Lau atalez osatutako saileko laugarren eta azken artikulua da hau. Bertan, aztergai da Glovoren negozio-eredua, baita bere ingurukoekin daukan harremana ere. Glovoko langile “autonomoen” legezko egoera zein den ikertuko dugu oraingoan. Halaber, egungo eta balizko negozio-eredu alternatiben bila arituko gara.
Artikulu sorta honen helburua Glovok horrela jokatzea posible egiten duen ingurunea nolakoa den ulertaraztea da. Enpresa horren jardunak ez du parekorik izan Euskal Herrian eta horregatik haren negozio-eredua arretaz aztertu behar dugu ekonomian eta gizarte-egituran daukan eta edukiko duen eragina neurtzeko. Argi dago, Glovo legeak eta ekonomiak dituzten hutsuneez baliatu da kontrolpean duen ekosistema eraikitzeko, baina aldi berean, rider-ekin, jatetxeekin eta aplikazioaren erabiltzaileekin harreman estuegirik ez duenaren irudia erakutsi behar du. Enpresa baten ohiko kostuak kanpora ateraz, hainbat herrialdetako ekonomietan prekarietatea eta negozio-eredu monopolista garatu ditu. Azken artikulu honetan, rider-en legezko egoera gainetik aztertu eta esplotazio-molde berri honetatik gure burua nola babes dezakegun hausnartuko dugu.
Kontratuak eta botere-harremanak
Glovoren Gasteizko egoitzan “formakuntza” jasotzen ari nintzela, hiru hilabetez rider modura lan egiten hasi aurretik, elkarrizketatzaileak zera esan zuen: “Arduraduna nauzue, ez nagusia. Ez da gauza bera”. Alegia, ez nintzen enplegatua izango. Glovoren arabera, rider-ek lanorduak hautatzeko ahalmena daukate, haien “mikro-lanak” nahieran kudea ditzakete eta, gehienbat, ez daude enpresaren kontrolpean.
Horri erantzuteko, Glovorentzat rider ibili nintzeneko esperientzia eta duela gutxi Bartzelonan Deliveroo enpresaren aurkako epaiak oinarri hartuta, Glovoko rider-ak enplegatu hartzeko arrazoi nagusien zerrenda laburra osa dezakegu:
Espainiako Estatuko aurrekari judizialek argi adierazi dute: enpresak lana kudeatzen badu, orduan langileek enplegu-harremana dute enpresarekin, lan-ordutegia aldakorra edota aurretik erabaki ezinezkoa izanda ere.
Glovok erabateko kontrola behar du kalitatea bermatzeko eta rider-ak bere esanetara jokatzeko konbentzitu behar ditu ahalik eta modu gogor eta legezkoenean
Aukera batzuk langileen esku daude –adibidez, langileek onartu ala ukatu dezakete enpresak eskainitako lan-ordutegia, edo iristen zaizkien eskaerak–, baina ezetz esanez gero, enpresak berehala zigortzen ditu. Edozein enplegutan bezala, alegia. Duela gutxi, Bartzelonan izandako epaiketa batean, Deliverook deitutako lekuko batek “ez” erantzun zuen langileek eskaerei uko egin diezaieketen ala ez galdetu ziotenean. Enpresaren ordezkariak “zur eta lur geratu ziren beren negozio-eredua defendatzeko asmoz beraiek deitutako lekukoaren adierazpenarekin”. Menpekotasuna eta boterea dira enplegatzaile eta enplegatu baten arteko harremanaren ezaugarri nagusiak, eta ez harremana gauzatzeko erabili den era.
Beste gauza batzuk, ordea, ez daude langileen esku. Rider-ek hainbat gauza egin behar dituzte derrigorrez: Glovoko motxila horia erosi, aplikazioa erabili, beren lokalizazioa etengabe partekatu, zerbitzu-eremuaren barruan fisikoki egon eta lanaldia hasi baino hamar minutu lehenago fitxatu, besteak beste. Bi astean behin “plataforma erabiltzeagatik” ordaindu egin behar dute eta, batez ere, ezin dute haien lanaren truke jasoko duten ordaina negoziatu. Argi eta garbi, hori ez da “mikronegozio independente” baten adibidea.
Langile autonomoa den edonork gai izan behar luke bere kabuz eta bere espezialitatean lana topatzeko. Nire lagun batek herriko negozio txikien sare sozialak kudeatzen ditu eta bezeroak lortzeko haien dendetan bertan eskaintzen dizkie bere zerbitzuak. Aldiz, jatetxe batean motxila eta bizikletaz hornituta sartu eta jabeari janaria banatzea eskainiko banio, etxera esku-hutsik aise itzuliko nintzateke. Izan ere, gauza hori bera egiten saiatu nintzen, emaitza ikusteko baino ez, eta erabateko porrota izan zen. Glovok sortutako aplikazioa eta sistema ezinbestekoak dira lan horretan aritzeko.
