Abuztuaren 10ean New Yorkeko Metropolitan espetxean hilda azaldu zen Jeffrey Epstein 66 urteko finantzari aberatsa, ingelesez sex trafficking delitua –emakume esklaboen trafikoa– egiteagatik bigarrenez epaitu behar zutena. Epaileak suizidiotzat jo du heriotza, hilketatzat Epsteinen abokatuek. Konspiranoiko hutsak ote dira Epstein betiko mutu nahi zuten asko zirela diotenak? Bere heriotzak oroitarazten du orain dela 27 urte Robert Maxwelli gertatutakoa.
Dirua –baina diru asko–, sexua, boteretsuen ustelkeria, zerbitzu sekretuak eta hilketa gutxi baina apartak biltzen dituen intrigazko kontakizuna nahi? Ez duzu liburukote bati haginka ekin beharrik: irakurri ingelesezko Wikipedian Jeffrey Epstein sarrera, ondoren Ghislaine Maxwell eta bukatzeko Robert Maxwell. Hona laburpena, atzekoz aurrera.
1991eko azaroan Kanariar uharteetan itota hil zen –hala ebatzi zuen polizia espainiarrak– Robert Maxwell, prentsa britainiarraren jabe handietakoa eta bi legealditan parlamentari laborista izana, 68 urterekin. 1923an Txekoslovakiako familia judu batean sortua, 1940an Holokaustotik ihes egin eta atzerriko armada txekoslovakiarrean borrokatu zen estreina, gero frontean armada britainiarrean jarraitzeko: kapitain graduarekin amaitu zuen II. Mundu Gerra.
Bi urtez zerbitzu sekretu britainiarren interprete lanetan aritu zen Berlin okupatuan, bere harreman sarea josiz Erdi Europan ari ziren KGBko agenteen artean, aldi berean Israel estatu berriaren agintariei lagunduz. Armada utzirik, edizio eta prentsaren munduan barnatu zen, Springer Verlag argitaletxe zientifiko alemanaren banaketa hartuta Ingalaterra eta AEBetarako.
1964ko hauteskundeetan Alderdi Laboristarekin aurkeztu eta parlamentari postua lortuko zuen, 1970a arte edukiko zuena. Laster iritsiko zen Maxwell Communications Corporation holdingaren sorrera eta hortik egin zen Mirror prentsa taldearen jabe: sei egunkari, tartean The Mirror ospetsua. Hedabide handien ugazaba posiziotik muturra sartu zuen futbol kluben munduan eta harremanak josten jarraitu zuen munduko agintarien artean, izan François Mitterrand presidente frantsesarekin edo Errumaniako Nicolai Ceaucescurekin.
Beti Israelgo lagunei lotua, 1986an Maxwellek Tel Aviveko gobernuari diskretuki jakinarazi zion Mordechai Vanunu ingeniari nuklearrak bere egunkarietako bati azaldu zizkiola ordura arte sekretua zen Dimonako erreaktore atomikoaren xehetasun garrantzitsuak. Erreportajea argitaratuko zen, bai, baina aurretik zerbitzu sekretu israeldarrek engainatuta –espia emakumezko eder bat tartean, Cheryl Bentov– Erromaraino eraman, bahitu eta Israelen espetxeratzea lortuta.
Robert Maxwell 1991n hil zenean, “espainolek autopsia txapuzero bat egin zuten”, idatzi berri du garai hartan Kanarietan ibili zen Jacques-Marie Bourget kazetari frantses beteranoak. “Urtebete beranduago lortu nuen eskuratzea Maxwelli egindako bigarren autopsia, Tel Aviven Shin Bet kontraespioitza zerbitzuak egin ziona eta oso bestelako musika zeukan: aseguru-etxeek behartuta kasurako izendatu zuten forentse britainiarrak garbi adierazi zuen Maxwell asesinatu egin zutela, gorpuak kolpe eta ziztaden markak zeuzkala”.
Ordurako Maxwell kiebra jotzeko puntuan zegoen eta zorrei aurre egiteko dirua lapurtu behar izan zuela bere konpainien enplegatuen pentsio funtsetatik eta dirua itzuli ahal izateko, dio Bourgetek, egindako faboreak kobratzera jo zuen bai israeldarrengana eta bai errusiarrengana.
Maxwellek Kanarietan bere burua bota ote zuen putzura ala –Bourgetek eta beste batzuk uste duten moduan– CIAk eta Mossadek erabaki zuten arriskutsu bihurtzen ari zitzaien adiskidea kalitzea?
Lady Ghislaine
Kontua da Maxwell kareletik uretara erortzen ikusi zuen itsasontziak izena zuela Lady Ghislaine, jauntxoaren alaba maiteenaren omenez eta Ghislaine Maxwell izan dela... Jeffrey Epsteinen andregaia eta hurbileneko laguntzailea, honek sexu-esklabotzat erabilitako nesketako batzuek salatu dutenez.
