Euskal hedabideak berriz liluratuz

  • ARGIAren mendeurrena dela eta artikulua eskatu zidaten Eusko Ikaskuntzaren Euskonews agerkarirako. Han joan den astean argitaratu zen eta orain hemen. Komunikabide batek oso gutxitan egiten ditu ehun urte eta gustura ari gara iraganera begira, euskal kazetaritzaren memoria elikatzen. Ondorengo  lerroetan, ostera, batez ere aurrera begiratzen da, kazetarion lehengai diren edukiak ardatz hartuta. Euskal hedabideak eta lizentzia libreei buruzko hausnarketa duzu ondorengoa.


2019ko abuztuaren 02an

Pasatu dira 31 urte Bilboko Alde Zaharreko taberna batean 1988ko hasieran ARGIAko lehen bilerara joan nintzenetik. Oker ez banago Iñaki Uria etorri zen Donostiako erredakziotik. Bilbon kazetaritza ikasten ari ginen talde ederra hasi ginen orduan ARGIAn kolaboratzen. Nork esango zidan hiru hamarkadaren bueltan aldizkariak bere mendeurrena ospatzeko sasoian hor jarraituko nuela lanean. 2001eko udazkenean ARGIAko zuzendari izendatu nindutenean horixe zen nire obsesio handienetakoa: “Eta 1919an abiatutako hau nirekin hondoratzen bada?”. Jakina, pentsamenduok bazuten sustrairik hainbatetan bizi izandako une larrietan. Desagertu? Bai zera, egunkari baten ernamuin izan zen garaia salbuespen, nik ezagutu dudan sasoi indartsuenean heldu da aldizkaria bere mendeurrenera.

Denbora honetan guztian astekari honek euskal hedabideak jarraitzeko talaia aproposa eman dit eta hortik bikain ikusten da hedabideok eman dugun jauzi itzela. Aurrerapauso hori nekez uler liteke 80ko hamarkadan argiero-ek egindako lana kontuan hartu barik, funtsean XX. mende hasieratik datozen kate begiak aintzat hartu barik: 1919an Iruñeko Arrotxapeko komentu batean bi kaputxinok sortutako Zeruko Argia aldizkari erlijiosoa: 1921ean Donostian hasitako ARGIA astekaria; kaputxinoen babesean euskal kazetaritzaren zutoinak jarri zituen 60ko hamarkadako talde hura; edo 70eko hamarkadako Zeruko Argia-ko erredakzio berritzaile eta errebeldea.

Memoria ere bagara
Etorkizuneko oinarrietan memoria ezinbestekoa da, edozein arlotan, beraz hobe geuk egitea gurea, beste norbaitek egitea baino. Eta Zeruko Argia eta ARGIA bizkarrezurra dira euskal prentsaren memorian. Aurten memoria hori osatzen eta barreiatzen ari gara buru-belarri ARGIAko lan talde osoa.

Baina iraganaren garrantziaren jakitun izanda ere, gu orainak eta etorkizunak bizi gaituzte: Euskaldunon Egunkaria, internet, multimedia, sare sozialak, informazio burujabetza, Hekimen, borondatezko salneurrian oinarritutako harpidetza, lizentzia librea... Unean uneko esparru horietan guztietan jarri dugun gure ale esanguratsuak argi adierazten du hori.

Euskal hedabideen arteko informazioa partekatzeak gure euskal agenda informatiboa indartzen du. Gutxi hitz egiten dugu agenda hortaz eta kezkagarria da hori

Euskal hedabideon errealitate konplexuaren jakitun, non ginen eta non gauden! Geure buruari aitortza hori egiten ez badiogu, nork egingo dio bada? Tira, zer ez dudan entzun urte hauetan guztietan euskal hedabideen kalitate txarraz, kontsumitzaileak erakartzeko gure ahalmen eskasaz edota gure etorkizun ilunaz –“lau aldizkari geratzen zaizkizue”–; akuilu izateko baino, denak gure konplexuak gizentzera bideratuak, batzuetan borondate onez eta askotan gaiztoenaz.

Baina murgildu ginen postmodernitatean, internet agertu zen, baita 2007ko krisitzarra ere... eta erdal hedabideetan ere txakurrak ortozik. Baita gu baino herrenago ere hainbatetan. Gure memorian, egia handienetakoa zera da: euskarari hiztunak nola, Damaso Intzari, Agustin Ezeizari, Amatiño eta Atxagari, Elixabete Garmendiari, argieroei, geuri... beti irakurleak falta izan zaizkigula. ETBri ikusleak bezala. Edo euskal literaturari irakurleak bezala. Hizkuntza minorizatu baten gainean eraiki dugu etxea, ez du beste misteriorik. Eta horretan gaude, olatu gainean goazenean duin; eta azpian gaudenean itolarrian.

