Prekarioetan prekarioenak ahotsa goratzen

  • Ondokoa martxoaren 27an, hedabide honen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak elkarlanean antolatutako “Zaintzako langileen borrokak” mahai-ingurua duzu, paperean jasoa. Kolektiboa behar lukeen baina oro har pribilegio gutxien dituzten jendarteko sektoreek —emakume prekario, edo prekario eta migratuek — sostengatzen duten horretaz mintzatzea xede, zaintza lanen gaia mahaigaineratu zen martxoko arrats hartan Bilboko Kafe Antzokian.

Mahaikide gisa gonbidatuak izan ziren bete-betean zaintza lanetan diharduten emakumeak (etxeko langile bat eta zaharren egoitzetako gerokultore bat), edo zeharka bada ere zaintza lanek zeharkatzen dituzten sektoreetan lan egiten dutenak (hoteletako garbitzaile bat eta baserritar bat). Bakoitzaren sektoreko berezitasunak berezitasun, laurak prekario emakume, langile, eta kasuetako bitan, migratzaile izateagatik; laurak beren eskubideen alde ez ezik, jendartearen eraldaketagatik borrokan kalera atera diren emakumeak; kristalezko sabaiak apurtzeaz harago, lan merkatuko zoru likitsei sakoneko errepasoa ematea ere badagokigula ohartarazten dihardutenak.

Bizitza erdigunean jarri eta zaintza lanen ardura kolektibizatzeko beharra nabarmentzeko aferari berebiziko garrantzia eman zitzaion azken martxoaren 8ko greba feministan, eta orduko hartan Euskal Herriko Mugimendu Feministak esandakoa gogora ekartzea ez dago sobera: eraldaketa feminista eman dadin gatazka beharrezkoa dela, “bereziki gatazka politikotik at geratu diren eremuetan”. Zaintza dugu eremuotako bat, eta orriotan laburbildutako mahai-ingurua berori politizatzera bidean urrats bat gehiago da, eta ez edonolakoa. Lau hizlarien diskurtsoetatik jaso eta orriotan bildutako mamia horren adierazle.

Mahai-ingurua nola, irakurketa ere bi zatitan banatu da: lehen zatian Soraya García Pablo, Silvia Rugamas Rivas eta Arantza Arrien Goitiandia mahaikideekin izandako solasaldia aurkituko du irakurleak; bigarren zatiak, aldiz, laugarren mahaikide Elena Vasconez Cevallosekin izandako elkarrizketa jasotzen du. Batean zein bestean, etxe honetako kazetari Onintza Irureta Azkune moderatzaile lanetan.

Onintza Irureta: Zer da prekario izatea zuen sektoreetan?

Soraya García: Bizkaiko egoitzetan bizi dugun prekarietatea tipikoetan tipikoena dela diot nik. Enpleguei dagokienez behin-behinekotasun altuko sektorea da, eta horrek ziurtasun-gabezia ikaragarria eragiten du denbora baterako kontratua daukaten emakumeengan. Gainera, kontratuak lege iruzurrean egindakoak izaten dira, jardun partzialekoak gehienak. Lan merkatuan denbora gutxi daramaten eta 50 urtetik gora duten emakumeen kolektibo batean jardunaldi partzialak zera esan nahi du, erretirora kotizazio minimoekin iritsiko direla eta gaur egun bizi duten prekarietate berbera pairatuko dutela etorkizunean ere. Bestalde, pertsonal faltagatik gainkarga fisiko eta psikiko handiko sektorea dugu, eta ordutegiak eta txandek ikaragarri zailtzen dute lana eta familiaren arteko kontziliazioa. Soldatei dagokienez, ez dute oinarrizko beharrizanak asetzeko haina ematen, eta ez naiz ari soilik etxebizitzaz, elikagaiez eta arropaz; geroz eta gehiago arduratzen nau ahotan asko hartzen ez den prekarietate mota batek, bizitzaren alderdi pertsonalarekin lotuago dagoenak. Izan ere, ditugun beharrizan pertsonalak ez asetzeak, gure beharrizan sozialetan albo kalteak eragiten ditu: oinarrizko beharrizanak ezin baditugu ase, are gutxiago ase ahalko ditugu aisiarekin lotura dutenak. Ezingo dugu ikastarorik egin lan egoera hobea lortu ahal izateko, ezingo dugu dirurik gastatu kultura ekitaldietan, ezta bidaia handirik egin ere. Oso kezkagarria deritzodan prekarietatea da, emakumeon kasuan isolamendura, bizitza sozial murritzagoa eta autoestimu baxuagoa izatera bultzatzen baikaitu. Eta horiek emakumeon arazo nagusietarikoak dira. Emakume langileok laneko prekarietatearen gaineko geroz eta kontzientzia gehiago dugu gure lan baldintzak ikusgarri ditugulako, baina sarri ahaztu egiten zaigu beste prekarietate hori, eta uste dut garrantzia eman behar zaiola, kontu handiz ibili. Prekarietate horrek eragiten duen isolamendu sozialak eta autoestimu galerak eragiten baitizkigute maiz lan munduan mugitzeko zailtasunak, etxean den lagunik eta kulturarik gabeko emakume otzanaren rola elikatuz. Nire iritzitan, beraz, lan munduko prekarietate ekonomikoak oinarrizko beharrizanak bezainbat kaltetzen ditu beharrizan sozialak.

