EHZ

Arnasgune biziberritua

  • “Ez dut sekula hainbeste jende ikusi herrian, ezta hain giro ona ere”. Ezin izan dit gezurrik esan Irisarriko okinak, bere irribarreak salatuko zuen bestela. Nafarroa Beherearen bihotzean dagoen herri hau EHZ festibalaren topaleku bilakatu da asteburu batez; tabernek euren barrak luzatu dituzte herriko plazara eta zenbait gune publiko festibalean erabili dira. Behin plazako ekintzak amaitutakoan, tabernek ere itxi egiten dute jendea pentzera bertara dadin kontzertuak ikustera. Euskal Herriko festibalik zaharrena da EHZ eta azken urteetan desagertzear egon da. Belaunaldi berriak, eguraldi onak lagunduta, lortu du auzolanean proiektua berpiztea.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Nola ez gara bada pozik egongo?”, gehitu du okinak elkarrizketarekin jarraituz, eta une batez festibala eta turismotik bizi diren herriak parez pare jarri ditut neure buruan. Ez dago, baina, inolaz alderatzerik. Herriko plazako lau tabernez gain, boluntarioei esker aurrera ateratako postuetan saltzen diren produktuak Irisarrin edo inguruetan ekoiztuak dira, taloetatik hasi eta goizeko ordu txikitan zerbitzatzen den garagardoraino. Ukaezina da EHZ festibalak herrian izan duen inpaktu ekonomikoa, baina zalantza gehiago piztu zezaketen bestelako balioak gauzatzeak –bizilagunekiko errespetua, adibidez–. Hargatik, okinak “giro ona” esan izanak poztu nau gehien, izan ere, festibala festa girotik bizi ez duen batek hori esan izanak balio handia du. Eta are gehiago barruan aritu garenok ere hala bizi izan badugu.

Goizeko lehen ordutik martxan dira makina bat bolondres-talde, tartean Brigada Berdea –hauek arduratzen dira garbiketaz–. Garbitzeko premia izango dute ziurrenik komun gehienek, edo garbitu baino, hornitu beharrean egongo dira; zerrautsez hornitu beharrean. Apur bat txukuntzea ere ez zaie batere gaizki etorriko; hondakinak kontainerrean hustu eta listo. Hego Euskal Herriko festa guneetan sekula topatu gabeko komun-sistema aurkitu dut bertan, bestelako eredu bat: komun idorra edo ekologikoa. Zerrauts multzo eta poto bat eskueran, eta ez besterik; ezta hondakinak kimikoki tratatu ostean araztegira bidaliko lituzken ur eta hodirik ere. Taza eta papera ditu, baina beste antzekotasunik ez ohiko komun estilotik. Kiratsa ekiditeko modu bikaina da gainera, zerrautsak betetzen baitu funtzio hori. 

Argazkia: Dani Blanco.

Aipagarriena, komun hauek ez direla ez erosiak ezta beste norbaiti eskatuak ere: EHZko kideek duela zenbait urte egindakoak dira. Ipar Euskal Herriko beste ekintza askotan ere erabili izan dira komun hauek, ganoraz erabiltzeko prest dagoenari uzten baitizkiote, hala azaldu du antolatzaileetako kide Iratik. Jardun honek ezin hobe erakusten du zer den baloreak praktikan jartzea: ekologismoa, autogestioa eta beste eragileekin lankidetza.

Trantsiziotik eraberritzera

1996tik ospatu izan da Euskal Herria Zuzenean festibala, urtez urte, 2014an lehen kolpea jaso zuten arte: ekaitz batek jaialdia hondatu eta zulo ekonomiko larria sortu zuen. 2017. urtean esan liteke hondoa jo zuela EHZk: festibalaren atarian, iragarpen meteorologikoek eguraldi oso txarra aurreikusi zuten eta, hala, jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten galera handiagorik ez izateko. Barne-lanketa prozesu sakonean murgildu zen orduko taldea: crowdfunding kanpaina abian jarri eta denbora gutxiren buruan bildu zuten zuloa estaltzeko behar beste diru. Zuloa ez zen, baina, arlo ekonomikoan bakarrik gelditu.