Lizentzia librea, komunitatea, etorkizuna
Ez zuen inongo berrikuntzarik, baina joan den hamarkadako enpresa kudeaketaren literatura eraginkor eta interesatu hura komunitatearen kontzeptua hasi zen erabiltzen indarrez: hedabidea eta bere komunitatea. Ez zioen gezurrik, baina ez zuen ezer deskubritu, mundua mundu denetik humanoen garapena batez ere komunitatearen indarrean oinarritu da, naturaren bilakaera sinbiosian lehian baino gehiago egiten den moduan. Kapitalismoa etorri zen arte, honen ondorio nagusiena beti izan baita komunitatea eta bere ingurumen naturala suntsitzea, klima aldaketarekin gero eta argiago ikusten den gisan, sistema honek bere baitan duelako suntsipenaren harra. Azken esaldia hobeto ulertzeko gomendatuko nuke irakurtzea Karl Polanyi-ren Transformazio handia liburu bikaina.

Baina utz dezagun istorio hori eta zentra gaitezen euskal hedabideen komunitate zabalean. Artikulu honen titulua irakurri eta irribarre egin duenak, badaki ez dela batere originala eta Silvia Federici feminista ezagunaren azken liburuan oinarritzen dela: Mundua berriz liluratuz. Feminismoa eta komunen politika (Katakrak 2019). Berriz ere, euskarak baduelako zer jaso mugimendu feministaren pentsamendutik. Funtsean, eta feminismoa eta emakumea oinarri hartzen baditu ere, Federicik diosku komunen politikan oinarrituta eraiki dezakegula mundu berria. Hor ere ez dago berrikuntzarik, bagenekien, baina ezkerreko emakume honek, munduko komunen gaineko informazio ugari eskaintzeaz gain, gaiaz pentsatzen jartzen gaitu, berriz liluratzeraino.

Eta euskal hedabideetan zer?

Lan handia egin ondoren, bere artikuluak ahalik eta gehien zabaltzea gura dute kazetariek eta komunikabideek. Hori lortzeko hainbat modu daude, baina egungo munduan albiste agentziak dira zabalkundearen paradigma eta gutxi batzuren artean kontrolatzen dituzte munduko informazio fluxuak. Haiek sortutako informazioa zabaltzeagatik ordaindu egiten dugu. Beste muturrean da informazioa libre elkar trukatzea.

Errealitate horren aurrean zer egiten dugu euskal hedabideok? Gure informazioa gero eta gehiago partekatzen badugu ere, oraindik, oro har, bestearen oso eduki gutxi zabaltzen dugu lizentzia libre bidez. Ez gara ausartzen, horrek gure marka baino besteena indartzen duela sinetsita. Beste hainbat arrazoi egon litezke, baina ez dugu asko partekatzen. Eta eduki libreetatik harago ere, gure arteko eduki esanguratsuei erreferentzia egiteko joera urria da oro har, baina hori hurrengorako utziko dugu.

Hastapenean gaude
ARGIAk 2012an jarri zituen bere edukiak CC by-sa lizentzia librearekin eta Sustatu-k horixe bera egin zuen 2009an. Akaso beste batzuek lehenagotik ere izango zuten, baina hemen ez da horren azterketa zehatzik egin. Gaur egun, euskal hedabideetako askok dute lizentzia hori, besteak beste, azken urteetan Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza deialdietan hala egitea saritu delako. Euskal Herriko erdal medio gehienek ez dute halako lizentziarik erabiltzen eta copyright-arekin jarraitzen dute. Salbuespenen artean dira Pikara aldizkari feminista edo Hordago-El Salto.
 
