“Hitano ikastaroa egin dut”; “Hara ba, ni neu oraintxe hastekoa naiz!”; “Beste hari entzun diot bere herrian ere antolatu dutela”. Batean eta bestean, halako elkarrizketak entzuten dira, beti ere, Gipuzkoan. Ikastaroak inoiz baino gehiago ugaldu ote dira? Nor ote da ikasle? Hitanoa aparraldian al da? Ikerketa zehatza egiteko asmorik gabe, hiru hitano irakasleri esker, termometroa jarri dugu. Xabier Eizagirre Landa, Ritxi Lizartza Urrestarazu eta Iñaki Iturain Azpiroz izan ditugu bidelagun.
Hiru irakasleei azkena egin diegun galderatik hasiko gara. Hitanoa aparraldian al da? Ala beharbada hobe esanda, hitano ikastaroak aparraldian al dira? Xabier Eizagirre Iralen irakaslea da 1981-82 ikasturtetik. Euskara hobetzera doazkion irakasleei hitano eskolak ematen dizkie. Iraletik kanpo ere aritu da ikastaroak ematen, Donostiako Amara eta Egia auzoetan, eta Oiartzunen. Eizagirreren sentsazioek bi gustuak dituzte: “Bai, zerbait mugitzen ari da; Zumaia, Azpeitia, Tolosa, Oñati, Zestoa... Gipuzkoa aldean beti ere. Iralen hitano eskolen eskaintza egiten dugunean konturatu naiz lehen baino jende gehiagok ematen duela izena. Iraletik kanpo, elkarteren batek ikastaroa antolatu eta jendeak erantzuten du. Horixe poztxoa. Bestalde, zuk aparraldia aipatu duzu eta nik loraldia terminoa erabiliko dut. Ez dakit ez den azken ostikadak ematen ari den zuhaitza edo landarea, azken lore mordoa. Agian lore berriak sortuko dira, bertsolaritzan begira zer gertatu den, baina gu aparralditik urruti gabiltza. Orain egiten ari diren ikastaroak esperantzatxoa dira. Dena dela, aurrera egiteko lehentasuna nokari eman behar zaio, neskek ikasi dezatela, baina mutilek ere bai”.
Iñaki Iturain Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, Euskara Zerbitzuan, Euskal Girotze Barnetegietako koordinatzailea da. Lan horretaz kanpo, Donostian, Orion eta Zarautzen eman ditu hitano ikastaroak. Euskara elkarteak, udal euskaltegiak eta udalak izan dira antolatzaile. Ez du uste aparraldian gaudenik, toki gutxi batzuetan ahalegin batzuk baino ez ditu sumatu: “Hutsaren hurrengoa dira, ordea. Modu sistematiko eta serioan ez da ezer egiten haur-gazteek ikas dezaten, ez eskola publikoan, ez ikastoletan, ez euskaltegietan. Tradizioz eta transmisioz ari da hika hitz egiteko ohitura bizirauten, baina galera oso nabarmena da. Noka toki guztietan ari da galtzen eta gaztetxoen artean ‘gehiegika’ fenomenoa [hitano formak behar ez diren tokian ere erabiltzen dituzte] zabaldu da. Hezkuntza Sailak, Ikastolen Elkarteak eta Hizkuntza Politikak erabaki serioak hartzen ez badituzte, belaunaldi gutxi barru hondoratuko den itsasontziaz ari gara hizketan. Modu sinbolikoan gauza batzuk egiten ari dira, Zakilixut, hainbat pertsonaren ahalegin serioa (Kike Amonarriz, Ritxi Lizartza, Juan Martin Elexpuru...), feminismotik ere bai, baina ez da nahikoa.
Ritxi Lizartza: "Genero ikuspegia kontuan hartuta [batez ere nokaren galerari aurre egin nahi diote] hitanoa landu nahi duten kolektiboak ari dira eskaerak egiten eta garrantzitsua da lehen hitanoaz kontzientziarik ez zuten kolektiboak aktibatzea".
Ritxi Lizartzak hika egiten ikasteko eskuliburua argitaratu zuen 2009an: Hitanoa. Mintza hadi, lagun! (Maramara). Makina bat hitano eskola eman ditu azken urte luzeetan, erakunde publikoetan batik bat, baina baita euskara elkarteek eskatuta ere. Batez ere hezkuntzako eta euskalduntze eskoletako irakasleak izan ditu ikasle. Berari ere aparraldiaz galdetu diogu: “Ikastaroak antolatzen ez badira beste inork ez ditu eskatuko, baina egiten badira ahoz ahokoak eragina dauka. 2009an atera nuen eskuliburua eta 2012a artean eskaera oldea nabaritu nuen. Ez dakit modan jartzen diren ikastaro horietakoak diren. 2012. urtea eta gero etenaldia egon zen eta orain berriz hasi dira eskatzen. Genero ikuspegia kontuan hartuta [batez ere nokaren galerari aurre egin nahi diote] hitanoa landu nahi duten kolektiboak ari dira eskaerak egiten eta garrantzitsua da lehen hitanoaz kontzientziarik ez zuten kolektiboak aktibatzea. Hala ere, ulertzen dut emakumeen ahalduntzea garrantzitsua dela, baina gizonak ere erakarri beharra dago noka egitera. Nolanahi ere, zabaldu den bidea oso garrantzitsua da. Hortik ikastaroak emateko joera indartuko da eta kontzientzia ere bai. Gustatuko litzaidake aurrera jarraitzea”.
