Ez diote etxebizitza deitzen, aterpetxea da haientzat. Asmoa ez da etxe horretan bizitzea, non lo egin ez daukaten bitartean aterpea izatea baizik. Gero eta denbora gehiagoz egoten dira ordea emakumeok Zestoako aterpetxean; lanik gabe daudenean ez dute alokairuan logela hartzeko aukerarik, baina lanean arituta ere ez askok. Motxila ugari dituzte bizkar gainean. Malen Etxeako kideek latinoamerikarrak ekartzen dituzten mafiak ezagutu dituzte eta nola jarduten duten kontatu digute. Artikulu honen jatorrizko bertsioa Zestoako Danbolin aldizkariaren maiatzeko zenbakian argitaratu da.
Zestoako etxebizitza Malen Etxeak kudeatzen du. Malen Etxeak Zumaian dauka egoitza eta etxeko langile migratzaileen lan eskubideak defendatu eta emakumeok ahalduntzen aritzen da elkartea. Etxebizitza ez da Malen Etxearena, Elizarena baizik. Apaiz etxea izana da eta urtetan hutsik egon da. Ez Malen Etxeak ezta bertan bizi diren emakume migratzaileek ez dute alokairurik ordaintzen. Elkarteak diru-laguntzen bidez lortzen duen kopurua ematen dio urtean behin Elizari, 1.500-1.700 euro inguru. Etxea zaharra da eta berrikuntza behar handiak ditu. Duela gutxi 3.000 euro eskatu dizkiete herritarrei, fatxada konpontzeko obrari eta argindar instalazioa berritzeko gastuei aurre egin ahal izateko. Eliza da jabea, baina ez du berrikuntzetan dirurik gastatzeko asmorik adierazi. Epe motzean lortu dituzte 3.000 euroak.
Aterpetxean sei etxeko langile migratzaile hartu ohi dituzte. Azken aldian, ordea, larritzen ari dira Malen Etxeako kideak. Uste zuten hiru bat hilabete nahikoa izango zirela emakumeak beren kabuz bizitzen hasteko, alegia, etxeren batean logela bat alokatzeko. Baina sarri ez dira gai horretarako. Batzuek ez dute lanik lortzen, eta beste batzuek etxeko langile arituagatik ez diote prekarietateari ihes egiten. Beste modu batez esanda, soldata murritzak dituzte eta jaioterrietan zama ekonomikoak, haurrak eta senideak haien beharrean eta maiz banketxeei eskatutako maileguak itzultzeko.
Jéssica Guzmán Correa eta Girsilane Becerra Montes Malen Etxeako kideak dira. Lehena txiletarra eta elkarteko lehendakaria da. Bigarrena brasildarra eta elkartean lanean hasi berria. Emakume migratzaileen ibilerez asko dakite. Alabaina, biak zur eta lur geratu ziren Latinoamerikatik Europara etxeko lanetan aritzeko bidaiatzen duten emakumeen ibilerak aztertzen dituen adituak diagnostikoa egin zuenean: salerosketa. Aditu hura Zestoara gonbidatu zuten Malen Etxeakoek eta aterpetxeko neskak aurkeztu zizkioten. Neskei hainbat galdera egin eta gero iritsi zen ondorio horretara: mafiaren atzaparretan zeuden. Eta horixe adierazi zien elkarteko kideei. Hala dio Guzmánek: “Gu harrituta geunden, zeren aterpetxean genituen hiru-lau gazteei galderak egiten genizkien: ‘Nora iritsi zara?’, ‘Dirua nola lortu duzu?’, ‘Nola izena du hona etorri zinenean harrera egin zizun emakume horrek?’. Gure galderei ihes egiten zieten. Langileen salerosketa zer zen ere ez genekien, halakorik ez zitzaigun buruan sartzen”.
Sinesteko lanak zituzten hasieran, baina halako egoerak ezagutu ahala mafien egitekoa ederki ikasi dute. Adibide bat jarri digute Malen Etxeako kideek. Neska gazteari mafia gerturatu zaio, eta betiko mailegu-emailearekin edo bankuarekin egin beharrean tratua, haiekin moldatu da. Esan diote bidaia prestatuko diotela eta Europan etxeko lanetan edo zaharrak zaintzen erraz aurkituko duela lana. Beraz, arazorik gabe itzuliko duela mailegua. 7.000 euroko mailegua izan daiteke. Mafiek bidaia prestatuko diote, pasaportea atera, Bilbon emakume bat izango du zain harrera egiteko. Neskak, ordea, ez ditu hartuko 7.000 euroak. 5.000 eurotik gora eman beharko ditu bidaia gastuetarako. 1.700 euro inguru emango dizkiote Latinoamerikako bere jaioterrian eta diru horrekin ailegatuko da Bilbora. Bilbon zain duen emakumeak 1.000 euro inguru kenduko dizkio eta 400 bat eurorekin utziko du neska. Iritsi bezain pronto zor duen dirua itzultzen hasi behar du.