Euskal hedabideek gure informazioa gero eta gehiago partekatzen badugu ere, oraindik, oro har, bestearen oso eduki gutxi zabaltzen dugu lizentzia libre bidez
Duela zazpi urte ARGIAn ere ez genuen besteen eduki asko erabiltzen. Apurka, ordea, gero eta gehiagora joan da, gaur egun lizentzia librea gehien partekatzen duen hedabidea bihurtu arte. Hala Bedi, Euskalerria Irratia, Aiaraldea, Ahotsa, Noaua, Topatu… eta beste batzuen eduki ugari partekatzen hasi ginen. Bide horretan izan dugu ezustekorik, CC by-sa lizentzia izan arren, haien edukiak hartzea gustuko ez dutela adierazi diguten hedabideak ere badira eta, areago, “hartuko ez bazenute hobeto” esaten dutenak. Hori, duten lizentzia ez ulertzea dela adierazi izan diegu hainbati, badutela lizentzien artean aukerarik beraiei eroso zaiena hautatzeko, baina ez desitxuratzeko lizentzia librea, horrek lizentzia librean aritu nahi dugunon eskubidea urratzen duelako”.

Gaur gaurkoz, badira bi joera nagusi euskal hedabideetan. Argudioak asko laburbilduta honakoak dira: batzuen ustez, edukiak libre partekatu behar dira, edukiak osorik, ahalik eta gehien hobeto, horrek indartu egiten gaituelako, bai euskal hedabideok oro har, baita hedabide bakoitza ere. Besteen ustez, medio handiago batek txikiaren edukia hartzen badu, honen zabalkundea mugatzen du, besteak beste, sareko posizionamendu kontuengatik edo handiak itzal handiagoa duelako; horregatik, eskatzen da edukiaren hasiera hartzea, baina gero irakurtzen jarraitu nahi izatekotan edukia landu duen hedabidera bideratzea. Gaiaz hitz egin da hainbat hedabideren artean, eta gaur gaurkoz jarrerak bere horretan geratu dira.

Teknologia eta informazio burujabetza
Teknologia berrien eta softwarearen munduan ohituago daude libre partekatzea aldarrikatzera, baina garapen horietako asko edukietan oinarritzen dira, Mozillaren Common Voice proiektu ezaguna bera adibidez, euskaraz Librezalek bideratzen duena: ARGIAk espresuki proiektu honetarako jabetza publikoan utzitako testuetatik ateratako 3.900 esaldirekin osatu da esaldi bildumaren zati handi bat. Esaldi horiekin egindako grabazioak dira ahotsaren ezagutzarako motorra entrenatzeko erabiliko direnak. “Euskaldunok teknologia hauek nahi baditugu, guk geuk, modu librean eta auzolanean sortu behar ditugu”, zioen Librezaleko Marko Txopiteak iazko Euskarabildua jardunaldietan. Norabide berean, gaur egun eduki libreen partekatzea euskal herritarron informazio burujabetzaren bidean egin litekeen ekarpen esanguratsuenetakoa da.

Komunitate gara
Hedabide bakoitzak du bere komunitatea, behin eta berriz errepikatzen diegu gure hartzaileei: “Gure komunitatea”. Hori oso barneratua dugu. Baina, hemen jorratuko ez ditudan hamaika arrazoi tartean, euskarazko hedabideok ere komunitate bat osatzen dugula, hori ez dugu batere garatua eta sustraitua. Eta egia da, komunitate oso ahula gara, baina nahi beste indartu dezakegu, eta bakoitzaren ahulezia denon indar bilakatu. Zorionez, Hekimen (Herri ekimeneko euskal komunikabideen elkartea) eratu zenetik horretan ari gara, poliki, jakin gabe ondo nola, beldurrez, aldaketarekiko erresistentzia lagun, baina bagabiltza.
Hekimenen lorpen handietako bat izan da aurten diru-laguntzetan emandako jauzi esanguratsua, eta horren ondorioz gure hedabideetako langileek hobekuntzak izango dituzte lan baldintzetan. Oxigeno apur bat. Baina ez gaitezen engaina, diru apur batez gain, gure sektoreak batez ere onarpena behar du instituzioetatik, urtea joan urtea etorri eskale gisa ez ibili beharra, diruz lagunduaren estigma gainetik kentzea eta gure lana behar den neurrian baloratzea eta babestea.

Pentsatzen dut beste hamaika gai jorra ditzakeela Hekimenek aurrera begira: kazetaritzaren egoera orokorra, publizitate instituzionala, kazetaritza ikerketak, I + G, kazetaritza eta demokrazia, hain gutxi hain eskas zaindu ditugun komunitateko kazetarion arteko harremanak... eta uste dut horien artean egon beharko lukeela baita ere gure lehengaia dena: edukia.  Hor baitaukagu jauzi handi bat emateko aukera, beti ere komunitate gisa jokatuz eta berau indartzeko asmoa oinarri.