2017 eta 2018 urteetan taldeak gogoeta fase bat ireki zuen elkarteak bere burua birdefinitu zezan. Festibalarentzat hil ala biziko biltzar nagusi bat egin zuten Baionako Zizpa gaztetxean, ordura arte aritutakoen eta belaunaldi berrien asmoak aski ezberdinak izateak bultzatuta edota behartuta. Bertan adostu zen lekukoa ematea, beteranoenek ardurak uztea eta gazteek aginte-makila hartzea. Talde berriko kideek barne lanketa sakon bat behar zutela ondorioztatu zuten, eta ez hala-moduz, presiopean-edo, festibala antolatzea egite hutsagatik. Erabaki zurruna izan zen: 2018an ez zen EHZ festibalik ospatuko; bai, baina, alternatiba gisa, EHZ Nomada. Hiru egunez, hiru herritan barrena barreiatu zuten festa: Baigorrin, Baionan eta Itsasun. Trantsizio garaian zegoen taldea, bere burua aurkitu nahian ariko balitz bezala.

Argazkia: Dani Blanco.

Zin egin zuten 2019an bueltan izango zirela, eta martxoan eman zuten jakitera Irisarrin antolatuko zutela aurtengo edizioa, ekainaren 28, 29 eta 30ean. Eraberriturik itzuliko zirela ere hitz eman zuten, baita bete ere; berrikuntzak izango zirela formatuari eta helburuei dagokienez. Bi ardatz nagusi ditu egungo EHZ eraberrituak: eduki politikoa eta kulturala. Kontzientzia euskaltzaleaz gain, eragileetako gazteei borrokarako tresna bat ematea da lehen helburua; eta bestetik, EHZren balioekin bat, kultura hegemonikotik haragoko eskaintza kultural anitza izatea. Beti ere, euskal kultura eta kultura herrikoia lehenetsiz. 

Talde berriak aurtengo ediziorako berrikuntzak ekarri ditu, eta horietako nagusiena, aurrez aipaturiko lehen ardatzarekin bat eginez, tailerrak izan dira. Festibalaren tarteko eguna, larunbata, baliatu zen horretarako; bost eskaintza luzatu zituzten aparteko egitarauan: lagun artean eta oro har ematen diren eraso sexisten ingurukoa, festa ereduaz hausnartzekoa, G7k abuztuan Biarritzen egingo duen goi-bilerak gizartean duen eraginari buruzkoa, autogestioa eta auto-antolakuntzaren ondorio politikoen ingurukoa, eta migratzaileei Euskal Herriko txoko ugaritan egiten zaien harrera ardatz duena. Teoriara mugaturiko ideiak baino, eztabaida saioetara eta hausnarketara bideratzen ahalegindu dira, tresna gisa ulerturik.

Argazkia: Dani Blanco.

Guztiontzako euskal oasia

Baxenabarren barrena, frantsesa entzun eta kartel frantsesak maiz ikusi dituen edonork, adin-tartea edozein delarik, esango zukeen Irisarri lurraldeko oasi moduko bat dela; kultura eta gizarte zapaldu baten arnasgunea. Gazteen eskutik sortua, baina guztientzat ekoiztua. Eta denen artean eraikia. Herri-oasi bat, zeinetan ia guztia euskaraz entzun ahal izan den, punta bateko zein besteko euskaraz gainera.

Gazte, ez hain gazte, haur, heldu eta guztiei zuzendutako eskaintza oparoa topatu dugu Irisarrin. Aldapa igotzen hasi bezain pronto, haurren txokoa: parke zoragarri bat zaindutako belardi batean. Igandean bertan aritu dira jolasean dozenaka eta dozenaka haur, egitaraua aldeko izanik –antzerkia, haurrei zirku tailerra, puzgarriak…– , hara joandako familia askok egin baitute hautua bertaratzeko. 

