“Nobela zaintzaz baino, interdependentziaz ari da”

  • Berriz, 1990. Euskal filologia ikasia. Bertsolaria. Prentsan zutabegilea. Haur literatura idatzi du eta Basa (Elkar) da idazle izena eman dion lehen liburua. Eleberriak XX. Igartza saria irabazi zuen 2017an. Sabina Gojenola da protagonista, Altzerreka baserria gobernatzen duen alarguna. Basa eta egoskorra da. Henry koinataren zaintzaz arduratzen da eta nekez moldatzen da seme-alabekin.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Bertsolari izateak laguntzen al du idazle gisa plazaratzen?

Denetik daukala uste dut. Idazteari berari dagokionez, bertsolariok hizkuntzarekin daukagun trebakuntza lagungarria da, batez ere, ahozko erregistroei dagokionez, hizkuntzaren ezaugarri asko erabiliak baitira bertsolaritzan. Agian, narrazioan hori ez da igartzen, baina elkarrizketetan bai. Nik horiek bertsolaritzatik jaso ditut. Gero, bi jardunak hain dira diferenteak! Nik bertsolaritza bizi dut barrutik kanporanzko jardun bezala, idaztea, aldiz, kanpotik barrurako ariketa da niretzat. Bertsotan aritzeko behar dudan aldarte optimoa eta idazteko behar dudana guztiz diferenteak dira. Horretaz konturatu naiz asko idazten aritu izan naizen garaietan; asko kostatzen zitzaidan plazara ateratzea, tenperatura eta erregistro aldaketak menperatzea. Gorputzaldi oso ezberdinez jarduten dugu bi zereginetan.

Bertsolari izatea estigma al da idazle izaterako bidean?

Beti egon da eta egongo da orain ere bertsolari izateagatik errezeloz begiratuko gaituenik, baina edozein lan egiten duzunean ikusgarritasun apur bat izatea, hasieran batez ere, bentaja moduan ikusten dut. Gero, nik idazleen mundua ez dut hainbeste ezagutzen, ez dakit zer pertzepzioa eduki dezaketen bertsolarion lanaz, eta nahiago dut horretan ez pentsatu. Saiatzen naiz zurrunbilo horretatik aparte samar ibiltzen.

Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik eta Eider Rodriguezen Emakumeen gorputzak saioek zer esana eman dute. Emakume bertsolari eta idazleei buruzko liburuak dira. Zer adierazten dute liburuok?

Biek ala biek hitz egiten dute sortzeko edo norbere lana plazaratzeko orduan  gaur egun, oraindik, emakumea izateak dakartzan zailtasun erantsiez eta uste dut batera samar argitaratu izanak elkarren osagarri egiten dituela. Hor ikusten da, beste behin ere, emakumeak azpiratzeko mekanismoak ez direla praktika isolatuak, heteropatriarkatua sistema oso bat dela, alegia, gure jardunak ere alderik alde zeharkatzen dituena. Bertsolari emakumeon kasuan, azken urteotan indartu dugun saretzearen barruan etorri da gogoeta kolektibo hau eta denetariko erreakzioak iritsi zaizkigu. Ez dakit esaten liburuak epe ertainera zelako eragina edukiko duen, baina oraintxe bertan bertsotan hasi berri den neskato bati arnasa apur bat emateko balio badu edo bertso-munduan dabilen edozein gizonezko bere praktikak birpentsatzera eramateko, horixe gehiago. Niri, adibidez, baliagarriak egin zitzaizkidan Basa aurkeztu nuenean Eiderrek bere liburuan aztertzen dituen hainbat alderdi: egiletasunaz, postura literarioaz...

"Zaintzailearen rola lotzen dugu asko sumisioaren rolarekin, baina Sabinaren kasuan badago boteretze moduko bat, ahalduntze bat”

Zure liburura etorrita, egun bereziki, iragan berri den gatazka armatuaren inguruko memoria historikoa landu behar dela esaten da, fikziotik landu ere. Zuk ez duzu aukera hori egin.