Ez du axola zein lege-hutsune edo bide aurkituko dituen Glovok etorkizunean bere jarduna aurrera eramateko, horrek ez du arinduko langileei ezarri dien kontrol hertsagarria. Azken finean, Glovok erabateko kontrola behar du bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta rider-ak bere esanetara jokatzeko konbentzitu behar ditu ahalik eta modu gogor eta legezkoenean.
Ondo ulertu behar dugu egoera hau ez dela berria. Estatubatuarra izanda, asko harritu nintzen Espainiako Estatuan banatzaile gehienak langile autonomoak zirela jakin nuenean.
Hamarkada batzuk lehenago, mezularitza benetako autonomoek osatutako industria omen zen. Zenbait langilek azaldu didate duela asko edonor aritu zitekeela pakete txikiak garraiatzen, furgoneta bat izanez gero. Industria hori langile independente talde batek osatzen zuen eta bakoitza bere kontaktu pertsonal eta profesionalez baliatzen zen bezeroak lortzeko. Prezioak negoziatu eta ibilbideak ere haiek erabakitzen zituzten.
70eko hamarkadan hasita eta batez ere 80koan, langile independente horiek “autonomo” gisa lanean hasi ziren nazioarteko enpresa handientzat. Behin presako posta-bidalketak egiteko balio izan zuen zerbitzua egungo nazioarteko industria logistiko bihurtzen hasia zen, internet bidezko erosketa eta azpikontratazioen epeletan. Tokian tokiko sare plural eta independentea desagertu eta enpresa erraldoiek —DHL, UPS— oligopolioa sendotu zuten.
Egin dudan ikerketaren arabera, garaian, ez zen langileen eskubideen aldeko borrokarik garatu industria horretan. Beharbada horren ondorioz jo du txarrera langileen egoerak azken hamarkadetan: elkarrizketatu ditudan banatzaile guztiek —gaur egun haietako askok lana utzi dute eta Glovoko rider ari dira— kontatu didate hamasei orduko lanaldiak ez direla ezohikoak, ibilgailuak birrindu arte lan egin dutela sarri, eta trukean izugarrizko estres fisiko eta emozionala eta soldata eskasa baino ez dutela jasotzen. Industria horretan, langileek botererik ez dute eta enpresa zaharrek oligopolioa ondo finkatuta daukate. Plataformetan oinarritutako enpresa teknologiko berriak sustraitzeko eremu apartekoa zen. Inor ez zegoen adi, ezta borrokarako prest ere.
Presako posta-bidalketak egiteko balio izan zuen zerbitzua nazioarteko industria logistiko bihurtzen hasia zen, tokian tokiko sare plural eta independentea desagertu eta enpresa erraldoiek oligopolioa sendotu zuten
Horixe da Glovoren bilakaeratik atera beharreko irakaspen nagusietako bat. Unibertsitateko irakasleentzako edo autogintzako plataformarik ez badago, ez da kasualitatez, ez da horrelakoak garatzea ezinezkoa delako. Izan ere, AEBetan bi plataforma mota horiek abian jartzen ari dira dagoeneko. Hemen, oraindik ez dago horrelakorik industria horietako langileek boterea dutelako: sindikatuetan antolatuta daude eta tratu duina exijitzen dute.
Glovo fenomenoak argi erakutsi digu putreek erraz xurgatu ahal dituztela industria ahulak, arrisku-kapitalaz eta itxura ederreko aplikazio batez baliatuta. Banaketa-industria koarentenan jarri behar dugu elgorri-agerraldi bat balitz bezala, ekonomiaren gainerako esparruak txertatu ahal izateko bitartean. Txertatze hori ez da gauza samurra izango. Betiko urrats nekagarri bezain garrantzizkoak errepikatu beharko dira: botere kolektiboa antolatu, mehatxu berriari buruzko informazioa zabaldu eta konpainia hauek auzitara eraman. Esplotazio-eredu hori bazter guztietara ez hedatzeko modu bakarra horixe baino ez dugu.
