Pertsona baten identitatearen puzzlean transexuala izatea beste pieza bat gehiago besterik ez denean, seinale ona da. Hori da Mikele Granderen istorio xumea bezain indartsua.
Duela 19 urte sortu zen Iruñea ondoko Uharte herrian. Txikitatik jakin zuen bera zakila duen neska dela eta hala ulertarazi zien guraso eta ingurukoei 11 urte zituela. Familian eta herrian aurkitu duen babesa eta Chrysallis lehenbizi eta orain Naizen adingabe transexualak dituzten familien elkarteen sostengua ezinbestekoak izan dira pozez beteriko bere ibilbidean. Horren lekuko da Ekhiñe Etxeberria nafarraren Mikele film dokumentala. Mikelerentzat garai berri bat zabalduko da orain, Madrila joan baita zinema ikasketak egitera.
Zinema ikasketak egingo dituzu. Argi duzu zure bidea, ezta?
Bai. ECAM (Madrilgo Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola) akademiara noa irailean hiru urteko karrera egitera, printzipioz. Zinemazale amorratua naiz txikitatik eta lantxo batzuk eginak ditut, hori bai, batzuk lotsatzeko modukoak. Lehenengo film laburra 13 urterekin egin nuen Nafarroako Gobernuaren Gozamenez izeneko gazteria eta sexualitateari buruzko programak antolatutako lehiaketarako. Hor eman nahi nuen ideia zen gizakiok askotan ez dugula gure gorputza onartzen eta aurreiritzi asko izaten ditugula.
Hori dena 13 urterekin… Zure heltze prozesua normala baino azkarragoa izan da?
Jendeak normalean hori pentsatzen du jendaurrean hitz egiteko nahikoa eskarmentua dudalako, baina oso haur izaera dut oraindik eta gustuko dut gainera. Gauza bat da hitz egitea eta ideia batzuk argi izatea, eta bestea heldua izatea. Nik oraindik asko ikasteko beharra daukat.
Txikitatik antzerkiak egin izanak lagundu dizu horretan?
Izugarri. Batez ere emozioak azaleratzeko unean. Jendaurrean agertzeak hasieran lotsa pixka bat ematen zidan eta urduri jartzen nintzen, baina ez dut inoiz arazorik izan nire transexualitateari buruz hitz egiteko. Nahiko modu naturalean bizi izan dut eta horrela erakusten diot jendeari. Beste transexual batzuentzat, aldiz, tabu moduko bat dela iruditzen zait.
"Nire kasuan zoriontasuna da nagusi. Traba batzuk ere badira, noski, baina gizartearen partetik ez dut ia oztoporik sumatu orain arte"
Transexualitatea normalizatzeko bidean zer-nolako garrantzia du komunikazioak?
Niretzako benetako gakoa da. Zeozer azaldu nahi baduzu, baina ez baduzu modu argian egiten jendeak ez du mezu hori hartuko eta ez du ulertuko, eta zerbait ulertzen ez denean ez da onartzen eta handik datoz gero bazterk, baita gorrotoa ere. Bazterketa soziala gertatzen da arraroa ikusten duguna kanpora bota nahi dugulako. Nik nahi dudana da jendeak hau prozesu naturaltzat hartzea eta ulertzea.
Alaitasuna ere beharrezkoa da transexualitatearen munduan?
Zalantzarik gabe. Jendea pertsona transexual baten bizitza ezagutzera hurbiltzen denean normalean morbo pixka batekin egiten du. Pertsona horren sufrimenduaren errelatoa espero dute eta, zorionez, nire kasuan ez da horrela izan. Halere, aitortu beharra dago tamalez ohikoa bestea dela, transexualen sufrimendua, bazterkeria…
Zure kasua horregatik da berezia?
Bai, nire kasuan zoriontasuna da nagusi. Traba batzuk ere badira, noski, baina gizartearen partetik ez dut ia oztoporik sumatu orain arte. Ekhiñe Etxeberria zinemagile uhartearrak nire istorioa kontatzeko filma egitea proposatu zidanean ideia bikaina iruditu zitzaidan. Berehala baina, ohartu zen zaila egiten zitzaiola kontaera bideratzea zerbait dramatikoagoa espero zuelako. Berak zioen hor ez zuela mamirik aurkitzen drama bat egiteko. Azkenean egin zuen oso dokumental polita eta pozez betetakoa, halakoa delako nire errealitatea. Ez dago gatazkarik, ez da ezer gertatzen, baina, aldi berean, dena gertatzen da eta jendeari asko gustatu zaio.
Gurasoen jarrera izan da giltzarria?