Nork dio nahitaez gatazka politiko-armatuaz aritu behar garenik? Ez dakit. Nik nobela honetan ez dut hortik jo baina nire belaunaldi-kideak izan daitezkeen idazleen lanak datozkit gogora eta haiek ere bestelako gaiak landu dituzte, orain arte lehen lerroan egon ez arren, euskal jendartearen gatazkak horiek ere. Distantzia kontua dela esango nuke, perspektiba kontua. Niri, adibidez, oso zaila egingo litzaidake bizi izan ez dudan garai bati buruz idaztea, gaia edozein dela ere, eta gatazka politiko-armatuaren kasuan, uste dut oraindik ez dela pasatu guk bizi izan ditugun garaiak fikzionatzen hasteko adina denbora. Egia da Basa-n beste gatazka mota batzuek daukatela zentralitatea baina istorioa espazio-denbora koordenatu zehatz batzuen barruan kokatzen da eta kontestu hori ondo zaintzen saiatu naiz. Uste dut, lerro artean bada ere, hainbat pertsonaiak ematen diotela aukera irakurleari ideologikoki non mugitu litezkeen irudikatzeko.

Zergatik hautatu duzu baserri giroko istorio hau sortzea? Altzerreka baserriaren modukorik ba al dago egun?

Bai, hainbatek aipatu didate Altzerreka beren inguruko baserriekin identifikatu dutela. Era berean, batek baino gehiagok galdetu dit harriduraz: zu gaztea izanik nola idatzi duzu horretaz? Zer konexio duzu mundu horrekin? Nobelan agertzen den mundua oso neure sentitzen dut, ezagutu dudan zerbait da, eta nire pretentsioa ez da izan hainbestetan aipatzen den mundu horren balizko amaieraz idaztea. Nik Sabinaz hitz egin nahi nuen eta pertsonaia ahalik ondoen kontestualizatzen saiatu naiz tokatu zaion testuinguruak bere izaeran zelan eragin duen erakusteko.

Mundu "basa" hori ez da amaitu beraz.

Jendarteak basa izaten jarraitzen duen neurrian, Sabinaren tenperamentua daukan jendea badago, eta egongo da. Sabinaren basatasuna baserriaren kontestuan agertzen da, animalien bidez transmititzen da, Sabinak buruan dauzkan tresna psikikoak eta ez psikikoak maneiatzen ditu, eta seguru nago, hona, Berrizera esaterako, Extremaduratik bizitzera etorri zen emakume hark, Sabina bezala alargundu zenak, bere bizimodua aurrera atera duenak –Sabinaren gorputza zeharkatzen dituen gatazka asko bizi dituenak– basatasun hori bizi duela. Noski basatasun diferentea adieraziko du, kalekoa kontestua diferentea delako.

Euskal Herria: baserriko mundu “zaharra” eta kaleko “berria". Ba al dago “bitasun” hori oraindik ere?

Sentsazioa daukat luzaroan aritu izan garela dikotomia horren kontaketarekin baina esango nuke gaur egun banaketa hori ez dela garai batean bezain zurruna, nahiz eta oraindik elkarrengandik oso urrun dauden ekosistema txiki asko egon gurean. Uste dut bitasunetara mugatzeak ez diola batere mesederik egin gure narratibari, ez errealiatean ez fikzioan.

Sabina emakume zinez basa da. Nondik elikatu zara berau gorpuzteko?

Perfil horretako andre bat baino gehiago eduki dut nire inguruan txikitatik, bakoitza bere matizekin. Baserri-auzo batean sortua naiz, alaba bakarra naiz, eta beti ibili izan naiz auzoko baserrietan edo amamarenean sartu-irtenean. Nire haurtzaroko iruditeria baserriari lotua da eta andrazkoen inguruan gogoratzen ditut esperientziarik gehienak. Urteetan hainbat irudi eta oroitzapen gordeta izan ditut eta helduarora iritsi ahala berriz ere agertzen hasi zitzaizkidan. Andre horiek txakurrekin borrokan edota konejuak larrutzen, eskuak odolduta ikustea, zerbait naturala izan da niretzat. Gerora, bizipen horien irakurketa sakonago bat egin ostean, iruditu zitzaidan egon zitekeela zerbait kontagarria, beste batzuentzat ere identifikagarria izan zitekeen pertsonaia indartsu bat sortzeko adina mami egon zitekeela. Orain arte kontatu ez dena beharbada.