Dena den, bitartean jaten jarraitu beharko dugu; langile-borrokak jendea gosetu ohi du. Gauzak horrela, janaria banatzeko zein enpresa hauta dezakegu? Hasteko, bertako familia-jatetxe batzuek beren banaketa-zerbitzuak dituzte. Printzipioz, aukera horrek janaria eskuratzeko bide egokia dirudi guztiz. Banatzailearentzat lanaldi partzialeko lan aukera da, eta, are garrantzitsuago, horrelako lan-giroetan egoten diren gardentasunak eta gertuko harremanek esplotazio-egoerak garatzea eragozten dute.
Bigarrenik, Telepizza eta Burger King bezalako frankiziak daude. Beren banatzaileei ahalik eta soldata murritzena eskaintzen diete, baina gutxienez kontratatu egiten dituzte; hortaz, lanorduak mugatuta daude eta lanpostuak eskaintzen dituen aukerei lotutako iruzurrik ez dago, Glovorekin ez bezala.
Horiez gain, Glovoren negozio-ereduari aurre egiteko sortu diren hiru aukera berriak daude: “Uber urardotuak” izendatu ditudan horiek, kooperatibak eta alternatiba teknologikoak. Azken horiek, alternatiba teknologikoak, AEBetako BlockFood moduko enpresak dira: startup teknologiko txikiak, duela urte batzuetako Glovoren antzekoak. Plataforma teknologiko hierarkikoen arazoak konponduko dituztela esan eta, prozesuan, arazo berriak sortzen dituzte, baina betiere blockchain edo modako beste tresnaren bat erabiliz. Glovoren printzipio beretan oinarritzen dira eta zerbait lortzekotan, langileak era efizienteagoan esplotatzea lortuko dute.
“Uber urardotuak” Uber berri bat izaten saiatzen diren enpresak dira, baina, Uberren kasuan ez bezala, beren negozio-helburu nagusia ez da nazioarteko super-gaizkile doilor bihurtzea. Enpresa horiek negozio-eredu apur bat hobea eskaintzen dute benetako plataforma baten modura funtzionatzen baitute, bigarren eskuko gauzak erosi edo saltzeko Wallapop enpresaren antzera. Zerbitzua eskaini eta erosten dutenen artean prezioak adosteko aukera egoten da. Oro har, horrelako enpresek hain kaltegarriak ez badirudite ere, esplotazio aldetik, Glovo edo Uberri aurre egiteko ahalmen mugatua dute. Benetako arrakasta izango balute, ziur aski ordezkatu nahi duten hori bilakatzeko beharra izango lukete prozesuko uneren batean.
Azkenik, Europan batez ere, kooperatiba horizontalak sortzeko saiakerak egon dira, Glovoren antzeko zerbitzuak eskaintzeko asmoz, baina esplotazio eta hierarkiarik gabe. Espainiako Estatuan horrelako bi sortu dira: Mensakas Bartzelonan eta La Pájara Madrilen. Frantziako Estatuan sortu den CoopCyclek banaketak kudeatzeko kode irekiko programa bat garatu du eta, oraingoz, horretaz baliatzen dira janaria bizikleta bidez banatzeko. Laster, ordea, Glovoren zerbitzu berdinak eskainiko dituen aplikazio berri bat sortuko omen dute. Oraingoz, zerbitzuok lehiakorrak dira prezioaren aldetik eta hala mantenduko dira gutxieneko bezero kopuru bat lortzen jarraitzen duten artean, baldin eta langileek enpresa horizontalki kontrolatzeari uzten ez badiote. Langileak konpainiaren jabekideak dira eta kontratuak dauzkate.
Plataformetan oinarritutako enpresa teknologiko berriak sustraitzeko eremu apartekoa zen; inor ez zegoen adi, ezta borrokarako prest ere
Denborak esango du ea kooperatiba horiek gai izango ote diren Glovoren eta Deliverooren aurka borrokatzeko haien eremuan. Kooperatiba askorekin bezala, eskuragarri duten aukerarik onena kontzientzia soziala duten kontsumitzaileentzako zerbitzu nagusi bilakatzea delakoan nago. Baina agian teknologiaren aukeren adierazgarri bihur daitezke eta egungo erraldoi teknologikoen maila berean jarri. Horrelakorik nonbait gertatuko bada, litekeena da hemen Euskal Herrian gertatzea, eredu kooperatiboak eta langile-eskubideek historia luzea izateaz gain, herritarren begirunea ere badute eta.
Amaitu baino lehen, Riders X Derechos izeneko sarea eta Online sindikatua ahaleginetan ari da Glovo eta Deliveroo auzitara eramateko autonomo faltsuen egoera dela eta. Arrakasta izan dute azken hilabeteetan eta, horren ondorioz, Deliverook berriz kontratatu behar izan ditu sindikatzeagatik kaleratu zituen rider guztiak. Gainera, aurrenekoz kontratuak egin behar izan dizkie. Badirudi Glovoren aurkako salaketek antzeko emaitzak izango dituztela eta, beharbada, enpresa horrek ere kontratuak egin beharko dizkie bere langileei.