Egitarau luze eta zabala prestatu dute EHZko kideek. Momentuko euskal talde erreferenteenetakoak Plazako eta Pentzeko oholtzatik pasatu dira hiru egunetan: Liher, Koban, Gari, Anari, Willis Drummond eta Iseo&Dodosound, besteak beste, baita ibilbide laburragoa izan arren entzuleen arreta piztu duten euskal taldeak ere, Alba edo Ibil-Bedi kasu. Estilo aldetik bat bestea bezain ezberdina, baina aldi berean, gehientsuenek bazuten antzekotasunik: euskara. Kontzertu eta ikuskizun erabat ezberdinak kausa berdin baten alde.

Argazkia: Dani Blanco.

500 lagundik gora aritu dira festa eredu honen alde lanean, auzolanean. Festibalak hiru egun irauten duen arren, hiru astera luzatzen da muntaketak eta desmuntaketak barne. 500 boluntario. Horietako asko asteburuan zehar baino ez ziren aritu; edonolako txandak, eramangarri zein ez hain eramangarriak, betetzen. Beste askok, aldiz, urte osoa pasa dute hiru egunetako une bakoitzeko zereginak pentsatu, egitaraua osatu eta ekintza oro ongi gauzatzeko behar beste estres, urduritasun eta izerdi botatzen. Eta ez Irisarrin bakarrik: kontaezina da Euskal Herriko zenbat txokotan dagoen halako mugimendua. Izugarria da zenbat festa, ekintza, edota asteburu pasa antolatzen diren musutruk, borondatez, militantziaz, bihotzez. Eta inoiz gutxitan ikusarazten dira halako lanak.

Asteburuan eraikitako euskal oasi honi Irisarrin amaiera eman zaion arren, Ipar Euskal Herrian euskal kontzientzia garatzen eta zabaltzeaz arduratuko den elkartea aski indarberriturik dagoela nabaritu da. Motibazioa oztopo guztiak gailentzeko beste dela ikusi dute. Urte luzez gazteriari leial izateko asmoz datoz, antza denez: geratzeko etorri da EHZ.

"Euskal Herria harrera herri izan behar da"

Bi urteko geldialdiaren eta talde aldaketaren ostean, EHZren berrikuntzarik nabariena eta landuena tailerren ezartzea da ziurrenik. Artikuluan aipatu bezala bost bloketan banatu dituzte, denak larunbatean, goiz eta arratsaldez: eraso sexistak, festa eredua, G7, autogestioa eta migrazioa. Azken honetan sartu du muturra ARGIAk, goizeko saioan. Migrazioaren azken urteotako testuingurua eta honi erantzuteko sortu diren elkartasun sareak aztertu dute Baionako Etorkinekin elkartearekin, Gernikako Eztenarekin eta Artea herriko proiektu eta kolektiboen parte hartzearekin. Ipar eta Hego Euskal Herriko praktikak eta ikuspegiak jomugan jarriz, Euskal Herrira iristen diren etorkinen inklusioaz mintzatu dira oro har.

Urte luzez, Afrikatik Europarako bidea Italiatik egin izan dute etorkin gehientsuenek, baina Europar Batasunak Mediterraneo itsasoan –batik bat Adriatikoaren ingurumarian– ezarritako politikek oztopoak eragin eta norabidez aldatzera behartu ditu Europara datozen pertsonak; Espainiako Estaturako bidea hartzen dute, eta handik, Euskal Herritik pasatuz, Frantziako Estatura pasatu asmo dute Europara zabaltzeko. Horregatik dago aspaldiko mugimendu handiena Irun eta Hendaiaren artean, hala azaldu du Etorkinekin elkarteko Amaiak. 

