Narratiba britainiarraren gailurrak

  • XX. mendearen erdialdean jaiotako hiru idazle ingelesen nobelak euskarara itzuli dituzte azken urteetan. Julian Barnes, Kazuo Ishiguro eta Ian McEwanen lanak hain urrunekoa ez zaigun historia bestelako begiekin irakurtzeko aukera ematen duten eleberriak dira.

Julian Barnes, Kazuo Ishiguro eta Ian McEwan (ilustrazioa: Maitane Gartziandia).
Julian Barnes, Kazuo Ishiguro eta Ian McEwan (ilustrazioa: Maitane Gartziandia).

1983an Granta aldizkariak zenbaki berezi bat argitaratu zuen: udaberria zen, landareak loratzen diren sasoia; topikoei kasu eginez gero, gaztetasunarekin lotzen diren hilabeteak; eta klima horrekin bat eginda-edo, nobelagintza britainiar berriaren erakusgarritzat jotzen ziren 20 idazleren lanak publikatu zituzten. Aldizkari hartako editorea zen Bill Bufordi aitortu behar zaio begirada zorrotza zeukala, duela 36 urte fokupean jarri zituen egile haietako zazpik ondoren egin duten ibilbidea ikusirik bete-betean asmatu baitzuen. Martin Amis, Julian Barnes, William Boyd, Kazuo Ishiguro, Ian McEwan, Salman Rushdie eta Graham Swift: Granta belaunaldia. Urteen poderioz, kanoniko bihurtu dira letra britainiarretan eta Ishigurok duela bi urte irabazi zuen Literatura Nobel Sariaren uberak nazioarteko letren parnasoko ateak ere ireki dizkie.

Talde heterogeneoa da, baina ezaugarri amankomun batzuengatik identifikagarria. Hasteko, garai bertsuan jaio zirela, II. Mundu Gerraren amaiera aldera, Graham Greeneren Gerra Hotzeko nobelak nagusi zirenean, neoerrealismo italiarra, nouveau roman frantsesa, AEBetako beat belaunaldia; eta argitaratzen hasteko adina iritsi zitzaienerako, Margareth Thatcher izeneko lehen ministro bat zeukan Erresuma Batuak eta boladan zegoen Sex Pistols eta The Clashen gitarretatik eztanda egin zuen punk musika: Barnes da taldeko nagusiena (1946an jaio zen) eta Ishiguro, berriz, gazteena (1954). Alegia, hogeita hamar urteren bueltan zebiltzan Granta-ren zorioneko zenbaki hark euren testuen gainean lupa jarri zuenean.

Edadeaz gain, azpimarratu izan zaizkie posmodernitateak berezkoak dituen jarrerak –tradizioaren berrirakurketa ironikoak egitea, idazle poskolonialak izatea–, klixearen kontrako gerran erakutsi duten engaiamendua, asko espero ez dituzun estiloko obrak idatzi izana –adibidez, Barnesek sukalde-liburu antzeko zerbait dauka argitaratua, nazio kulinario honetako pertsona asko deskribatzeko ere balio duena, bidenabar: Pedantea sukaldean–. Baina haien ibilbideari begiratuta, atentzio handiena honakoak deitzen du: oreka zail bat lortzeko gai izan direla, kalitate goreneko literatura egitearen despit, asko saltzen baitute; Booker saria irabazten dizute gaur eta bihar berriz, mundu osoko hizkuntzetara itzulita ikusten dituzu, irakurleak zain dauzkatelako, haien istorioak komertzialak baitira, florete baten fineziarekin idatzita egoteaz gain.

Urtetan, idazleon lanak jatorrizko hizkuntzan, gaztelaniaz edo frantsesez eskuratzea izan du aukera bakarra euskal irakurleak. Baina azken hamarkadan dream team britainiarreko hiru idazleren lanak euskaratu dira. Ian McEwanen Hoben ordaina izan zen argitaratzen lehenbizikoa, 2013an, Igela argitaletxean, Xabier Olarraren itzulpenari esker. Segur aski McEwanen nobelarik ezagunena da, 2007an Joe Wrightek liburuan oinarrituta zuzendutako film arrakastatsua dela medio.