Batzuen ustez, borroka honen helburua hauxe da: teknologia berriak erabiltzea benetako lanpostuak sortzeko. Ziur aski, ordea, Glovok eta Deliverook enplegatuak esplotatzeko era bat topatuko dute, autonomoekin egin duten bezala. Azken finean, rider-ei kontratuak egitera behartuta egonez gero, gizarte-segurantza, zergak eta bestelakoak ordaindu beharko lizkieke, besterik ez. Edo, agian, negozioa ixtea erabakiko lukete eta langile guztiak kaleratu. Zaila da esatea horietako zein aukerak egingo liokeen mesede handiagoa bai gizarteari, baita ekonomiari ere.
Gutxitan gogoan hartzen dugun azken aukera bat ere badago: janaria eskatzeari utz geniezaioke. Etxetik kanpo jatera joan gintezke eta lagunekin eta senideekin denbora eman, gizartearen parte izan eta hainbeste maite baina alternatiba merkeago bat agertu bezain laster erraz abandonatzen ditugun bertako negozioei ekonomikoki lagun geniezaieke. Ez legoke sobera honako galdera hauek planteatzea: Beharrezkoa al da banaketa-lanak existitzea? Benetan hobetzen digute bizitza ala AEBetako jatetxe bateko jabeak esan zuen moduan, mendekotasuna sortuz bizitza hits bihurtuko digun droga baino ez dira?
On-demand zerbitzuek elkarrengandik isolatzen gaituzte, gizartearen ahalmen ekonomikoa murrizten dute eta osasungaitzak diren portaerak sustatzen dituzte. Zenbait ikerketaren arabera, droga gogorrek eta kontsumo-praktikek antzeko eragina izaten dute burmuinean. Gutxienez, zerbitzu horiek bizi-kalitatea hobetzen ote diguten ala ez galdetzea daukagu. Kontsumitzaileei gero eta erantzukizun gehiago eskatzearen aurka banago ere, txarto ere ez dago gogoratzea batzuetan gutxiagorekin bizitzea hobeto bizitzea izan daitekeela.
Hemen aipatutako kontuek ez dute erantzun errazik eta gaiari buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gogo gutxiago izaten dut konponbideak eskaintzeko. Hala ere, irrikan nago langileek mehatxu berriei aurre egiteko eta ahalduntzeko garatuko dituzten era berriak ikusteko. Esan dezakedan gauza bakarra zera da: berdin du zein irtenbide hautatzen dugun, elkarlanean eraikitakoa izan behar da. Kalean gure aurretik igarotzen diren hori koloreko motxilei ez ikusiarena egiteari utzi behar diegu, baita motxilak garraiatzen dituzten rider-ei ere. Gure inguruan gertatzen ari den horri buru egin eta erantzuna eman behar diogu.
Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik
Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.
Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]
Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.
Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]
Hainbat ikerketa kazetarik plazaraturikoa baieztatu du Bruselako Enpleguaren Ikuskaritzak: guneka, plataforma numeriko erraldoientzat dabiltzan banatzaileen erdia baino gehiago papergabea da. Flexibilitatea muturrera eramanik, langileen eskubideen bermea saihesteko tramankuluak... [+]
Glovoren aurka Bilbon edo Iruñean egindako epaiketetek oinarritzat zuten argudioa da gako Gasteizen ere bai. Gizarte Segurantzaren arabera, Araban Glovorentzat lan egin dutenek autonomo faltsuen baldintzapean egin dute lan, eta horregatik epaiketara eraman ditu enpresa... [+]
Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederaziotik atera da Glovo multinazionala. Horrez gain, langileak autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik ikertuak diren beste enpresa batzuetako nagusiekin batera haien interesak defendatzeko taldea sortuko du.
Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]
Nola ez, telelanaz hitz egin dugu Fanny Lederlin filosofoarekin. Lanaren esparruak azken urteetan ezagutu mutazioei begira jarri eta hauek dakartzaten arriskuei buruz ari da Les dépossédés de l´open space. Une critique écologique du travail... [+]
Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn... [+]
Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia batek autonomo faltsu gisa lan egiten duen langile baten alde egin du lehen aldiz.
EAEko araudi autonomikoaren aurka egingo duela jakinarazi du MLBNk, Uberren presentzia Bilbon ahalbidetzeko eskaerari erantzunez.