“Edozein bizitza arrunt birbalorizatu daiteke idazketaren bitartez”

  • Jaioterrian hartu gaitu Miren Agur Meabe idazleak, Lekeition, Miramar izeneko txoko ederrean. Orain sei urte Kristalezko begi bat (Susa) liburuarekin arrakasta handia bildu ondoren, erronka berri bati aurre egin eta plazara atera du Hezurren erretura (Susa). Azken hau ez da aurrekoaren jarraipena, baina diptiko bat osatzen dutela uste du autoreak. Memoria egitea fikzioa egitea dela adierazi du.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Kristalezko begi bat eta gero publikatu duzun liburua da Hezurren erretura. Izan al du eraginik horrek?

Gogoan daukat Hasier Etxeberriak Sautrelan elkarrizketa egin zidanean, galdetu zidala ea nola egingo nion aurre hurrengo egitasmoari. Gutxi gorabehera erantzun nion ez nekiela, emango zidala bizitzak zertaz idatzi, eta orduan ere –ez dakit Pessoa ala Rilke parafraseatuz–, bihotza jarriko nuela paperetan. Deklarazio sinplista horrekin esan nahi nuen neure onena jarriko nuela, beste kontu bat izango zela lorpenaren tamaina. Egia esanda, liburu hau idazten ibili naizenean une oro izan dut presente erronka berri bati egin behar niola aurre, baina ezin nuela formatua errepikatu, nahiz eta formatu arrakastatsua izan.

Dudarik ez, begi hartatik datoz hezur hauek. Adibidez, memoriaren gaia, oroitzapenenetan arakatzea gure oraina ulertzeko, horren guztiaren hasikina liburu hartan dago. Badira beste lotura batzuk ere: inoren aipu literarioak erabiltzea autoritate-argudio gisa, idazkuntzari buruzko gogoetak...

Hezurren erretura egiten ari zinela jakin baino lehen hasi zinen hezurrak erretzen? Ala, argiago, nola hasi zinen liburu hau idazten?

Hasieratik neukan intuizioa tituluan hezurrak agertu behar zirela, elementu horrek jarraipena eman ahal ziolako nire ibilbidearen eskemari: azala, eskuak, begia... Denborak gugan uzten duen eragina, hezurrak, edo bizitzaren pisua azpimarratzeko, hezurretako mina.

Asmoa ipuin solteak sortzea zen. Gero, idatzi ahala, eta irakurketa batzuk tartean, apur-apurka hasi nintzen obra zabalago bat irudikatzen, oraina eta iragana txandakatuz eraikitako continuum bat.

Argazkia: Dani Blanco.

Eta nola joan da continuum hori osatzeko prozesua?

Neketsua izan da, batez ere oihartzun sare bat sortu nahi nuelako, obrari kohesioa eta fidagarritasun itxura emateko. Horregatik errepikatzen dira noizetik noizera testuinguruko erreferentziak, giro sozialeko datuak eta beste kontu batzuk: arratoiak, ametsak, seinaleak, tokiak eta pertsonaiak… Amalgama bat egiteko, artifizial gertatu barik eta oreka zainduta.

Liburuan, Nadineri igorritako gutunetako batean protagonistak esaten dio berarentzat idaztea dela baltsa baten gainean zutunik jarri eta orekari eusten saiatzea, ibaiak zer ematen dion, ba horixe sartuz baltsara, eta arraun egitea, bestela, makila lokatzetan inkatuta geratzen dela. Alde horretatik praktikoa naiz, bizitzako gorabehera asko paperera eramaten ditudalako.

Erreturaren irudia oso emankorra iruditu zait.

“Etiketek eta sailkapenek gero eta gutxiago kezkatzen naute. Nire kezka, bene-benetakoa, izaten da liburu ona osatzea, liburu eder bat, irakurlearen emozioekin, gogoetekin eta sentimenduekin nahastuko dena eta gozamen estetikoa ere sortuko diona”

Erretura esatean idazkuntza esan nahi dut, eraldaketa bat delako. Hartu lehengai bat, dena delakoa, sustraia edo harria edo fruitua, eta horixe erre. Materia hori beste zerbait bihurtuko duzu, errauts; eta maila literarioan, testu. Baina hori egitean, gainera, beste energia mota bat sortzen da. Liburuan bada indarra lortzeko espiritua, nahia. Zentzu horretan, erretura egitea, pertsonaiarentzat soberakinen eta zamengarbiketa egitea den moduan, niretzat idazle gisa ahalduntzea da, bizitzako eragozpenak gainditzea.

Eragozpenak direla-eta, liburuan umore eta ironia handia dago tarteka. Adibidez, hemen: “Ez nengoen neure onenean, ezta hurrik ere, baina kapaz izan banintzen Korrikaren lipdubean parte hartzeko, noiz eta despedidaren biharamunean, lorra lepora eta segi aurrera”

Justu esaldi horren aurretik pertsonaiak esaten du minari ezin zaiola utzi agintea hartzen. Zaurien tamaina gorabehera, ikasi egin behar dugu gero eta bizkorrago jaikitzen. Hau mezu esplizitua da emakumeentzat. La vita è bella ipuinean –titulu ironikoa–, esaten da bizitzaren ederra zera dela, galgunetik aldentzeko jartzen digun ariketa. Konparazioa eginda, Kristalezko begi bat-eko protagonistak, sekulako sufrikarioa zeukan, baina bere askatasunaren bila jokatu zuen, duintasunez, eta, neurri batean, idazteak lagundu zion aurrera egiten. Beste protagonistak honek horretan badu haren antza, baina barre gehiago egiten dio bere buruari, zorrotzagoa da besteekin, eta erradikalagoa ere bada.

