Dalit edo”ukiezin”, laborari, emakume, eta gainera alargun. Indiar jendarteko hierarkia guztien azpi-azpiko mailatan kokatuta daude, eta jasaten duten zapalkuntza bazterreko posizio anizkun horren neurrikoa da.
Behinola lurjabeak izan ginen. Montzoia irailean iristen zen hona, eta azarora arte egiten zuen euria. Ur hari esker urtean hiru arroz uzta jasotzen genituen. Gure aiton-amonen garaian ere hala izaten zen”. Janagi Natarajanek (Puvanagiri, 1959) begiak nostalgiaz bustirik oroitzen ditu garai oparoagoak. “Baina 90eko hamarkada amaieran aldaketa nabaritzen hasi ginen, eta orduz geroztik egoerak okerrera egin du: euriteak azaroan bakarrik izaten ditugu, urriagoak dira, eta haize zakarragoz etortzen dira gainera”. India hego-ekialdeko Tamil Nadu estatuko nekazariek arroz uzta bakarra dute gaur egun; dilistak eta garbantzuak ereiten hasi dira bigarren uzta baten bila baina, maiz, haizeteek soroak hondatzen dituzte. Selva Nayagi (Chinna Koppiyam, 1979) jornalaria da, bere gurasoak bezalaxe: “Ez ginen sekula aberatsak izan, baina eguraldia ziklikoa zenean soldata bermatua genuen. Orain ziurgabetasunean bizi gara”. Eskuak zabalik dituela ari zaigu hizketan, kailuz beteriko ahurrek lana erregutuko balute bezala.
“Ezkondu berritan
buru-aski ginen: ogia egiteko irina ekoizten genuen, barazkiak, abereentzako belarra, esnea... eta soberakinak trukatuz gainerako guztia eskuratzen genuen”
Aasha Ghodake
1.400 kilometro iparralderago, India erdi-mendebaldean, Maharastra estatuan, paisaia are idorrago ageri da. “Zekale-lurra da hau –argitu digu Aasha Ghodakek (Bhalasoari, 1972)–, garia hazten dugu”. Bi hektareako eremua du; eta bina zezen eta behi, lanerako eta esnetarako. “Ezkondu berritan buru-aski ginen: ogia egiteko irina ekoizten genuen, barazkiak, abereentzako belarra, esnea... eta soberakinak trukatuz gainerako guztia eskuratzen genuen”, dio harrotasun kondarrez. Garaian, hilabete hezeetan, errekastoek landak zeharkatzen zituzten; 2019ko montzoiak, ordea, ez du kasik euririk utzi herrialdearen bihotzean eta ur-maila 150 metrora jaitsi da, lur azpian.
Indiako Meteorologia Departamenduak 2018ko urrian plazaratu zuen txosten baten arabera, azpikontinenteko nekazal lurren %68 lehorte arriskuan daude; horietatik %33 lehorte kronikorako arriskuan.
Bien bitartean, Indiako Nekazaritza eta Nekazarien Ongizaterako Ministerioak 2016an onartutako Manual for Drought Management (Lehorteen Kudeaketarako Gidaliburua) dokumentuan jasotako neurriak indarrean sartu dira, Gobernuaren beraren hitzetan, “orain arteko estimazio-sistema tradizionalak alboratuz, lehorteen ebaluaketa zehatzagoa egin ahal izateko indize eta parametro zientifiko berriak” ezartzeko. Baina herrialdeko nekazari kooperatiba eta elkarteek salatzen dutenez, hedatzen ari den sarraskiaren onarpena mugatzea da Narendra Modi lehen ministroaren asmo bakarra: lehorteak zonalde bat kolpatu duela aitortu eta horren biktima diren nekazari familiei dagozkien diru-laguntzak (Draught-hit Remuneration) bideratzeko bete beharreko baldintzen irizpidea zorroztu eta gogortzea, alegia. Maharastra estatua, esate baterako, lehorte kronikorako arriskuan dago. Bertako Gobernuak Paisewari izenaz ezagutzen den sistema baliatu ohi zuen: eremu jakin batean prezipitazio defizita baldin bazegoen eta urte horretako uzta aurreko 10 urteetako batez bestekoa baino %50 urriagoa bazen, lehorte egoera deklaratzen zuen. Maharastrako laborariek salatu dutenez, Paisewari sistemak halakotzat joko lituzkeen 9.000 herritako familiak inongo laguntzarik gabe utzi dituzte nekazal politika eta irizpide berriek.