Tallis ahizpen istorioa irakurri ondoren, bost urte itxaron behar izan dira belaunaldi horretako idazleen lan gehiago euskaraz leitu ahal izateko, paperean behintzat –2016an Armiarma.eus atariak argitaratu zuen Ibon Sarasolak itzulitako Barnesen ipuin bat, Lurraren mailan–. Hori bai, bat-batean, auskalo euskal argitaletxeak ados jarri direlako edo –probableagoa dena– kasualitate eder batengatik, iaz Leicesterreko idazlearen azken eleberria (Istorio bakarra) argitaratu zuen Meettokek –Aritz Gorrotxategik itzuli zuen; gaztelaniaz baino lehen argitaratu zen euskaraz gainera–; eta Elkarrek berriz, Kazuo Ishiguroren nobela printzipaletako bat publikatu zuen, Egunaren hondarrak –hau ere zinemara eraman zuten 1993an, Anthony Hopkins eta Emma Thompson protagonista zituela–, zeina Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak itzuli duten, Nobel saria euskaratzeko Arrasateko AED elkarteak ematen duen Jokin Zaitegi bekari esker.

Hortaz, egoera nahiko berezi baten aurrean gaude: ibilalditxo bat egin dezakegu, gure hizkuntzatik jaitsi gabe, nazioarteko literaturako pisuzko idazle belaunaldi garaikide baten lanetan barrena.

Maitasun frustratu eta frustragarriak

“Zer nahiago zenukete, gehiago maitatu eta gehiago sufritu, ala gutxiago maitatu eta gutxiago sufritu? Nire ustez, hori da, azken batean benetako galdera bakarra. (...) Zeinek kontrola dezake zenbat maite duen? Kontrolatu ahal baduzu, orduan ez da maitasuna. Ez dakit nola deituko duzun horren ordez, baina ez da maitasuna”. Asmo deklarazio horrekin hasten zaio hizketan irakurleari Barnesen Istorio bakarra-ko protagonista. Harreman sentimentalak maitasun erromantikoaren marko zurrun horretatik begiratzen dituen pertsonaiak bere bizitzako emakumearekin daukan erlazioaren higadura geldoa kontatzen du ondorengo 200 orrialdeetan eta bi pertsonaren bizitzak nola hondoratzen diren irakurri ondoren, duda egiten duzu amaieran irauten duena zer den, maitasuna, sakrifizioa, ohitura edo errukia; edo osagai guztien konbinazio auto-suntsitzaile bat. Gauza bakarra da segurua: inondik inora ez dela beste maitasun hori, azukre zapore eta arrosa kolorekoa.

Eta gauza bera esan daiteke Ishigurori eta McEwani euskaratutako nobelez ere: amodioa hor dago, baina oso itxura fidagarria ematen ez dion filtro batetik pasatzen dituzte euren pertsonaien harremanak, printze eta printzesen istorioen antza eduki dezakeen edozer agertzen bada, kontua ez dadin joan mota horretako narrazioek eskatuko luketen –eta irakurleak aurreikusi dezakeen– bidetik: hamarkadatan lankide batengatik sentitzen duena ulertzera ere iritsi ez den maiordomoa, nobelaren klimaxean afektu adierazpen txikiena egiteko ere ezgai; edo betidanik ezagutzen duen neskari maite duela esateko lizunkeriaz betetako mezu bat bidaltzen bukatzen duen mutil gaztea: gauzatu gabeko maitasun istorioak, frustratuak, frustragarriak. Irakurlea intelektualki desafiatzen duten afektu inperfektuak.

Garaiz kanpo

II. Mundu Gerra hasi aurreko urteak eta gerraostea kontrastean jartzea da hiru nobelen beste ezaugarri amankomun bat. Hoben ordaina-n Robbie Turner eta Cecilia Tallisen arteko afera gertatzen denerako, azken honen aitak ordu asko pasatzen ditu ministerioan sartuta, etorriko den gatazka militarrerako prestaketetan murgilduta. I. Mundu Gerraren ondorioz Alemaniari ezarritako zigorrek kezkatzen dute Egunaren hondarrak-eko protagonistaren nagusia, Lord Darlington; eta horregatik Oxfordetik gertu daukan jauregian 30eko hamarkadan buruzagi naziekin antolatzen zituen bilerak gogoratzen ditu protagonistak. Bestelakoa da II. Mundu Gerraren agerpena Istorio bakarra-n, protagonista maitemintzen den emakumearen senarrarengan hezurmamitzen baita: jokoz kanpo eta traumatizatuta dagoen, tristea eta aldi berean erasokorra den Gordon McLeod patetikoa, zeinaren soslai ilunak ez daukan zerikusirik frontea ezagutu ez duen 19 urteko protagonista gaztearen kezkagabetasunarekin.