Egungo zaintza jarduera ekarri duzu hizpidera, besteak beste.

Bai, baina, niretzat hori ez da liburuaren ardatza izan. Pertsonaia zen ardatza eta bere izaera aterarazteko kontestu egokienean kokatzea izan da nire asmoa.

Protagonista eta kontestua ezarri ostean hasi zinen istorioa asmatzen?

Nolabait bai. Gaur egun hainbeste entzuten den zaintzaren gaiak pisu handia izango zuela konturatu nintzenean, arduratu egin nintzen. Hain da konplexua, ezen kontu handiz landu beharko bainuen. Batetik panfletoan jausteko arriskua eduki nezakeelako, askotan gertatzen da kontzeptu bat hainbestetan erabiltzen denean esanahia lausotzen joatea. Nobela hau, zaintzaz baino, interdependentziaz ari dela esango nuke. Eta bestetik, neure burua zintzoki kokatu nahi nuelako, zeren eta nik hirugarren adinekoen zaintzaz gehiago dakit teorian, praktikan baino. “Nor naiz ni, honi buruzko diskurtso bat emateko”, esaten nion nire buruari.

Edukia baino inportantegoa da kontakizun moldea zuretzat.

Biak dira inportanteak baina saiatu naiz diskurtsoak albo batera uzten, eta mugatu naiz gertakizunen kontaketa egitera. Oso inportantea iruditzen zait, zaintza edo egunero bizi ditugun gatazkak “konplexutzea”, hau da, eguneroko gatazkaren aurpegi ezberdinak agertzea pertsonaien bidez. Sabinaren kasuan, zainduaren rolean eta zaintzailerenean. Zaintzailearen rola lotzen dugu asko sumisioarekin, baina Sabinaren kasuan badago boteretze moduko bat, ahalduntze modu bat. Rol horren beste ikuspegi bat eman nahi izan dut. Seme-alaben rolak desberdintzea ere inportantea iruditzen zait, edozein etxetan adinekoen zaintzari lotuta gerta litezkeen talkak erakusteko.    

Sabina askea da, bere buruaren jabe, baserria gobernatzen du. Etxea gobernatzeaz ere ari da nobela. Matriarkatuaren gaia ere ageri da nobelan.

Matriarkatua hizpide, Sabina karamelu goxoa izan zitekeen halako figura femenino idealizatu bat eraikitzeko. Euskal baserriaren kontaketaren barruan beti existitu da arketipo hori, baina gaur egun ezbaian dago zorionez. Askotan entzun izan ditugu “gure etxean amak agintzen zuen” eta antzekoak, “gure etxean amak maneiatzen zituen diruak”. Baina hortxe dago gakoa: eduki duenean ere, eremu pribatuan eduki duela erabakimena emakumeak. Beraz ez dut uste euskal matriarkatu batez hitz egin daitekeenik gainontzeko esparru guztietan gizon-emakumeen arteko botere-banaketa orekatua izan ez denean.

Matriarkatu asmatu baten kontrako alegatua ere bada nobela.

Bai, neu ez nintzen liburua hala aurkezten ausartu baina halaxe irakurri nion kritikari bati eta pozten naiz Basa-k ekarpentxo hori egin badu.

Basa fikzioa da eta errealaren isla aldi berean.

Ez dut ezer berririk esan nobelan. Egunero-egunero ikusten dugu lan erreproduktiboak etxe gehienetan noren esku dauden. Zaintza-lanek ehuneko handi batean emakumeen esku egoten jarraitzen dute, sektore erabat prekarizatua da... Zentzu horretan, Sabinaren seme-alaben rolak ez daude kasualitatez ezarrita.

"Ez dut uste euskal matriarkatu batez hitz egin daitekeenik gainontzeko esparru guztietan gizon-emakumeen arteko botere-banaketa orekatua izan ez denean”

Sabina, Henry koinatuaren zaintzaz arduratzen da. Hori du baserrian segitzeko arrazoia.