Soraya García: "Ditugun beharrizan pertsonalak ez asetzeak, gure beharrizan sozialetan albo kalteak eragiten ditu: oinarrizko beharrizanak ezin baditugu ase, are gutxiago ase ahalko ditugu aisiarekin lotura dutenak"

Silvia Rivas: Nire ustez, prekarietateak emakume aurpegia du. Emakume pobre, migratu, paperik gabeko, isolatu eta baliabide zein erreminta gutxikoarena. Orain sei hamarkada Espainiako Estatuko emakume pobretuak zetozen lanera hona, eta neskame izena eman zitzaien. Bada orain gu gara, Latinoamerikako eta Erdialdeko Amerikako emakumeak, zaintza lanak egiten dituztenak, bizitza sostengatzen dihardutenak. Neskame berriak gara. Aukera bakarra izanen dugu: etxeko eta zaintza lanak egitea, izan etxe-barneko ala etxetik kanpoko langile bezala. Eta guk, paperak ditugunok, prekarietate bikoitza bizi badugu [emakume eta migratu izateagatik], pentsa nolako egoera bizi duten paperik gabeko etxe-barneko langileek, eguneko 24 orduak inork ikuskatzen ez dituen lanpostuetan ematen dituztenak. Eskubide guztiak urratzen zaizkie: ez daukate langabezia saria jasotzeko eskubiderik, ezta etxeetan egiten duten lanaren kontrola daraman ikuskaritzarik. Ondorioz, emakume asko botere abusuak, txantaia emozionalak, sexu erasoak pairatzen ari da. Eta zer gertatzen da egoera horietan dauden emakumeekin? Bada bakarrik daudenez eta paperik ez dutenez, egoera irentsi besterik ez zaie geratzen, beldurra dutelako. Beldurra beren herrialdean utzi dituztenen biziak eta beren biziak sostengatu beharra daukatelako, eta horrek bultzatzen ditu laneko azpiratze eta indarkeria askotariko horiek jasatera. Badira emakumeak kontatu digutenak zaintzen duten pertsonarekin gela edo ohe berean lo egiten dutela; hori gutxi ez, eta zaintzaz harago askotariko lanak egin behar izaten dituzte, janaria egin, arropa garbitu eta lixatzea kasu. Kontratu gehienak gezurrean oinarritzen dira: “Hau egingo dizugu gizarte segurantzagatik” esaten dizute, baina kontratuan ez da jasotzen 40 orduko lan jarduna egiten duzunik, jarduna egunerokoan puzten dizute, eginbeharrak bikoizteraino.

Horrez gain Atzerritarren Legea dugu, askotariko indarkerien eranginpean jartzen gaituena: hiru urtez bertan bizitzea eskatzen digute gure egoera erregularizatzeko, eta hori posible da baldin eta erregularizazio txartela eskuratzea ahalbidetuko dizun kontratua egiteko prest dagoen enplegatzaile “jatorra” aurkitzen baduzu. Kontrako kasuan, urteak igaro arren paperik gabe jarrai dezakezu. Hala ere, paperak lortzean ohartzen zara egoera apur bat besterik ez dela aldatzen, pixka bat libreago sentitzen zara baina egoera prekarioa antzerakoa da. Egunean 14 orduz lan egiten duten emakumeak daude, bizitza sozialik eta familiarrik ez dutenak. Kargak, inork antzematen ez dituen gaixotasunak dituzte, depresioak kasu.

Silvia Rivas: "Paperak lortzean ohartzen zara egoera apur bat besterik ez dela aldatzen, pixka bat libreago sentitzen zara baina egoera prekarioa antzerakoa da"

Arantza Arrien: Nekazaritza sektore maskulinizatua da, ez feminizatua. Guk uste dugu gaur egun bizi dugun era anitzetako zapalkuntza patriarkatuak eta kapitalismoak bat egiten duten puntutik datorrela, eta gure kasuan hori ematen da sistema agroindustriala martxan jartzean, eta gerora inposatzen denean. Sistema industrial horrek lanarekiko ditugun harremanen aldaketa sakona eragin du: nekazaritza industriala gizonena da, eta emakumeok beraientzat egiten dugu lana; gizonarentzat, enpresarentzat edo sistemarentzat. Zeren gaur egun boterea diruan datza, eta dirua duenak dauka erabakitzeko ahalmen gehien. Sistema honek dakarrena da, baita ere, lan espazio kolektiboak deuseztatzea eta nekazaritzan indibidualismo handia ezartzea. Lehen ez zen posible baserrian pertsona bakarra lanean aritzea, hori ez da gure lanaren berezko izaera, baina gaur egun etxalde gehienetan pertsona bakarrak egiten dugu lan, horrek esan nahi duen guztiarekin: esan nahi du isolamendua, eta esan nahi du bultzatzen dela hirira joatea beste lan mota batzuk bilatzera; mendekotasun harremanak ere areagotzen dira, eta ugazaba gehiago ditugu. Kontsumitzen duguna libreki aukeratzen dugula uste arren zer kontsumitu, noiz eta nola esaten diguten era berean, nekazarioi ere agintzen digute zer ekoiztu, eta nola.

Gure prekarietateak, nagusiki, ondoko gauzekin du zerikusia. Gizarte monetarizatu honetan, bata da dirua: gure batez besteko diru ordaina lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dago, gehiengoa gara horren azpitik kobratzen dugunak. Diruak dio momentu honetan lurra nork izan ahal duen, nork daukan eskubidea lanbide honetan aritzeko. Eta argi dago ezin dela horrela izan, elikagaiak sortzeko oztopo nagusia ezin dela dirua izan. Bestetik, laguntzen banaketa dago: Europako aurrekontuen zati dezenteko bat nekazaritzak eramaten du, eta pertsonen %20ak jasotzen du diruaren %80a; emakumeok laguntzen %32a jasotzen dugu, eta gizonek %68a. Pertsonako kobratzen den batez besteko kopurua kontuan izanez gero emakumeek gizonezkoek baino %55 gutxiago kobratzen dute. Eta hau, batez ere, gure nekazaritza ereduagatik ematen da. Horrez gain, kontuan izan behar da nekazaritzan bi langile mota garela, nahiz eta batzuek enpresari kontsideratu beren buruak: langile autonomoak eta soldatapeko langileak. Soldatapeko langileena bai da sektore feminizatua, eta lan baldintza negargarriak izaten dituzte: txiza egiten denbora gal ez dezaten pixohialak janztera derrigortzen dituzte batzuk; eta Huelvan marrubiak batzen dituzten sasoikako langileen kasuak ere hor ditugu. Pentsatu ohi da autonomoak garela nekazaritzako langile denak, baina soldatapeko jende dezente dago, eta asko migranteak dira momentu honetan. Guzti honetaz aparte, kontuan hartzekoa da batez ere emakumeon kasuan, askok beste lantxo bat egiten dugula aparte, soldatatxo bat atera eta gastuei aurre egiteko. Eta emakumeei beste prekarietate mota batek ere eragiten digu, denborari dagokionak. Etxe bueltan egiten dugunez lan normalean, ez dugu ordutegi finkorik, eta nahastu egiten dira lan produktiboak eta erreproduktiboak: sua pizten duzun era berean, arropak zintzilikatu, amona medikuarengana eraman eta porruak jorratzen dituzu. Hala bada, guk uste dugu denbora behar dugula gozatzeko, deskantsatzeko, militatzeko eta beste alternatiba batzuk praktikan jartzeko.