Aldaketa klimatikoa ez da, haatik, nekazal krisi honen kausa bakarra. Mahesh Markad (Madhi, 1990) nekazaritza estentsiboan espezialdutako ingeniariak sakon ikertu du 60ko hamarkadaz geroztiko laborantza moldeen transformazioak eta eredu intentsibistaranzko joerak lurzoruan nahiz nekazari familien baitan eragindako inpaktua: “Inportazioekiko eta donazioekiko menpekotasunak, populazioaren gorakadak eta 1965-1966 urteetako lehorte latzek Indiako Iraultza Berdea eta honen erreformak aktibatu zituzten. Jomuga herrialdearen zekale beharra asetzea zen, elikadura-autosufizientziara hurbiltzea. Errendimendu altuko eta erresistentzia handiko gari aldaera arrotzak lehenik, eta halako arroz aleak gero, ekartzea izan zen garaiko gobernuaren aurreneko neurria, eta ongarri kimikoen erabilera sustatzea”.
“Behinola lurjabeak izan ginen, baina orain jornalaria naiz, mailegu-emaileek lurra konfiskatu zidatelako senarrak gu utzi bezain pronto”
Janagi Natarajan
Eraldaketaren lehen urteetan, ekoizpenak kolpean egin zuen gora –30 urtetan hirukoiztu egingo zen–, gero eta familia gehiago eredu berrira erakarriz. Albo batera utzi zituzten hain errentagarriak ez ziren beste labore batzuk, eta pestizidak isurtzen hasi ziren ongarri kimikoek ahuldutako landareak babesteko. “Baina indiar nekazari gehienak familia-ekonomian zaildutako lurjabe txikiak ziren. Ez zuten balantze handirik egiteko ohitura eta gaitasunik, ezta epe ertain/luzerako aurreikuspenen kulturarik ere; hinduismoaren esentziarekin talka egiten baitu horrek. Berehalako oparotasunak itsututa jokatu zuten, eta eskaintza altuak nekazal produktuen prezioa jaitsiarazi zuen. Arian-arian, produktu kimikoen erabilerak haziak degradatu, lurzorua antzutu eta honen ura xurgatzeko gaitasuna murriztu du, nekazariak halako gehiago erabili behar izatera kondenatuz eta prezioak puztuz. “Landak orain gogorregiak dira bazkarik gabe geratu diren zezenek goldatzeko”. Gurpil zoro honek, horrenbestez, ekoizpena garestitu eta irabaziak murriztu ditu azken bi-hiru hamarkadetan.
Lurra lantzen jarraitu ahal izateko, maileguak eskatu beste aterabiderik ez dute aurkitu. Baina banketxeek ez dizkiete aitortzen. Sektore ezegonkorra delako, alde batetik. Eta bestetik, beharbada batez ere, nekazariak shudrak direlako, kasta baxueneko herritarrak; edota dalit edo “ukiezinak” beste kasu batzuetan, are maila baxuagoakoak alegia, estratifikaziotik kanpo daudenak. “1950eko Konstituzioak kastagatiko diskriminazioa abolitu zuen arren, mailaketak bizi-bizi dirau jendartean”, gogorarazi digu Mahesh Markadek. “Mailegu-emaile pribatu ilegalengana jotzen dute orduan –jarraitu du–. Mafia-egitura duten taldeak dira. Dirua kudeatu eta erabakiak hartzen dituen buruak hainbat mertzenario ditu bere esanetara, nekazari zordunei estortsio egin eta hauek etengabe mehatxatzeaz arduratzen direnak”. Bat-bateko dirua ahalbidetzen diete laborari etsituei, baina %20-30 edota %40ko interesak eskatzen dituzte, banketxeek baino bi edo hiru bider handiagoak.
“Hiru akreko soroak arroza emateari utzi zionean, senarrak 200.000 rupiako (2.500 euro) mailegua eskatu zion emaile pribatu bati”, azaldu digu Janagi Natarajanek. “2000 urtean hil zen depresioak jota. Ez zen zorra kitatzeko gai izan eta ezin izan zion estresari eutsi; jateari utzi zion, hilabeteak eman zituen etxean itxita, ahul. Behinola lurjabeak izan ginen, baina orain jornalaria naiz, mailegu-emaileek lurra konfiskatu zidatelako senarrak gu utzi bezain pronto”. Genero rolak aski banatuta eta sustraituta daude Indian. Gizonek, familia-buru eta babesle gisa, etxekoen beharrak diruz asetzeko eginkizuna dute, besteak beste. Hala, jendarteak eta familiak eurengandik espero duena bete nahi eta ezinean, nekazari askok euren gizontasuna frustratuta ikusten dute. Tamil Nadu estatuan, etxeen %12k emakume bat dute buru, India osoko ehunekorik altuena da; etsipenean, suizidioan edota ihesean aterabidea aurkitu zuten gizonen alargunak eta abandonatutako emazteak dira.
