“Liburuan ez dago txokokeriarik, ezta gorrotatzen dudan kosmopaletismorik ere”

  • EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakaslea. Idazle gisa poesian nabarmendu da. Haur literaturari ere ekin dio azken urteetan. Berriki, Gasteiz eta oro har Arabaren deskribapen esanguratsuak egin ditu Mundutik mundua / Arabako hitzontzi baten kronikak (Pamiela) entsegu liburuan. Mundua erretratatu du bertatik bertara. 

"Liburua begirada zabalago batez egina dago, eta horrek ematen du literaturaz hitz egiteko aukera, bizitzaz". (Argazkilaria: Dani Blanco).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nafarroarekin lotutako arabarra zara, gasteiztarra.

Bai. Neurez gasteiztarra naiz, hemen hazia. Zelaieta Anta naiz; Blanco ere bai… Aitaren aldetik Bortzirietako nafarra, Berakoa. Amaren aldetik galiziarra. Gasteizen hezitakoa naiz. Familiako kontuak zirela eta, haurtzaroan Bera aldera joaten ginen, baita Hondarribira ere udaldian. Hala ere, aitak ez zigun euskara transmititu, anaia zaharrenak ordea jaso zuen; Parisen jaioa izan arren, usu joaten zen Berara. Ni baino hamar urte zaharragoa da. 1965ean, frankismo bete-betean, Gasteizera etorri zen gaztelania ikasi gabe, euskaraz besterik ez zekiela. Beste biok erdaraz hazi eta hezi ginen. Aitaren aldetiko familia euskalduna da, baina ez zuten bereziki kontzientzia euskaltzalea. Beraz, A eredutik pasatu ondotik euskaltegian egon nintzen; gero Euskal Filologia egin nuen; eta azkenik, tesia Baztan-Bidasoako euskararen gainean egin nuen.  

Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak izena du zure liburuak. Gaizki ikusia al dago gaur egun hitzontzi edo kalakaria izatea?

Ez dakit gaizki ikusita dagoen... Hitzontzia ipini diogu liburuari azpiko izenean, hitzontzi baten irudi batekin [azalean ageri dena] jostatu nahi izan dugulako.  
    Funtsera joanaz, Hitzontzi-ren gibelean autoironia dago, ironia zilegi eta sanoena, nork bere buruari barre egitea. Hau da, lehenik eta behin norberak egin diezaiola irri bere buruari, horrek eman baitiezaioke, akaso, beste batzuei buruz barre egiteko parada. Autoironia asko gustatzen zait genero literario modura, baita egunerokoan erabiltzea ere. Liburuan ironia dago eta ironiaren barruan estimatzen dudan generoa dago: autoironia. Apustu estetiko eta kasik etiko modura bizi dut ironia. Dena dela ere, autoironia alde batera utzita, hitzontzikeria-z galdeturik,  interesatzen zait entzuten dakien jendea. Hitz egiten jakitea funtsezkoa da, baina entzuten jakitea arrunt inportantea. Zer da zailago gaurko munduan, hitz egiten edo entzuten jakitea? Nire ustez, zarataz gainezka bizi garen jendarte honetan, gehiago kostatzen zaigu entzutea.

Generoari dagokionez, zer da liburu hau?

Ezinbestean hibrido bat da, nire kasuan beste hibrido bat. Dirudienez, ez dakit hibridorik ez den beste deus egiten, nire marka da nonbait. Hibridazio horretan, mugaldekotasuna dago [Mugaldekoak proiektu literario-musikala]; haur literaturan ere ari naiz, iaz lehenbiziko liburuak atera nituen, horietako baten izena –fikzioarekin jostatuta– Amets anfibio. Oso anfibioa naiz... [Amets izena du bere semeak].

Liburuak hiru atal ditu: Hitzaurrea, Kronikak eta Hitzatzea.

Hitzaurrea-n, irakurlea laguntzeko, artikuluen jatorria kontatzen da, liburua jatorrian artikulu bilduma da, hainbat agerkaritan idatzitakoak, baina berridazteko prozesu bat bizi izan dutenak.

Liburua begirada zabalago batez egina dago, eta horrek ematen du literaturaz hitz egiteko aukera, bizitzaz.
Liburu txikia da, baina  ezpal askoko enbor
modura ikusten dut"

Egunkariera-z idatzitako testuetatik eratorritako testuak dira. Nolatan?

