Euskarazko hedabide independente batek mendea betetzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ospatzeko festa nagusia urriaren 12an egingo dugu, Donostiako Alde Zaharrean, kalea hartuz. Zein egun hoberik Euskal Herrian burujabetzak praktikara eramanaz jai herrikoi eta librezalea egiteko?
Ez gara gu "Hispanitatearen egun" izendatutako horretan hainbat hedabidek albiste bihurtuko duten ahuntzari begira geratuko.
Euskal Herri osoko adin guztietako euskaltzaleei dago zuzenduta jaia: ARGIA Jendeak ospatu dezagun guztion ekarpenari esker iritsi dela hedabidea 100 urteak betetzera, eta oraindik kide ez diren euskaldunek festaren bidez ezagutu dezaten ARGIA, bere txikian eta informazio burujabetzaren bidez irakurleoi burua deskolonizatzen laguntzen digun komunikabidea.
Izaera librea eta parte-hartzailea izango du egunak. Doan izango dira ekitaldi guztiak eta herritarrok festa jartzaile izango gara, ez "kontsumitzaile". Egitarau osoa da horren adibide. Egitarauaren xehetasunak, kartelean:
Txikienak "Zomorro bila" arituko dira goizean Urgullen Iñaki Sanz biologoarekin eta Eñaut Aiertzaguena marrazkilariarekin. ARGIArekin atera duten Xapoketan karta-jolasa bertan eskuratu ahal izango da.
Eguerdian, helduagoek "Deskolonizazioa" gaia ardatz izango duen ibilbide historikoa egingo dute kalez kale Urko Apaolaza historialariak gidatuta eta Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek zirikatuta.
13:00etan guztiok elkartuko gara Konstituzio Plazan, soka-dantza herrikoia dantzatzeko. Xehetasunak Itsaso Zubiriak azaldu ditu astekariaren Komunitatea atalean. Eta dantza pausoak ikasteko bideo tutoriala hementxe daukagu:
Arratsaldean, besteak beste, Nortasun Agiri Arrotzen Jaurtiketa Txapelketan arituko gara. Ondoren, Alkorta anai-arreben soinu eta panderoak astindurik kale-jira dantzaria egingo dugu Alde Zaharreko kaleetan barna. 20:30ean hasita, Trinitate Plazan punta puntako kontzertu emanaldia gozatuko dugu aire librean.
Euskaltzaleon komunitatea bildu eta bagarela ospatuko dugu festan. Festek garen hori indartzen dutenez, ARGIAn baliatu dugu plazara atera aurretik kontzienteki erabakitzeko nolako festa egitea nahi dugun, bizitzako hainbat alorretan guztiok bizi ditugun menperakuntzak gainditzen lagundu dezan.
Euskalduna eta Euskal Herriko lurraldetasuna kontuan hartuta egina izango da eta gorputz anitzek plaza hartzea sustatuko du (adinez, generoz, azalez, ezaugarriz...). Gustu handiz eta intentzio politiko osoz hautatutako edukiak gozatuko ditugu: horren adibide izango da egun osoan zehar entzungo den musika, eta orain arte erreportajean aipatu ditugun ekitaldiez gain, Aimar Uribesalgok bazkalostean eskainiko duen Pobresiak emanaldia, umore zorrotzez egungo arazoak poesian jorratzen dituena.
Festak ez du kontsumoa bultzatuko: ekitaldi denak doan eta libre izan daitezen, erakunde publikoen eta enpresen laguntza bilatu du ARGIAk eta beraz, gastuei aurre egiteko ez du kontsumismoa oinarri izango. Adibidez, Komunonak etxeari esker zortzi iturriko aska eskura izango dugu, hiriko ura edateko. Ura zaindu beharreko hondasun publikoa baita. Trinitate plazan egingo dugun bazkaria ere herrikoia izango da: ARGIAk mahaiak, aulkiak eta Saizar sagardo upela jarriko ditu, eta janaria bakoitzak etxetik edo inguruko ostatuetatik eramango dugu.
Elikadura burujabetzari eusteko eta egungo kolonialismoaren oinarri diren multinazionalen eskuetatik ahalik gehien askatzeko, bertako edariak zerbitzatuko ditugu txosnan (Pagoa eta Otsaihen garagardoak, Besa ardoak, Korrikolari freskagarria, Bio-K zukua...).
Eta noski, kazetaritza independentea bultzatu nahi duen herritar orok aukera izango du ekarpena egiteko, baita ARGIAko kide egiteko ere, eta baita azken aldian argitaratu ditugun liburu, kamiseta, poltsa eta jolasak erosteko ere.
Gorputzak nahi baino azpiegitura gehiago eskatzen dizkigunok, gauden lasai: euririk bada aterpea bermatuko digu karpak (eguraldi ona bada, aire librea nahiago). Eta komun publiko ederrak ditu Trinitate plazak.
Urriaren 12a aurtengoa guztiz bestelakoa izango da. Kalean elkartuko gara!
2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]
Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]
Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?