Eskatu bai, makina bat aldiz eskatu zuten telebista saioa Aragón TV kate publikoan, baina ez zuten lortu halakorik 2018ra arte. Arrakasta izan du lehen denboraldiak eta irailean bigarrena hasiko du aktualitateko gaiak jorratzen dituen Charrín Charrán saioak.
Silvia Cebolla zaragozarra aragoiera ikastaroak ematen ari zen Nogará kultur elkartean. Halako batean A rodar ekoiztetxeko jendea joan zitzaien esanez aragoieraz egingo zen lehen telebista saioan aurkezle izateko aproposa izan zitekeela elkartean hizkuntza ikastaroak ematen ari zen irakasleren bat. Ekoiztetxekoek eskolak ematen ikusi zuten Cebolla eta bera aukeratu zuten aurkezle lanetarako. Aragoieraren alde egiten ari den borrokan aletxo bat gehiago jarri duela sentitzen du zaragozarrak. Borroka horretan zaildua baita. 19 urterekin ikasi zuen hizkuntza kultur elkarte batera gerturatu zenean. Aragoieraz maitemindu zen. Telebista saioa hasi aurretik Youtuben kanal bat ireki zuen sukaldaritza beganoaz aritzeko, aragoieraz, jakina. Bitarteko modernoak erabili nahi zituen batez ere gazte jendea erakartzeko.
Berarentzat sorpresa izan zen aurkezle lanetan hastea, ez hainbeste programa abiatzea. Izan ere, urteak zeramatzaten aragoieraren aldeko elkarteek saioa eskatzen eta proiektu zehatza bidalia zuten Aragón TVra aspaldi. Cebollaren ustez, 2010eko hizkuntzen legeak eman zuen bultzada ezinbestekoa. Lege horrek dio, besteak beste, hedabideek Aragoiko hizkuntzei tokia egin behar dietela. Zortzi urte geroago estreinatu zuten programa.
Telebista saioak izan duen harrerarekin pozik daudela esan digu. Jendeak maitasun handiz erantzun die eta sare sozialetan mugimendu bizia izan dute. Aragón TVko saioen artean Instagrameko eta Twitterreko jarraitzaile gehien dutenak dira.
Saioa ordu erdikoa da eta igande goizetan emititzen dute. Erreportajeak, elkarrizketa sakona, hizkuntzari buruzko Pizarra y clarión tartea, Mundo mágico (umeak dira protagonista) eta fikzioa eskaintzen dute. Oso argi zeukaten saioa kulturala izango zela, baina gai guztiei buruz arituko zena. Hizkuntzaz oraindik dirauten hainbat mito bertan behera bota nahi zituzten. Jende askok uste du aragoierak landa eremuko gauzez hitz egiteko baino ez duela balio eta zaharrak baino ez direla hiztunak. Saioak landa eremua zein gune urbanoa jorratzen du eta adin guztietako hiztunak aurkitu ditu Aragoin barrena kameraren aurrean jartzeko prest. Ez da kasualitatea aurkezle Silvia Cebolla izatea eta erreportajeak egiten Jorge Pueyo agertzea. Aniztasuna lehen lerroan agertu nahi izan dute: Cebolla hizkuntza helduaroan ikasia da eta Pueyok berriz 23 urte ditu eta Fonz-ekoa da. Herri handienen artean aragoiera hiztun gehien dutenetakoa da. Pueyok lehen hizkuntza du aragoiera. Saio gaztea egin nahi izan dute, eta erakutsi edozertaz hitz egin daitekeela aragoieraz.
Cebollak onartu du presio pixka bat sentitu dutela, lehen aldia baita horrelako zerbait egiten dela. Aragoiko jende askok ez du sekula aragoiera entzun, ez daki nolakoa den, eta saioa horretarako aukera paregabea da: “Kalean topatzen dut jendea esaten didana badakiela aragoiera hitz egiten dela, baina gauza gehiago esaten ez dakite, eta askok ez du inoiz entzun. Oso gogorra da. Saioak hizkuntza normalizatzen lagunduko du”.
Aragoiera hiztunek berriz, harro ikusi dute saioa. Hala gertatu zaie Fonzekoei. Herrikide gaztea ikusi dute erreportari lanean aragoieraz ari dela. Cebollak dio egunero hitz egiten duten hizkuntza duindu dela sentitzen dutela. Arraroa egin zaie herrikidea aragoieraz aritzea telebistan, saioa hasi baino lehen aragoiera hiztunik ez baitzen agertzen telebista publikoan. Hiztunak harro sentitu dira saioa ikusita eta erraz eman dute baiezkoa saioan parte hartzeko. Gonbidatuak aintzatetsiak sentitu dira telebistan ateratzeko aukera eman zaielako.