Hiru irakasleei ikasleak nolakoak diren galdetu eta gutxi gorabehera haien perfila deskribatzeko moduan gara. Hitano ikastaroetara nor ez den joaten esan digute: gazteak. Beti ere hitanoa bizirik dagoen tokiez ari garela, gazteek kalean badarabilte; asko eta oker. Hitanoari buruzko ezagutza kaskarra dute eta gaizki erabiltzen duten kontzientziarik ez. Eskolak hartzera doazenak helduagoak dira, eta asmoak hainbat. Ikasle batzuk hutsetik hasi dira. Euskara euskaltegian ikasi dute, asko EGA mailara iritsi dira eta hizkuntza lantzen jarraitu nahi dute. Hitanoak jakin-mina sortzen die. Beste ikasle asko berriz, hika hobetzeko asmoz gerturatzen dira eskoletara. Batzuk apenas erabiltzen duten egunerokoan, baina entzun dute kalean, etxean, lagun artean. Beste batzuk hika ari dira barra-barra, baina jabetuta daude oker ari direla. Hitano formak behar ez diren tokian jarriz hitz egiten dute, Eizagirrek “hika ez, erdika” deitzen dio, eta Iturainek “gehiegika” aipatu du. Iturainek, esate baterako Orion bertsolariak izan zituen ikasle, hitanoa hobetzeko asmotan. Beste hanka-sartze izarra emakumeei noka beharrean toka egitea da, hutsegite oso zabaldua. Noka egiten ez dakitela aitortzen duten gizonak doaz eskolara. Izan ere, bat baino gehiago dira emakumeekin zuzen ari direla uste duten hika hiztunak, eta konturatzen ez direnak emakumeei toka ari direla.
Xabier Eizagirre: "Zuk aparraldia aipatu duzu eta nik loraldia terminoa erabiliko dut. Ez dakit ez den azken ostikadak ematen ari den zuhaitza edo landarea, azken lore mordoa".
Generoari dagokionez, badirudi ikasle emakumezkoak gehixeago direla. Hala ere, hiru irakasleek denetariko taldeak ezagutu dituzte, batzuk bietarikoak, baina baita emakume bakarreko taldea eta gizon bakarreko taldea ere. Ikasle emakumezkoei dagokienez, Lizartzak argitu digu nahiz eta batzuetan ikasleak nokaren galerak kezkatuta hurbildu diren, emakume gehienek ikastaroetan parte hartu dutela hitanoaren galderak eta erabilera okerrak eraginda.
Aparralditik gutxi, beraz. Jakin-minez eta hika hiztun hobea izan nahian ari diren azken mohikanoak, agian.
Aiora Eizmendi Otaegik (Errezil, 1997) Administrazio eta Finantzako Goi-mailako Zikloa egin zuen eta urte batzuetara Lehen Hezkuntzako Gradua egin zuen EHUn. Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Arnasgune bateko haurrak eta hitanoa: hastapena eta helduen begirada"... [+]
Hika edo hitanoari buruz ari garela, edo, hobeto esanda, hitanoa “zuzen” erabiltzeari buruz ari garela, tarteka-marteka pizten denez debate txikiren bat –dela sare sozialetan, dela oraindik bizitza erreala deitzen diogun horretan–, ez ote den komeni hemen... [+]
Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]
Badihardugu euskara elkarteak egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %55,6k dio bere herrian hitanoaren egoera kaskarra edo oso txarra dela. %5ak baino ez du uste bere herrian nokaren egoera ona denik eta tokaren kasuan %24k.
Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]
Aste honetan jarri da app dendetan Appa Hi! aplikazioa, Oñatiko hitanoa ikasten laguntzeko sortua. Aplikazioa da Ingo Xonau! proiektuaren parte da, hitanoa herri hizkeratik ez desagertzeko ekimen bat, Oñatin garatua.
Gaueko hamarrak dira Axular kultur elkartean. Edalontzien txilin-hotsek bat egiten dute noizbait jendearen berbaroarekin, eta ingurumarian nagusi dira garagardoa, kea eta Arratiko gazteen itzalak. Azken horiek hor-hemenka dabiltza, barreka, kontu kontari, Igorreko herriko... [+]
“Xaukena xauk!” esaten omen dute oñatiar gazteek “besterik ez zegok!” adierazteko. Boladan jarri omen da esaera. Hikako forma horren erabilera, ordea, ez da hitanoaren osasun onaren adibide. Mutilek hala moduz darabilte toka, “xaukena... [+]
Ingo Xonau! proiektua aurkeztu genuen larunbat goizean, Oñatin. Hika dakiten emakumeen argazkia atera, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egin genuen Santa Ana antzokian. Emanaldian erakutsitako bideoa sarean ipini dugu gaur!
Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna izenburupean, egun osoko jardunaldiak izan ziren atzo, zapatua, Emakumeen Txokoan.
Ezertarako balio ez duena, baserrikoa, gizon plantak egitekoa, zakarra, zatarra, mari mutilena, bortitza, harrotutakoan erabiltzekoa, baita bekatua ere. Nokari halako ‘harribitxiak’ atxiki zaizkio urte luzez. Emakume femenino eta aratza izan nahi zuenak ahalik eta... [+]