CC by-sa, altxor unibertsala
Hekimenen sorrera prozesuan, 2011-2012aren bueltan, Mikel Irizarrek bere igogailuen adibidearekin informazioa gora eta behera tokikotik nazionalera eta alderantziz mugitu beharra adierazten zuenean ez nuen ulertzen ongi hori nola egin zitekeen. Orain sinpleago ikusten dut, orduan ere lizentzia libreak eskueran genituen, besteak beste CC by-sa lizentzia ezaguna, baina oro har gutxi erabiltzen genuen. ARGIAn aspaldi erabiltzen dugu lizentzia hori eta gero eta garbiago ikusten dugu informazioa partekatzearen potentzialitatea. Librea da, nahi bada egiten da, bestela ez; partekatzea doakoa, edo ia doakoa da –pertsonaren lana dago eta–; nahieran eta samur egin liteke, ez du kontsentsu mitikoa eskatzen, ezta adostasun handirik, egilearen marka indartzen du eta edukiei zabalkunde handiagoa ematen die. Jaso besteen edukiak libre, aitortu norena den eta zabaldu lizentzia beraren menpe. Informazioa atzera aurrera eta eskuin ezker mugitzeko giltzetako bat da, denon eskueran, sal-erosketaren logikatik at, eta izugarri eraginkorra. Dena abantaila bada, zergatik ez dugu gehiago praktikatzen? Halabeharrez edo kontzientzia ezaz urte luzez bakoitza bere zilborrera begira egon izanak izango du errurik seguruenik; edo akaso, gaizki ulertutako konpetentzia batek ere bai.

Bizi dugun aro digitalaren atzaparrak gero eta argiago ikusten ditugu, ez gaitu pentsatu genuen bezain libre egiten, aitzitik, gero eta estuago harrapatzen gaitu. Baina txanponak badu ifrentzua ere eta hor mamitzen dira Wikipedia edo software librea moduko altxor kooperatiboak, ezagunenak aipatzeagatik. Lizentzia libreena ere ez da batere berria, euskal hedabideetan gero eta gehiagok gero eta sarriago erabiltzen dugula, hori da berria. Hori modu kontzienteagoan eginez gero, jauzi handia egin liteke.
Berria, Hitza-k, Goiena, Argia, Euskalerria Irratia, Hamaika, Anboto, Aiaraldea, Alea, Ataria, Noaua, Aiurri, Erran, Zuzeu... eta beste hainbat hedabidek dute CC by-sa lizentzia. Erdal hedabideen galaxian ez dago halako eskuzabaltasunik eta kooperaziorako jokaerarik. Badira horren azalpenak, baina hori ere ez dugu hemen jorratuko. Edonola ere, kontua da guztiok ez dugula berdin erabiltzen lizentzia, ez kopuruz ez izpirituz. Batzuek asko –ARGIAk adibidez– eta beste batzuek oso gutxi. Bakoitza bere amaren alaba den neurrian, bakoitzak jakingo du zergatik. Gainera, aukeraz beteriko mundua bada ere, arantzatsua ere bada.

Bakoitzak berea osatzeaz gain, euskarazko hedabideok ere komunitate bat osatzen dugula, hori ez dugu batere garatua eta sustraitua

Kontua da ez dugula ezer berririk sortu behar, medio bakoitzak berak sinesten duena eta ondoen egiten dakienarekin jarraituko du, ez du bakoitzaren negozio lerroa edo izaera aldatzen. Ezin gara beti audientzia, irismen eta gisakoekin korapilatu; horiek garrantzia dute, baina neurrian, eta gainera ez daude bakarrik gure esku. Gure edukiak bai, horiek gehiago kontrola ditzakegu: ahalik eta ondoen ekoiztu, ahalik eta ondoen zabaltzeko. 2009an ARGIAren 90. urteurrenean Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendariak Donostian emandako hitzaldian esan ziguna iltzatua geratu zitzaidan: “Berdin da zein euskarritan eta non, kontua da zure marka ahalik eta leku gehienetan egotea, horrek indartu egiten zaitu”.

Gure agenda informatiboa
Norabide honetan asko indartu dezakegu Euskal Herriko agenda informatiboa, eta badugu premiarik, besteak beste euskal esparru komunikatiboa hutsala delako erdaren esparru komunikatiboen parean. Josu Amezaga EHUko irakasleak ondo baino hobeto erakutsi du datu eta mapa lazgarriekin, eta behin baino gehiagotan gogorarazi digu: “Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki”. Gai gara gure izaera eta nazioaren aurka diharduten agentzien edukiak erosteko, eta ez gara gai gure arteko edukiak librean partekatzeko? Nola bihurtuko ditugu albiste batzuk aktualitate ez baditugu denok ematen? Agentziek markatu behar dute aktualitatea, euskarazko hedabide ugari ditugunean?