Aurkezpenean esan zenuten narrazio-liburu bat zela baina eleberri gisa irakur zitekeela esan izan dizutela. Nik neuk bigarren horrekin egiten dut bat: gauza oso eta koherente baten irudipena eman dit. Etiketa ipini beharrak kezkatzen zaitu?

Etiketek eta sailkapenek gero eta gutxiago kezkatzen naute. Nire kezka, bene-benetakoa, izaten da liburu ona osatzea, liburu eder bat, irakurlearen emozioekin, gogoetekin eta sentimenduekin nahastuko dena eta gozamen estetikoa ere sortuko diona.

Leire Ziluaga editoreak aurkezpenean aipatu zuen moduan, liburuan badira hainbat narrazio-molde: gutunak, egunerokoak… Esan zuen emakumeek idatzi izan dituzten generoak direla horiek, gutxietsi izan direnak. Halakoak azaleratzeko ahalegina egin nahi zenuen?

Bai, Leirerekin lehen aldiz bildu nintzenean, esan nizkion nire hiru premisak: bata, liburuak memoria fikzionatuen kutsua izango zuela; bestea, ipuinei buruz dugun kontzeptu klasikoa malgutu nahi nuela. Adibidez, Ametsen inbentarioa ez da narrazioa egituraz, baina bere soiltasunean kontaera asko barnebiltzen ditu. Eta hirugarrena, literaturaren historian kanonak estimatu ez dituen formak agertuko zirela, egunerokoa eta gutunak, eta autobiografia estiloko kontaketak. Emakumeek gehienbat erabili dituzten generoak dira, eta betertzetik begiratu izan zaie intimitatearen esparrukoak direlako.

Eta nondik datorkizu hori egiteko asmoa?

Josune Muñozekin, Skolastikako tailerretan, konturatu nintzen genero horiek azpi-generotzat hartu izan direla, eta ondorioz emakume askoren lanak ez direla aintzat ere hartu literaturaren historian. Kritikak erabili izan duen begirada oso murritza eta murrizgarria izan da, emakumeek beren ikuspuntutik kontatutakoak gutxietsi dituztelako gehienetan.

Miramarren eman didazu hitzordua, liburua hasten den tokian, hain zuzen ere. Liburuaren aurkezpenean zera esan zenuen: “adoragabetzailea” suertatuko litzaizukeela baldin eta jendeak, protagonistarengan, egilea baino ez balu ikusiko. Zer ikuspegi daukazu autorearen, fikzioaren eta auto-fikzioaren arteko muga horien inguruan?

Miramarren hasten da, eta amaitu ere bai, ziklo bat burutu dela adierazteko.

Nire lehenengo lanak idazten hasi nintzenetik sentsazioa izan dut idazteko beti edango nuela nire bizitzatik, beste era batera esanda, gaurko berbekin, “ni-aren literatura” izango zela nire ildoa, zuzenean edo zeharka. Edozein bizitza arrunt birbalorizatu egin daiteke literatur idazketaren bitartez. Autofikzioa, autoimitazioa, autobiografia... halako eztabaidak uxatu egiten ditut neure buruari esanez idaztea, edo askatasun-ariketa dela edo ez dela ezer. Aurkezpenetarako, irakurle klubetarako, elkarrizketetarako, beharrezkoa da diskurtso oinarrizko bat izatea, argumentario bat, norberaren ideiak ordenatzeko ere, baina bestela ez du garrantzirik. Gainera, irakurleok beti izaten dugu tentazioa egilea ikusteko ertz batean edo bestean.

Nire kasuan, kontziente naiz egilearen eta protagonistaren artean muga lausoa dagoela, eta hori hala da, nahita, nire ildo naturala delako. Annie Ernaux-en xarmaren eragina ere bada. Dena dela, liburu honetan askoz fikzio gehiago dago aurrekoan baino. Ardatzak, denborak, tokiak, materialak, ugariagoak dira. Eta protagonista neu naiz partez, baina baita nire belaunaldiko beste neska, nerabe eta emakume batzuk ere. Datorren urtean, honekin batera idazten ibili naizen poema liburua atera eta gero, nire erronka berria akaso izango da ez autofikzioa, ez autobiografia ez den zerbait idaztea.

Zure ustez moda bat al da?

Moda hitza arriskutsua da, fribolitate puntua daukalako, eta bizkor igarotzen denaren kutsua. Esango nuke indarrean dagoela, eta horrek poztu egiten nau. Laura Freixasen iritziz, dena da autobiografia, oinarri biografikoa %1 edo %99 izan. Baina ezin da ukatu errealitatea zehatz-mehatz jasotzea ezinezkoa den momentutik, nahiz eta borondaterik handiena izan leial jokatzeko, fikzio bihurtzen dela idatzitakoa. Bizitza armiarma-sare oratuezina da, boligrafoarekin jasotzen hasi orduko, desegin edo desitxuratu egiten da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Eguneraketa berriak daude