Hilabete amaierara heltzeko zenbait emakumek ezein superheroik baino balentria gehiago egin behar dituztela salatzeko ekintza, indarkeria matxista jasan eta Lanbidek laguntzak ukatu dizkien emakumeetan arreta jarri zuena (Argazkia: Ecuador Etxea)

Soraya eta Silvia, zergatik uste duzue maskulinizatutako sektoreen eta zuon sektoreetako gizonezko langileen aldean baldintza okerragoetan ari zaretela lanean.

S. García: Gatazka eta greba guztian zehar esaten aritu ginen bezala, gertatzen zena gertatzen ari zen emakumeak garelako. Gure lanarekin zera gertatzen da, historian zehar emakumeok emakume rola betetzeagatik egin izan ditugun lanak direla. Zaintza lanak merkatura salto egin dute zaharren zaintza bezalako zerbitzuak pribatizatzen dituen jendarte eredu batean bizi garelako, diru publikoaz gainera. Negozio itzela bilakatu da enpresentzat. Eta gainera ze zortea, emakumeek egiten dituzte lanok, bizi guztian egin dutena izanik oso ondo egin ere, eta orain arte doan egindako horrengatik sos gutxi batzuk ematen badizkiegu hauxe da garaiko negozioa [ironiaz]. Emakumeok egiten ditugun lanei ez zaie inolako baliorik ematen, hala gertatu izan da beti, emakumeek etxean lan egiten zutenean berdin, lanoi ez zitzaien baliorik ematen. Nik beti esan izan dut ez gaituztela emakume langiletzat hartzen, baizik eta emakumetzat soilik. Gure lanak ez dauka balio ekonomikoa izateko behar adina errekonozimendu, zeinak ahalbidetu ahalko ligukeen gure lanetik bizitzea. Gure lanak denboran atzetik arrastaka dakargun emakume rolaren luzapena dira, gizarte matxistak lan jakin batzuk esleitzen dizkigu jaiotzen garenetik.

S. Rivas: Gure sektorean badira gizonezko zaintzaileak, eta horiek bai betetzen dute zaindari laguntzaile rola. Zaintzen dituzten pertsonak parkera eramaten dituzte, edo kafe bat hartzera,… baina ez dituzte etxeko lanak egiten, eta enplegatzaileek ez dituzte maileguan ematen bizilagunaren, lehengusinaren edo izebaren etxean lana egin dezaten. Emakume zaindariontzat hori gogorra da, ikusten baitugu nola beraiei beti ematen dizkieten lanik errazenak, emakumeoi uneoro lanak gehitzen dizkiguten bitartean. Ez hori bakarrik, gizonezkoei ordaindu ere gehiago ordaintzen zaie, ezberdintasun handiak daude gizon eta emakume zaintzaileen soldaten artean. Etxe-barruko zaindari diren gizonak ere badaude, baina hor ere zaintza eta laguntzaile lanak besterik ez dituzte egiten, etxeko lanik ez. Esango nuke gizonezkoa izan duten zenbait etxetan emakume zaindaria kontratatzera bueltatu izan direla, etxeko lanak ere egin ditzan.

Silvia Rivas: "Gizonezko zaintzaileek ez dituzte etxeko lanak egiten, eta enplegatzaileek ez dituzte maileguan ematen bizilagunaren, lehengusinaren edo izebaren etxean lana egin dezaten"

Eta zuk Arantza, emakume eta gizon baserritarraren arteko aldea nola azalduko zenuke prekarietateari dagokionez?

A. Arrien: Aipatu ditut laguntzak eta soldatapeko lanak. Horrez gain, emakume pilo bat dabil baserrian lanean, nahiz eta ez diren inon ikusten. Emakume aktibo bezainbeste emakume ikusezin dabil lanean sektore honetan. Horren arrazoi nagusiak dira diru irabazi txikiak eta lehentasunak: kasu askotan lehenetsi egiten da traktore berria edo beste zeozer erostea, emakumearen kotizazioaren truke. Ustiategi profesionaletan %58a dira gizon titularrak, %25a emakume titularrak eta %18k sozietate forma dauka. Emakumeok nekazal sistematik jasotzen dugun zapalkuntzaren bereizgarria da daukagun nekazaritza eredua, lehen aipatu dudanez. Emakume titularren %58ak bi hektarea baino gutxiago lantzen ditugu. Ez gara sartzen inon eta dena da oztopo. Zer gertatzen da nik ekoizten baditut arrautzak, zukuak, barazkiak, fruta,…? Ba zukua egiteko instalazio bat behar dut. Gaur egun badakigu edozein obrak zer esan nahi duen, eta gainera osasun sistemak –esan nahi dut, elikagaiak kontrolatzen dituenak–, hainbat baldintza betearazten ditu: dena dira panelak, dena ateak eta eskuak garbitzeko tokiak. Garesti demasa da. Inbertsioa egin beharko nuke erregistroan jarri ahal izateko: lokal eta guzti, bota dezagun, 50.000 euro ingurukoa, eta ez nabil goitik. Demagun zukuez gain, arrautzak ere ekoitzi nahi ditudala: beste gela bat beharko nuke horretarako, eta bat gehiago ontziak gordetzeko. Berdin marmelada egin nahi izatera, beste lokal baten beharrean egongo nintzateke. Bultzatzen dena, gainera, obra eta azpiegitura horien guztien eraikuntza norberak egitea da; kolektiboak existitzea ez da babesten, inondik inora, zigortu egiten da. Hori da momentuotan dugun borroka bat: obradore kolektiboak onartzea. Bai emakume nekazarion egoerarentzako zein dugun sistemarako askoz sostengarriagoa eta aberatsagoa litzatekeela deritzogu, baldintza asko hobetzea eragingo lukeelako.

