Aurten ez da Euskaraldirik izango, baina Donostiako Intxaurrondo auzoan eta Arabako Lautadan egingo dute. 2020an, ariguneak sortuko dira Euskaraldian, alegia, kolektibo, establezimendu, lantegi eta erakunde publikoetan euskara ulertzen duten taldetxoek euskaraz jarduteko ariketa egin ahal izango dute. Ariketa berria izango denez antolatzaileek proba pilotuak egin nahi zituzten. Lautadak eta Intxaurrondok proba ez, baizik eta egiazko ariketa egingo dute.
Arabako Lautadan urriaren 21etik 27ra egingo dute Euskaraldia, zazpi egunez. 2020rako simulakroa deitu diote beraiek. Belarriprest eta ahobiziak izango dira eta txapa jarriko dute, iaz bezala. Berrikuntza ariguneak dira (ikus koadroa). Ekainaz geroztik ari dira bisitak egiten kolektibo, establezimendu, lantegi eta erakunde publikoetara. Lautadan 660 identifikatu dituzte. Entitate horietako pertsonen euskara ezagutza jakinda kalkulatu dute 221 arigune presta ditzaketela euskaraz aritzeko. Horietatik 86 gune barrura begira sor daitezke; adibidez, lantegi batek langileen arteko bilerak euskaraz egiteko taldea osa dezake. Beste 135 kanpora begirako guneak lirateke, adibidez, saltoki handi batek bezeroak euskaraz artatzeko saltzaile taldea presta dezake. Euskaraldiko batzordekoek proportzioak aspaldi kalkulatu zituzten: 660 entitate horietatik %25ak hartu ahal izango du parte arigune gisa, gainerakoek ezin dute, ezin baitute talderik osatu partaide guztiek ez baitakite euskaraz eta ulertzea ezinbesteko baldintza da taldeak euskaraz funtzionatzeko. Beste zifra bat: 86 barne ariguneetan Lautadako 520 herritar daude. Euskaraldiko batzordekoak eskualdekoak dira, eta jendea ezagutzen dutenez, detektatu dituzten taldeetan ia zehatz-mehatz esateko gai dira zenbat pertsona diren euskaraz ulertzeko gai. Lautadan 13.000 pertsona bizi dira.
Asier Lafuente
Lautadako Euskaraldiko koordinatzailea: "Euskaraldiaz gain beste zerbait egon behar da. Erakunde publikoek ulermen unibertsalaren abiadura azkartzeko neurri makroak hartu behar dituzte”
Beraz, urriko simulakrora begira 221 ate joko dituzte eta arigune izateko proposamena luzatuko diete. Ondoren, balizko ariguneek etxe barruan erabaki beharko dute Euskaraldian parte hartuko duten ala ez, eta baiezkoa bada, etxe barruan antolatu beharko dute. Haien ardura da taldean belarriprestak eta ahobiziak osatzea eta urrian, taldean, ariketa egitea.
Asier Lafuente Lautadako Euskaraldiko koordinatzailea da eta badaki errazenetik hasi direla, alegia, euskaraz ulertzeko gai diren taldeak detektatu dituzte eta haiek gonbidatu dituzte Euskaraldian parte hartzera. Eskualdeko entitateen %75ak ez du parte hartuko eta portzentaje handi horrek kezkatzen du Lafuente: “Halakoa da gure egoera soziolinguistikoa. Entitateen %25ak parte hartzea gutxi iruditzen zaigu, eta hala ere badakigu horiek guztiek egingo balute ederra litzatekeela. Alabaina, guk zailtasunak aurreikusten ditugu bi, lau edo sei urte barru. Orain ilusio handia egiten digu ariketak, baina aurrera begira arrisku handia dugu kopuruak errepikatzeko. Euskararen ulermen unibertsalak ez badu gora egiten, probabilitate kontua da: taldeetan euskaraz ez dakitenak baldin badaude, ezin dira ariguneak sortu. Ulermen unibertsala ez bada areagotzen gu blokeatuta geratuko gara eta horrek desmotibazioa ekar dezakeela sumatzen dugu. Alegia, Euskaraldiaz gain beste zerbait egon behar da eta erakunde publikoak interpelatu behar ditugu. Ulermen unibertsalaren abiadura azkartzeko neurri makroak hartu behar dira eta ez utzi oraingo abiaduran, hau da, hezkuntza sistemaren eskutan”.
Adi egongo dira, ea 221 balizko ariguneetatik zenbat sortzen diren eta nolako esperientzia izaten duten. Hurrengo urteetarako erronka ordea, Lafuentek dioen moduan, gainerako entitateen %75a euskarara hurbiltzea izango da.
Euskaraldiaren antolatzaileen proposamena jaso duenetakoa da Donostiako Bagera elkartea. Ariguneak abian jartzeko proba pilotua egiteko eskaini zieten, eta elkarteak proba baino ariketa osotasunean egitea erabaki du. Intxaurrondo auzoan azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitarte egingo dute, hamaika egunez. Bagera elkarteko teknikari batek hartuko du gidaritza eta auzoan euskararen erabilera hauspotu nahian dabilen Plazara Goaz euskara batzordeak egingo ditu antolaketa lanak. Ekimenaren leloa da Baietz nitik harago hamaika Intxaurrondon. Auzoko hainbat elkarte eta establezimenduri proposatu diete arigune izateko eta baiezko erantzun batzuk jasoak dituzte. Antolatzaileen ustez, elkarte gastronomiko batek, harategi batek, kirol klubak eta ikastetxeek hartuko dute parte. Batzuek barne ariguneak sortuko dituzte, beste batzuek kanpokoak, eta barne-kanpo arituko direnak ere badira. Harrera ona izan dute orain arte. Auzotarrek berriz, iazko erronka izango dute, ahobizi edo belarriprest aukeratuko dute eta euskarari bide ematen saiatu beharko dute. Antolatzaileek herritarrei ohar berezia egingo diete identifikatuta egongo diren ariguneetan euskaraz egin dezaten eta haien erronkan lagundu diezaieten. Ez dute izena eman beharrik izango iaz bezala, eta txapa nahi duenak jantziko du. Ariketa ez da berria beraientzat; 2017an 600 lagunek hartu zuten parte euskaraz aritzeko erronkan eta 2018an, Euskaraldian, 1.300 parte-hartzaile izan ziren. Bagera elkartea Donostiako Udalarekin elkarlanean arituko da. Udalak bi teknikariren bidez gizarte zerbitzugunea, bi kultur etxe eta bi kiroldegi arigune bilakatuko ditu.
2020ko Euskaraldiko berrikuntza dira ariguneak. Ariguneak euskara ulertzen dutenak eta euskara dakitenak elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak dira. Entitateek, hau da, edozein motako erakunde publiko, enpresa, denda edo herri elkartek halako guneak sortzeko erraztasunak jarriko dituzte eta gune horietako pertsonek ariketan parte hartzeko nahia adierazi beharko dute. Euskaraldiaren antolatzaileek ariguneak sortzen eta identifikatzen egingo dute lan. Ariguneak barrura begira edo kanpora begira sor daitezke. Adibidez, barrura begira, enpresa bateko bilerak euskaraz egin daitezke parte hartzaileek euskaraz ulertzeko gaitasuna dutelako eta enpresan zuzendaritzaren eta langileen artean bilera horiek arigune bihurtzea erabaki dutelako. Kanpora begira, saltoki handi batek saltzailez osatutako arigune bat sor dezake erosleak euskaraz artatzeko.
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.
Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.
Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.
Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]
Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren... [+]
Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]
Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.
“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]
Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]
Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.