“Kubatik ekarritako gako inspiratzaileak hemengo herri mugimenduekin partekatu nahi ditugu”

  • Paradigmas Emancipatorios nazioarteko topaketen hamahirugarren edizioa egin dute aurten Kuban, urte hasieran. Hitzordu hau 1990eko hamarkadan jaio zen Kuban, Sobietar Batasuna erori osteko garai konplexu eta arriskutsuan, eta ordutik bi urtean behin antolatu da. Hego eta Ertamerika osoko herri mugimenduetako ekintzaileak eta alor akademikoari lotutako pertsonak batzen ditu zitak, eraldaketa prozesu askatzaileak elikatzea eta hausnartzea helburu. Euskal Herritik herri mugimenduen delegazio txiki bat Habanan izan da Paradigmasen parte hartzen, Joxemi Zumalabeko, Bizilurreko, Ipeseko, Emagineko eta Ipar Hegoa fundazioko kideek osatua. Bizilur elkarteko Miren Sainz Alzugaray eta Ipes elkarteko Gorka Zozaia Garciarekin izan gara.

Kubako 'Paradigmas Emancipatorios' topaketetara joan den euskal delegazioa. Gorka Zozaia ezkerretik hirugarrena da, Miren Sainz laugarrena.
Kubako 'Paradigmas Emancipatorios' topaketetara joan den euskal delegazioa. Gorka Zozaia ezkerretik hirugarrena da, Miren Sainz laugarrena.

Paradigmasen hamahirugarren edizioa oso une berezian heldu da, eskuinaren goraldia dela eta: Venezuela, Brasil, Kolonbia, Argentina... ze irakurketa egin da egoera politikoaren inguruan?

Miren Sainz: Agendan zegoen, bai. Oso presente egon da Latinoamerikako ezkerren batasunaren beharra orain dagoen mugimendu faxista eta eskuindarraren aurrean. Adibidez, Brasilgo Lula Livre kanpainaren eta Venezuelaren alde elkartasun ekimenak egin dituzte.

Eskuinaren goraldi horren zergatiez hausnartu da Habanan?

M. Sainz: Nabarmendu den zergatietako bat izan da gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak izan diren herrietan jende asko herri mugimenduetatik politika instituzionalera joan dela. Ondorioz, oinarriarekin lana ez dela egin aurretik egin den bezala. Hutsune hori eskuinak bete du komunitateetan, oinarrizko beharrak bere moduan asetuz: erlijioaren bitartez eta indibidualismo kapitalistan sakontzen, esaterako

"Gobernu aurrerakoiak izan diren herrietan jende asko herri mugimenduetatik politika instituzionalera mugitu da. Hutsune hori eskuinak bete du"
Miren Sainz

Gorka Zozaia: Irakurketa geopolitikoak ere egin dira. “Batasuna-aniztasunean” ipar horretan batasunak huts egin duela. Hemen egiten ditugun zenbait irakurketaren antzera, ortzi-muga komunik ez dugula une honetan.

Hausnarketa arrazionaletik harago, ze animo sumatu duzue egoera konplikatu horretan?

G. Zozaia: Animoz ondo ikusi ditugu. Han egon gara elkarrekin, konpartitzen, konplizitatez, une horietan giro positiboa dago. Baina aldi berean jende guztia oso kezkatuta dago, nor bere herrialdearen egoera partikularrarekin zein oro har Latinoamerika eta Karibekoarekin. Oso egoera bortitzak ari dira bizitzen.

M. Sainz: Kezka hori badago, baina Paradigmasen helburuetako bat hain zuzen ere hori da, indarrak batzea, arnasa hartzea. Autoestimu iraultzailearen beharra azpimarratu da, unearen konplexutasunari erantzuteko: kontuan izatea nondik gatozen eta zre gauza egin diren. Lan handia egin da eta hori baloratzen jakin behar dugu.

G. Zozaia: Gorputza lantzeak ere eman du indarra. Han bide gehiago dute egina dimentsio hori lantzen. Hemengo kongresuetan egun batzuk elkarrekin pasatzen ditugu, baina ondokoari begiratu gabe, nor bere partikulartasun eta indibidualtasunean gordea. Egunero zeuden jarduerak eskutik elkar hartzeko, kantuan aritzeko, taldea egin eta sentitzeko.

Jorratu dituzuen gaiei begiratu diezaiegun. Zer da Menderatze Sistema Anizkoitza?