Konturatu nintzen interesgarria izan zitekeela jatorrizko testuek ziotena baino zerbait gehiago eskaintzea. Ez gaitezen engaina, hemen Ajuria Enea eta Eusko Legebiltzarra badaude ere, euskarazko plazari dagokionez, Araba periferia da. Kultura aldetik, hainbat mugimendu eta ekimen –indibidual zein kolektibo– interesgarriak izan arren, gehienak euskalgintzaren plaza barruan ari direnak, oraindik ere arabartasuna periferikoa da. Orduan, alde horretatik proposamena egiteko zirrikituak ikusi nituen. Arabartasuna hartuta, urte askotako testuak ditut han-hemenka idatzita, batzuk Argia-n agertuak. Nola edo hala aukeraketa egin nuen, autopsikoanalisia, alegia zenbatetan idatzi nuen Arabaz, ez modu zentralean soilik, baizik eta dekoratu gisa ere. Sorpresa hartu nuen, uste baino gehiago ziren. Normala ere bada, gehien ezagutzen dudana Gasteiz eta Araba dira, baita Baztan-Bidasoa ere.

Testuen literariotasuna neurrikoa egin zait, saio txiki oparoa osatu duzu. Nola egiten da hori jatorrizko testuari traiziorik egin gabe?

Lehenbiziko bilaketan 65 artikulu arrantzatu nituen, horietatik batzuk ez zitzaizkidan gehiegi gustatu, beste batzuek ez zuten denboraren muga gainditzen. Hitzaurrea-n beltzez agertzen diren lagunen izenak daude, Joxe Carreras da horietako bat eta laguntza eskatu nion. Gasteiztarra da, Euskal Filologia egin zuen, Irlandan bizi da, hau da, hemendik kanpo. Tarteka etortzen da. Munduan barrena mugitzen denez, testuok pasa nizkion haren irakurketaren berri jakiteko asmoz. Bigarren prozesu batean 50 testu aukeratu nituen. Liburua egituratze horretan,  zerbait gehiago eskaini nahi horretan, jatorrizko testuak neurri bertsukoak izatea erabaki nuen, liburua atmosfera berean sartzeko. Neurriak giro bat eman dezake literaturan. Horretan, kreaziotik baino gehiago errekreaziotik egon da.

Beste lagun batzuek ere lagundu zaituzte. Hitzatzea-n kasu.

Bai. Arabartasunaren dikurtsoa gogoan, babazorroek idaztea nahi nuen, beraz, Karmele Jaiok idatzi du. Konplizitatea eskatu nion. Hitzatzea egin du eta anitz gustatu zait, erdiz erdi asmatu du. Nik egunekoaren kronika egin dut, eta berak kronikaren kronika. Primeran biluztu nau. Hala berean, nahi nituen ilustrazio batzuk sartzea. Eneko Ugartek egin ditu, irudi inpresionistak dira, azalekoa barne. Primeran gelditu dira. Ez dira irudi errazak, azaletik hasita, irakurketa berezia eskatzen baitute. Ama Zuriaren plazaz egin duen ilustrazioa zoragarria da. Berean gauden gasteiztarrak, selfia, letren eraistea... [liburuko irudia  erakusten ari zaigu]. Bistan da, Anakoz Amenabar kazetariaren laguntza ere ezinbestekoa izan da, Arabako Hitza-n eta Alea-n idazteko emandako aukerarengatik. Babazorroen laguntzaz, hiriaren irudia eta liburu proiektua osatuta geratu dira.

"Poeta izanagatik” zutabegile ona  zara. Argiako zutabeak lekuko.

Zuk horrela badiozu, ez dut nik ukatuko.  

Erraza al da poeta eta zutabegile izatea?

Niretzat bai. Oso naturala da. Areago, ez dakit jakingo ote nuen bestela idazten. Horregatik hibridazioarena: EHUn gaude, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean... Gertatu zait, ikasle edo irakasle batek edota kritikariren batek poesia egiten ari ote naizen esatea... Edo esatea modu didaktikoan ari naizela, edota kontrakoan ari naizela ere. Ikastolan eta euskaltegian ere aritua naiz, irakasle izateko oso enfatikoa naizela esan didate, baina hara, nire ustez irakasle batek hala behar du. Nire izatearen marka da, nonbait. Horrek edozein ofiziotan zailtzen eta trebatzen nau. Horregatik edo, zutabeak eta poesia idaztea oso naturala zait, areago, ziur naiz elkarri eragiten diotela. Urteak dira ari naizela bietan.

Plazerra emateko idatzi ohi da. Edonola ere, plazer estetikoa baitezpadakoa da.

Erabat ados. Zutabegintzan aritzean kontzientea naiz hala ere, poetaren ajeaz. Aje hori kontzienteki nahiz inkontzienteki hartu dut. Alegia, nola adierazi zutabe batean? Neurria motza baita. Nire uste apalean, neure ekarpena hori izan daiteke. Literatura hori ere bada. Gaia da, noski. Zertaz jardun. Baina neurri batean bada ere berau nola plazaratu: estiloa, estetika, umorea nola erabili eta gogoeta nola sartu aldi berean.  

