Franco Berardik gazterik ulertu zuen kapitalismoaren kontra borrokatu beharra zegoela, eta Boloniako ikasleen protestak piztuz geroztik 40 urte luze joan badira ere, italiar filosofoak buru-belarri dihardu, oraindik ere, bizitza gozagarriagoen aldeko aldarrian.
Kontuz, baina, haren diskurtsoan ez baitira gauza bera gozamena eta hedonismoa. Gozamenak, benetako eros izateko, etikoa eta enpatikoa izan behar du. Ekainean Donostiara etorri zen, eta aukera aprobetxatu genuen harekin honetaz guztiaz hitz egiteko.
Filosofoa. Gaztetan lotura handia izan zuen komunismoarekin. 1976an Radio Alice irratia sortu zuen, eta 1977an buru-belarri ibili zen Bolonian ikasleek egindako protesten mugimenduan. Polizia atzetik zebilkionez, Parisera joan zen, eta AEBetan ere bizi izan zen, 80ko hamarkadaren hasieran. Gaur egun, jaioterrian dihardu irakasle, baina hitzaldiak ematen ditu sarri han-hemenka. Sakon aztertu ditu komunikabideak eta teknologiaren zabalkundeak eta aurrerakuntzak gizakiengan izan duten eragina. Hogeitik gora saiakera argitaratu ditu.
1970ean argitaratu zenuen zure lehenengo liburua: Contraillavoro [Lanaren kontra]. Arreta eman dit izenburuak. Nola ikusten duzu lanaren auzia, lehen liburu hartatik 50 urte igaro diren honetan?
Liburua berrirakurtzen saiatu naiz duela gutxi eta ez dut piperrik ulertu, halako hizkera marxista klasiko eta oso konplikatu batean idatzita dagoelako. Nolanahi ere, liburuan azaltzen den kontzeptu nagusia guztiz gaurkoa iruditzen zait, orain dela 50 urte baino askoz premiazkoagoa. Zer esan nahi du lanaren kontrako aldarrikapenak? Esan nahi du ez dugula gehiago lan egin behar, ezpada gutxiago, askoz gutxiago. Eta hori ez diot nik bakarrik. Elkarrengandik oso urruti dauden beste bi pertsonak diote. Bata, jakina, Karl Marx da. Orain dela 150 urte testu izugarri garrantzitsua idatzi zuen, “Makinei buruzko pasartea” –Grundrisse liburuan– eta Marxek zioenez, kapitalaren garapenaren ondorioz emankortasuna handitzen zen, eta emankortasunaren ondorioetako bat zen lan gutxiago eginda gauza erabilgarri gehiago sortzen zirela. Beraz, Marxek zioen kapitalismoaren patua zela kapitalismoa bera gainditzea makinei eta teknologiari esker.
Zein da beste pertsona?
Larry Page da, Google-eko operazio burua. 2014ko elkarrizketa batean esan zuen Google-k martxan jarriko balitu gaur egun garatzen ari diren adimen artifizialeko gailu tekniko guztiak gaur egun diren lanen %50 desager daitekeela gauetik goizera.
Eta hori ona al da?
Ona da? Txarra da? Badirudi teknologiaren potentzia kalterako dela, izugarrizko desgrazia dela benetan: ba ez, aukera bat da, baina kapitalismoak ezin du aukera hori onartu, hain justu ere gizakien lana esplotatzea baita dinamika kapitalistaren oinarria. Hala, kapitalismoak superstizio bat sortu du, lanaren superstizioa, hau da, jan nahi baldin baduzu lana egin behar duzula. Ideia hori desastre hutsa da, zeren, horren ondorioz gero eta lan gehiago egiten dugu, eta, hortaz, gero eta langabe gehiago daude, gero eta miseria handiagoa dago, gero eta alienazio handiagoa, sufrimendu latzagoa, psikopatia gehiago eta abar. Ez da erraza, noski, oso zaila da, baina konponbide bat dago: lanari eskaintzen diogun denbora kolpean murriztea, eta denbora gehiago eskaintzea, beraz, hezkuntzari, terapiari, plazerari… bizitzari.
"Gure mundua gela txiki bat da. Jende gehiena izugarri sufritzen ari da, baina gu saiatzen gara ez ikusten. Gu gaude gaixo, eta ez besteak"
Terapia aipatu duzu eta hari horri heldu nahi nioke orain. Esan izan duzu psikoterapia edo egonez emozional eta psikikoen tratamendua ez dela sekula modu sistemiko edo kolektiboan landu. Ikuspegi hori aldatu behar genukeela uste duzu?