Arantza Arrien: "Emakume aktibo bezainbeste emakume ikusezin dabil lanean sektore honetan"

Horrez gain, emakume eta gizonen arteko beste ezberdintasun bat bada nekazaritzan, ordezkaritzari dagokiona: nekazal organo politikoak guztiz maskulinizatuta daude. Kooperatibak berdin, eta baita sindikatuak ere. Eta hori gertatzen zaigu lehen sektoreko egitura guztietan. Guzti honetaz gain, lehen aipatu dudanez, emakume nekazari gehienok lan osagarriren bat egiten dugu; bada, kanpoan egiten dugun beste lantxo hori, kasurik gehienetan zaintzari lotuta dago, eskola jantokietan eta abar.    

Lehen bezala orain ere emakumeen egitekotzat hartzen diren zaintza eta garbiketa lanak egiten dituzue hemen zaudeten lau sektoretatik hirutan behintzat. Zuen lana ez dela baloratzen uste duzue?

S. García: Historikoki emakumeok etxean egin ditugun lanak etxetik kanpora atera dira, baina emakumeek jarraitzen dute lanok egiten, modu prekarioan. Beraz ez, ez da kasualitatea aspalditik bete izan ditugun rolak betetzea lan munduan ere: garbiketa, zaintzak, etxeko egitekoak, haurrak… Kasualitatea ez den bezala gaur egun prekarietateak emakume aurpegia izatea.

Uste dut argi ari dela geratzen emakumeok isiltzeari eta azpiratuta egoteari utzi diogula, guk greban zehar esaten genuen bezala “ez daukagu beldurrik eta amaitu da isilik geratzea”. Guzti hau kalera atera ahala jendea ohartarazten, emakumeen lanaz eta emakume aurpegidun prekarietateaz hitz egiten hasi dela esan daiteke. Baina hau ez da berria, ezta atzoko edo Bizkaiko zaharren egoitzetako grebaren kontua ere; hau askoz atzeragotik dator, emakumeek etxeko lanak doan egiten zituztenetik, inori beste munduko ezer iruditu barik. Emakume horiek hain zeuden menderatuta, ezin zuten pauso bat bera ere eman beren senarra gabe, soldatarik ez zeukaten eta. Kalean gatazkak ikusgai bilakatu badira, jendea protestan ari diren emakumeak kontuan hartzen hasi bada, emakumeok biltzen eta borrokan hasi bagara, gauza bat jopuntuan jarri dugulako da: lanik prekarioenak emakumeenak direla, eta lotura zuzena dutela historikoki etxeetan egin ditugun lanekin.

S. Rivas: Uste dut badela garaia zaintza lanek emakume pobre eta migratuen lana izateari utzi diezaioten. Nire iritzitan garrantzitsua da lanok sozializatzea, gizonezkoen ardura ere badela eta hauek ere lanotan nahasi behar direla argi uztea. Nahikoa da zaintza lanez soilik emakumeok arduratzeaz, aski da jaiotzen garen unetik rolak jartzeaz. Badirudi garbitzeko eta zaintzeko besterik ez dugula balio. Garaia da hausnartu eta zaintza lanak banatu behar ditugunaren kontzientzia soziala garatzeko, garaia den moduan instituzio publikoek afera honetan esku hartu eta lanon gaineko kontrola ezarri dezaten. Lanok egin behar dituen etxe-barruko langileak ere merezi duelako deskantsurako tartea, ezin da zilegi izan zaintzaren karga beregan izatea eguneko 24 orduetan. Nire aburuz etxeko lanak dira prekarizatuenak, ikusezinenak, errekonozitu gabe daudenak. Geroz eta gehiago hitzegiten da gaiaz, eta lanoi izena ipintzen ari gara. Bada, uste dut badela sasoia batu eta borroka egiteko. Beraz jarraitu dezagun horretan.

Martxoaren 8ko greba feminista. Beren lan baldintzengatik kalera atera ezin izan zuten etxeko langileak irudikatu zituzten kartoiz egindako siluetekin (Argazkia: Dani Blanco)

Arantza, baserritarraren lan ardatza ez da zaintza, baina emakume nekazariek etxearen eta senideen zaintzaren zama gizonek baino gehiago izaten al dute?

A. Arrien: Bai, dudarik barik. Ez da gure lan ardatza, baina gure lanaren zati bat da zaintza. Berezitasunik badugu herri guneekin alderatuta, eta da herritik aparte bizi garela. Hargatik, garraioaren zama dugu, atzera eta aurrera ibili behar dugunean gehitzen zaiguna. Bestetik, garbiketa kontuak ditugu, ze gu bizi gara etxe handietan, eta ditugu kortak, eta dugu pabiloia, eta aparteko trastoak. Horrez gain, gero baditugu gure lanari zuzenean lotutako beste zaintza batzuk, feminizatuak direnak: kontserbak egitea, haziak mantentzea, belar ezberdinen bilketa… adibidez, kamamila behar badugu urte guztirako, emakumeak biltzen du. Jakinduriaren transmisio hori bezalako lanak ere, beste mota bateko zaintzak dira. Guzti honen aurrean, baina, badugu alde on bat, eta da herri txikietan zaintza soziala eragiteko potentzial handia daukagula, bai premia beragaitik zein egoerarengatik.

