Lau atalez osatutako saileko hirugarren artikulua da hau. Bertan, aztergai da Glovoren negozio-eredua, baita bere ingurukoekin daukan harremana ere. Glovoren sortzaileek egindako adierazpenetan oinarrituta, artikulu honek haien mundu-ikuskera irudikatzea ahalbidetuko digu eta, horrela, Euskal Herrian, inguruko Estatuetan eta mundu osoan aurrera eraman nahi dituzten aldaketak hobeto ulertzeko gakoak ematen saiatuko gara. Beren ideologia zaila izan daiteke ulertzeko gure testuinguruan, baina Sillicon Valleyn sortutako pentsaera politiko berri eta arriskutsua du.
"Zerbait ulertu ahal izateko, bere hastapenei eta garapenari erreparatu”.
–Aristoteles, metodo zientifikoaren aitzindaria, Glovoren zuribide guztien oinarria
Glovo Sacha Michaudek eta Óscar Pierrek sortu zuten 2016an. Hedabideak behin eta berriro limurtu dituzte beren hastapenaren istorio erromantiko bera kontatuz. Dena gazte ameslari batekin hasi zen: eguneko edozein ordutan, edonori edozein gauza eramatea desiratzen zuen gaztea. Ipuin hori nahiko entzuna dugu, Glovok eredutzat dauzkan enpresa askok antzeko sorrera-mitoak dituzte –Applek, Googlek eta Amazonek, esaterako– eta izugarri maite dute horiek jendeari kontatzea: unibertsitate ikasle kementsu batzuek haien garajeetan sartuta enpresa berri hori eta bestea sortu zituzten, baliabide gutxi baina ideia bikain bat izanik. Inolaz ere ez dute kontatuko gazte horien jatorri pribilegiatuek emandako kapital finantzario eta sozial itzelak ezinbestekoak izan zirela hastapenetan.
Jatorriaren istorio sinple horrek ezkutatu egiten du errealitatea: Glovo Katalunian sortu zuten, bai, baina AEBetan du benetako jatorria. Mundu-ikuskera partekatzen duten eragin handiko enpresa talde batekoa da, eragin handiko pertsonek sortua. Hori gutako askok kezkagarritzat joko genuke, beldurgarritzat ez esatearren.
Sacha Michaud Londresen jaiotako britaniarra dugu. Enpresa teknologikoen munduan sartu eta LatinRed sortu zuen, gaztelaniazko webgunerik garrantzitsuenetarikoa garaian. Ondoren, garai hartan Uberreko zuzendari nagusietako batek, Niall Wassek, Betfair enpresan –Internet bidezko apustu-etxea– kontratatu zuen. Michaudek hamarkadak eman ditu antzeko lan teknologikoetan: plataformetan oinarritzeak eskaintzen duen erantzukizun mugatua eta baliabide teknologikoak konbinatuz milioiak lortu ditu bere nagusientzat. Batzuetan, negozio xelebreetan –eguzkitako betaurreko merkeak–, besteetan, moralki eztabaidagarriak diren batzuetan –menpekotasuna sustatzen duten apustu-zerbitzuak–. Bera da Glovorentzako inbestitzaileak lor ditzakeena bere harreman-sareaz baliatuz, eta esperientzia nahikoa du enpresaren eguneroko beharrak kudeatzeko.
Óscar Pierre Sillicon Valleyko enpresariaren estereotipoa da. Konpainiako ameslari gaztea da, jende arrunta zein inbestitzaileak liluratzen dituena Glovok gizartean zein beren diru-zorroetan izango duen eragin positiboa azalduz. Bere enpresa-ikuspegia “dirua lortzeaz harago” doa. Glovori hurkotasun-itxura ematen diona da: xaloa, oztopoen aurrean ausarta, xarmagarria, gaztetasunarekin lotu ohi den segurtasunez betea.
Dirudiena baino gehiago dago, ordea, itzalpean. Beren ideiak eta helburuak azaltzen dituztenean, bi sortzaileei Sillicon Valleyko hizkeraren kutsua darie, agerian jartzen da “Kaliforniako ideologia” delakoaren jarraitzaile sutsuak direla. Ideologia horren zaleek gizartea hobetuko duten proiektu komunaletan sinesten dute, betiere lider ahalguztidunen zuzendaritzapean; sutsuki egoten dira edozein aldaketaren alde, eta gatazka eta desberdintasun ororen iturria komunikazio falta dela uste dute, ez klase eta talde sozialen arteko lehian dauden interes kontrajarriak.