Bai. Nobelan ikusten da nola momentu batean erabakitzen duen baserriari eutsiko diola, horrek dakarren guztiarekin eta geroztik tentsio etengabean egongo da nolabait paretik kendu nahi dutenekin: auzoak, seme-alabak... Beraz, nobela hasten den momentuan, bere betebehar nagusia, Henryri eustea baino, autoritatea mantentzea dela esango nuke. Bere motorea ez da hainbeste koinatua zaintzea, baizik eta seme-alabek horretarako gai ikusten ez dutela konturatzean, haien aurrean bere indarra berrestea. Hirugarren adinekoez ari garenean, uste dut askotan gertatzen direla halako desautorizazio prozesuak. Baina azkenean, lehen esan dudan bezala, elkarmenpekotasun harreman bat da Sabina eta Henryrena, soka-tiran aritzearen antzekoa: alde batetik elkar lotzen duten arren, bata jausten bada bestea ere jausi egingo da.

Basa nobela elkarbizitza zailaren isla da. Tentsio handikoa. Amaiera tragikoa duena. Narrazioaren teknika berebizikoa izan da hori lortzeko.  Liburua lau plano narratibotan egina dago. Nola moldatu zara?

Ezagutzen ditut ordenagailuaren aurrean jarri eta idatzi eta idatzi egiten dutenak. Nik geruzaz geruza idatzi dut, lehenengo osorik egin nuen eskema guztia eta gero lau plano horiek tartekatzen joan nintzen: hari nagusia (orainaldia), iraganeko pasarte laburrak, Sabinaren pentsakizunak eta kapitulutik kapitulura dauden pasarte labur batzuk, beste ahots batetik kontatuak.  

Edonola ere, aldez aurretik horrela planteatu arren, nik ere idatzi ahala sortu dut liburua, kontzientea izanda idatzi dudana idatzi nahi nuela. Kontziente nintzen ez zela ekintza askoko nobela izango, nire ahalegina izan da dauden eguneroko gertakizun horiei tentsio bat ematea eta idatzi ahala topatu ditut esateko modu egokiak ere.

Elipsien teknika tarteko.

Nire gustuko literatura ez da dena eginda eta esana ematen duena.  Irakurle bezala “etxeko lanak” jartzen dizkidaten idazleak gustatzen zaizkit. Idazten ari izan naizenean nire beldurra izan da gehiegi esatea, bai diskurtsiboki bai narratiboki, ebidenteegia izatea. Elipsi gehienak kontzienteki egin ditut, irakurleari begira horrek suposatu ditzazkeen arriskuen jakitun.  

Sabinaren izaerak tentsioa sortzen du berez.

Kontziente nintzen nobelak in crescendo bat behar zuela, hori argi nuen bai kontaketan bai giroan. Nobela hasten da ospitaleko gela zuri isil batean eta bukatzen da baserriaren kortako ilunpean, sukaldeko hotsen eta txakurraren zaunka artean.

Telmo Esnalen Urte berri on, amona! filma heldu zait akordura, edota Asier Altunaren Amama.

Askok aipatu dizkidate, bai. Ez dakit Sabinak pantaila batean funtzionatuko ote lukeen baina idazten aritu naizen bitartean asko pentsatu dut irudietan. Eszenaz eszena joan nintzen istorioa imajinatzen eta halaxe kontatzen saiatu naiz.

Bigarren irakurketa eskatzen duen nobela al da?  

Batek baino gehiagok hori esan dit, loretzat interpretatu daiteke edo alderantziz. Badakit ez dela erraz irensten den nobela, abantaila da motza dela, baina astiro irakurri behar da, atzera-aurrera joan-etorri horretan.  

Zineman ikusiko al zenuke?

Oxala! Batzuei joan-etorri horiek zailak egin omen zaizkie, orduan, agian, batzuek istorioa film batean errazago antzemango lukete. 

“Euskararen erabilpen egokiaren muga komunikazioaren arrakastan dago”

Basa bizkaiera kutsua duen euskara batuaz idatzia da.