Urtetako esperientzia daukazue zuen lanetan. Emakume langileen egoerak hobera egin al du zuen sektoreetan?

S. García: Gure egoerak hoberantz egin du, eta asko gainera. Argi dago hobetu bada enpresen baitako antolakuntza eta sindikalizazioagatik izan dela. Izan ere, emakumeok ohartu gara gure lan baldintzen arduradunak gu geu izan behar garela, geu garela agintea hartu eta borroka egin behar dugunak, eta antolakuntza eta sindikalizazioaren bidez aurre egin ahalko dugula. Egoera ikaragarri aldatu da: Bizkaiko erresidentzien hitzarmena Espainiako Estatuko hitzarmenetik abiatu zen 2003an, 632,77 euro irabaziz, eta soldata %200etik gora igotzea lortu dugu. Beraz esan dezakegu baietz, asko hobetu dela egoera. Urte guzti hauetan greban atera eta hitzarmen oro borrokatu behar izan dugu, eta ez dugu atzera egiterik ezagutu, halakorik onartu ez dugulako. Hala bada, nik uste asko hobetu dugula, baita hobetzeko asko dugula ere. Lor daitekeela barneratu dugu guztiok, eta borrokak asko ahaldundu gaitu: era honetako gatazketan, zure laneko errealitatea zein den ezagutu eta egoera aldatzea zuri dagokizula dakizunean, talde baten parte sentitzen zarenean, ahalduntzea ematen da, gai zarela ohartarazten dizuna. Jabetzen zara esku artean duzuna lortzeko gai zarela, horrek beldurrei eta segurtasun gabeziei aurre egiten laguntzen dizu, eta adoretzen zara. Askok prozesu hori bizi izan dugu gatazkan zehar, eta indar ikaragarria eman digu. Beraz bai, asko hobetu da gure egoera, eta hoberantz egingo du, merezi du. Baina antolakuntza, enpresen sindikalizazioa eta borroka ezinbestekoak dira irabaztera bidean. Beraz, irabazi dugu.

Soraya García: "Zure laneko errealitatea zein den ezagutu eta egoera aldatzea zuri dagokizula dakizunean, talde baten parte sentitzen zarenean, ahalduntzea ematen da"

S. Rivas: Nik hamabi urte daramatzat zaintza lanetan, eta egoera hobetu denik ez dut ikusten, baizik eta guztiz kontrakoa: geroz eta prekarizatuago sentitzen gara. Egoera erregularizatu eta 189 hitzarmena legeztatu arte, ez dut uste hobekuntzarik nabarituko dugunik [Lanaren Nazioarteko Erakundeko etxeko lanei buruzko 189 hitzarmenaz dihardu, zeina onartu ezkero lege aldetik aldaketak egin beharko liratekeen, bereziki Gizarte Segurantzari dagokionez]. Ez dago erregularizatuta ez sektorea, ez lana. Momentuoro erregimen berezi honetan mantendu gara, eta ez daukagu langabezia sari edo baja eskubiderik, ezta hainbeste behar dugun lanaren ikuskaritzarik ere. Alde horretatik adoregabe sentitzen naiz, baina era berean badakit gauza askotan aurrerapausoak eman ditugula, gutxienez zaintza lanak erdigunean jarri baitira eta gaiaz hitz egiten baita. Alde horretatik begiratuta, egoera aldatu egin da orain urte batzuetatik hona:  orain bi urte, lehen aldiz parte hartu nuen martxoaren 8ko greba feministan, eta talde feministen aldetik irekitasuna nabaritu nuen zaintza lanak jorratzeko. Kontu garrantzitsua zela iritzirik, orduan ekin zitzaion gaiaz hitz egiteari, orduan hasi ginen gure aldarrikapenak kalera ateratzen. Mobilizazioan, zaintzen ardatzean parte hartu nuen, eta etxeko zaintzaile diren emakume askok bertan egon ezin izan zutenez, geu izan ginen bozeramaile. Audioak grabatu genituen bertan egon ezingo zuten emakumeen ahotsekin, beren presentzia kalera eramateko.

Oraindik asko dago egiteko, kontzientzia asko dago lantzeko, eta guk bakarrik ezin dugu, laguntza behar dugu. Zaintza lanak transbertsalak dira, denoi eragiten digute, beraz kontzientzia hartu eta elkarlanari eta aliantzei bide eman beharko genieke, borrokan jarraitu eta lan hau erregularizatzea lortzeko. Soraya bezala, noizbait heldu gaitezen esatera lortu dugula. Baina halakorik lortuko bada, taldean eta aliantzen bidez izango da.

