Egin-Gara, informazio eskubidearen zapalketa

  • Egin-en errautsetatik sortu zuten Gara, lehena itxi eta sei hilabetera, 1999ko urtarrilean. Baltasar Garzón epaile ahalguztidunak Egin itxita, egunkari berriak bazekien ez zuela ibilbide samurrik izango aurrera begira. Lehen kolpe latza 2003ko uztailean etorri zen, Orain SAk – Egin argitaratzen zuen enpresak– Espainiako Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Baigorri SAren –Gara-ren enpresa– bizkar utzi zuten, “enpresa jarraipena” argudiatuz.

Ekainaren 9an Gara sostengatzeko Donostiako Ilunben egindako makro kontzertua. (Arg.: Foku / Juan Carlos Ruiz)

Argudioa Garzón epaileak eraiki zuen, Gara egunkaria Egin-en “jarraipen ideologikoa” zela finkatu zuenean. Hainbat irizpide baliatzen dira “enpresa jarraipena” dagoen ala ez erabakitzeko, baina hiru dira nagusi: kapital bera izatea eta, langile eta ondasun berdinak izatea. Gara-ren kasuan ez zegoen horrelakorik: beste enpresa bat zen, beste kapital bat, beste ondasun batzuk –Egin-enak epaitegien menpe ziren–, langile batzuk berdinak eta beste batzuk ez… Baina berdin zen, irakurle esparru berdintsura bideratzea nahikoa zen.

4,7 milioi euro ordaindu behar zituen Gara-k. Ordaindu ezin zuenez kiebra egoeran geratu zen Baigorri SA eta “ordainketa etena” agindu zitzaion. Hortik aurrera enpresaren kontu guztiak epaileak ezarritako ikuskatzaileen zaintzapean egin beharko zituen. Oraindik ere egoera horretan dago, eta gasturik txikiena egiteko kontu-hartzailearen baimenarekin egin behar dute.
Gara-k bide juridiko guztiak urratu ditu “enpresa jarraipen” deliturik ez duela egin frogatzeko, baina dena izan da alferrik. 2003an Baigorri SAk helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Auzi Epaitegi Zentralean, enpresa jarraipenaren prozedura administratiboa bertan behera uzteko eskatuz. 2005eko azaroan Auzitegi Nazionalak arrazoi eman zion Baigorri SAri, baina Gizarte Segurantzak beste helegite bat jarri zuen eta oraingoan, 2006ko urrian, Auzitegi Nazionaleko Auzi Salak arrazoia eman zion Espainiako erakundeari. Baigorri SAk azken ahalegina egin zuen Konstituzio Auzitegira joz, baina 2008an honek aintzat ere ez zuen hartu helegitea.

1998ko uztailak 15
Egun horretan, kazetari hau duela 21 urte Lasarte-Oriako Argia-ko bulegora iritsi zenean, albistea berretsi zion irratiak: Baltasar Garzón buru, ehunka polizia ari ziren miatzen Hernanin Egin-eko egoitza. Pertsiana operazioa abian zen. Berehala konfirmatu zen txarrena: epaileak Egin eta Egin Irratia-ren “itxiera mugagabea” agindu zituen ETAren egituren zati bat zirela leporatuz. Arrazoi politiko edo ideologikoengatik Espainiako “demokrazia gazteak” ixten zuen lehen egunkaria zen, informazio eskubidea guztiz zanpatuz.

Espainiako Polizia Egin prezintatzen. (Arg.: Alberto Elosegi)

Hernanira hurbildu eta panorama latza zen, Egin-eko langileak eta herritar ugari polizia hesiaren aurrean, amesgaiztoa sinetsi ezinik. Egunkariko zuzendaritzako hamaika pertsona ere atxilotu zituzten “talde terroristako kide izatea” leporatuta. 18/98 makroauzi ezagunean auziperatu zituzten geroago, espetxe zigor gogorrak bizkarreratuz. Biharamunean Egin-eko langileek Euskadi Información egunkaria argitaratu zuten, Gara sortu arte iraun  zuena. Eta, besteak beste, Donostian manifestazio erraldoi batek itxiera salatu zuen.