(...)

Izan ere, lagun literarioa daukat Sandra Cisneros. Literatura txikanoan ezaguna da. The House on Mango Street liburuaren egilea. Hogeita hamabost urte du liburuak, hamar bat urte dira irakurri nuela. Gustatu zitzaidan haren estetika, mugaldekotasuna. Niretzat erreferentzia eta klabea izan da liburu hau ontzeko orduan. Beste lagun literario batzuek ere eman didate klabea, eta horietan lehena Xuan Bello da. Idazle asturiarra. Bere Hestoria Universal de Paniceiros oso esanguratsua da, liburu fragmentarioa da, tamainakoa.  Ahozko literatura sartzen du liburuan, poemak eta gogoetak besteak beste. Gauza sinpleak kontatzen ditu: mundu globalizatu honetan "soy de Paniceiros, soy del mundo" dio.

Eta zuk?

Ni gauza bera egiten saiatzen naiz. Nondik ikusten dudan mundua azkeneko urte hauetan, XXI. mendean, alegia? Bada, Salburua auzotik, bertan bizi naiz eta [alde zaharrean jaioa da bera]. Salburutik Olarizu ikusten dugu. Ikusiko dugu zer ematen duen etorkizunean nortasuna hartzen hasia den auzo honek. Salburutik –mundutik– mundua ikusten dugu, Olarizu mendia, nahasketa multikulturala eta nerabezarora bidean diren haurrak.


Eta zer azpimarratuko zenuke, besteak beste?

Bada, bitxikeria gisa, metaforarik  erabili gabe, Xuxen-ek Salburua eta Olarizu, biak gorriz azpimarratzen dituela, biak ala biak izen euskaldunak izanagatik ere. Horrek ematen du periferiaren berri. Bi hitzak akatsak balira ageri dira ordenagailuan, munduaren ertzean daudelako nonbait. Ez dut deus Xuxen programatu dutenen aurka, jakina, hori egoera baten ispilua dela erran nahi dut.   

Saio txiki da, baina ertz askotarikoa.  

Liburu honek hari asko ateratzeko aukera ematen dit, liburu anitza da, hainbat gai  daude: aitatasuna, mugaldekotasuna, kultur aniztasuna, nire ibilbidea, autokritika eta autoezagutza, egunerokotasuna... Baina ezohiko moduan ontzen saiatu naiz, begirada zabalago batez egina dago, eta horrek ematen du literaturaz hitz egiteko aukera, bizitzaz. Liburu txikia da, baina  ezpal askoko enbor modura ikusten dut.

Gasteiz idazle eta sortzaileen hirigunea begitantzen zait. Topikoa al da hori esatea?

Topikoa izatekotan, eraikitzen ari den topikoa da, eta ez litzateke txarra izango. Behin hori lortuta, agian, topikoa desegin beharko genuke. Demagun, baietz! Gasteizen azken urte hauetan hainbat idazle, musikari eta sortzaileen mugimendua dago –kultura esparruaz ari naiz–. "Mundutik mundua" delakoa klabe da hori ulertzeko.

Ongi litzateke beste euskaldunek nola sumatzen duten Araba jakitea, baita gasteiztarrok eta arabarrok nola ikusten dugun gure burua ere”

"Araba zazpigarren alaba". Topikoa al da hori ere? Araba ongi paratuta dago gaur egungo Euskal Herrian, ezta?

Ongi litzateke beste euskaldunek Araba nola sumatzen duten jakitea, ez bakarrik kultura alorrean, oro har esan nahi dut, baita gasteiztarrok eta arabarrok nola ikusten dugun gure burua ere. Ukaezinezkoa da, Araban konplexu bat egon da, baina esango nuke, ez badago guztiz aldatuta, aldatzeko bide sendoan ari dela. Zentzu horretan, liburuan ez dago txokokeriarik, ezta gorrotatzen dudan kosmopaletismorik ere. Esango nuke arabartasun sano bat sortzen ari dela alde horretatik. Ezaugarri hori interesgarria eta ona da arabarrontzat, eta Euskal Herriko gainerakoentzat ere bai.

Zer espero  duzu irakurleen aldetik, edo zer jaso duzu dagoeneko?