Hiru urte eta erdiko bizia du Etorkinekinek. Baionan –bertan dago harrera zentroa–, Angelun eta Biarritzen egiten dute lan, eta batik bat, adin txikiko etorkinen gizarteratze eta etxekotzean aritu dira. Amaiak, adibidez, etxean hartu ditu zenbait etorkin eta errefuxiatu. Lehen unetik adierazi du administratiboki alde nabarmenak daudela Frantziako eta Espainiako Estatuaren artean, azken honek eskumen eta aukera zabalagoak uzten dituela-eta; hots, ez duela Frantziako Estatuak duen zorroztasuna. Dena den, bi lan-ildo argi bereizi dituzte talde barnean: sentsibilizazio ekimenak antolatzea eta instituzioekiko salaketa lan-taldea. Erakundeei ardura handiagoa eskatu behar zaiela dio Amaiak, batik bat, halako arazo puntualetan eragina izan dezaketen tokian-tokikoei: “Ez dugu sinesten erakundeen jardunean, nahiz eta tokiko instituzioek baduten ardura garrantzitsua”.

Gernikan kokatzen den Eztena proiektuko Asierrek argi du beste eragileekin lankidetzan aritu beharra. Herriko gazte asanbladatik sortu zen iaz Eztena. Eraikin bat apirilean okupatu arren urrian eman zioten oraingo erabilera, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Bilboko etorkinen egoera larria ikusirik. Bilbotik Gernikara bideratu zituzten zenbait errefuxiatu, baina ez soilik harrera eman eta zaintzera; Asierren ustez giltzarria hemengo bizimodura ohitzea da, eurekin elkarlanean jardun eta integratzera. “Ez gara sorospenerako zerbitzu, elkarlanean euren bizi-baldintzak hobetzea da gure xedea”, dio Asierrek. 

Arazoa, baina, Mendebaldeko herrialdeetako bizi-erritmo altua dela uste du, eta horrek zailtasun handiak sortzen dituela bien aldetik bateraketa bat ematerakoan. Harrera eman bai, baina autonomoak izatera bultzatu behar dira, beraiek ere parte diren proiektuan emaile ere izan daitezen: “Hemengo bizimodura moldatu ahal izateko autonomia garatzen badute eta eurek ere proiektuan inplikatuko balira, guri ere arnasa emango ligukete, eta gainera, gero etorriko liratekeen errefuxiatuekin erlazionatzea errazagoa izango litzateke”. 

Arteako proiektuko Malu ere bat etorri da Asierrekin: “Erakunde publikoetatik kanpo lan egiten ahalegindu gara gu, baliagarriagoa izango zaigulakoan”. Administrazioarekin talkak izan dituztela aipatu eta adibidetzat jarri du Guatemalatik etorritako emakume baten kasua: herriko emakumeei berak dakien erara josten erakusteko tailerrak antolatu zituzten Artean, baina Udalak arazoak jarri zituen. Horren aurrean erantzun egin zuten: “Azken finean, marra desobediente horiek igaro behar dira eraikitzeko”.

Familia etorkinak hartu dituzte gehienbat Bizkaiko Artea herrian, eta saiatu dira batik bat, helduekin are zailagoa izanik, haurrei independentzia eman eta herrian errotik integratzen. Eskolara eraman dituzte horretarako baimena duten haurrak, baina guztientzat antolatzen dituzte astean birritan bestelako klaseak. Apurka-apurka, epe luzera begira, pertsona horiek gizartearen parte eta giltzarri izatea da euren xedea. Dena den bakoitzari egokitu behar zaiola adierazi du Maluk, norberak helburu ezberdinak ditu-eta. 

“Euskal Herria harrera herria izan behar da”, berretsi dute hiruek. Askorentzat oraindik etorkinak ikusezin direla eta horretarako, sentsibilizazio programak eta salaketak funtsezkoak direla aipatu dute. “Berebizikoa da gizarteari geure ateak zabaltzea eta geure bizitzeko modeloa bajatzea”, dio Amaiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
Badator EHZ: aurtengo berrikuntzak, informazio praktikoa, ordutegiak, erasoen aurkako protokoloa...

Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.

ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
“Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea”

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


2023-07-03 | Ilargi Manzanares
EHZk Irisarri agurtu du

12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.


Irisarrin antolaturiko azken EHZ izanen da aurtengoa

27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".


Eguneraketa berriak daude