Santhana Maryren
senarra gazterik
alkoholizatu zen;
“hemengo beste mutil gehienak bezala”
dio burua makurtuz
Maharastra estatuko datuak are larriagoak dira: 2009 eta 2018 bitarte, 25.000tik gora nekazarik egin zuten bere buruaz beste, National Crime Records Bureau (NCRB) gobernu agentziaren arabera. “Senarrak 1990ean eskatu zuen aurreneko diru kopurua: 10.000 rupia (124 euro) –gogoratzen du Aasha Ghodakek–. Atzerapen bakoitzeko, interesak goitzen zizkiguten, eta senarrak mailegu berriak eskatu behar izan zituen aurrekoak ordaintzeko. Egoera eroa eta itogarria zen. Aldiro-aldiro bere bila etortzen ziren etxera, eta kotxean sartuta eramaten zuten, ez dakit nora, ez zidan inoiz kontatu. Mehatxatzen zutela, hori bai esaten zidan: giltzapetuko zutela, eta etxekooi min egingo zigutela”. Iragan urtarrilaren 29an, Aasha Ghodakeren seme gazteenak aitaren hilotza aurkitu zuen, goizean-goiz, abereentzako estalpean. Autopsiak argitu zuenez, bere burua pozoindu zuen ongarri kimikoak irentsita. “Urteetako borroka galdu dugula sentitzen dut. Kezkak nirekin gehiago partekatu izan balitu, agian, ez luke hartu zuen erabakia hartu izango –dio Ghodakek negar-zotinka–. Gure lau seme-alabei ikasketak ematearekin amesten genuen, baina orain lanean hasi beharko dute hirian, nekazaritzaz ezer gutxi baitakite, eta lur pusketa honek ez baitu gehiago emango. Ni etxean geratuko naiz: abereez, otorduez, arropak garbitzeaz arduratuko naiz”. Rol banaketa berberak familien erdigunean, sustengatzaile eta kohesiogile, kokatzen ditu amak/emazteak. Eta, hain justu horrexegatik, etsipena, suizidioa eta ihesa ez dira emakume indiar batek bere buruari baimentzen ahal dizkion aukerak.
Hirietan aukerak ugariak direlakoan, uste ustelak milaka nekazari familia lekualdatu ditu, bereziki 2000 urteaz geroztik. Behe-auzoak bete eta zabaldu dituzte. “Aurrezki apurrak hartuta mugitzen dira –azaldu digu Mahes Markadek–, eta kastaren araberako lanak egiten dituzte. Gehien-gehienak dalit edo ukaezinak dira, beraz... senar-emazteak estoldak garbitzen, plastikoak biltzen edota zamalari aritzen dira. Alaba nagusia txabolan geratu ohi da anaia-arreba gazteagoak zaintzen, eta seme zaharrenak dirua eskatzera ateratzen dira”. Eskolatzerik gabe, kaleetan hazten dira, kaleak hezten ditu, eta mota guztietako trafikatzaileen biktima izaten dira. “Erraza da umeak Indiako hiri handietan betirako desagertzea”, dio Markadek.
“Hamazazpi urte nituelarik ezkondu nintzen. Jornalarion lana izugarri irregularra bilakatua zen ordurako –oroitzen du Selva Nayagik–. Euri-bermerik eta ureztapen sistemarik gabe, lur-jabeek gure soldatak ordaintzeko ahalmena galdu zuten. Senarrak Keralara mugitzea erabaki zuen –dio–, basoetan zuhaitzak mozten lan egitera. Hasieran bi hilabetean behin itzultzen zen etxera, dirua ekartzera. Baina bisiten maiztasuna jaitsiz joan zen, eta gero eta okerrago etortzen zen gainera”. Bakarrik emigratzen duten gizon asko erortzen dira adikziotan. “Bakardadeari, lanaren gordintasunari aurre egiteko baltsamoa da”, dio Mahesh Markad ingeniari agronomoak. Baltsamo merkea ezinbestean: Estatuaren monopoliopeko alkohol eskasa edanez, kola arnastuz edota antsiolitikoak hartuz ahazten dute. Mundu mailako farmakoen %22 ekoizten duen herrialdean, hiru rupiaren (0,04 euro) truke eros daiteke Tramadol opio-analgesiko pilula bat. Tamil Naduko bere herritik Keralara emigratu eta hiru urtera, Selva Nayagiren senarra konortea galduta aurkitu zuten: “Putzu lehor batera erori eta buruan kolpea hartu zuela esan ziguten. Hilabetez izan zuten ospitalean, baina alferrik”. Nayagik bost seme-alaba zituen orduan, zaharrena bost urtekoa. “Tamila zelako eraso egin ziotela pentsatzea izan zen nire lehen erreakzioa. Gero amorrua, negarra... jainkoak abandonatu ninduela sentitu nuen, errezatzeari utzi nion”.