Espero dut lan guztiekin bezala, ahal den gehiena irakurria izatea. Momentuz kritika aldetik jaso dudanarekin oso pozik nago. Ingurutik ailegatu zaidana ere pozgarria da. Talka Arte galerian liburuaren aurkezpen kurioso bat egin genuen, gauzak kolektibizatzeko saioa izan zen. Jose Angel Irigarai, Karmele Jaio, Eneko Ugarte eta laurok aritu ginen. Ordu bateko ekitaldia izan zen, oso ondo joan zen jendearen harrera aldetik. Enekok bere lengoaia erabili zuen, marrazketa. Pintura eta literatura uztartu genituen. Nik kronika batzuk irakurri nituen. Modus operandi hori gero eta gehiago interesatzen zait, estiloak lantzea, literaturan bezala. Funtsezkoa egiten zait modu kolektiboan plazaratzea, ongi sentiarazten nau jendearekin aritzeak. Aurkezpen horretan esan zidaten voyeur samarra naizela, behatzailea, begirada dagoela nire izateko moduan. Egunero behatzen duen pertsona eta begirada horretatik elikatzen den norbait. Liburua kronika dela, baina literatura ere badela. Saiakera dela, baina batzuetan narratzailea ageri dela, eta gainera giro poetikoa antzematen zaiola. Bada, zer erran? Pozten naiz, hori izan baita nire apustua. 

"Gasteiztarra bat da eta arabarra beste bat"

Mundutik mundua hizpide, pasadizo bat: gasteiztar bat joan omen zen New Yorkera 90eko hamarkadan, eta hamar urte lan egin ondoren, amerikar kulturaz aspertuta, “banoa Euskal Herrira” pentsatu zuen. Gasteizera itzuli zen eta hara, Amerika hemen zegoen.  

Baina hori ez da soilik Gasteizen gertatu. Azken hogei urteetan, denok badakigu nola aldatu den mundua, bereziki internet dela eta. Areago, hizkuntzen ikaspena hizpide, ni ere aritu naiz hizkuntzak ikasten, ingelesa adibidez, jende askok egin duen bezala, ibilbide akademikoan, hizkuntza eskolan, bidaia batzuk eginez... Alabaina, azken urteetan konturatu naiz ingelesa praktikatzeko, eta ordaindu gabe, kanpotik etorritako jendearekin aukera paregabea dagoela. Dagoeneko lau truke luze egin ditut: bata, Montanako lagun bat da, beste bat Londres ingurukoa, beste bat Nigeriakoa (Lagos ingurukoa), eta beste bat, neska kantondar bat, Txinakoa. Oso interesgarria, ezta? Mugimendu migratorioak direla eta, badut leiho bat irekia jende horiek ezagutzeko. Era berean, Salburuko eskola publikoan zenbat familia magrebtar daude, seme-alabak beste gauza bat dira. Mundu globalizatu baten ondorioa bizi dugu. Gustatu ahal zaigu gehiago edo gutxiago, hori beste kontu bat da, munduaren parametroak aldatu dira, errealitatea hori da.

Gasteiztarra zara, identitate askotarikoa. Gasteiztar euskaldunak horrelakoak al dira?

Nik dakidan horraino, bai. Soziologiaz ari bagara, Gasteizko populazioa laukoiztu da azken hamarkadatan. Txikitan, eskolan, gure belaunaldikoen artean, gurasoak arabarrak eta gasteiztarrak ez izatea nahiko arrunta zen, oro har ari naiz. Identitatea nahiko partekatua da beraz. Zorionez, oso modu naturalean integratu gara. Identitateen  inguruan gorabeherak ere egon dira, noski –penintsulako hegoaldetik etorritakoez ari naiz–, baina horretan sakontzeak luzerako emango luke. Arrasto bat nahi duenarentzat, nazioarteko migrazioaren aurretik, Aitor González de Langarica Mendizabalen liburua: La Ciudad Revolucionada. Industrialización, inmigración, urbanización. (Vitoria. 1946-1965).

Bereizi behar al dira arabarra eta gasteiztarra?

Bai. Tira, gaur egun halako identitateak bereizten ahal diren neurrian. Biak lotuta daude, noski, baina ez dira gauza bera. Gasteiztarra bat da eta arabarra beste bat; oraindik behintzat. Araba populazio aldetik oso kontzentratua dago Gasteizen, Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala. Laudio, Amurrio, Agurain dira salbuespenak, hurrenez hurren: 20.000, 10.000 eta 5.000 lagun bizi dira herri horietan. Gasteiz Arabako bihotza eta birika da, baina Araba Gasteiz baino askoz gehiago da. Areago, Arabako bazterrak gasteiztar askorentzat ezezagunak dira. Ni oraindik ezagutzen ari naiz…. Araba oso interesgarria da paisaia aldetik, lurralde komunak ditu, Nafarroak bezala. Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Eguneraketa berriak daude