Beti izugarrizko jarrera positiboa izan dute, haiek eta familia osoak ere bai. Gogoratzen dut 3 urterekin Uharteko konpartsako erraldoi erreginaren jantzia nahi nuela gauza guztien gainetik eta nire izeba baten ahizpak egin zidan bat izugarri polita. Ahal nuen guztietan janzten nuen txiki-txikia geratu zitzaidan arte.
Hasieran beldurrez bizi izan dute, baina gero lasaitasun handiz. Niri egoera horrek indarra eman dit beldurrik gabe bizitzeko. Orain Madrilera noa zinema ikastera eta espero dut giro horretan pertsona irekiak aurkitzea, istorio desberdinak kontatu nahi dituztenak. Nahiko lasai nago alde horretatik.
Uharten babestua sentitzen zara?
Bai. Askotan esaten da “Herri txiki, infernu handi” baina nik Uharten hori ez dut sentitzen. Asko hitz egiten da, noski, baina modu didaktikoan eta ikasteko gogoz. Eskoletan, adibidez, asko mintzatzen da haurrekin gai hauez eta nire kasuaz. Ni oso harro nago uhartearrez.
Nire lagunak beti izan ditut aldamenean eta haiek ematen didate sostengua eta indarra. Berdin eskolan eta Atarrabia eta Alaitz institutuetan ere. Ikasle, familia eta irakasleen aldetik dena izugarri positiboa izan da.
Institutuan hasi nintzenean, adibidez, soinketa egiterakoan inor sartu aurretik joaten nintzen nesken aldagelara. Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta lasterren ateratzeko. Uste nuen agian beste neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela esan zidaten.
Chrysallis eta orain sortu berri den Naizen elkarteen laguntza nola baloratzen duzu?
Bikaina izan da. Nire gurasoak laguntza bila hasi eta berehala jaso zuten haien sostengua. Haientzat izan zen oasi bat basamortuaren erdian aurkitzea bezala. Chrysallis estatu osoko erakundea da eta urtean bitan topaketak egiten dira, zurea bezalako kasu eta familia gehiago ezagutzeko aukera ematen dizu. Oso giro polita dago: hitzaldiak, jokoak… 11 urterekin pentsatzen nuen ni bezalako beste inor ez zegoela munduan. Ezagutzen nituen transexual guztiak helduak ziren, batzuk oso zaharrak. Chrysallis eta orain Naizen elkarteei esker nire adineko jende gehiago ezagutzeko aukera izan dut. Gainera, haien laguntza ezinbestekoa izan da endokrinoekin eta psikologoekin lanean hasteko. Orain jada, zorionez, psikologoen laguntzarik ez dut behar.
"‘Hazte oir’ kanpainako autobusarena hain da erridikulua non halako mezuak zabaltzen dituen jendearen aurkako gorrotorik ez dut jada sentitzen"
Nolakoa izan da zure trantsizioa?
Nik betidanik jakin dut neska naizela, hori jakiten den zerbait delako, baina umetan jendeak esaten zidan ezetz, mutikoa nintzela, orduan nik nire diskurtsoa aldatzen nuen esanez neska izan nahi nuela. Baina 11 urterekin ama deitu nuen nire logelara eta modu serioan esan nion nik ez nuela neska izan nahi, baizik eta ni neska nintzela. Une horretan gurasoek txipa aldatu zuten eta laguntza bila hasi ginen. Ikusi zuten ez zutela seme gay bat eta alaba txiki bat, bi alaba baizik.
Trantsizio prozesua izan da, baina ez nirea soilik, inguruko pertsonena ere bai. Txikitan ez nuen jende askok jakitea nahi, baina ikusi nuenean jendeak oso ongi erantzuten zuela eta ikasteko gogoa zutela, gero eta gehiago hasi nintzen erakusten neska transexuala nintzela.
Trantsizio fisikoa oso prozesu luzea da eta kasu batzuetan bihurria. Nahi duenak egin dezake eta nahi ez duenak ez. Duela zenbait urte tratamendua hasi nuen, nerabezaroa hasi baino lehen, eta bizitza osoan jarraitu behar dut. Ez da kaltegarria, ez du albo-ondoriorik eta pastillatxo bat besterik ez da. Pentsatzen dut egunen batean agian genitalen ebakuntza egingo dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Oso ondo eta pozik nago, nagoen bezala.
Tratamenduak gizarte segurantzan sartzen dira?
Gauza batzuk bai eta beste batzuk ez. Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bai, adibidez, baina ez da gauza bera gertatzen estatu osoan.
Gaia patologizatuta dago, ezta? Ematen du gaixorik zaudela…
Bai, hala da. Espainian orain dela gutxi arte garun gaixotasun bezala sailkatua agertzen zen, eta munduko toki askotan pentsa nola dauden. Homosexualitatea pertsona bat hiltzeko motiboa bada, transexualitateaz ez da ezta hitz egiten ere. Beldurgarria da.