1983ko 'Granta' aldizkariaren zenbaki honetan agertu zirenetik nabarmendu zen idazle-belaunaldi britainiarreko kide dira Barnes, Ishiguro eta McEwan.

1939tik 1945era gertatutako guztia, gerraurrea eta gerraostea, XX. mendea erdibitu zuen momentua: aurretik baziren ohiturak, bazen obedientzia; baziren fideltasuna eta betirako ziruditen loturak, bai gizartean, bai pertsonen artean; eta, agian, inoiz gehiago itzuliko ez zen inozentzia moduko bat ere bai. Gerraosteko espirituak berriz, askatasun pertsonalaren bilaketatik du gehiago, iraultza sexuala, gaztetasun berri bat, zeinak gurasoen aginpidetik ihes egiten duen eta xalotasuna galtzen duen instituzio sakratuenganako konfiantzarekin batera. Transformazio erraldoiak dira, traumatikoak eta oso denbora gutxian gertatuak. Eta historiaren arrabola gupidagabe horrek azpian harrapatutako pertsonaiak dira idazle britainiar hauen nobelotan aurkitzen ditugunak.

Iragan hurbilari begiratzeko modu horren beste ezaugarri bat distantzia kritikoa da. Hiru idazleak gerra amaitu ondoren jaio ziren eta, hirutik bi eleberritan kontatzen diren istorioak ez daude oinarrituta egileek zuzenean bizi ahal izan zituzten gertakizunetan. Are gehiago, pentsa liteke gerra egin zuen belaunaldiaren mitoak eraisteko asmo bat ere badagoela, Hoben ordaina-n deskribatzen den fronteko eszena bakarra armada britainiarraren erretiratze tamalgarri bat dela ikusita; edo Egunaren hondarrak-en Ingalaterrako aristokraziaren parte batek naziekin izan zituen loturak iradokitzen direnean. Mito erromantikoak bakarrik ez, tatxarik gabeko demokraziaren aldeko borrokalarien ipuinak ere bertan behera geratzen dira.

Koktelera literarioa

Baina interesgarriena da nola egiten duten idazleok istorio horiek funtziona dezaten. Aipatu dugu nola kasu ematen duten Barnesek, Ishigurok eta McEwanek euren pertsonaiak bide gastatuegietatik ez eramateko. Horrek ez du esan nahi, ordea, hutsetik abiatzen direnik. XIX. eta XX. mendeetako tradizio literarioaren berrirakurketaren zantzuak nonahi ikusten dira Hoben ordaina-n, Egunaren hondarrak-en eta Istorio bakarra-n. Adibidez, McEwanen liburuaren hasieran murgildu eta saihestezina da Jane Austenen 1813ko Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberrian pentsatzea –Ana Isabel Moralesek euskaratu 1996an; Elkarren Urrezko Bibliotekan berrargitaratu zuten gero, 2013an, Hoben ordaina publikatu zen urte berean–, bi nobeletako pertsonaien bilakaeren diferentziak gorabehera: Elizabeth Benneten eta Fitzwilliam Darcyren istorioak gaizkiulertu asko gainditu behar ditu ongi bukatzeko; gaizkiulertu bakar bat nahikoa da, aldiz, Cecilia Tallisen eta Robbie Turnerren artekoa betirako hondatzeko. Tradizioa berrirakurri bai, baina berridatzi ere egin daiteke.

Lotura gehiago: nola ez akordatu Ford Madox Forden Historiarik goibelena-ko (Igela, 1999) narratzaile ez-fidagarriaz Egunaren hondarrak protagonizatzen duen Stevens maiordomoaren oroitzapenak irakurtzean, eta pixkanaka ikustean iraganari begiratzen dion modua beteta dagoela gezur errukitsuz, arrazionalizazioz eta gertakariak zirena baino ederrago aurkezten dituzten distortsioz. Nola ez gogoratu, Istorio bakarra-ko protagonista emakume nagusiago batekin maitemintzen dela ikustean, Gustave Flauberten Heziketa sentimentala ardazten duen Frédéric Moreau eta Marie Arnouxen arteko harremanaz. Bai, istorio hauek lehenago kontatuta daude. Baina istorio guztiak daude aspaldidanik kontatuta. Barnes, Ishiguro eta McEwan berezi egiten dituena, berriz kontatzen hasten direnean daukaten artea da.