Ez zen sinesgarria, baina gertatzen ari zen, horren adierazle txiki bat itxieraren karietara 1998ko uztailean idatzi nuen  erreportajearen esaldi hau: “Berez dator galdera: eta gero zer? HB legez kanpo jartzea, adibidez? Imajinagaitza, baina nork imajina zezakeen Iruñeko Gaixoa ni-tik ordu batzuetara Egin itxiko zutela?”. Ez zen aztia izan behar, ezin genuen etorkizuna asmatu, baina baziren susmoak.  

Jazarpena aspaldi hasi zen
Egin-en aurkako kolpe hilgarria izan zen hura, baina lehenago ere egunkariak estatuaren hamaika eraso jasan zituen: 1979an orduko zuzendari Mirentxu Purroy atxilotu zuten ETAren komunikatu bat argitaratzeagatik. 1982 eta 1992 artean José Felix Azurmendi zuzendaria hamalau aldiz pasatu zen epaileen aurretik egunkarian argitaratutako hainbat artikulurengatik; eta 1980 eta 1982 artean agintariek zenbait zenbaki bahitu zituzten.

Urterik gogorrenetakoak, aldiz, bere azken bospaseiak izan ziren eta oraingoan erasoak askoz gertuagotik zetozen. 1993ko abenduan Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako barne sailburuaren bultzadaz, Ertzaintzak Egin-eko egoitza miatu zuen, eta hauen ondorioz 1994ko abuztuan ikerketa saileko buru Pepe Rei atxilotu zuten. José Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere egunkaria ixtearen alde agertu zen, hori egitea “higiene demokratikoa” zatekeela esanez. 1996an Atutxak berak honako lorea eskaini zion kazetari: “Goizero-goizero, 50en bat gramoko amosal bonba txiki batek eztanda egiten du”.
Lizarra-Garaziko leihoa

90eko lehen hamarkada horretan sasoi oso gogorrak ezagutu ziren euskal gizartean, Ajuria Eneko Itunaren bultzatzaileen eta ezker abertzaleko gizarte sektoreen arteko konfrontazio oso gogorra bizi zen, besteak beste ETAren bahiketak arbuiatzeko atera zen xingola urdinaren testuinguruan. ETAk, halaber, sasoi hartan egin zuen publiko “sufrimendua barreiatzearen” politika ezaguna. Euskal gatazka gori-gori zegoen. Estatuaren jazarpena gero eta estuagoa zen, eta horrela formulatu gabe ere jadanik “dena da ETA” ikusmoldearen hastapenak ziren. 1997an izan zen lehen abisu sendoa, ETAren agiri bat hauteskunde kanpainan erabiltzeagatik HBko zuzendaritza espetxeratu zutenean.

1998an izan zen bigarren kolpe handia, Egin-en itxiera. Bultzada politikoa nondik zetorren berehala argitu zuen Espainiako Gobernuko lehendakari José María Aznarrek uztailaren 23an Turkiatik: “Norbaitek uste al zuen ez ginela ausartuko?”. Urtebete beranduago, ETAk su-etena iragarri eta egun gutxira, Moncloak “ENAMekin kontaktuak ireki zituela” iragarri zuen agiri batean.
Egin-en itxierak aurretiko horiek guztiak zeuzkan, baina aldi berean, esperantza leiho handia irekitzear zen: 1998ko irailean Lizarra-Garaziko Ituna sinatu zuten euskal indar politiko, sindikal eta sozial ugarik. HB eta EAJ ziren oinarrian, baina PSEren eta PPren inguruko indarrak kenduta, gainerako ia guztiek sinatu zuten akordioa. Ezaguna den moduan, bake bide horrek porrot egin zuen eta gatazka indarrez piztu zen berriz. Latza, nahasia eta esperantzaz betea izan zen garai hura. ARGIAk uztailaren amaieran aterako duen Aktualitatearen Gakoak argitalpenean egindako elkarrizketan Iñaki Lasagabaster EHUko katedradunak dioenez, garai hartan hasi zen estatua egungo joera autoritarioak diseinatzen eta diseinu horren erdigunean jartzen du José María Aznar PPko buruzagia.