Pasa den mendean bi arazo zeuden, bereiziak: batetik, arazo soziala, lana, esplotazioa, langileen eskubideak… Eta, bestetik, norberaren egonez psikikoaren arazoa. Bigarren arazoa, muinean, burgesiari zegokion, neurosiak jotako norbanakoak ziren, hainbat arrazoi tarteko, adibidez, familiaren edo sexualitatearen ondorioz. Gaur egun, bi arazoek bere horretan diraute, baina egoera zailagoa da, zeren bi arazoak nahastu egin dira, hau da, gaur egun, egonez psikikoa, indibiduala izanik ere, ezin da indibidualki ulertu ez konpondu, eta berdina gertatzen da lanaren eta prekarietatearen arazoarekin: arazo hori ezin da sufrimendu psikikotik bereizirik ulertu. Beraz, zerbait sortu behar dugu, teknika bat, praktika bat edo arte bat, bi auziak elkartzeko, terapiaren auzia eta eraldaketa edo askapen sozialaren auzia elkartzeko. Ez da erraza, izan ere, sufrimendua gauza bakartia dela sinesten baitugu oraindik ere, baina nik uste dut hauxe dela gaur egun bizi dugun esplotaziotik eta sufrimendutik ateratzeko modu bakarra.
Plazerik gabeko desira sustatzen duen sistema: zure ustez, horixe da kapitalismoa.
Esan genezake kapitalismoak etengabe sustatzen duela desira, baina inoiz plazerik eman gabe, aitzitik, plazera gerorako uzten duela beti, eta betiko. Kapitalismoak behartzen zaitu etengabe produzitzera eta kontsumitzera, baina inoiz ez gozatzera. Era berean, gaur egun gertatzen ari den eraldaketa teknologikoaren ondorioz, desiraren zirkuitua izugarri bizkortzen ari da, eta plazera sentitzeko aukera beti gerorako uzten du, modu benetan mingarrian. Gaur egun ezagutzen eta erabiltzen ditugun pantailek, oso-oso ugariak izaki, desira hiper-sustatzen dute, eta, aldi berean, bertan behera uzten dute plazera, betiko geroratzen dute. Gure garaiari buruzko diskurtso nagusi bat da hori, baina iruditzen zait horrek guztiak eragin nabarmena duela sexualitatearen eremuan.
Nola?
Hona hemen datu esanguratsu bat: farmazia-enpresen estatistiken arabera, gazteek erabiltzen dituzte gehien jatorrian zaharrentzako asmatu ziren pilulak –hala nola Viagra eta erekzioa laguntzeko bestelako pilulak–. Zergatik gertatzen da hala? Bada, batetik, gazteek ez dakitelako ezer erotismoaz, zeren pornografiaren iturritik ikasi baitute dakiten guztia, eta uste dutelako pornografia eta erotismoa gauza bera direla. Azkenik, eta hau da garrantzitsuena, gazteek ez daukate astirik desira hizkuntzaren bidez adierazteko eta garatzeko. Azken batean, eros fenomeno linguistikoa da, eta hori ulertzen ez bada ez da inoiz ezer ulertuko erotismoa. Kontsumoaren erritmoa azkartu den heinean, desira hizkuntzaren bidez garatzeko gaitasuna suntsitu da.
Enpatiaren etika aldarrikatu duzu; sentikortasunaren etika, adimenaren etikaren ordez.
Zer esan nahi du etikak? Zentzu batean, filosofiaren historian, auzi hori oraindik ez da konpondu. Adibidez, horra hor Kanten etika, gizarte moderno eta demokratikoaren etika, zeinak, batez ere, arau unibertsalak aipatzen baititu. Arau interesgarriak dira, baita onak ere, baina arauak dira azken batean. Etika arautegi moduan hartzen badugu, bizitza sozialaren izaera ziniko eta anti-etikoa mantentzen dugu. Bizitza sozialean hainbat gauza elkartzen dira: batetik, egunerokoan, dirua pilatzeko premia dago; bestetik, badira zenbait arau, nahi badugu edo ahal badugu errespetatu behar ditugunak; eta, azkenik, legea dago, zeinak arau etikoa ezartzen baitu. Legea eraginkorra izan daiteke, errepresioa erabiltzen duelako, baina aukera hori ez da oso ona. Orduan, zein da arazoa? Bada, filosofiaren bidez esateko, arazoa da Eros eta Agaperen bereizketa, hau da, desira eta ontasunaren betebeharra bereiztea. Bereizketa horren ondorioz, etika ez da plazeraren eremuko gauzatzat hartu. Kontu honetan, bestearen gorputza dago jokoan: nola bizi dugun bestearen gorputza.