M. Sainz: Asko landu zen topaketa osoan. Kontzeptua bera Paradigmasetan sortu zen 2008an. Menderatze sistemak dimentsio asko ditu: kapitalismoa, kolonialismoa, heteropatriarkatua eta abar. Dena lotuta dago, bat da, baina esparru edo espazio bakoitzean ezberdin gorpuzten da. Komunitate batzuetan menperatzea erlijioaren bitartez gauzatzen da nagusiki, beste batean estraktibismoarekin eta nazioarteko enpresekin, bestean feminizidioak dira munstroaren aurpegi ikusgarriena.

Lan taldeetako batean landutakoa partekatzen.

Egunerokotasuna ere zentroan jarri da. Egunerokotasunaren kolonizazioaz aritu zarete.

G. Zozaia: Niri atentzioa deitu dit espainiartasuna, gaztelera, egunerokotasuna eta kolonialismoa lotzen dituztela askok (kontrara, kubatarren artean nahiko presente dago Espainia Madre Patria bezala). Dezente hitz egin da ere teknologiaz, eragiten ari den bizimodu indibidualistaz. Erlijioaren zenbait balore behetik txertatzen ari direla aipatu da ere bai, ezkerrak abandonatu dituen zenbait esparrutan. Oro har eskuineko baloreak ari gara barneratzen gure egunerokotasunean.

Azken hamarkadetan indigenek eta feministek presentzia handia irabazi dute Latinoamerikan. Horren isla nabaritu duzue Habanan?

M. Sainz: Bai. Feminismoa esplizituki ez da hainbeste aipatu, baina irakurketa feministak oso presente egon dira. Kopuru aldetik osaera nahiko parekatua izan da, emakumeren bat gehiago agian, eta parte hartzeari dagokionez emakume askok hitz egin du, bai hizlari moduan, bai mikrofono irekien txandan. Nahiz eta metodologia zentzu horretan oso herrikoia ez izan, 400 pertsonen aurrean altxatu behar zenuen-eta. Nabaritu da feminismoak azken urteotan indar handia hartu duela. Tentsio batzuk ereizan dira, batasuna eraikitzeko aniztasuna nola integratu pentsatzean feminismoa hor dagoelako. Disputan dagoen beste territorio bat.

G. Zozaia: Bai, tentsio hori nabarmena izan da. Batzuek zenbait gai baztertzearen alde egin dute, “batasunaren” hobe beharrez, bigarren mailakoak direla esan gabe bada ere. Venezuelan gerra ikuspegitik jokatu “behar” horrekin tentsio handia egon da. Borroka indigenak  ez ziren hain presente egon, baina Mexikoko lagun indigena bat gogoratzen dut, oso kritikoa.

"Euskal Herritik eta Europatik abstraitu, eta formakuntza politikoan ibilbidea duten esperientzietara hurbiltzea oso aproposa iruditu zaigu, gero itzulera egiteko gurera"
Gorka Zozaia

M. Sainz: Paradigmasen ezkerraren batasuna goitik behera eta instituzioetatik eraikitzeari balioa eman zaio, eta aldiz horiek esan zuten: “Beno, guk behetik gora eraikitzen dugu, ikuspegi ezberdina daukagu”. Dena den, tailerren itxieran Biziera Ona jarri zen helburu bezala kapitalismoaren aurkako borrokan. Mundu ikuskera indigenatik datorren iparra, baina Paradigmasek propio bezala barneratu duena.

Latinoamerikako ezkerrak oinarri marxista izan du historikoki. Orain arte aipatu ditugun ikuspuntu eta kezkek nola eragin diote oinarri horri? Desplazatu egin du, elikatu, moldatu?

G. Zozaia: Marxismoa esplizituki ez da oso presente egon, baina hizlari askoren marko interpretatiboa erabat marxista izan da: mundu mailako egoera aztertzean edo  erlijioa ulertzeko abiapuntuan, adibidez.

M. Sainz: Kubari buruz asko hitz egin da, hain zuzen ere konstituzio berria sinatu dute egun horietan. Aldaketa asko egin dituzte konstituzioan, arlo ekonomikoan... Sozialismoa da oinarria, baina moldatzen doaz.

Zergatik joan Euskal herritik Habanara Latinoamerika eta Karibe mailako topaketa batzuetara?