Azken urte honetan egon naiz euskarazko komunikazioaz hitz egin den bi lekutan bederen, iaz Altsasun hedabide minorizatuei buruzko jardunaldietan eta gero Iruñean Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan, baina ez dut halako gaiez tutik ere entzun. Ziklikoki aipatzen da euskal agentziarena, baina gero eta gutxiago eta, egia esan, ez dakit zein neurritan den bideragarria. Baina badakit gure arteko informazioa partekatzeak gure euskal agenda informatiboa indartzen duela. Gutxi hitz egiten dugu agenda informatiboaz eta kezkagarria da hori.

Elkarlanetik, gure ohikotik
Azken mende erdian ikastoletan, euskalduntze-alfabetatzean edo euskal hedabideetan herri ekimena oinarrizkoa izan da hainbat proiektu aurrera ateratzeko. Elkarlanean eraiki da euskalgintzaren zatirik handiena. Gizarteko beste esparru batzuetan ere ari gara iratzartzen apurka, eta komunitatea zurrupatzeko baino berau elikatzeko gero eta proiektu gehiago ari dira sortzen gizartean: energiaren eremuan –Goiener, Energia Gara...–, telekomunikazioan –Izarkom...–, kontsumo kooperatiboan –Landare, kontsumo taldeak...–, ekonomia sozial eraldatzailean –Olatukoop–... eta beste hainbatetan.

Ez dakigu oraindik euskal hedabideok –herri ekimenekoak eta publikoak– lizentzia libreen filosofia bete-betean erabiliko bagenu zein eragin izango lukeen, baina uste dut hurrengo hiru hamarkadatan oso bestelako eszenatoki batera eramango gintuzkeela. Eta ez bakarrik inoizko eduki zabalkunde handienera iritsiko ginatekeelako, baita izpiritu komunitarioan landutako esparru horrek, beste lankidetza esparru batzuk irekiko lituzkeelako ere.  Askotan gure edukiekin egiten dugun bezala, gure elkarlanarekin ere, mundua ez dakit, baina gure mundutxoa berriz liluratu dezakegulako. Sistema honek apurka eta denoi txertatu dizkigun norbanakoaren baloreak –ni eta nire medioa– edo elkarlana, partekatzea eta balore komunitarioak? Hor dago gakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Elixabete Garmendia Lasa
“Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”

Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.


Intuizioaren ebidentzia: erdara darabilten Euskal Herriko hedabideek bizkarra ematen diote euskarazko kulturari

Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko... [+]


Ane Urkiri izendatu dute ‘Naiz’ atari digitaleko zuzendari berria

Duela hamabi urte sortu zen Naiz agerkaria, Gara egunkariaren atari digital moduan, eta denbora horretan Iñaki Altuna izan da zuzendaria. Aurrerantzean, Ane Urkiri (Mutriku, 1993) izango da Gara egunkariaren Naiz atari digitalaren zuzendari berria. Hedabide horretako... [+]


2024-07-08 | Sustatu
Nola informatzen dira euskal gazteak? Sare sozialekin nagusiki, eta telebistan gero

Ikusiker Ikusentzunezkoen Behategiaren txosten berrienak euskal gazteek informazioaren / albisteen kontsumoan duten interesa aztertu dute. Emaitzak interesgarriak dira; laburbilduta, informazioaren interesa egon badago, eta informazio-iturri fisa, sare sozialak dira gehienen... [+]


Euskalerria Irratiaren izenean kontu faltsu bat sortu dute instagramen, iruzurra egiteko

Sare sozial horretako hainbat erabiltzaileri zozketa bat irabazi dutela dioen mezua bidali diete kontu faltsutik, euskara txukunean idatzita. Mezua jasoz gero, ez klikatu esteka eta ez eman datu korronteari buruzko daturik, iruzur bat da eta. Euskalerria Irratiak kontu hori... [+]


2024-06-06 | Aiaraldea
Atxikimendu kanpaina abian, Amurrioko Udalak dirulaguntza itzuli diezaion Aiaraldea Komunikabideari

Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. 


ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Eguneraketa berriak daude