Maiatzaren 10ean 84 urterekin hil da Viktor Georgievitx Gorxkov fisikaria, euria eta oro har klima esplikatzeko Punpa Biotikoaren teoria sortu zuena. Bere hurbileko laguntzaile Anastassia Makarieva irakasleak idatzi du: “Biosfera umezurtz geratu da”. Eta klima aferetan aditua den Ugo Bardik: “Punpa biotikoa ez da orain arte klimaz dakiguna osatzen duen xehetasun bat gehiago, ekosistemaren lan egiteko moduari begiratzeko modu iraultzaile bat da”.
San Petertersburgeko Fisika Nuklearrerako Institutuan aritu da lanean Viktor Gorxkov hil arte, Fisika Teorikoko ikerketa-buru. Institutuak bere hil-oharrean azaldu duenez, mundu mailako fama lortu zuen kuantuen teoriaren alorrean. Baina historian aipatua izango da Punpa Biotikoaren teoriagatik. Azken urteotan Gorxkovek Anastassia Makarieva irakaslearekin batera zabaldu duen teoria oso eztabaidatua da eta zientzialarien gehiengoak onartu gabea, baina Ugo Bardiren hitzetan “arrazoia baldin badaukate, zirrara eragiteko modukoa da. Zeren eta esan nahiko baitu ekosistemak Lurraren klima kontrolatzen duela orain arte uste izan dena baina askoz hein handi eta sakonagoan”.
Punpa Biotikoaren teoriaren arabera, basoak dira ura itsasoetatik lehorrerantz punpatzeko makina izugarri indartsuak. Oihanak, ez soilik zuhaitzak edo belazeak edo soroak: ondo osatutako benetako basoak behar dituzu makina abian atxiki eta biosfera behar duen adina urez asetzeko. “Eta gizakiok –laburbiltzen du aspalditik datorren hondamendia Bardik– bizia ematen diguten oihanak suntsitzen ari gara”.
Gorxkoven teoriaren xehetasunak nahi dituenak internetez eskura ditzakete Anastassia Makarievarekin batera egindako bi elkarrizketa, bata 2010ekoa gaztelaniaz El Tiempo meteorologiazko weberako eta ingelesez bestea, 2012koa, Mongobay hedabide ekologistarentzat. Plazaratutako lanak, hitzaldietan eskainitako materialak eta beste, egileek jarrita dauzkate Bioticregulation gunean.
Punpa biotikoaren teoriak dauzka osagai fisiko eta ekologikoak. Fisikoak: haizeek jotzen dutela ur lurrinaren kondentsazio apaleko eremuetatik kondentsazio altuko eremuetara. Ekologikoak: hosto berdeen ebaporazio ahalmenagatik, lurrunaren kondentsazioa handiagoa dela oihanen gainean ozeanoen gainean baino.
Uraren zikloa martxan atxikitzeko garraiabide bat behar da hezetasuna itsasotik lehorrerantz eraman dezan eta horixe eragiten du punpa biotikoak. Haizeak itsasotik lehorrerantz jotzen du baldin eta hemen oihanak badaude, kontinente barruan euriak eraginez. Euriok berdinduko dute mendietatik itsasorantz grabitatearen poderioz errekek eramandako uraren galera.
Mekanismoari deitu diote biotikoa mugiarazten duena ez izaki bizidun bakar bat baizik eta gune bateko biota natural osoa delako, eremu horretako bizi konplexu guztia. Punpa biotikoak osotasunean funtziona dezan, eremu batek bere ekosistema osoa bizirik eduki behar du, izan zuhaitz, belar, sasi, bakterio, onddo eta animalia.
Gorxkoven teoriak meteorologian nagusi diren ideiekiko paradigma aldaketa proposatzen du, planetako haize, euri, urakan eta abar deskribatu eta arrazoitzeko modu berria. Garaiotan hainbeste eztabaidatzen den klimaren aldaketaren inguruan ere azalpen eta pronostiko ezberdinak eskaintzen ditu.
Zientzialarien iritzi nagusia da klimaren aldaketa eragiten duela zibilizazio industrialak isuritako karbono dioxidoak, erregai fosilak kiskaltzean aireratutako CO2ak. Ondorioz, klimaren aldaketari aurre egiteko proposatzen den estrategia nagusia da karbono isuriak murriztea. Ez da berdin ikusten Punpa Biotikoaren teoriatik begiratuta.