A. Arrien: Emakume baserritarron kolektiboa geroz eta anitzagoa da. Jende berria sartzen ari da, eta horrekin batera beste ikuspegi eta molde batzuk. Horrek hobekuntza suposatu du guretzat. Bestetik, beste kolektibo batzuekin lanketak ere egin ditugu, udal batzuetako berdintasun teknikariekin kasu, eta hortik ere hobekuntza etorri dela sumatzen dugu. Gero, lege aldetik, kotitulartasun figura juridiko bat sortu zen, ustiategi batean bikote heterosexualak lan eginez gero ustiategiaren kudeaketa erregularizatzen duena, eta banaketa kasuetan emakumeentzat pentsio konpentsatzaile bat onartzen duena. Legeari dagokionez beste aldaketa bat izan da Emakume Nekazarien Estatutuarena, eta horrek aukerak ematen ditu, nahiz eta beti gertatu ohi den gisara, bitarteko gizatiar eta ekonomikorik jartzen ez baduzu, ezer gutxi den. Momentu honetan Eusko Jaurlaritzak nekazal kolektibo guztietara bidali du gutun bat esanez organo guztietan %40a emakumeek osatu behar dutela, eta neurria bete ezean ezingo dutela laguntzarik jaso. Hortik hasi da, potentzial handia dauka, baina momentuz horretan gara, zeozer baden arren. Zerbaitetan aurrera egin ez badugu, gure lan ereduaren errekonozimenduan da. Ez da gure ereduaren ikerkuntza bultzatzen, dena zuzentzen da beste eredu batzuetara, teknologia eta ikerkuntza nekazaritzan emakumeengandik urruti daude.

Kaleko argazkiak aldatzen ari direla sumatu genezake: emakume langileak ari gara ikusten kalean, haien eskubideen alde borrokan. Zuen borrokak lehen lerrora ekartzea lortu duzuela uste duzue?

S. García: Beno, lortu dugu gure lanak sozializatu eta ikusgarriagoak izatea, baina gertatu bada egin dugun lanagatik da, noski. Lan historikoa egin behar izan dugu. Gatazka sozializatu da egunez egun kalera ateraz –hortik 368 eguneko greba, hori da bisibilizazio lana–, herriz herri joanez, gonbidatzen gintuzten toki guztietan gure egoera azalduz. Horrez gain, ahalegindu gara ahalik eta kolektibo gehienena hurbiltzen eta aliantzak sortzen, argi geneukalako bat egitea beti dela onuragarria: kolektibo feministarekin, Pentsionistak Martxanekin, Babestuz egoiliarren familien elkartearekin… Batura guzti horiek gatazka geroz eta gehiago bistaratzea eragin zuten. Baina atzean prozesu oso bat dago, prozesu bat asanblada asko barnebiltzen dituena, eta beste kolektiboek zurekin batera parte-hartzea eskatzen duena.

Borrokak presente daude lan arloan borroka besterik eskatzen ez duen egoera bizi dugulako, kalera irten beharra dago bizi dugun lan egoera penagarria delako. Gure sektoreko prekarietatea geroz eta okerragoa da, eta borrokatzen ez badugu, gatazka kalera atera eta jendeari gertatzen zaiguna eta kobratzen duguna ezagutzera ematen ez badiogu, jendartea ez da egoeraz kontziente izango eta ez gaitu lagunduko, ez dugu ezer lortuko. Baina berriz diot: gatazka ikusgarri bilakatu da guk horrela izan dadin lan egin dugulako. Jendarteak, patronalek eta gobernuek ez dute lagundu. Gatazka ikusgarri bilakatu dute langileek, eta entzun zein lagundu nahi izan gaituzten elkarteek. Eta gure kasuan, eskura jarritako baliabideen bidez ELA sindikatuak eskainitako babesak ikaragarri lagundu digu gatazka kalera eramaten.

S. Rivas: Neuk ere uste dut kolektiboak, geroz eta gehiago, gure lanak ikusgai bilakatze aldera zerbait egiteko prest daudela. Polita zera da, etxeko langileok garela gatazka ikustarazteko lan horren protagonista. Une honetan sentsibilizazio kanpaina batekin dihardugu, zeinetan protagonistak etxeko langileak eurak diren. Geraleku guztietan ikusgarri egongo den kanpaina bat da, eta bertan ikusi ahalko dira haurrak eta zaharrak zaindu eta etxeak garbitzen dituzten emakumeen aurpegiak. Jendartea interpelatzeko era bat da, bide batez gaia bistaratu eta sozializatuz. Nire iritziz dortokak bezalaxe egingo dugu aurrera, apurka-apurka, baina helduko gara “lortu dugu” esatera. Garrantzitsua da.

Arantza Arrien: "Gure proposamena da elikadura burujabetza feminismoz bustitzea eta feminismoa elikadura burujabetzaz, eta guri dagokigunez ikusgarri egin gaitu feminismoak bere gain hartu izana elikadura burujabetzaren aldarrikapena ere. Alderantziz, motelago goaz: gure sektorea feminismoz janzten, nekezago goaz"

A. Arrien: Hasteko, eskerrik asko eta zorionak ARGIA, zeren honelako gauzek egiten gaituzte ikusgarriago. Gure proposamena da elikadura burujabetza feminismoz bustitzea eta feminismoa elikadura burujabetzaz, eta guri dagokigunez ikusgarri egin gaitu feminismoak bere gain hartu izana elikadura burujabetzaren aldarrikapena ere. Alderantziz, motelago goaz: gure sektorea feminismoz janzten, nekezago goaz. Zera komentatu nahiko nuke: gure ofizioko prekaritatearekin denok dugula zerikusia, denok jaten dugulako eta guztion kontsumo ohiturek eragiten dutelako gure egoeran. Denok gara baserritarrak, guk esaten dugun moduan. Klima aldaketari dagokionez daukagun erantzukizuna kontuan izanda, esaten dugu arazoaren parte garela, baina era berean aterabidearen parte ere bai. Eta prekarietatearen inguruan ba gauza berbera esango nuke: denok gara horren arduradun, baina aterabidea ere denon esku dago.

 

Zu, Elena, 2003an atera zinen Ekuadorretik. Zergatik?

Elena Vasconez: Beste migratzaile askok bezala, nire herrialdetik hanka egin nuen niretzako eta nire alaba zein gurasoentzako bizi hobe baten bila. Lau urteko alaba bertan utzita alde egin nuen, berari etorkizun hobe bat emateko xedez. Imajinatu zer den haur bat hilabeteetarako edo urteetarako agurtzea, sarri haurtzaindegian ordu batzuetarako uzten ditugunean gorputz txarrarekin ateratzen bagara. Herrialdetik irten eta bi urtera lortu nuen alaba nirekin ekartzea.