Pertsonak elkarrekin konektatzeko asmoari soilik erreparatuz gero, enpresa horiek kalterik ez ekartzeaz gain, hobekuntzak ere ekar ditzaketela dirudi. Gaia, ordea, hori baino sakonagoa da. Sillicon Valleyko pentsamolde politikoa ikertzean honako hau aurkitu zuen Gregory Ferensteinek: bertako enpresa teknologikoen jabeen ustetan, gizarte osoko soldaten %50a gizartearen %10ak baino ez luke irabazi beharko; haien iritziz, egiazko ekonomia meritokratiko bat “ez litzateke oso edo guztiz bidezkoa”. “Aukera”-berdintasunean sinesten dute, ez emaitza-berdintasunean.
Michaudek esan zuen Glovok bere langile “autonomoen” baldintzengatik jasotzen dituen kritikak “sindikatuen ameskeriak” direla
Sortu nahi duten mundu horretan, garrantzitsuena ez da “jendeari merezi duena ematea, baizik eta jendeak gizarteari egiten dion ekarpena maximizatzea”. Merkatu-efizientzia helburu desiragarria denez, ekarpen hori maximizatzeko erarik onena hau da: entitate pribatuak sortzea, inolako kontrolik gabeko lider ezin azkarragoek zuzenduak. Ondoren, entitate horiek gizarte-eraldaketa sakonak ekarriko dituzte haien proiektuen bitartez, adibidez: Facebook –“mundu guztia elkarrengana hurbiltzea”– eta Glovo –“gure erabiltzaileen aisialdia luzatzea; denbora familiarekin, lagunekin edo zaletasunetan emateko aukera eskaintzea”–. Hurkotasun-balioen alde agertzen badira ere, beren ekintzen ondorioz mundu mailako klase kontrolatzaile berria sortu dute, oraingo honetan zuribide berri eta hobea duena.
Inbertsio-enpresa batek egindako elkarrizketa batean, honela azaldu zituen Michaudek enpresa horrek kontratatu ohi duen banaketa-konpainia tradizionalaren eta Glovoren arteko desberdintasunak:“Pentsatzen dut zuen esku ez dauden hainbat faktoreren menpe daudela zuen behar logistikoak. Zuekin zerikusirik ez duten bitarteko asko daude eta kontrola galtzen duzue. Glovoren kasuan, kontrakoa gertatzen da. [Glovok sortu duen] ekosistemak dena kontrolatzen du, ikusten? Begi-kolpe batean dena ikus daiteke une oro... Horrek esan nahi du ezustekoak [galerak] minimoak direla. Azken finean, eskaera une oro non dagoen ikus dezakegu”.
Glovok bere kontrolpeko sistema behar du. Bestela, ez luke funtzionatuko, bezeroei ezingo lieke kalitatezko zerbitzua bermatu. Behar hori ez da bateragarria Glovok rider-ekin izan nahi omen duen harreman lausoarekin, baina negozioaren ezinbesteko baldintza da.
Kapitalismoaren gehiegikerietatik babesteko tresna da gobernua, liberal tradizionalen arabera. Sillicon Valleyko teknologista edo teknolatren arabera, ordea, ez da benetako gatazkarik existitzen, gaizki-ulertuak baizik. Ondorioz, gobernuak gizarte-proiektu eraberritzaileetan inbertitu besterik ez luke egin behar. Gizarte-gatazkaren existentzia nabarmendu edota onartu nahi duen edonork egiatan bere interes berekoiak baino ez omen ditu gogoan.
Podcast-elkarrizketa batean, Michaudek esan zuen Glovok bere langile “autonomoen” baldintzengatik jasotzen dituen kritikak “sindikatuen ameskeriak” direla, “haien garrantzia galtzearen beldur direlako”. Badirudi benetan uste duela sindikatuek boterea gutizia hutsagatik nahi dutela —asmo txarra, beraz— eta Glovok, aldiz, mundu hobea eta konektatuagoa eraikitzeko nahi duela boterea —asmo ona—.
Ekintzaile horien ustez, Facebook moduko enpresa batek munduko arazoak konpon ditzake “mundu guztia elkarrengana hurbilduz”. Pentsaera horrek agerian uzten du zer-nolako bizitza pribilegiatuak izan dituzten horrelako ameskeria bakunetan benetan sinesten dutenek.
Enpresa mota horiek gobernua inbertitzaile huts gisa ikusten dute, ez jendearen babesle; hortaz, ez dute haren inolako gainbegiratzerik onartu nahi. AEBetan, konpainia horiek nahiko ezagunak dira legea etengabe urratzeagatik, inolako lotsarik gabe.
Twitterren, Michaudek zera adierazi zuen: “Ezin dugu teknologiaren garapena geldiarazi, baina lege berriak egin ditzakegu guztiongan eragin justu eta onuragarria izan dezaten”. Jarraian, Espainiako presidenteak langile autonomoen legeei buruz esandako hitzak manipulatu zituen: “[Sanchezekin] erabat ados gaude, araudia berritu behar dugu lan-harreman mota berriei lekua egiteko”. Halaber, Glovoren ustez, “gobernuak horren aldeko eztabaida publikoa susta lezake egungo fase konplexua gainditzeko”.