64 urterekin hil berri den Jeffrey Edward Epstein ere familia judu bateko semea zen. Gaztetan matematika irakasle hasi ostean, banka eta finantzetara egin zuen jauzi. 1976an hartu zuten Bear Stearns inbertsio banku mitikoan: mitikoa, 2008ko krisi handian eroritako sonatuenetakoa izango zelako. Baina hori askoz geroago gertatuko zen. Tartean, Epstein bilakatu zen finantzetako izar eta azti, 1981ean bere kontura jarri eta IAG Intercontinental Assests Group sortuta, porrot egindako enpresei dirua ateratzen berezituta.
Bere bezeroetako bat izan zen Adnan Khaxoggi enpresaburu saudia, arma trafikoan aberastua eta garai haietako eskandalu handietakoa izan zen Iran-Contra aferan sartuta ibili zena, AEBetako armak bai Nikaraguako kontra-iraultzaileei eta bai iraniarrei salduz, Israel tarteko.
Epsteinek bere inguruan esana zuen inteligentzia zerbitzuetan ere ari zela, erakutsiz pasaporte austriar bat gezurrezko izen bat eta jabearen bizilekutzat Saudi Arabia zeramatzana. Pasaporte hori poliziak aurkitu dio aurtengo uztailean bigarrenez atxilotu eta etxea miatu diotenean. Baina Epsteinek haizea alde izan du urte luzez.
Finantzari espekulatzaile arrakastatsua izan zen, ez beti bere bezeroei zerbitzurik onena egin zielako baizik eta espekulazioan gertatzen diren istripuetatik –tartean Ponzi ereduko iruzurretatik– beti onik irteten zelako. Inbertsio funtsen munduan izena egina zuen, bezero eta sozioen artean zeuzkan jende boteretsuak, hala nola Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohia. Baina justu 2007-2008ko krisitzarraren bezperetan lainotu zen Epsteinen izarra.
2005eko salaketa batetik abiatuta, poliziak bildu zituen Epstein neskato gazte eta adin gabeen predatzailea zela erakusten zuten dozenaka lekukotasun eta kriminalak berak grabatu arazitako argazki eta bideoak ere bai. Epailearekin 11 hilabeteko espetxealdia negoziatu zuen... bere jauregian eta bizimodu oparoari uko egin barik bete zuena, inpunitateak ematen duen harrokeriaz.
Baina emakume gehiagoren salaketek jarraitu zuten bata bestearen ondotik... 2019ko uztailaren 6an Epstein berriro atxilotu zuten arten.
Wikipediak ondo dokumentatuta dioenez, Epsteinek bere eraikinetako puntu askotan zeuzkan jarrita kamerak, antza denez adin txikiko neskekin jende famatuak egiten zituztenak grabatu eta gero xantaia egin ahal izateko: poliziek CD pila batean aurkitu zituzten irudiok, ondo sailkatuta. Jende gehiegi Epstein desagerrarazteko irrikaz. Espetxean lehen erasoa jasan edo suizidio ahalegina eginda, bost egun geroago hil zen, bakarrik ziegan, espetxearen kamerak deskonektatuta eta funtzionarioak lotan zeudela.
Inork ez du ikusi geroztik Ghislaine Maxwell, Robert Maxwellen alaba, Jeffrey Epsteinen andregai izana, herensugeari neskatxa gazte eta adin gabeak zerbitzatzen zizkiona.
Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]
904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]
Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.
“Interes aurkakotasuna” leporatua zaiola astelehenean ireki da Frantziako Justizia ministroaren aurkako auzia Parisen. Bi astez iraun beharko luke epaiketak.
Krisi ekonomiko betean, 2013an Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu eta artifizialki igo zuela ondorioztatua du Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, eta horren erruz kontsumitzaileek 96,7 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zituztela. Konpainiaren aurkako... [+]
Laguntza publikoak eta afiliatuen kuotak gordetzen zituen kontu korronte batetik lapurtu zuten dirua goi-kargudunek. 2019 eta 2021 artean, 114.175 euro banatu zituztela uste da.
Zortzi urteren ondoren, Bidegi auzia osatzen duten piezetako bat, Gipuzkoako Aldundiak bere garaian jarritako azken kereila, artxibatu egin du Azpeitiko auzitegiko magistratuak. Bere esanetan kereilaren txostena "akatsez betea dago". EH Bilduren ustez "itxiera... [+]
Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.
Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.
Larramendiko Arnasa plataforma ekologistak salatu zuen Amaia Barredo jeltzalea, hondakinak errausteko proiektu bat Bergarako Udalaren irizpidearen aurka baimentzeagatik.
Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.
Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]