Jéssica Guzmán Malen Etxeako lehendakaria: "Langileen salerosketa zer zen ere ez genekien, halakorik ez zitzaigun buruan sartzen"
Guzmánek hala dio: “Mafiak ez dio lanik bilatzen, berak aurkitu behar du. Aurkitu ezinik badabil agian esango dio Sevillara joateko, han lana dagoela uzta biltzen. Eta lan horretatik prostituziora jauzi oso txikia dago. Neskak lana egin behar du, zeren zorra pagatu behar du. Ordaintzen ez badu telefonoz mehatxatuko dute, esanez familiari etxea kenduko diotela, hipotekatuta baitaukate. Zorra itzuli bitartean esklabo bizi dira”. Lanik ez badute gorriak ikusiko dituzte eta lana baldin badute mafiari emango diote jaten, baina lotarako logela alokatzeko gai ere ez dira. Soldata osoa doa Latinoamerikara, eta ez senideengana, hain zuzen.
Orain neska gazteak ari dira iristen Zestoako aterpetxera, baina ez da izan gaur arteko profila. Malen Etxeak artatzen dituen emakumeak Latinoamerikatik eta Karibetik datoz eta 30-40 urte inguru dituzte. Bananduak edo ama bakarrak dira, edo ezkonduak baina egoera prekarioan daudenak. Lanera datoz, hangoei laguntzeko. Badakite zaintza lanak izango direla aukera bakarra, etxeko langile izango direla. Emakume horietako batzuk hegazkinetik jaitsi eta zuzenean doaz aterpetxera, lagunen batek esan die Zestoan hasierako egunetarako lo tokia izango dutela. Beste emakume batzuk hemen lanik gabe geratu dira eta nahiz eta denbora batez beren kabuz moldatu, halako batean alokairua ordaintzeko dirurik gabe gelditzen dira. Beste batzuk urte luzez izan dute non lo egin, alegia, zaintzen duten zaharraren etxean bizi izan dira, baina halako batean hil da pertsona hori eta etxerik gabe daude.
Ahulenak paperik gabeak direla diote gure solaskideek. Atzerritarrei buruzko legeak hala agintzen duelako, lehen hiru urteetan ezin dituzte paperak lortu, baina horrek ez du esan nahi lanik egingo ez dutenik. Paperik gabe lana egiteak esan nahi du paperak dituen langileak baino soldata okerragoa eta ordutegi bukaezinak onartuko dituela. Lanbide arteko gutxieneko soldata baino askoz gutxiago irabazten dute. Guzmánek dioenez, egun osoz etxe batean lanean ari diren emakumeen %90ak ez dauka baliabide ekonomikorik gela bat alokatzeko. Zorrak dituzte jatorrizko herrialdean, umeak dauzkate, bakoitza bere motxilarekin etortzen da. Paperik gabeko dezente baserrietan ari dira lanean. Berez, zaintzaileak dira, alegia, zaintza behar duen pertsona batekin egoteko hartzen dituzte, baina denetarik egiten aritzen dira: jatorduak prestatu, etxea garbitu, baratzean egin, behiei jaten eman, arropa garbitu, lixatu, senideren baten etxean ere lanak egin…
Etxeko langile egoiliarra etxeko lanak egin eta etxe horretan bertan bizi den langilea da. Guzmáni eta Becerrari aldarrikapen nagusia zein duten galdetu diegu eta erantzuna argia izan da: “Malen Etxearen eskaera nagusia etxeko langile egoiliar lana desagerraraztea da. Europan zaintza behar duten pertsonak txandaka artatzeko sistemak badaude, eta ondo funtzionatzen dute. Ezin da emakume bat eduki etenik gabe lanean, etxean. Langile horrek ere bizi behar du, atsedena behar du”. Lan eta lo etxe berean egiten duten langileen eredua Portugalen, Italian eta Espainian baino ez dagoela diote, behintzat Europan. Solaskideek agintari politikoei eskatzen diete ardura hartzeko. Gero eta zaharragoa den gizartean, etxekoek etxetik kanpora lana egiten dutela, eta zahar askok egoitzan ez baizik eta etxean bizi nahi dutela kontuan hartuta, gizarte politika zehatzak antolatzeko eskatzen diete. Solaskideek badakite menpeko diren zaharren senideek ezin dituztela bi-hiru soldata ordaindu, eta era berean, uste dute langile bakarra hiruren lana egitera behartzea ez dela zilegia. Zama senideen bizkarretik kendu eta erantzukizuna agintariek hartzea eskatzen dute.