Funtsean, Michaud egungo legearen guztiz aurka dago. Bere jarreraren arabera, gobernuak eta Glovok elkarrekin lege berriak negoziatzen hasi beharko lukete, Glovoren interesen neurrira. Demagun denda bat lapurtu nahi dudala; ondoren, lapurreten fenomenoa geldiezina dela adierazten dudala; gero, mundu guztiari ergelei bezala azaltzen diodala dendak lapurtzen ditudan mundu batean lapurretei buruzko legeak ez direla egokiak; eta, azkenik, esaten dudala gobernuak lege berriak nirekin negoziatu behar dituela, nire lapurreta legala bihurtuko dutenak, alegia.
Fenomeno horren faktorerik kezkagarriena “suntsipen sortzailea” da. Sillicon Valleyko goiburu ospetsuak honela laburbiltzen du kontzeptu hori: “Mugi bizkor eta apurtu gauzak”.
Beren ustez, Facebook moduko enpresa batek munduko arazoak konpon ditzake, horrek agerian uzten du zer-nolako bizitza pribilegiatuak izan dituzten
Sacha Michauden hitzetan: “Uste dugu Glovok arin hedatu behar duela. Benetan arin. Azkar mugitu eta hedatzen ez bagara, gureak egin du”. Alegia, ekinez ikasten dela. Ideia hori ona da kazetaritza edo zurgintza ikasteari buruz ari garenean; ez, ordea, ekonomiaren sektore osoak berrantolatzeari buruz ari bagara. Pentsaera horrek ez ditu kontuan hartzen egon litezkeen ezusteko ondorioak, ez eta inolako ondoriorik ere . Beharbada, Michaudek eta Pierrek benetan uste dute asmo ona izate hutsarekin mundua hobetuko dutela.
Aipatutako Sillicon Valleyko filosofiaren elementuek antzekotasun kezkagarria dute XX. mende hasierako italiar futuristen edo Henry Forden gisako estatubatuar enpresarien printzipioekin. Futuristek teknologia eta aldaketaren boterean sinesten zuten, eta aurrera egiteko iraganekoa hautsi egin behar zela defendatzen. Elite pribilegiatua osatzen zuten, sexista eta arrazista, eta haien iritziz artistek eta teknolatrek eskubide osoa zuten aurrerapena kosta ahala kosta sustatzeko, “abiadura eta bortxaren kultua” sortuz. Azkenean, garaiko diktadura faxisten zale amorratu bihurtu ziren.
Ideiak aldatu egiten dira denborak aurrera egin ahala eta aurrerakoia zirudien zerbait erraz bihur daiteke munstro atzerakoi, ez baldin bada era horizontal, demokratiko eta berdinzalean eraiki. Orain inoiz baino gehiago, sortzen ditugun enpresak eta proiektuak ideietan oinarritzen ditugu, ez produktuetan. Ideia horiek arretaz aztertu behar ditugu mundua “haustera” iritsi baino lehen.
Garai hartan nahiko argi zuten irakaspen bat berrikasi behar dugu. Edward R. Murrow AEBetako kazetariaren hitzetan: “Gure arazoen irtenbidea ez dugu goiburu sinpleetan aurkituko; hori ondo ulertzea ezinbestekoa dugu”.
Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik
Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.
Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]
Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.
Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]
Hainbat ikerketa kazetarik plazaraturikoa baieztatu du Bruselako Enpleguaren Ikuskaritzak: guneka, plataforma numeriko erraldoientzat dabiltzan banatzaileen erdia baino gehiago papergabea da. Flexibilitatea muturrera eramanik, langileen eskubideen bermea saihesteko tramankuluak... [+]
Glovoren aurka Bilbon edo Iruñean egindako epaiketetek oinarritzat zuten argudioa da gako Gasteizen ere bai. Gizarte Segurantzaren arabera, Araban Glovorentzat lan egin dutenek autonomo faltsuen baldintzapean egin dute lan, eta horregatik epaiketara eraman ditu enpresa... [+]
Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederaziotik atera da Glovo multinazionala. Horrez gain, langileak autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik ikertuak diren beste enpresa batzuetako nagusiekin batera haien interesak defendatzeko taldea sortuko du.
Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]
Nola ez, telelanaz hitz egin dugu Fanny Lederlin filosofoarekin. Lanaren esparruak azken urteetan ezagutu mutazioei begira jarri eta hauek dakartzaten arriskuei buruz ari da Les dépossédés de l´open space. Une critique écologique du travail... [+]
Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn... [+]
Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia batek autonomo faltsu gisa lan egiten duen langile baten alde egin du lehen aldiz.
EAEko araudi autonomikoaren aurka egingo duela jakinarazi du MLBNk, Uberren presentzia Bilbon ahalbidetzeko eskaerari erantzunez.