Hiriko semea izanagatik, familiako ogibideari segida eman eta Txantreako Gaztategia egitasmoa jarri zuen martxan orain urte gutxi Roberto Urrutiak, Xabier anaiaren laguntzarekin. Hiria eta landa elkarrengana hurbiltzea du xedeetako bat, eta praktikan ari da horretan: 300 buruko artaldea du Artaitzen, eta Iruñeko Txantrea auzoan egiten du gazta. Ardiak inguruan dituela, eta Artzain eta Beltza txakurrei tarteka garrasi egiten diela, erantzun ditu elkarrizketa honetako galderak.
Ez zara familian artzain bakarra.
Aitonak Ameriketara emigratu zuen, eta han ibili zen artzain hamar urtez, Nevada eta Kalifornia artean, mendian hilabeteak emanez. Egindako diruarekin itzuli eta artalde bat hartu zuen Garesen (izatez, Eugikoa zen). Ardiak eta ahuntzak hartu zituen. “Los Cabreros”, hala esaten zioten Garesen nire aitaren familiari. Aitak, Parisera migratu eta han hemezortzi urte eman eta gero –amak hamar–, itzultzea erabaki, eta artalde bat hartu zuen, lehenbizi Magdalenan [Iruñeko auzoa], eta gero Ezkaba mendiko bolborategian, Orbina gainean. Han ibili zen hogeitik gora urte, artzain, jubilatu arte.
Iruñeko azken artzainetako bat izan omen zen.
Txantreako azkena bai behintzat, eta hiriko azkenetakoa ere bai.
Hiriko familia izanda, nola bizi zenuten artzain mundua?
Nik ardi artean ikasi nuen oinez, ardi artera eramaten ninduten aulkitxoarekin. Nire anaiei eta amari –eta aitari, noski–, lan egitea egokitu zitzaien, baina nik, txikiena izanda, beste modu batera bizi izan nuen, beti mendian, ardiekin, artzain munduan. Guretzako naturala zen; artzainaren semeak ginen. Eta horrek, nahi eta nahi ez, definitzen gintuen.
Nola erabaki zenuen familiaren sokari eustea?
17 urte nituela desagertu ziren ardiak gure etxetik, eta nire anaiek ez zuten ogibidearekin jarraitu nahi izan. Niri 20 urterekin hasi zitzaidan ideia buruan bueltaka. Garai horretan Iruñetik kanpora joan nintzen bizitzera, Artzibarrera, herri bat berreskuratzera. Artalde propioa izateko ideiarekin hasi nintzen, baina zaila zen, ez baitzegoen har nezakeen ustiapenik. Zorionez une hartan ez nintzen horrekin jarri, eta horri esker bizi ahal izan ditut beste gauza batzuk, bidaiatu, eta abar. Hain gaztetatik lotu izan banintz orain erreta nengoke.
Gerora berrartu zenuen ideia, dena dela.
Orain dela bost urte hasi nintzen, 37 urterekin. Artaitz herrian (Untzitibar) lur komunal bat errentan hartzeko aukera sortu zen, ukuilu txukun eta larre eder batekin. Aukera gisa ikusi nuen. Ni, ikasketaz, gizarte hezitzailea naiz, eta adin txikikoentzako zentro batean ari nintzen lanean. Estres handia sortzen zidan lan horrek. Eta alde egitea erabaki nuen.
Lan gogortzat du jende askok artzaintza.
Bada ogibide honi uko egiten dion jende asko, lan esklabutzat dutelako. Niretzat kontrakoa da: bizi dugun mundu azkar honetan, ogibide duin eta beharrezkoa. Animaliekin eta naturarekin harreman zuzena izateko aukera ematen dit, eta lasaitasuna eta gozamena ere bai. Nire bizi erritmoa ez da hirikoa; badira lan karga handiko uneak (ardiak erditzerakoan, jezteko garaian, gazta egiteko sasoian…) baina udazkenak eta neguak oso lasaiak dira: ardiak mendian daude, eta lana, egiatan, buelta batzuk eman eta dena kontrolpean dagoela ziurtatzea da batez ere.
Gazta Txantrean egiten duzue, hori da berezitasuna, hiri eremuko produktua dela.
Esnea saltzen hasi nintzen, baina oso estu bizi nintzen. Gazta ekoizpenak egiten ditu errentagarri esnerako abeltzaintza ustiapenak. Behar horren aurrean, hurrengo urratsa ematea erabaki nuen. Proiektu honek hiru fase ditu: lehena, artaldea egin eta sendotzea. Bigarrena, gaztandegia sortzea. Eta hirugarrena, etorriko dena, hezkuntza arlokoa, jendeari artzain mundua erakusteko. Txantrean familiak bazuen etxabea, eta han kokatu nuen gaztandegia. Baditu bere trabak, esnea garraiatzen ibili behar izaten naizelako, baina aldi berean, aukera gisara ere ikusi genuen, gure esne propioarekin egiten dugun produktua hirira hurbiltzeko modua zelako.
