Abenturaren bigarren kapitulua

  • Iker Galartzak dio “lehenengo euskal zirku ibiltaria” dela. Lehenengo karpa euskaraz, alegia. Argi baitu Gure Zirkua baino lehen, zirkuan ibili direla eta badirela euskaldunak lanean. Haiei errespetua zor zaiela uste du. Bidaia erromantikoa, eta apustua, 2018ko udan hasi zen. Arrakasta izan zuenez, bigarren udari heldu diote.

Argazkia: Gure Zirkua.
Argazkia: Gure Zirkua.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Autoan doala egin diogu elkarrizketa Iker Galartza Gure Zirkuaren sortzaileari. Hamabost bat egunez Gasteizen egotekoak dira eta hara bidean harrapatu dugu. Iaz heldu ez ziren tokietara iristeko asmoa al duten galdetu diogu, Araba bisitatzeko asmoa adibidez. Halako erantzuna bota digu Galartzak: “Etxean haserretuko zaizkigu. Galdetzen digute Tolosaldean eta Goierrin noiz arituko garen. Gure Zirkuak Arabara joan nahi du, Iruñera (hauteskundeen emaitzak ikusita ez dakit lortuko dugun), Baztan aldera, Iparraldera. ‘Nahi’ baino, esango nuke ‘behar’ duela”. Urrunago ere badu begirada eta 2020an pentsatzen hasita, adibidez, Barakaldo datorkio burura. Ez du uste hainbat tokitara euskaraz ari den zirkuarekin joatea erromantizismoa denik, baizik eta erronka eta apustua. 2019ko egutegia eskatu diogu, nondik nora ibiliko diren, eta ez dugu erantzun zehatzik jaso. Arrakastaren arabera egun gehiago edo gutxiago egingo dituzte batean eta bestean. Bestalde, oraindik lotu gabeko herriak ere landu nahi dituzte. Izan ere, iaz lau hilabetez ibili ziren Euskal Herrian aurrera eta atzera eta aurten sei hilabetera luzatzeko gogoa dute, udazken-neguraino.

“Dena euskaraz al da?”

Zirkua euskaraz baita, eta hori nobedadea dugu gurean. Jendeak nola hartu duen galdetu diogu eta Galartzak esan digu denetarik entzun dutela, euskaraz delako poz-pozik direnak, euskaraz izatea eragozpentzat hartu ez dutenak, eta gaztelaniaz nahiagoko luketenak: “Dena euskaraz izango al da?”, “Ez duzue gaztelaniaz egingo?”. Hizkuntza dela tarteko halako zalantzak dituen jendea erakartzen saiatzen dira Gure Zirkuko kideak eta Galartzak gogorarazi du zirkua mundu guztiarentzat dela, “zirkuan hitz egiten dugu, baina hitzik erabiltzen ez den ikuskizunak ere badira”. Iaz Gorlizen ikus-entzule bereziak izan zituzten, udatiar katalanak eta ingelesak, besteak beste. Euskaraz zela jakin arren karpapean izan ziren eta bukatutakoan “zer moduz?” galdetu zieten. Haien erantzuna: “Oso ondo, sinplea, umila, betiko zirkoa, haurtzarora itzuli gara”.

Iker Galartza egitasmoaren sortzailea pailazo lanetan. Argazkia: Gure Zirkua.

Dozena bat lagunek osatzen du Gure Zirkua. Beste modu batez esanda, hamabi dira zirkuko ikuskizunetan parte hartzen dutenak. Denak euskaldunak. Iazko talde bera. Asteburuetan hamabikoa 25 laguneko talde bihurtzen da. Dauden tokian daudela senideekin biltzen dira, elkar ikusi ahal izateko batetik, eta bestetik, nola ez, haiek  lanean jartzen dituzte; otorduak prestatzen, garbiketan... Galartzak gustukoago du esatea 25 lagun dabiltzala Gure Zirkuaren bueltan.

Harreraren arabera jarraituko du Gure Zirkuak Euskal Herriko txokoak zapaltzen. Iazko marka: lau hilabete, hamabi herri, 97 emanaldi eta 25.000 ikusle.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zirkua
Irati Gonzalez Jaimerena. Zirkuola.
“Zirkuan ez dago ezer gaizki, dena dago ongi egina”

Bi karrera ikasi ostean, hezkuntzako zerrenda publikoetan izena eman eta irakasle lanetan hasi zen Irati Gonzalez Jaimerena irundarra. "Dena lortu duzu", esaten zion inguruak. Dantza urbanoa egiten zuen orduan, baina ume zenetik mugitu izan du gorputza. Eta hezkuntza... [+]


2021-10-22 | Reyes Ilintxeta
Iker Galartza. Gure Zirkuaren sortzailea
“Pailazoek badute baimena transgresoreak izateko, eta beti gustatu izan zait muga horretan ibiltzea”

Poxpolo pailazo bezala, Vaya Semanita-ko aktore moduan edota antzerkian eta telebistan hamaika aldiz egin dugu barre Iker Galartzarekin. Orain eskuartean duena bere proiektu pertsonal eta profesional handiena da: Gure Zirkua, lehen zirku ibiltari euskalduna.


2018-12-14 | Imanol Epelde
Ondo pasa zutelako pasatu genuen ondo

Ondorengoak (Zirika Zirkus) emanaldiaren kronika. Urriaren 6an Altzan (Donostia).


2018-10-31 | Imanol Epelde
Gure zirkutik gure zirkura

Gure zirkua emanaldiaren kronika. Abuztuaren 29an, Zarautzen.


Itsasontzi bat harresietan

Sodade ikuskizunaren kronika. Abuztuaren 22an Iruñean, Ziudadela parkean eskainitako emanaldia, Harresietako Jaialdiaren baitan.


2017-06-21 | Reyes Ilintxeta
Ainhoa Juaniz, clowna
“Pantxika, ‘Fatxistorraren’ ondoan jarriko litzateke eta txistorra beganoa aterako luke”

Ainhoa Juaniz iruindarra zirku artista da, gomazko emakume indartsu eta dibertigarria, noiz edo noiz gorputza Pantxika Lamur fenomenoari uzten diona.


Eguneraketa berriak daude