Santhana Maryren (Palur, Tamil Nadu, 1964) senarra gazterik alkoholizatu zen, “hemengo beste mutil gehienak bezala”, dio burua makurtuz. Puducherry Batasun Lurraldearekin muga-mugan dagoen herri nekazari honetan, mugaz bestaldeko distileriek erreka-urak ez ezik gizonak ere kutsatu baitituzte. “Ez zuen sekula jornalik ekarri etxera. Edanean xahutzen zuen, eta geratzen zitzaion apurra poltsikotik lapurtzen zioten lurrean botata amaitzen zuenean. Pentsa, garaian Gobernuak populazioa kontrolatzeko sustatu zuen basektomia-kanpainan parte hartu zuen ebakuntzaren truke ordaindu zioten dirua edan ahal izateko”. Santhana Maryrena laidoz, kolpez eta mespretxuz beteriko bizitza istorioa da. “Senarra gibeleko gaitzak jota hil zenean, bakea irabazi nuen etxe barruan, baina herrikideek bizkar eman zidaten kanpoan”. Izan ere, Indiako sineskeriek zorte txarraren eramaletzat dituzte alargunak; urrun eta bizitza publikotik baztertuta nahi dituzte. “Hemeretzi urte daramatzat etxetik 7:00ak baino lehen atera gabe; ez nadin izan inork goizean ikusiko duen lehen pertsona”.
Janagi, Selva, Aasha eta Santhana Indiako nekazal krisiaren biktimak dira, baina ez da buru gainean eusten duten zama bakarra. Intersekzionalitatea ezinbesteko prisma da Indian ezer ulertzera hurbiltzeko: emakume hauek kasta, klase, genero eta gainerako hierarkia sozialen azpi-azpiko mailatan kokatuta daude, eta jasaten duten zapalkuntza bazterreko posizio anizkun horren neurrikoa da.
"Ez ginen sekula aberatsak izan, baina eguraldia ziklikoa zenean, soldata bermatua genuen. Orain ziurgabetasunean bizi gara"
Selva Nayagi
Akila Natarajan (Thiruvarur, Tamil Nadu, 1977) Nagapattinamgo Alargunen Federazioko koordinatzaileak modu argigarrian kontatu digu senarra galtzeak nola areagotzen duen zahurgarritasuna: “Senarrak etxe barruko zigortzaileak izaten dira kasu askotan; baina, aldi berean, kanpoko balizko erasotzaileak uxatzen dituzte. Maila altuko gizonek kasta baxuenetako emakumeak bortxatzea oso ohikoa da. Familia-buruaren figura hori desagertuta, ordea, maila altukoek ez ezik, maila bereko gizonek ere erasogarritzat jotzen dituzte emakume hauek”. Alargundutakoan, thali ezkontza-lepokoa kentzera behartzen ditu tradizioak, shari koloretsuak alboratu, eta kopeteko pottu edo bindi puntua zuriz markatzera, ez gorriz. Seinale identifikatzaileak dira, status jakin baten markak. Ezin dute ospakizunetan parte hartu, eta berriz ezkontzea kasik ezinezkoa da birjintasuna aspaldi galdu zuen emakume batentzat. “Baina beren seme-alaben euskarri bakarra dira –dio Natarajanek–, eta hauek aurrera ateratzea bilakatzen da haien helbu bakarra. Jornalari izatetik bizitzerik ez badago, aberatsen etxeetako komunak garbituko dituzte, mota guztietako estortsioak onartuko dituzte, edo prostituziora joko dute, besterik ez bada”. Kanpotik, nekez pentsatzen ahal dugu emakume hauen sufrimendu-gaitasunaren helmena. Dakarkien mendekotasuna bezain handia da, edozein kasutan.
Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<
Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]
Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Iranen “mehatxuari” arreta handiagoa eskaintzeko eta Gazan sarraskiarekin jarraitzeko helburuz sinatu du menia Israelek, Benjamin Netanyahuk onartu duenez, baita Hamas Hezbollahtik aldentzeko ere. Israelen aliatuen tropek "ziurtatuko" dute akordioa betetzen... [+]
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.