Zer harrera izan du?
Jendeari gustatu zaio. Iaz hasi ginen, oso gutxi ekoitzita, 300 bat kilo. Aurten 2.000 kilo egitea da asmoa, eta jendea zain dugu. Ekainaren erdialdean hasi berri gara, eta bi hilabetez ariko gara jezten. Abuztu erdialderako izango ditugu lehenbiziko gaztak.
Landa eremuko ondarea hirira hurbiltzea da zure asmoetako bat. Handitzen ote doa arrakala?
Hiria eta landa eremuaren arteko haustura geroz eta handiagoa da, urruntzen ari gara garai bateko ekoizpen eta kontsumo modu naturaletatik. Landa izan da orain belaunaldi gutxira arte gizarte modura bizitzen utzi diguna; denok dugu jatorria landa eremuan, nekazari eta abeltzainetatik gatoz. Nirea planteamendu politikoa da: beharrezkoa da ekoizpen bide hauek mantentzea, ingurunean integratuta eta errespetutsuak direnak, eta talka ekologiko txikia dakartenak. Badira gazta industrial oso onak, baina atzean sistema intentsiboak dituztenak, eta horiek ari dira gure planetaren bizian eragiten. Ustiapen txikiek, errespetutsuagoak izateaz gain, galtzen ari den jakintza kulturala mantentzea ere badakarte. Landa husten ari da, eta enpresa handiak modu bortitzean ari dira elikagaiak ekoizten. Burujabetza murrizten diguten oligopolio handien esku gaude. Landan bizitzea ez da bakarrik norberak bere elikagaiak sortu ahal izatea; herrietako lurraren antolamendua eta auto-antolakuntza ere galtzen ari da. Horregatik, landan bizitzeak, badu niretzat osagai politikoa ere.
Valle de Odieta etxalde erraldoiaren kontrako ekintza 2021ko martxoan egin zuen Greenpeacek, Nafarroan. Makroetxaldeak 79 txahal gaixotzea leporatzen die ekologistei, orain Greenpeaceren defentsak salaketa ezeztatzen duen albaitaritza-txostena aurkeztu du eta epaiketa atzeratu... [+]
Lehen sektorea bultzatzeko eta indartzeko lanean dihardute Nafarroako Pirinioetan azken urteotan, eta lanketa horren baitan sortu zuten Pirinioetako Mahaia. Diagnostikoa ondu dute azken urteotan, eskualdean lehen sektoreari lotuta dituzten hutsuneak identifikatzeko, eta ondorio... [+]
Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.
Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik... [+]
Abeltzaintzan lan egiten dutenek oreka bilatzen dute: animalien bizi kalitatea ahalik eta onena izatea eta ekoizpenaren bideragarritasun ekonomikoa lortzea. Gizakiok munduari muga fisiko ugari jarri dizkiogu “geurea” dena babeste aldera, “geure”... [+]
Ikerketaren zantzuak aintzat hartuta errudunak epaitu eta kalte-ordaina ezarri dezan eskatu diote Nafarroako Gobernuari Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek. "Babes bereziko eremu bat kaltetu zuten isurketek", eta hartara, "ingurumen delitu" kontsideratzen... [+]
Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan modura (UGEP), eta horren ondorioz, Magnesitas Navarras SAk 25 urtez ustiatu ahal izango du Erdizen ireki nahi duen meatzea.
Bihurgunez beteriko bidearen ostean heldu ginen lautada zabal hartara. Udazkenak eskaintzen dituen orlegiaren tonalitate guztien atzean, teloi lana eginez, Pirinioak zuri-zuri ikusten ziren. Horrelaxe aurkitu genuen Abaurregaina, Euskal Herriko herririk garaiena. Errepidearen... [+]
Behi arabarren %20 eta %25 artean kutxatu dira Aiaraldean. Europan ez dago onartuta tratamendurik, eta abeltzainek arriskuan ikusten dute ustiategi askoren etorkizuna, erakundeek neurriak hartu ezean.
Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin... [+]
Irailaren bukaeran sendabelarren inguruko formakuntza berezia egin zuten Azpeitiko Azoka plazan. Azken urteotan sendabelarren inguruko interesa, ezagutza eta horien erabilera handitzen ari badira ere, abeltzaintzan ez da zabalduegi dagoen praktika. Hain zuzen horregatik, lehen... [+]