Nola bizi dugu bestearen gorputza?
Arazo psikoanalitikoa da. Uste baldin badugu bestearen gorputzaz jabetu gaitezkeela, bada, orduan, bestearen gorputza ez da sekula izango gure sentikortasunaren parte. Aitzitik, bestearen gorputza enpatiaren bidez ulertzen badugu, hau da, bestearen gorputza gure gorputzaren jarraipena dela ulertzen badugu, orduan, bestearen plazera gure plazera izango da, eta bestearen sufrimendua, berriz, gure sufrimendua. Ez naiz utopiaz ari. Demagun gela txiki batean lau pertsona bizi direla, eta haietako bat izugarri sufritzen ari dela: kasu horretan, harekin dauden pertsonek sufritu egingo dute pertsona horren sufrimenduarekin, eta hala ez baldin bada, horrek esan nahi du gaixo dagoela. Gu halakoxe mundu batean bizi gara, gela txiki bat da, eta jende gehiena izugarri sufritzen ari da, baina gu saiatzen gara ez ikusten. Gu gaude gaixo, eta ez besteak. Uste dut arazo psikopatologiko bat dela muinean; beraz, ez zait moral arautzailea interesatzen, ezpada gaur egungo enpatia falta sendatzeko zerbait.
Etorkizunari buruz galdetu nahi dizut orain. Andre Groppleroren Comunismo futuro dokumentalean agertzen zara, eta zure azken liburua Futurabilidad deitzen da. Arreta eman dit: bi lanetan kontzeptu bera, etorkizuna. Nola ikusten duzu datorrena?
Egia esan, ez naiz oso baikorra. Etorkizunari buruz ari garenean ez gara ari halako gauza irudikatu bati buruz, ez, orainari buruz ari gara, orainean idazten baita etorkizuna. Eta orain, gaur egun, munduko mapari begiratu, eta hor ikusten dut, Filipinetatik Brasilera, nola ari den zabaltzen arrazakeria eta nazionalismo bortitza, eta nire kautan pentsatzen dut gerra ekidinezina dela, gerra prestatzen ari dela gaur egun. Era berean, ikusten dut nola ari diren agertzen hondamen ekologikoaren eraginak, eta ikusten dut klase politiko nagusiak ez diola jaramonik egiten, arazo ekologikoa ez zaiola interesatzen zeren beren kezka bakarra da hazkuntza ekonomikoa bultzatzea; hori ikusita, nire kautan pentsatzen dut apokalipsi ekologikoa ekidinezina dela. Baina, Keynesek esan zuen eran, intelektualen zeregina da ekidinezinaz hitz egitea. Eta, nolanahi ere, ekidin ezin dena baino, aurreikusi ezin dena gertatzen da, eta horrexen zain nago ni, aurreikusi ezin denaren zain.
Eta zer da hori?
Bada, aurreikusi ezin dena ez zaigu besterik gabe zerutik etorriko; aitzitik, aurreikusi ezin dena ahaleratik dator, gertatu ahal denetik: agian aurreikusteko zaila zen, baina posible da. Aurreikusi ezin denak ezin du ezinezkoa izan. Beraz, gaur egun, zer dago aurreikusi ezinekoa eta aldi berean posible? Nik komunismoa deitzen diot. Baina komunismo horrek ez dauka inongo zerikusirik Leninekin, gerra garaiko komunismoarekin, Sobietar Batasunarekin eta proletarioen diktadurarekin. Aitzitik, komunismo horren ardatzak dira aberastasunaren birbanaketa, lanaldiaren murrizketa eta bizitza zoriontsu eta aldi berean etiko bat bizitzeko aukera –betiere lehen aipatu dudan etikaren zentzuan–.
Hau da, gutxi batzuen zoriontasunaren oinarria ez izatea askoren sufrimendua.
Hain zuzen ere! Zoriontasun mota hori ez da ez etikoa ez erotikoa.
Donostian pasa dituzun egunotan, UBIKeko bitartekarien egoera ezagutu duzu. Zer iritzi duzu gai horretaz? [Elkarrizketa egin genionetik UBIKeko langileek akordioa lortu dute eta greba amaitua da].