"Egin" itxi eta biharamonean langileek emandako prentsaurrekoa, "Euskadi Información" argitaratuta. (Arg.: Alberto Elosegi)

Egin-eko zuzendaritzako hamaika pertsonak kartzela zigor gogorrak jaso zituzten: esate batera, Javier Salutregi zuzendariak 12 urte eta Teresa Toda zuzendariordeak 10 urte. 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Egin ixtea ez zela bidezkoa izan eta kartzela zigorrak erdira jaitsi zituen. Gorenaren erabakiak, ordea, ez du eraginik izan Gara-ren zorrean. Urte hauek guztietan Aznarren “…ez ginela ausartuko?” haren oihartzuna azken epaitegi zuloraino sartu da.

Hiru milioi euro epeka
2008an Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez zuen onartu Gara-ren helegitea eta Espainiako Gizarte Segurantzak jarraipena eman zion zorra kitatzeko bideari, baina kitapena ez zen gauzatu 2017ra arte. Epaileak orduan esan zuen: “Edo ordaindu edo itxi”. Gara-k helegitea jarri zuen, baina ez zen aurrera atera eta 2018ko udazkenean gauzatu zen agindua. Ia 200 lanpostu ziren arriskuan. Azkenean, akordio batera iritsi zen Gizarte Segurantzarekin eta epeka ordaindu  beharko du hiru milioi euroko zorra: lehen kitapena akordioarekin batera egin zen, uztailaren amaieran bigarrena ordainduko da, hirugarrena urrian, eta gainerako hiru zatiak ondorengo hiru sei hilekotan.

Iñaki Soto zuzendaria eta Gara-ko langilen ordezkariak euskal gizarteari arazoa azaldu eta sostengua eskatzen. (Arg.: Foku / Juan Carlos Ruiz)

Nondik atera dirutza hori? Bere sorreran 10.000 pertsona Gara-ko akziodun egitea lortu zuten moduan, orain 10.000 pertsona harpidedun egiteko kanpaina bultzatzen ari da egunkaria eta dagoeneko iragarri dute 7.000 harpidetza lortu dutela. “Helburua da gutxienez bi urte eta erditan harpidedun horiek hilero 12,5 euro ordaintzea”, diosku Asier Iñigo, Gara-ko komunikazio eta marketing arduradunak; gaineratzen duenez, “dirua bakarrik ez, proiektuarekiko lotura nahi dugu, komunitatea sendotu”. Norbanako armada txiki batez gain, Euskal Herri osoan 180 talde dituzte harpidetzak lortzen.

Horrez gain, Euskal Herriko artista ugarik beren arte lanak eskaini dituzte kanpaina  sostengatzeko eta ekainaren 9an kontzertu erraldoia egin zen Donostiako Illunbe plazan, hamaika ordutan 30 taldetik gora eta milaka ikus-entzule bilduz. Beste hainbat ekimenen artean, 800 kazetari baino gehiagok sinatu dute Gara jasaten ari den espoliazio honen aurkako agiria, eta haiek ere argi dute: “Egin legez kanpo itxi zuten 1998an, gerora Auzitegi Gorenak onartu zuen bezala. Orain Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra Gara-ri egoztea burugabekeria dela uste dugu, eta komunikabide hau eta bere langileak modu bidegabean zigortzen dituela”. Egin itxi zuten, ETA desagertu zen, baina “dena da ETA” horren itzalak bizirik dirau.


Azkenak
2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Eguneraketa berriak daude