Gizarte eredu honek zaintza lanak lehen lerrora ekarri eta politika publikoen bidez irtenbideak aurkitzen ez dituen bitartean senideek enplegatzaile rola hartu dute eta prekarioen artean prekarioenak direnek, urrunetik etorritako emakumeek, zainduko dituzte gure etxeak, haurrak eta zaharrak.
Etxeko langileek ez daukate lan hitzarmenik, Etxeko Zerbitzuan Erregimen Berezian daude. Ez dute lan hitzarmenik langileen eta enpresen ordezkaritza gutxienekotara ez direlako iristen. Oro har, lantoki bakoitzean (etxe bakoitzean, alegia) langile bakarra ari da lanean, eta ordezkaritza enpresariala kasu honetan etxeko senideak izaten dira. Ez daude antolatuta ez langileak ezta enplegatzaileak ere.
LAB sindikatuak Langileen Estatutuko 87.3 artikuluak eskaintzen duen aukera baliatu nahi du lan hitzarmena negoziatuko lukeen mahaia eratzeko deialdia egiteko. Lan hitzarmena lortuko balitz sektorearentzat lehenengoa izango litzateke.
Oskar de los Bueis LABeko kidea da eta berak adierazi digunez lan hitzarmena ez da helburua, ez bada etxeko langileentzako lan eta bizi baldintza egokiak lortzea. Sindikatuaren asmoa etxeko langileak eta haien eskubideen alde lanean ari diren eragileak biltzea eta bultzatzea da. Lan hitzarmena lortuz gero konfrontaziorako erreminta garrantzitsua litzatekeela uste du De los Bueis-ek. Lan hitzarmena egiteko deiaren bidez, zaintza lanak mahai gainera ekarri eta eztabaida indartu nahi dute: nork, nola, zein baldintzatan egin behar du lan; ardurak nork ditu gai honetan; zaintza lanen nolako eredua eratu behar da... Bide horretan gizarteko hainbat erakunde publiko interpelatu nahi dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Osalan eta Emakunde.
LABeko kideari lan hitzarmena lortzeko aukerak zenbaterainokoak diren galdetu diogu: “Indar metaketaren arabera, lortuko dugu hitzarmena edo ez. Biktimatzat hartu izan dira langileok, haien lan baldintza kaskarrak aipatu izan dira. Orain daukagu aukera hitzarmena egiteko. Zein izan daiteke bada aitzakia hala ez egiteko?”.
Dagoeneko sindikatuak azaldu die proposamena etxeko langileen hainbat elkarteri eta asmoa uda ondoren eragileen arteko plataforma sortzea da, langileek gidaritza hartu dezaten eta negoziazio mahairako prest egon daitezen. Sektorearen egoera aztertu, arazoak zerrendatu eta konponbideak landuko lituzke plataformak. Mahaiaren beste aldean Confebask egotea espero du LABek, eta hala egingo ez balu epaitegietara jotzeko asmoa du. LABek ez du argitu gainerako sindikatuekin nola bideratuko duen gaia.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]
Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]
Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.
Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]
ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]
Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]
Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.
Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioen Elkarteko kidea da Soraya Agirre. Berak orduka egiten du lan zaharrak zaintzen, baina elkarteko %90 egoiliarrak dira, zaintzen duten zaharraren etxean bizi direnak. Alokairua lortzeko eta lan baldintzak... [+]
Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]
Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita... [+]
Pobrezian dauden pertsonen kontrako gorrotoa ikusgai egiteko ‘Aporofobia Stop’ antzezlana sortu dute Paris 365 jantoki solidarioak, Ados Teatroak, Asin Soundek, Bidebitarte kooperatibak eta Arteriak taldeak. Iris Mapaly Cárdenasek, Paris 365 jangelako... [+]