Baina ez dago bizkaieraz. Badakit irakurle askok, batik bat gipuzkoarren, “nahi” baten ordez “gura” bat ikusi eta “hara, bizkaieraz dago” esango dutena. Uste dut hor badagoela erresistentzia moduko bat baina zabaldu dezagun ikuspegia apur bat, ezta? Batuaren defendatzailea naiz, noski, baina kontatu nahi nuenari ahalik eta ongien, zehatzen eta indartsuen egokituko zitzaion soineko bat jantzi gura izan diot. Laburrean kontatu behar nuela kontziente izanda, izan hitzak izan irudiak izan espresioak berezko karga zeuzkaten berbak erabili behar nituen, berezko kontestuak eskatzen zuena. Sabinaren ahozko hizkera hori pertsonaia bera ezaugarritzeko modu bat gehiago da. Muga asko topatu dut, hasteko konturatu naizelako zenbat bider pasatzen nintzen erdaratik, euskara etortzeko: izenondoekin, adjektiboekin.

Betiko eztabaida: batua versus euskalkia, edo alderantziz.

Batua eta euskalkiaren arteko eztabaia antzua da, gaindituta eduki behar genuke. Nik, bertsolari bezala, plaza batera joaten naizen bakoitzean ariketa hau egiten dut: Lasartera joaten banaiz, batuaz egingo dut. Nire herrian ari banaiz, Berrizen, ez dut batuaz kantatuko, baina bizkaiera jasoan egiten saiatuko naiz publiko zabal batentzat ari naizelako. Idaztean berdin: edozein euskaldunentzat ari naizenez, batuan egingo dut baina horrek ez du esan nahi mendebaldeko euskalkia alboratuko dudanik. Eguneroko lanabes dudanez gero, zer gutxiago euskarari txinpartak ateratzen saiatzea baino, ezta? Horrek ariketa kontziente bat eskatzen digu idazten edo kantuan gabiltzanoi, baina hartzaileei ere predisposizio bat eskatzen die.

Non dago muga?

Idazten ari nintzen bitartean askotan pentsatzen nuen baten batzuek nire idazkera pedantetzat hartuko ez ote zuten eta beldur nintzen. Ni ez naiz euskaldunagoa euskalkirik ez daukan hiztun bat baino, ezta gutxiago ere. Baina daukadanez gero, zergatik ez neuretik eman? Batuaren bitartez, betiere. Uste dut euskaraz ari garen komunikatzaile guztiok egin behar genukeela ariketa hau: non nago eta norentzat ari naiz. Ez zait buruan sartzen, adibidez, euskal hedabide nazionaletan jatortasunaren edo kolokialtasunaren izenean, euskalki itxian berba egitea. Egitekotan, egin dezagun jasoan edota gure euskalkiaren kolorearekin, baina batuan. Erabilpen egokiaren muga komunikazioaren arrakastan dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko doako idazketa tailerra antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak

Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Behe Banda
Barra warroak |
Argazkirik ez, mesedez

Beti daramat kamera bat gainean, zorrorik gabe poltsan galduta edozein aitzakiapean ateratzeko. Dena argazkitzen pasa dut azkenengo urtea, nire leitmotiv akademiko-politikoa denbora librerik ez den heinean, frenesi basatian zerbait hilezkortu edo. Pilatze ariketa bat izan da,... [+]


Arrats dibertigarria

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia,... [+]


2024-07-24 | Euskal Irratiak
Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza... [+]


Mikel Ayllon
“Poesiaren sozializaziotik bueltatuko da literaturaren balio soziala”

Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioari agur esan dio Mikel Ayllon idazle eta orain arteko saioaren gidariak. Irailetik aurrera jarraituko ez zuela esateaz gain, gogoeta egin zuen sareetan euskarazko literaturaren egoeraz: "Euskal literatura gero eta homogeneoagoa... [+]


2024-07-10 | Lander Arretxea
“Loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditu gure belaunaldiak”

Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


Poesia mailu bat da jaialdia
Literatura ez da ezer arriskutsua, ezta?

Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin... [+]


Eguneraketa berriak daude