Ezin dut hitz egin Donostian gertatzen ari den lan gatazka baten inguruan, ez bainaiz hemen bizi eta ez baitut aski ezagutzen. Nolanahi ere, hauxe esan dezaket: bitartekariak behar ditugu, eta ez bakarrik bederatzi, bitartekari mordo bat behar dugu. Izan ere, zer egiten du bitartekariak? Bada gatazka garatzen eta bideratzen du psikologikoki eta hizkuntzaren bidez. Gatazka luze-zabal hedatzen ari da: gatazka etnikoa, gatazka soziala, genero-gatazka, sexu-gatazka… Halako egoera batean non oldarkortasuna hazten ari baita, bitartekarien armada bat behar dugu. Bitartekariek ezin dute egoera prekarioan egon, ezin dute segurtasunik gabe bizi, bermeak behar dituzte, soldata duinak behar dituzte eta asko izan behar dute. Horixe da nire proposamena, eta ez naiz zuzenean Tabakaleraz ari, ezpada Europako instituzio publikoez. Nire iritziz, bitartekaritza linguistikoak eta kulturalak oinarrizko auzia izan behar luke Europa benetan gizatiar eta demokratikoa eraiki nahi baldin badugu.
“Munduan gertatzen ari denak ez dauka inongo zerikusirik politikarekin. Politika existitzen zen garaian, arrazionaltasunaren arte bat zen: arrazionaltasun ona txarraren kontra, edo alderantziz, baina arrazionaltasuna azken batean. Nolanahi ere, gaur egun arrazionaltasuna desagertu egin da, finantzaren algoritmoarekin identifikatzen baita arrazionaltasuna orain. Denek arbuiatzen dute finantzaren algoritmoa, baina berdin sinesten dute hura dela arrazionaltasuna. Gaur egungo hiper-saturazio mediatikoak halako kaka-ekaitz bat sortu du, eta horren ondorioz, giza burmuinak ezin du arrazoiz funtzionatu, eta horregatik bozkatu du jendeak Trump ergel horren alde”.
Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]
Iazko abenduan hormigoi ekoizle den Lafarge lantegi batean burutu ekintza ekologistari lotua zen ekainaren 5eko sarekada. Kargurik eta kontrol judizialik gabe aske utzi dituzte atxilotu guziak.
Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]
Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]
Azkenaldian Bilboko San Frantzisko auzoan desalojo ilegalak jazo direla salatuz eta errealitate horren aurrean antolakuntzara dei eginez, Desalojo ilegalei ez kanpaina abiatu dute hainbat kolektibok larunbatean. Juan Mari Aburto alkateak Plan Zubirik 2021-2025 aurkezteko auzora... [+]
Esta gerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen / Katakrak) liburua idatzi berri du Raúl Sánchez Cedillok (Madril, 1969). Ukrainarren defentsarako eskubidea ulertuta ere, gerra gelditzea aldarrikatzen du, hori delako modu egokiena ukrainar... [+]
Azaroaren 19ko gauaz geroztik, Turkiak areagotu egin du Kurdistango herriaren aurkako erasoa, eta Rojava eta Siriako ipar-ekialdea bonbardatzeari ekin dio. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen... [+]
Bilboko Udaltzaingoak legea hautsiz eta indarkeria erabiliz auzokide bat kale gorrian utzi duela salatu du Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatuak, Blackstone funts putrearen jabetzako etxebizitza hustu ostean. Ostiralean jazo ziren gertakariak, San Frantzisko kalean, eta toki... [+]
Azaroaren 19tik intentsitate handiagoz ari da Kurdistani eraso egiten Turkia, bonbardaketak ari baita gauzatzen. Azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen Mugimendua, eta argudio horrekin ekin dio operazio militar berriari. KNK... [+]
Koordinaziotik antolakuntzara jauzi egitea. Helburu horrekin bildu dira urriaren 29an eta 30ean Hego Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatu, horietan militatzen duten 100 pertsona inguru bilduz. Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuak hautatu dituzte etxebizitzaren aldeko... [+]
Itsaso erdian zulaturiko txalupa bat, eta barruan pertsona bat, kubo bat eskutan hartuta ontzira sartzen ari den ura berriz itsasoratzeko ahaleginean, ekidinezina begiztatzen den urperatzearen aurrean ur azalean mantentzeko ahalegin desesperatuan. Irudi hori erreproduzitzen da... [+]
Urriaren 19an familia bat etxegabetua izateko arriskuan zegoela jakinarazi zuen duela astebete Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Etxegabetze aginduaren data iritsita, ez da kaleratzerik gauzatu. Sindikatuak larunbatean jakinarazi zuen antolakuntzaren eta lan... [+]