2003an Valentziara joan zinen. Zein lan egin zenituen han?

E. Vasconez: Valentziara heltzean etxeko langile gisa lortu nuen lehen lana, adineko pertsona bat zaintzen. Lan horretan eman nuen zaintzen nuen pertsona hil arteko denbora, hilabeteetako kontua izan zen, bere azkenetan baitzegoen. Horrez gain, haurrak zaintzen, landan eta garbiketan ere aritu nintzen lanean. Hori da dagoena, paperik gabe zaila da beste ezer aurkitzea, eta sarri aurkitzen duzun lehen lana onartzen duzu.

Valentzian urte batzuk eman eta Euskal Herrira etorri zinen, hemen lan baldintzak hobeak izango zirela pentsatuz. Zer aurkitu zenuen?

E. Vasconez: Beno, ezberdintasuna handia izan zen. Lanagatik gehixeago ordaintzen da hemen, baina noski, alokairu, janari eta abarretako gastuak ere handiagoak dira. Egia da hemen jende oso atseginarekin topo egin dudala, eta jende horrekin denbora luzez lan egin izan dut. Valentzian baino askoz hobeto, egia esan.

Zein lan egin dituzu hemen?

E. Vasconez: Valentzian egin nituen lan berberak. Garbiketa lanak egin ditut, jende nagusia zaindu dut, baita haurrak ere —8 hilabete zituenetik 5 urte izan arte zaindu nuen mutiko bat, egun gaztea da, elkar ikusten dugu eta asko maite nau—. Enplegatzaile batek egindako kontratu baten bidez paperak lortu nituen, eta egoera zertxobait hobea izatera igaro nintzen: kotizatzera igaro nintzen, eta horrek zenbait onura dakartza berekin, langabezia saria eta gizarte segurantza, besteak beste.

Entzun dizut esaten arrazakeria eta xenofobia toki guztietan daudela. Zuk zure azalean bizi izan duzu?

E. Vasconez: Lanpostuetan ez dut halakorik bizi izan, esan dudan bezala jende onarekin topo egin izan dudalako hemen. Baina espazio publikoan bai. Behin metroan ondokoa gertatu zitzaidan, haurdun nintzela: emakume batek aurpegiratu zidan etzanda nindoala metroko eserlekuetan, eta ez zen hala, kontua zen zazpi edo zortzi hilabeteko nengoela eta ahal bezala nindoala eserita. Horrez gain jendeak esaten du bertakoei lana lapurtzera, diru-laguntzak eskatzera eta halakoetara gatozela; baina ez da hala, ez da orokortu behar, askok zintzoki lan egiten baitugu, agian bertakoek nahi ez dituzten lanak egiten ditugu, gure seme-alabak eta familiak aurrera atera ahal izateko.

Hitz egin dezagun zure azken enpleguaz: greba egin duzue hoteleko langileek.

E. Vasconez: Denbora luzez egon ginen burua makurtzen, ematen zigutena besterik gabe onartzen. 2,5 euro ordaintzen ziguten garbitutako gela bakoitzeko, eta hemezortzi gelako ratioak izaten genituen sarri. Gela guzti horiek garbitzera heldu ezean gelak zor genituen, eta atseden egun bat sakrifikatu behar izaten genuen zorrak kitatzeko. Guzti hori 800 euroko soldata lortu ahal izateko. Egoera hori izanik, askok korridoreetan hitz egiten genuen; sindikalizatu nahi genuen, baina inor ez zen halakorik egitera ausartzen, kexatuz gero lana galtzeko beldurrez. Jende askori kosta egin zitzaion erabakia hartu eta grebara joatea, baina halako batean eman genuen pauso handia. 47 egun eman genituen greban, hobekuntza asko lortu genituen, baina borrokan jarraitzen dugu, enpresak gauza asko ukatzen dizkigulako oraindik. Akordu bat baden arren, oraindino horretan gara.

Ordezkari sindikal bezala estreinatu zara greban. Zergatik erabaki zenuen pauso hori ematea?

E. Vasconez: Esan bezala, lankide askok kexatzeko beldurra daukate. Horrez gain, hotelean gazteleraz moldatzea asko kostatzen zaion atzerritar jende ugari dago lanean. Hala bada, baliteke nik hobeto hitz egin eta ulertzea; sarri eman dizkiet azalpenak besteei. Beharbada horregatik babestu naute ordezkari sindikal gisa, antzeman dutelako komunikaziorako trebetasuna dudala.

Entzun dizut esaten migranteek bertakoek baino lan baldintza kaskarragoetan egiten duzuela lan. 

E. Vasconez: Bai, nik uste dut hori gertatzen dela migratzaileok beti pentsatzen dugulako galtzekoak geuk ditugula. “Lanean ari naiz, lan hau utziz gero nora joango naiz? Zertan egingo dut lan? Ezin dut enpresa batean lan egin, ezin dut kotizatu, ez dut onurarik izango langabezian geratuz gero”, pentsatzen duzu paperik gabe lanean ari zarenean. Beraz, paperik ez duen jendeari dagoena onartzea besterik ez zaio geratzen. Bertakoei ez zaie halakorik gertatzen, beren lanetan gustura badaude eta egiten dutena atsegin badute hor jarraitzen dute, eta bestela lana uzten dute, badakitelako aurkituko dutela beste zeozer.

Ez duzu egun osoz lan egiten, nahiz eta zuk zeuk esan zenidan lana egiteko beharra zeneukala. Hiru seme-alaba izanik, egun osoz lan ez egitearen arrazoia kontziliazioa da?