Zer gertatu zen 'Granta'-ren zenbaki hartako emakumeekin?

20 gazteren lanak nabarmendu zituen 1983ko Granta aldizkariak, baina haietatik zazpi agertzen dira, gehienez, idazle-belaunaldi hori aipatzen denean. Eta, irakurlea jabetuko zen moduan, denak gizonak dira. Baita euskarara itzuli direnak ere. Kanon literarioak praktikoak izan daitezke zer irakurri eta zer ez erabakitzeko, baina inoiz ez dira sailkapen neutroak izaten eta, kasu honetan ere, begi-bistakoa da idazleen generoak eragina izan duela haien errekonozimenduan.

Best of Young British Novelists tituludun zerrenda errepasatuz, emakumeek idatzitako lanak ere aurkitzen dira ordea. Eta askok ibilbide literario luzea egin dute azken hiru hamarkadetan: Pat Barkerren Regeneration (1991), The Eye in the Door (1993) eta The Ghost Road (1995) nobelek osatzen duten trilogia, adibidez, I. Mundu Gerrari buruz Erresuma Batuan idatzi diren fikzio onenen zerrendetan maiz aipatzen da. Maggie Geek hamabi nobela argitaratu ditu geroztik, estilo modernista eta gai sozialak uztartuz, eta Royal Society of Literature erakundeko presidenteordea da. Lisa St Aubin de Teránek fikzio autobiografikoaren eremuan egin du ibilbidea eta Rose Tremainek berriz errealismo magikoaren ildoari jarraituz lortu du aitortza, bai Erresuma Batuan, baita atzerrian ere –besteak beste, Femina sari prestigiotsua eman zioten Frantziako Estatuan 1994an Sacred Contry nobelarengatik–.

Zerrendan badira literatura goiz samar utzi zuten emakumeak ere: Buchi Emechetaren nobela garrantzitsuenak 1980ko hamarkadan argitaratu ziren eta gerora literatur lanak argitaratu bazituen ere, ibilbide akademikoan jarri zuen indar handiagoa.

Seguruenik Ursula Bentleyren historia da Granta hartako emakume idazleen artean tristeena: duela 15 urte hil zen eta emakumea izateagatik bizitzan jasandako gorabeherek guztiz baldintzatu zuten haren karrera: 1982an ama izatearekin batera argitaratu zioten lehen eleberria eta haur horren zaintzaz arduratzen zen bitartean idatzi zuen bigarrena, 1986ko Private Accounts. “Gero dena gaizki joan zen”, irakurtzen da The Guardian-ek publikatu zion obituarioan: ia hil egin zen akats obstetriko baten erruz, banandu egin zen eta Suitzatik Erresuma Batura itzuli behar izan zuen, zerotik hastera. 1990eko hamarkadan beste bi liburu argitaratu zituen, baina inoiz ezingo da jakin noraino iritsi ahal izango zen genero-desberdintasunek eta baldintza sozialek arnas pixka bat gehiago hartzen utzi izan baliote.


ASTEKARIA
2019ko uztailaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-07 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
“Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean”

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-08 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Idoia Santamaria, itzultzailea
‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]


Boris Pahor hil da, holokausto nazia gordintasunez kontatu zuen idazle esloveniarra

Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.


Ia 80 urtez desagertuta egon den Louis-Ferdinand Célineren nobela bat argitaratu dute

Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]


Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).


Venezia baino zerbait gehiago, Joseph Brodskyren bitartez

Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.


2022-03-17 | Julen Azpitarte
Diane di Prima
Otsemearen haginkada

"Emakumeak egon ziren, han zeuden, nik ezagutu nituen, baina haien familiek eroetxeetan giltzaperatzen zituzten, elektroshock-ak ezartzen zizkieten. 50eko hamarkadan, gizona bazinen, errebelde izan zintezkeen, baina emakumea bazinen zure familiak giltzapetzen zintuen. Izan... [+]


Sebalden 'Austerlitz' euskaraz
Esanezina den hori nola konta daitekeen

Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]


Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak

Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Eguneraketa berriak daude