M. Sainz: Proposamena Joxemi Zumalabetik eta Bizilurretik sortu zen. Joxemik 2013tik edo abiatu zuen prozesu bat formakuntza politikoa birpentsatzeko. Hortik, besteak beste, Murtxikatuz ikastaroa sortu da, herri mugimenduen formakuntza politikoaren ikuskera eta praktika berritzea helburu. Mapa bat egin genuen, formakuntza arloan kolektibo bakoitzak zer egiten duen eta zer korapilo sumatzen duen jasotzeko. Paradigmas Emancipatoriosera hurbiltzea beste urrats bat izan da bide horretan. Hango mugimenduek formazio politikoa nola eta batez ere zergatik egiten duten ezagutu eta horrekin inspiratzea da nahia.

G. Zozaia: Horretarako Euskal Herritik eta Europatik abstraitzea eta ibilbide sendoa duten esperientzietara hurbiltzea oso aproposa iruditu zaigu.

Hitzaldietako bat areto nagusian.

Zer nabarmenduko zenukete jardunaldietatik? Zer ikasi eta desikasi behar dugu?

M. Sainz: Guztia dela formazioa, eta formakuntza hori askatzailea izan behar duela, helburu politiko orokor baten barruan kokatua. Subjektibitatea eta egunerokotasuna borrokatu behar ditugula ere. Botereari zentzu komuna disputatzea. Balioa ematea egiten dugunari, izena jartzea, hori da autoestimu iraultzailea.

G. Zozaia: Nik oso presente dut, askotan atera delako jardunaldietan eta gainontzeko erakundeekin egin ditugun harremanetan, nola ezkerrak oinarria abandonatu duen. Gora joan da, instituzionalizatu egin da, eta iruditzen zait Euskal Herrian ere gertatu dela antzeko fenomeno bat. Oso deigarria egin zaidan esperientzia ezagutu dugu Kuban. Gazte eragile bat, formazio politikoa lantzen duena komunitateetan eta auzoetan. Inork pentsa lezake: “Jo, hauek ja formatuta datoz, Estatuak betetzen du eginkizun hori. Marxismoa I, II eta III, eskolatik oso formatuta ateratzen dira...”. Baina hala eta guztiz ere beharrezkoa da oinarritik lanketa egitea sozialismoan urratsak ematen jarraitzeko. Ikuspegi horrekin bat egiten dut, oinarrizko formazioaren ezinbestekotasunarekin. Horrez gain, iruditzen zait Euskal herrian asko dugula josteko batasuna aniztasunean eraiki nahi badugu.

Euskal Herriko mugimendu gehiagorekin partekatuko duzue ikasitakoa?

M. Sainz: Topaketa batzuk antolatzen ari gara urriaren 18 eta 19rako, Eibarko UEUn. Ideia da hausnarketa hauetan sakontzen jarraitzea eta handik ekarritako gako inspiratzaileak hemengo herri mugimenduekin konpartitzea. Latinoamerikatik hiru gonbidatu izango ditugu, herri pedagogian eta formazio politikoan lan handia egiten duten mugimenduetako kideak. Gonbidapen publikoa ekaina amaieran zabalduko dugu, baina hasi data gordetzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Donostiako metroko Mirakontxa-Easo zatiaren lanek %164ko gainkostua dutela salatu dute

Satorralaiak plataformak eman du gainkostuaren berri, informazioa Jaurlaritzari eskatutako txosten batetik aterata. Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren, eta egungo aurrekontua 139,4 milioi eurokoa da. Donostiako metro-pasantearen... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


M8an faxismoaren kontra eta aliantza feministen alde egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra... [+]


2025-02-24 | Estitxu Eizagirre
Ziminttere
Sukaldea emakumeen jakintzak partekatzeko botere eta plazer espazio denean

Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.


2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Abarkak astintzen zituen

Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator eta oinarrizko jakia esan nahi du, artoa = ogia; arto edo panizo edo mileka... [+]


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Gorputz hotsak
“Mina albo batera utzi nahi dugu, kapitalismoarentzat ez delako errentagarria”

Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]


Bederatzi pertsonari lau eta hamar hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie Voxen kontra protesta egiteagatik Bilbon

Atxuri auzoan 2019ko azaroaren 5ean Voxen kontra egin zuten bederatzi pertsonaren kontrako epaia iritsi da. Akusatuek ez dute espetxean sartu beharko.


Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean

Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra

Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]


“Torturak gauzatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen dute”, Askek salatu duenez

Torturaren kontrako eguna baliatuz, Aske antolakundeak prentsaurrekoa egin du Bilboko Justizia Jauregian. Gaur egun ere tortura gauzatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen dutela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude