenduan lehenbiziko uneetan ageri ziren joera xenofobo, homofobo eta autoritarioak”10.
Jaka Horiei Ingalaterratik begira
Modan dago garaiotan esatea urtzen ari direla ezkerraren eta eskuinaren arteko bereizketa zaharrak politikan. Irudi luke hori berrestera datozela Jaka Horien alderdi politikoekiko arbuioa eta Le Penek bezala Melenchonek mugimenduari etekina ateratzerik lortu ez izana. Jaka Horien matxinadak ekarri duen berrikuntza izan da elkartu egin dituela bai ezkerreko eta bai eskuineko indarrak neoliberalismoaren eta austeritatearen aurkako erresistentzia programa koherente samar batean, eta eskatu duela justiziaz aplikatzea ingurumen krisia bideratzeko neurri fiskalak.
Baina horrek ez du esan nahi batetik nazionalismoaren eta bestetik anarko-sozialismoaren korronteak ildo bakar bat bailiran doazela. PVC horiaren bernizaren azpian, aldakor izaten darraite. Suitzakoen moduko erreferendumen eskari nabarmenki demokratikoa, bihur liteke Troiako behor errefuxiatuen eta mugimendu askatasunaren kontrako politikak pasarazteko, dagoenekoz Suitzan gertatu den bezala. Gerta liteke ere indartzea Frexit delakoa —Frantzia Europar Batasunatik irtetea—, dagoenekoz aldeko asko dauzkana bandera trikolorea daramaten Jaka Horien artean, nahiz eta helburu hori ‘politikoegitzat’ jo den eskarien artean sartzeko.
Jadanik Brexit erreferendumak bitan zatitu duen Britainia Handian, oso urriak dira austeritatearen eta neoliberalismoaren aurka ezker eta eskuineko fronte bat sortzeko aukerak. Seguru ez dela gertatuko protestalariek soinean eramanez matxinaden kontrako polizien eta segurtasun guardien uniformeen antzeko koloreak. Baina britainiarrek asko daukate ikasteko Jaka Horiek norabide on batean urratu duten bidetik. Tommy Robinsonen [aktibista ultra-eskuindar eta islamofobo britainiar ezaguna] asmoen kontrako protesta anti-faxistek ezer gutxi lortzen dute eskuineko populismoaren gorakada gelditzeko, eta baliteke larriagotu ere egitea. Hobe litzateke hari ezikusia egitea. Aurrerabide itxaropentsuagoa litzateke desengainatutako jendeak bideratzea justizia ekonomiko, fiskal eta ingurumenezkoaren aldeko plataforma ez-alderdikoi baterantz.
Honek balio du bereziki mugimendu ekologistarentzako eta Extinction Rebellionen aldekoentzako, zeinetatik asko bobo gazteak baitira. Klima aldaketa bideratzeak, geratzen den denbora laburrarekin, eskatuko du gobernuak austeritate neurriak hartzea. Horien zama ahulenei erortzen baldin bazaie proportzioz dagokiena baino neurri handiagoan, orduan aukera handiak egongo dira indartzeko kontrako mugimendu eskuindar bat, Trumpenaren ildotik. Alternatiba da fronte herrikoi zabal bat ziurtatuko duena kontsumitzaile aberatsenak izango direla lehenik eta gehien zamatuak ingurumen justiziaren izenean (beste hitzetan esanda, zamen banaketa proportzionala). Bide oso luzea daukagu aurretik, baina Jaka Horien mugimenduak gai hauek jorratzeko erabili duten moduak ematen digu itxaropen pixka bat.
1 Periferien paperaren analisian asko zor diot Christophe Guilluyri, zeina baita No Society liburuaren egilea. Ikusi C Guilluy, ‘France is Deeply Fractured. Gilets Jaunes are Just a Symptom’, The Guardian, 2018ko abenduak 2.
2 Jeremy Hardingek aipatua, ‘Among the Gilets Jaunes’, London Review of Books, 2019ko martxoak 21.
3 Paris ingurua hartzen duen Ile de France eskualdean bizirik, Eric Drouet eta Priscillia Ludosky egunero 75 minutu ematen dituzte kotxean, aldiz, landa eremuko jendeak 45 minutu ematen ditu. Enquête Nationale Transport et Déplacements, 2008, Aurélien Delpirouk aipatua, ‘La Teinte des Gilets’ in J Confavreux (ed), Le Fond de l’Air est Jaune, Editions du Seuil, 2019.
4 A Delpirou, ibid.
5 C Maligorne, ‘Ce Que Vous Coûte Réellement Votre Voiture’, Le Figaro, 2018ko martxoak 29. Analizatutako autorik merkeena Dacia Logan diesel bat zen, zeina urtean kostatzen baita €4,900.
6 F-B Huyghe et al, Dans la Tête des Gilets Jaunes, VA Editions, 2019. Rhys Blakely, ‘Russian Accounts Fuel French Outrage Online’, The Times 2018ko abenduak 8.
7 Ingrid Levavasseur aldi batez azaldu zen legebiltzarrerako proposatutako Jaka Hori zerrenda baten buru. Maxime Nicolle ezaguna egin zen bere proposamen arrazistekin. Christophe Chalençon eskuineko hautagai izana da zenbait hauteskundetan eta urtarrilean Luigi Di Maio lehen ministro-orde populista italiarrarekin elkartu zen.
8 ‘Gilets Jaunes au Bout de Souffle’, Aujourd’hui en France, 2019ko otsailak 23; Le Journal des Gilets Jaunes, No 1, 2019ko otsaila-martxoa.
9 F-B Huyghe et al, op cit 6, p 31-2.
10 Sandra Laugier and Albert Ogien, Un Gilet Jaune à l’Elysée? Libération, 2018ko abenduak 13.
Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen... [+]
Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.
Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.
CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.
Le Média Pour Vous komunikabide independentekoa da kolpaturiko kazetaria. Larunbateko Parisko Jaka Horien manifestazioaren jarraipena egiten ari zela jaso du aurpegira Poliziaren granada bat.
Jaka Horiak mugimendua kale eta bideetara atera zela urtea beteko da azaroaren 17an. Mugimenduak badu zer ospatua, izaera sendoa agertu baitu, baina badu ere zer pairatua. Horren lekuko, hona datu bat: Frantziako justiziak 3.000 zigor ezarri dituzte iazko azarorik aurtengo... [+]
Eztabaida Nazional Handiaren berri eman bezperan, Notre Dame katedrala sutu zen. Jaka Horien oldeari aitzi egiteko Errepublikako presidente Macronen asmoak ezagutu gabe geratu ginen. Ostegunean agertu zen Frantziako nazioaren aurrean, baita bere gobernuaren neurri politiko... [+]
Azken sei hilabeteotan arreta bereziarekin jarraitu ditut Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu naiz, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko... [+]
Txaleko horietatik moreak eramatera igaro zen Paris iragan astean. Lorea Ibañez egon zen, besteak beste, Pariseko Korrikan. Zer gertatu zen jakin nahi?
Txaleko Horien mugimendua, altxatu bezain laster, itzaltzera kondenatzen zen. Hor dirau. Bazirudien ez zuela deus lortuko. Zerga soil baten kontra altxatzen zelako, agian? Ala ez zuelako sarien eta aberastasunen birbanaketa seriosa planteatzen? Orain jada diskurtsoa jantziagoa... [+]
Jaka Horien mobilizazio soziala Frantziako Estatu osoan zabaldu da, baita Ipar Euskal Herrian ere, eta Macronek gidaturiko gobernuaren politika hankaz gora ari da jartzen. Baina orain, arriskua dago herri sektore horiek mahairatu duten sakoneko problemari soilik errepresioz... [+]
20. mobilizazio ekitaldia iragarri dute Jaka Horiek. Bihar, martxoaren 23an, manifestazioen inflexio puntua izanen delakoan daude herritar eta politikari asko. Frantziako Gobernuak baimenik gabeko manifestazioak eta "istilu sortzaileak" zigortzeko neurri bereziak hartu... [+]