Genero ikuspegia aldatu beharra dauka gure jendarteak?
Aldaketa egin nuenetik ni jende guztiaren aurrean emakumea naiz eta kito, baina badira pertsonak genero batekin identifikatzen ez direnak edo biekin identifikatzen direnak. Aldaera asko daude, horregatik nik uste dut generoaren araberako sailkapena ezabatu egin behar dela behingoz, toki guztietatik.
Ez dakit genero ikuspegia etorkizunean oso desberdina izango den ala ez, baina espero dut behintzat pertsona baten generoa jakiteko pertsona horri galdetzea, eta ez kanpoko itxuraren arabera ondorioztatzea. Aitortza eta errespetua.
Ekai, gazte ondarroar transexualaren suizidioa bezalako berriak ikusten dituzunean zer sentitzen duzu?
Tristura ikaragarria. Gainera, ez da suizidioa, erailketa soziala baizik. Gizarteak eraman du mutiko hori bere buruaz beste egitera. Oso gogorra da. Horren aurrean heziketa da garrantzitsuena. Haurrentzat eta helduentzat ere bai, aurreiritziak ezabatzeko.
Horren entzutetsua den Nafarroako Skolae heziketa programa, adibidez, eraginkorra izan daiteke?
Bai. Programa bikaina da. Gainera, aukera izan dut praktikan ikusteko hemen bertan, Uharteko eskoletan, eta oso bide egokia iruditzen zait. Haur bati txikitatik erakusten badiozu hau zerbait normala eta naturala dela eta normaltasunez tratatu behar dela, ideia horrekin haziko da. Gobernu berriak Skolaerekin jarraituko duela esan du eta oso berri ona da.
Batzuek ez dituzte maite genero aniztasuna eta berdintasuna. Zergatik?
Ez zait buruan sartzen. Ez dakit zergatik, guk ez baitiogu inori kalterik egiten. Gorroto sakona eta errotua da, baina ez dakit zergatik gertatzen den.
“Hazte oir” kanpainako autobusak ikusi al dituzu?
Bai eta auzo-lotsa ematen dute. Hain da erridikulua non halako mezuak zabaltzen dituen jendearen aurkako gorrotorik ez dut jada sentitzen. Kasik barregura ematen didate. Geure burua indartsu eta LGTBI+ kolektibo eta mugimendu guztiak oso ahaldunduta ikusten ditut eta horrek ere laguntzen dit niri.
“Berriro jaioko bazina nolakoa nahi zenuke izan” galdetu zizuten Ur handitan telebista saioan duela gutxi.
Bai, eta oraindik gogoratzen dut Xabier Madariaga kazetariak jarri zuen harridura aurpegia esan nionean emakume transexuala izan nahiko nukeela berriro, ez nukeela ezer aldatuko.
Zure filmetan zer-nolako istorioak kontatu nahiko zenituzke?
Nirea bezalako istorioak eta ni bezala baztertuta sentitzen diren beste kolektibo batzuenak: emakumeak, arraza beltzekoak… ahotsa eman nahi diet adituak izateko zailtasunak dituzten kolektiboei.
Nolakoa da Mikele?
Alaia, despistatua, oso baikorra eta batzuetan baldar samarra. Milaka pieza dago puzzle horretan eta horietako bat da transexuala izatea, baina hori beste pieza bat besterik ez da.
Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]
1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
BAMBIk (Amurrio, 1999) diru bilketa abiatu du, bere trantsizio prozesuaren barruan, aurpegia feminizatzeko asmoz. Trans kolektiboaren egoeraren eta bere ibilbide artistikoaren inguruan mintzatu da.
Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]
Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]
LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.
Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek.
Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.
Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Gehiengo zabalarekin onartu dute. EAJ, PSE-EE, EH Bidu eta Elkarrekin Podemos-IU-k baiezkoa eman dute, eta PP aurka agertu da.“Hainbat hobekuntza” txertatuko dituzte Osakidetzan, hezkuntzan eta lan-arloan.
Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.
Trans pertsona arrazializatuek, trans pertsona arrazializatuentzat sortutako dantza da vogue-a. Interneten bideoak ikusita horren berri izan zuen Anouar Merabetek (Martil, Maroko, 1991), eta Euskal Herrian komunitaterik ez zegoenez, Parisera joan zen ikastera. Ostean, Kiki house... [+]
Ehundik gora lagun bertaratu ziren iragan larunbatean Laudioko Orbeko Etxean eginiko ‘Txao Titis, Titi gabe bada paradisua’ jaialdira. Ekimenaren helburu nagusia mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzea... [+]
Tratu txarrak Osakidetzako langile batzuen eta Ertzaintzaren partetik pairatu dituela salatu du.