E. Vasconez: Ezin dut jardun osoz lan egin, hiru seme-alaba ditudalako. Alaba nagusiak 21 urte dituen arren, bi seme txiki ditut. Eta jakina denez, emakumeok etxetik kanpo bezalaxe lan egiten dugu etxean: gure ardura izaten da etxetik kanpoko lanaz gain, haurrez eta etxeko lanez kargutzea. Haurrak medikura joan behar badira, eskolarik ez badute… neu antolatu behar naiz. Ez dit jardun osoz lan egitea ahalbidetzen. Etxetik kanpo egiten dugun lana ordaintzen digute, baina etxe barrukoa ez.

Lan prekarizatuetako emakumeak kalera ateratzen ari zarete zuen eskubideak defendatzeko. Gero eta ikusgarriagoak zarete bai zuek, bai zuen lan gatazkak. Zuk ere hala bizi duzu?

E. Vasconez: Bai, geroz eta gehiago ematen ari gara aditzera. Borroka honetan gaude emakume eta langile gisa baloratu gaitzaten. Horren adierazle, martxoaren 8ko greba feministan kalera atera ginen gure eskubideak aldarrikatzera. Borrokan jarraitu beharra dago, dena ez da hemen amaitzen, bide luzea dago egiteke eta aurrera egin behar da. Adiskide batek zioen bezala: geure buruak maitatu behar ditugu, geure buruak errespetatzetik hasi gainontzekoek errespetatu eta baloratu gaitzaten.

MAHAIKIDEAK

Silvia Rugamas Rivas (Etxeko langilea)

1977an El Salvadorren jaioa, Euskal Herrian bizi da 2007az geroztik. Santurtzi du bizileku, eta etxeko langilearena ofizio. Migratu zuenetik ez du lanbidez aldatu, haurren zaintzan jardun du: paperik gabe lehenbizi, eta egoera erregularizatuan gero. Euskal Herriko Ekonomia Feminista Eskoletatik sortutako Etxekotu Gabeko Emakume Langileak (Trabajadoras No Domesticadas, gazteleraz) elkarteko kidea da. Etxe kanpoko langile gisa dihardu berak, baina ondo ezagutzen du etxe-barruko langile bezala ari diren emakumeen errealitatea ere.

Soraya García Pablo (Zaharren egoitzetako langilea)

1968an jaioa, Etxebarrin bizi da. Feministatzat eta sindikalistatzat dauka bere burua. Bizkaiko zaharren egoitzetako sarean gerokultore gisa dihardu lanean duela hemezortzi urtetik, horietatik hamahiru ELA sindikatuko ordezkari sindikal modura, eta azken urteetan egun osoko liberatu gisa. Bizkaiko egoitzen sektoreko bost hitzarmenetatik lautan negoziazio mahaian egon da. 2016ko martxoan hasi eta 2017ko urrira arte iraun zuen azken hitzarmena negoziatu bitartean egindako grebaren lehen lerroan egon zen.

Arantza Arrien Goitiandia (Baserritarra)

1963an Aulestian jaioa, orain hamarkada bat pasa Ozaetara lekualdatu zen. Baserritarra da, nekazal ingeniari teknikoa ikasketaz, eta elikagaien subiranotasuna ardatz duen Etxaldeko Emakumeak taldeko partaidea ere bada. Feminismoa elikadura subiranotasunaz janztea, eta era berean, landa eremuko mugimenduan ikuspegi feminista txertatzea bilatzen dute.  Urteetan izan da EHNE sindikatuko ordezkaria, eta egun Arabako Lautadako Landa Garapen Elkartean dabil lanean egun erdiz.

Elena Vasconez Cevallos (Hoteleko garbitzailea)

Ekuadorren jaioa 1980an, Valentziara migratu zuen 2003an, lau urteko alaba senide baten ardurapean sorterrian utzita. Zaintza, landa eta garbiketa lanetan jardun zuen han, bizi eta lan baldintza hobeak aurkituko zituelakoan Euskal Herrira lekualdatzea erabaki zuen arte. Antzerako lanetan jardun du gurean, eta egun Bilboko Barceló Nervión hotelean dihardu garbitzaile, Constant azpikontrataren bidez. Beren lan baldintzak hobetzea eskatuz, 47 greba egun egin zituzten 2018ko azarotik 2019ko urtarrilera bitartean. Bertan estreinatu zen ELAko ordezkari sindikal gisara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-10 | Julene Flamarique
Garraiolari bat hil da Larrabetzun laneko istripu batean

Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


Iruzurra aitzakia

Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, eta salaketetarako buzoi anonimoa sortu du. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


56 urteko garraiolari lesakarra hil da lan istripuz

56 urteko garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans enpresako langilea zen. Aurten 11 garraiolari hil dira lanean, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duen bezala... [+]


2024-11-12 | Leire Ibar
Altueratik erorita aurten hil den hamargarren langilea da Abandoko tren geltokikoa

Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.


2024-11-11 | Aiaraldea
Langile bat hil da Tubacexen Amurrioko lantegian, bihotzeko baten ondorioz

Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.


2024-10-29 | Julene Flamarique
Hilabete honetan Zornotzan eta Zierbenan laneko istripuak izan zituzten langileak hil dira

Ezbeharretatik egun gutxitara zendu dira langile biak. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du urriaren 31an Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean heriotza biak salatzearren. Aurten 50 dira jada... [+]


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


2024-10-15 | Julene Flamarique
Bi langile hil dira lan istripuetan Nafarroan eta Bizkaian

Loiun (Bizkaia) eta Olletan (Nafarroa) hil dira langileak, astearte goizean, biak erorikoen ondorioz. Aurten Euskal Herrian 47 behargin hil dira laneko istripuetan. Nafarroan hamabi lan istripu izan dira aurtengo lehen seihilekoan, eta lan istripuen intzidentzia tasan datu... [+]


2024-10-08 | Leire Ibar
Hil egin da Funesko lan-istripuan larriki zauritutako gaztea

Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa),  Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.

 


Eguneraketa berriak daude