Beste mito batekin puskatzeko ere balio du saioak. Hainbat aragoiera hiztun harritu da aurkezleari eta erreportariari ulertzeko gai delako. Barneratuta daukate aragoiera oso desberdinak hitz egiten direla han-hemenka. Hizkuntza gero ikasi duen bati ulertzea harrigarria egin zaio askori, ez zuelako halakorik espero. Pueyo erreportariak ekialdeko hizkera du eta mendebaldera egin duenean hainbat herritar konbentzituta zegoen ez ziotela ulertuko. “Ia-ia herriko hizkuntza dela sinetsita daude eta elkar ulertzea martzianoa dela. Herrian hitz egitera daude ohituta, hortik kanpora ez”.
Orain lurraldeko edozein txokotako herritarrak normaltasunez entzuten ditu beste edozein bazterretako hiztunak hizketan. Alabaina, saioa ez da aragoiera hiztunentzat soilik. Hiztunak ez direnak ere harrapatu nahi dituzte, eta hizkuntza ikastera animatzen badira askoz hobe. Hizkuntza latinoa izaki gaztelania dakienak ia dena ulertzeko arazorik ez duela dio Cebollak. Hala ere, ikus-entzuleak gorrentzako prestatutako gaztelaniazko azpitituluak erabil ditzake hobeto jarraitzeko. Aurkezleak ohartarazi digu Aragoin gaztelaniaz hitz egiten duenak ere, konturatuta edo konturatu gabe, aragoierazko hitz dezente erabiltzen dituela. Beraz, are errazagoa da hizkuntza belarrira ezaguna egitea. Cebollaren iritziz, azken urteetan aragoiera ikasle kopuruak gora egin du eta telebista saioak horretan lagundu du.
Bigarren denboraldia hasiko du Charrín Charrán-ek, eta saioaren izenburuak ondo dioen moduan halaxe jarraituko dute igandero, berriketan, hitz eta pitz, aragoieraz.
UNESCOren sailkapenaren arabera aragoiera desagertzeko arriskuan dago, alegia, seme-alabek jada ez dute jasotzen hizkuntza etxetik. 2017an Aragoiko Soziolinguistikaren Mintegiak egindako ikerketaren arabera ondokoak dira aragoieraren egoerari buruzko datuak:
25.556 aragoiar dira gai aragoieraz hitz egiteko.
Unescoren datuen arabera berriz, hiztunak 10.000 inguru dira. Kontuan hartu behar da Mintegiaren ikerketa 2011ko errolda datuetan oinarritzen dela eta halakoetan herritarrari galdetzen zaio ea aragoieraz hitz egiten badakien ala ez. Susmoa da, hizkuntza jakin ez arren, hitz egiteko gai direla eta hitz egiten dutela erantzuten dutela. Hainbat hitz eta esaera jakiteak pentsarazten die hizkuntza badakitela, ez baitira jabetzen hizkuntza osoa dela eta ez dela hiztegi kontua soilik. Askoren ustea da 25.000ko zifra oso puztua dela.
17.009 dira idazteko gai.
Non hitz egiten da gehien?
Jazetania, Gállego Garaia, Sobrarbe, Hoya de Huesca, Somontano de Barbastro eta Cinca Erdialdea.
Zaragozan: 7.183 hiztun.
Aspaldi galdu zen aragoiera Zaragozan. Lurralde horretako hiztunak edo ikasi berriak dira edo Aragoiko landa eremutik joandako biztanleak dira.
Huescan: 1.048 hiztun.
Teruelen: 448 hiztun.
Iturria: Aragoiko Soziolinguistikaren Mintegiak 2017an egindako ikerketa. Errolda datuak 2011koak dira.
Aragoiko Hizkuntzaren Akademiaren Osoko Bilkuran onartu zuten apirilaren 3an, eta ostegun honetako Aragoiko Aldizkari Ofizialean publikatu dute. UNESCOren arabera, desagertze arrisku larrian dago hizkuntza.
Alto Galligo eskualdeko hizkuntzari buruzko datuak eta informazioa eskaintzen dute www.aragonesaltogalligo.com webgunean. UNESCOk desagertzeko zorian dagoen hizkuntza gutxitu gisa katalogatu du aragoiera eta hura berreskuratzeko ekimenak abian jartzen ari dira tokiko... [+]
Espainiako Estatuan hitz egiten diren hizkuntza gutxituen aldeko eragileek adierazpen bateratua aurkeztu dute asteazken honetan: “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” izenburupean, asturiera, aragoiera, galiziera, katalana eta euskara hitz... [+]