Klimaren berotzea ez, desegonkortzea
Gorxkov eta Makarievaren ustean, klimaren modelizazioak egin dituzten zientzialariek formazio teknologiko handia bai baina ekosistemen funtzionatzeko eraz ezagutza gutxi daukate. Punpa biotikoaren arabera, Lurrak nozitzen duen negutegi eragina nagusiki ur lurrinak, hodeiek eta abarrek baldintzatzen dute, atmosferaren hezetasuna, hori da negutegi substantzia garrantzitsuena. Eta oihanak dira hezetasunaren arduradun nagusiak. Ondorioz, oihanek osorik eta bizirik irautea izan behar du estrategia nagusia. Batetik, basoek badutelako CO2 gehiago irensteko ahalmena. Bestetik, oihanen suntsiketak aurrera jarraitzen baldin badu, CO2a murrizteak ez duelako klimaren zoratzea konponduko.
Amazonia da planetako punpa biotiko indartsuena, Atlantikotik ur masa izugarriak barneratzen ditu lehorrean kilometro askotan barrena. Zer gertatuko da Amazoniako oihana suntsitzen baldin badute? Klimatologoen gehiengoak aurreikusten du eskualde hartan euri-urak %20-30 murriztea. Aldiz, Makarieva eta Gorxkovek diote balitekeela galera %95eraino iristea. Hori gertatu omen zen Australian, duela 50.000 urte gizakiak iritsi eta bertako basoak desagerrarazita basamortua eragin zuenean.
Eta klimaren krisiari aurre egingo bagenio zuhaitz landaketa masiboak eginez? “Zuhaitz espezie gutxi batzuekin egindako baso-berritzeek ez dauzkate punpa biotikoa abiarazteko ezaugarriak. Bi adibide oso sinplifikatu jartzeko: kaktusak aldatzen baldin badituzu, ur oso gutxi ebaporatuko dute eta ez dute lortuko atmosfera heze atxikitzerik; eukaliptuak landatzen badituzu, arin hasiko dira ebaporatzen baina ez dira gai izango lurra heze atxikitzeko. Batean bezala bestean, punpa biotikoak ez du funtzionatuko. Txinako landaketa masiboetan funtzionatuko ez duen moduan”.
Oihanen suntsitzeak berehala dakartza eurien bakantzea eta erreken idortzea, azken mendeetan ikusi denez Errusian, Kolonbian eta abarretan. Baso-berritze ahaleginek klimaren gain eragina izateko urteak ez, hamarkadak behar dira, gune zabal batean biota oso bat antolatzeko denbora. Horregatik ikerlariok lehentasuna ematen diote aspaldiko oihanei zutik eta osorik eusteari.
“Klimaren edozein aldaketa ‘planetaren berotzeari’ egotzi ohi zaio, baina desertifikatzea oso bestelako zerbaiti zor zaio: atmosferako hezetasunaren punpa biotikoaren hondatzea da arrazoia. Hau da Punpa Biotikoaren teoriaren mezu nagusia: lur gaineko uraren zikloaren osasun ona lotuta dago nagusiki landarezko estalkiaren egoerari eta ez hainbeste baldintza geofisikoei. Ohartarazi nahi dugu ekosistema naturalen mundu mailako suntsiketak klimaren desegonkortzea dakarrela, eta horrek ez du esan nahi derrigor berotzea. Ezegonkortzeak ekarri dezake Lurra ‘elur bola’ bihurtzea edo negutegi eragina izugarri handitzea, baina biak ere biziarekin batera ezinezko egoerak. Klimaren aldaketa ez da beroketa globala, baizik eta klimaren egonkortasunaren galera.
Baso naturalak berreskuratzen urte asko behar dira, punpa biotikoa osoki lanean eduki arte. Askoz errazagoa da lehengo oihanak babestea berriak haztea baino. Oraindik ez dugu garatu ekosistemaren osasuna zaintzeko medikuntzaren zientzia. Bitarte horretan, premiazkoa dugu daukagunari bizirik eustea”.
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.
Palestinako Popular... [+]
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da.
Magnoliak eleganteak dira. Dotoreak. Anddereak. Pontxoak. Apainak. Pimentak. Gurbilak. Ponposak, ponpoxearrenak. Ortiroak. Ia-ia fazazkoak, kriket eta kraket. Ez naiz harritzen, beren loraldien azpian lurrarekin urtzerainoko handitasunaren menpeko sentitzen naiz urtero.
Herriko EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso informazioa hau. Bi haize sorgailu ezartzeko asmoa dago eta Cluster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]
Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]
Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da... [+]