Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduraduna da. 23 urte darama hamaika ikastaro eta ekimenen inguruko informazioa lau haizetara zabaltzen. Azken urteetan, aldiz, Idoia umoregilea ari gara ikusten han-hemenka. Emakumeok ez gaude ohituta gure gorputzaz, gure hilekoaz edo amatasunaz barre egiten eta are gutxiago jendaurrean. Hori konpontzera heldu da lur orotariko eta erabilera anitzeko kazetaria.
Formazioz kazetaria eta gidoilaria. Duela 23 urte UEUko komunikazio bulegoan hasi zen lanean eta 2000. urtetik bertako arduraduna da. Umorezale gisa Barretartia, umoreari buruzko euskarazko blogaren sortzailea da. Pertsona, enpresa eta erakundeei umore zerbitzuak eskaintzen dizkie barreterapia saio, ikastaro eta hitzaldien bidez. Mirari Martiarenarekin Bakean dagoena, bakean utzi bakarrizketa estreinatu zuen iaz, generoa eta euskara ardatz hartuta, eta dagoeneko 100 bat emanaldi eskaini dituzte Euskal Herri osoan barna.
Umoreak zer toki du zure bizitzan?
Nire pasioa da. Gure etxean oso garrantzitsua izan da beti. Aita eta amarengandik jaso eta modu kontzientean nerabezaroan lantzen hasi nintzen. Argi neukan kuadrillako ederra ez nintzela inoiz izango, beraz graziosoa izatea zen nirea, horrek beti funtzionatu izan didalako. 2012an bloga sortu nuen, Barretartia, umorea, euskara eta nire paranoiak plazaratzeko. Ondoren hitzaldiak, formakuntza saioak eta barreterapia ikastaroak eman nituen. Euskadi Irratian ere kolaboratzen hasi nintzen eta ikaragarri gustatzen zaidala konturatu nintzen.
Eta iaztik antzerkilari ere bai?
Bai. Jendaurrean zerbait egitea falta zitzaidan. Mirari Martiarena adiskide eta lankide izandakoak eta biok antolatu genuen Bakean dagoena, bakean utzi bakarrizketa saioa.
Euskararen egunerako prestatu eta Usurbilen estreinatu ondoren, Bertsozale Elkarteko Lanku enpresarengana jo eta eskaini genien gure ideia. Itsu-itsuan esan zuten baietz eta dagoeneko laurogeita gehiago emanaldi eskaini ditugu. Gozamena da, baina gogorra ere bai, saio bakoitza zerotik hastea baita. Gure buruaz barre egin eta jendea identifikatuta senti dadila nahi dugu. Horretarako gai tabu eta ezkutuak ateratzen ditugu modu katartikoz.
Adibidez?
Hilekoaren gaia, edo gorputza ukitzea proposatzen diogu jendeari… (nork berea, e!). Gizonak horretara ohituago daude. Zenbat aldiz ikusi ditugu beren hankartea ukitzen gure aurrean? Baina emakumeok egiten dugunean arraroa egiten zaigu.
Konturatu gara emakumeok ez diogula geure buruari baimena ematen geure buruaz barre egiteko. Kultura umoristiko handiagoa eduki beharko genuke. Euskaraz bada tradizioa umorea lantzeko bai antzerkian, bai bertsolaritzan, baina gauza asko falta da oraindik.
Nola hartzen du jendeak ikuskizuna?
Izugarri ongi pasatzen dugun arren, aitortu behar dugu zuzenekoa polita bezain gogorra izan daitekeela. Zenbait tokitan irriberagoak dira beste batzuetan baino. Bizkaian tokatu zitzaigun behin denak serio-serio egotea, gu lur jota ez genekiela nola altxatu hura eta bukatutakoan jendea hurbildu zen eskerrak ematera, esanez inoiz ez zutela horrenbeste barrerik egin. Barrutik izango zen, bada! Bizkaiko edo Gipuzkoa sakoneko herri txiki batzuetan agian barre gutxiago egiten dute, nahiz eta ederki pasatu. Iruñean oso ongi pasa dugu etorri garen bi aldietan. Izan ere, inoiz izan dugun txalo zaparradarik luzeena Nafarroako Antzerki Eskolan izan zen, Irrizikloan.
Euskaldunok badugu umore propiorik?
Ez. Estiloan ez dut antzematen. Denetatik erabiltzen da, baina euskaraz. Euskara da gure bereizgarri bakarra, eta ikusleekin partekatzen ditugun erreferentziak, noski.
"Gelditzen diren territorio libre gutxi horietako bat da UEU”
Euskaldunok serioak garela diote Espainian.
Hori tontakeria da. Topiko bat. Kike Amonarriz eta Uxoa Anduagaren ikerketetan azaltzen da nola XIX. mendean Europa osoan nazionalismoak hedatzen direnean, ezaugarri batzuk lotzen zaizkien komunitateei. Eraikuntza bat egiten da eta horren arabera estatuan euskaldunak langileak dira, katalanak zuhurrak, andaluziarrak graziosoak…
Ocho apellidos vascos bezalako filmetan berpizten diren topikoak?
Hala da. Niri ez zait gustatzen. Nik absurdoa nahiago aukeran. Hala ere, umorea da eta hori ere zilegi, noski. Hori bai, halako klixeak onartzen badituzu, kontrako norabidekoak ere onartzeko prest egon behar duzu. Eta hori ez da askotan gertatzen. Horren adibidea da Euskalduna naiz telebista saioarekin atera zen zarata guztia. Botere harremana agerian geratu zen: espainiarrek umorea egin dezakete euskaldunekiko, baina guk beraiekiko eginez gero, zigorra.
Edozein gauzari buruz egin daiteke umorea?
Nik uste dut denak balio duela, baina bueltakoa jasotzeko prest egon behar duzu. Denetarako azala eduki behar duzu. Nik adierazpen askatasuna bezala tratatuko nuke umorea. Oso gutxitan moztuko nuke. Erantzuteko modua baduzu, zergatik ez?
Manada-ren bortxaketari buruz ere bai?
Jendeak txiste matxistak egin ditzake eta nahi duen guztia, baina besteek esan behar diote horrek ez duela batere graziarik eta halakorik haiei ez bidaltzeko. Nik ez dut umore kaka debekatuko, baina ez dut erosiko. Debekatzea hitz potoloa da. Askatasuna moztea oso arriskutsua da umorea egiterakoan. Umore gaiztoa egongo da beti: umore zapaltzailea; ahula, emakumea, euskalduna… mindu nahi duena, baina ez da debekatu behar. Kultura umoristikoa zabaldu behar da, hainbat umore mota detektatzeko eta gaiztoak baztertzeko gaitasuna izateko.
Zergatik dago horren emakume umoregile gutxi?
Eremu publikoa, oro har, orain arte ia soilik gizonena izan delako. Emakume batek publikoki umorea egitea eta gainera umore transgresorea egitea, jauzi mortal hirukoitzaren parekoa da. Gainera, emakumea gizona baino askoz zorrotzago kritikatzen da. Larrutu egiten gaituzte, hasteko, gure irudiarengatik. Niri Berto Romero [umoregile kataluniarra] asko gustatzen zait, baina den itsusiarekin, harrika hilko lukete emakumea balitz. Guri berehala itsusia, potoloa… esaten digute. Eta horrek, gainera, nolabaiteko kontrako jarrera sortzen du: honek barre eginaraziko dit niri, bai zera! Txiste bera gizon batek kontatua edo emakume batek kontatua, ez da inola ere berdin hartzen.
Zer eginen zenuke gustura?
Zerbait telebistan. Ikusten dut erreferentziak falta direla. Zerbait ganberroa egingo nuke, esketxak ez, zerbait sinpleagoa, gai baten inguruan hitz egin adibidez, edo ikus-entzunezko interesgarri bat agian…
UEUn ezinbestekoa zara, baina beti bigarren planoan ikusten zaitugu.
Nik oso argi daukat: nire egitekoa da UEUk egiten duena ezagutzera ematea. Hasieratik argi izan dugu, oso erakunde txikia izanda, erreferentzialtasunak ezin ditugula biderkatu eta bozeramailea zuzendariak izan behar duela. Nik, gainera, nahiago dut bigarren planoan gelditu. Gustatzen zait.
Zenbat urte daramazu UEUn?
Udako ikastaroetan 23 urte. Laguntzaile hasi nintzen karrera bukatu gabe. 21 urterekin ezagutu nituen Larraona ikastetxean Iruñean egiten ziren ikastaroak eta bi urte aritu nintzen Pili Kaltzadaren laguntzaile, bera baitzen prentsa arduraduna. Pilik berehala ikusi zuen komunikazio lana aldatu beharra zegoela UEUn. Berarekin izugarri ikasi nuen.
Larraonara iritsi eta friki pila ezagutu nuen, batzuk informatikan adituak, besteak ez dakit zertan… eta segituan oso eroso sentitu nintzen. Lehenbiziko urtean nor eta Txillardegi [Jose Luis Alvarez Enparantza] elkarrizketatzeko aukera izan nuen! Ikaragarria! Unibertsitatea, euskara, komunitatea… eta dena Euskal Herri osora zabaltzeko nazio ikuspegiarekin bideratua. Segituan egin nuen bat proiektuarekin. Niretzat UEU eskola izan da, bai ofizioa ikasteko, bai lan etika bat eraikitzeko.
47 urte bete ditu UEUk. Zertan aldatu da urte hauetan?
Erakunde gisa handitzen joan da. Garai batean udan kontzentratzen zen lan gehiena, baina gaur egun dagoeneko urte guztian egiten du lan ikastaro eta ekimenetan. Ikasturte bakoitzean 2.000 pertsona inguru izaten ditugu.
Lantaldean hamalau pertsona gaude eta komunikazioan ni bakarrik urte osoan, eta hiru kide gehiago udan. Oso talde murritza da halako ekimen baterako, halere proiektuarekiko dugun atxikimenduak eta lan giroak bultzatzen gaitu hau dena aurrera eramaten.
Urte hauetan aldatu ez dena helburu nagusia da. Guk pertsonak formatu nahi ditugu, goi-mailan eta euskaraz. Asmo hau lortzearren ikastaroak, graduondokoak eta IkerGazte kongresua antolatzen ditugu. Gainera, urtean hamar bat liburu ematen ditugu argitara eta Inguma edo Artizarra datu baseak kudeatzen ditugu. UEU beti saiatu izan da topagune izaten aditu eta aritu euskaldunentzat. Herri autonomoa eta burujabea izan nahi badugu aditu eta profesional euskaldunak behar ditugu.
Eta komunikazio lana nola aldatu da?
Hasieran elkarrizketak egin eta dosierrak osatu ondoren faxez bidaltzen genituen komunikabideetara. 1996ra arte argazkiak ere errebelatu egiten genituen gela ilunean, dendara eramaten hasi arte. Pentsa zer-nolako aldaketak izan diren! Orain telefono mugikorrarekin kasik prentsa bulego osoa daukazu poltsikoan.
Zabalkundeari dagokionez, gero eta pisu gehiago ematen diegu ikus-entzunezko edukiei eta sare sozialetan egiten den lanari. Hobekien funtzionatzen duten edukiak gure elkarrizketak dira, bai testuan baita bideoan ere, eta hauekin batera, minutua baino gutxiagoko ikus-entzunezkoak.
Zer izan zen Larraonako garaia UEUrentzat?
Oso garai garrantzitsua. UEU 1973an Iparraldean sortu eta lau urtera erabaki zuten ekitaldiak Hego Euskal Herrira ere ekarri behar zituztela, eta Iruñea hautatu zuten horretarako. 25 urtez UEU Larraona ikastetxean aritu zen, 2007ra arte.
Garai hartan Larraonako bi aste horiek oasi moduko bat ziren euskararentzat. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen helduen udaleku antzeko horretara. Ikastera bai, baina euskaraz bizitzera ere hurbiltzen ziren. Arnasgune bat zen. Ikasi, jan eta parranda egiten genuen denok batera. Urrezko aroa 90eko hamarkadan izan zen. 1997an ia 1.000 pertsona pasa ziren Larraonatik. Egun batzuetarako etortzen zen jendea edo aste bat edo bitarako, eta hainbat ikastaro egiten zituzten. Askoz komunitarioagoa zen dena. Gerora, aldiz, 2000. urtetik aurrera, beste fase bat hasi zen: eskaintza zabaldu da, udako ikastaro gehiago eskaintzen dira beste unibertsitateetan ere, zorionez, eta ordutik aurrera ikusten da jendea gehiago etortzen dela ikastera, beraien curriculum pertsonal eta profesionala aberastera.
Malenkoniaz gogoratzen duzu?
Bai eta ez. Garapen hori gertatu da, azken finean, euskarak beste esparru batzuk irabazi dituelako, beraz alde horretatik positiboa da. Orain beste era batera aritzen gara, baina egungo ikastaroek mantentzen dute beren esentzia: esperimentazioa, metodo eta eduki berritzaileak, askatasunez ikasi eta irakasteko aukera…
Zergatik da desberdina unibertsitate hau?
Gelditzen diren territorio libre gutxi horietako bat delako. Hemen dena da komunitarioa eta nazio ikuspegitik enfokatua. Ikasleek 100 bat ikastaro proposamen egiten dizkigute urtero eta horietatik 30 bat aukeratu eta prestatzen ditugu. Horrela, ohiko edukiez gain, beste toki batzuetan ikasten ez dena hemen aurki daiteke. Gogora dezagun bertsolaritza edo gastronomia hemen landu zirela lehen aldiz. Udako ikastaroetan 600 bat parte-hartzaile izaten ditugu, eta gaur egun dagoen eskaintza zabala kontuan hartuta, oso ongi dago.
Gureak oso talde txikiak dira eta horren ondorioz sortzen den elkarlana eta giro goxoa bilatzen ditu jende askok orain UEUn. Gureak ez dira eskola magistralak. Otorduak ere denok elkarrekin egiteko ohitura mantentzen dugu.
Zer moduz joan dira aldaketaren urteak Nafarroan UEUrentzat?
Urte hauetan aurrerabide handia egin du UEUk Nafarroan, bereziki Hezkuntza Departamentuarekin urte osoan izandako elkarlanarengatik.
Larraonako garaiaren ondoren urte zailak izan ditugu. Zailtasun ekonomikoengatik Iruñeko bulegoa itxi behar izan genuen. Hala eta guztiz ere, gobernu aldaketa baino lehenago, apustu argia egin genuen hemengo eskaintza urte osoan zabaltze aldera eta berriz zabaldu genuen bulegoa. Bide berri hori indartua izan da aldaketari esker. Hezkuntza Departamenduarekin sinatu genuen hitzarmen bat hezkuntzarekin lotutako nafar ikasleei formakuntza emateko. Lau urte hauetan emaitzak oso onak izan dira. Parte-hartze horren handia izanda, argi ikusten da goi-mailako formazioa euskaraz jasotzeko beharra dagoela gaur egun Nafarroan. Hemendik aurrera zer? Ezin jakin, baina guk hemen jarraitzeko bokazioa dugu, beti izan dugun bezala, garai on eta okerretan ere.
Gazte askorentzat UEU ezagutzeko aukera izan al da?
Bai, zalantzarik gabe. Hemen, Nafarroan, ia ikusezin izatetik argitara pasa gara eta orain euskal komunitatearen atal batentzat erreferenteak gara baita Nafarroan ere.
“Txikia izateak, ez formala izateak, komunikazio estilo lasaiago eta koloretsuagoa egitea ahalbidetzen digu. Ana Obregónek uda hasieran bainujantzian bere posadoa egiten duen bezala, gu ere UEUko kartelarekin kalera ateratzen gara argazki bitxiak eta txorakeriak egitera ikastaroak sustatzeko asmoz. Beste unibertsitateetan pentsaezina da”.
“Adin guztietako emakumeak identifikatzen dira gurekin [Mirari Martiarena eta berak egiten duten umore saioaz ari da] eta gizonak harrituta gelditzen dira. Beste aurreiritzi bat ere apurtu nahi dugu: emakumeok ezin dugula umorerik egin. Erakutsi zaigu formalak izaten, txintxoak, eta gu arau horiek apurtzera etorri gara”.
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.
Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.
Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.
Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]