Ingurumen aldaketa handien adierazle txikiak

  • Inguruan ditugu, ezkutuan begira, nahiz eta guk ikusi ez. Ez gara ohartzen, baina anfibio eta narrastiek gauza asko dute kontatzeko ingurumenari buruz, eta eurei esker eragin dezakegu kontzientziazioa eta ezagutza. Helburu horrekin izan gara Leurtzako urtegi inguruan, ARGIA aldizkariak Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoekin elkarlanean antolatutako bisita gidatuan.


2019ko ekainaren 07an
Besteren artean, txantxiku ar arrunta topatu genuen Leurtzako urtegi inguruan, ernaldutako arrautzak zintzilik zeramatzala / Estitxu Eizagirre
Besteren artean, txantxiku ar arrunta topatu genuen Leurtzako urtegi inguruan, ernaldutako arrautzak zintzilik zeramatzala / Estitxu Eizagirre
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Non gordetzen dira narrastiak hotza egiten duenean? Ba al zenekien Euskal Herrian badirela hankarik gabeko muskerrak? Edota gure inguruan bizi den apo espezie batean arrak direla arrautza ernatuak zaintzen dituztenak? Zergatik dituzte arrabioek kolore deigarriak? Zein da mundu osoan Pirinioetako erreketan baino topatuko ez dugun uhandrea? Horiek eta beste galdera asko erantzun genituen Aranzadi elkarteko hiru kidek maiatzaren 18an Leurtzako urtegi inguruan, goizez eta arratsaldez bertako anfibioak eta narrastiak ezagutzeko egin genuen ibilbide gidatuan. ARGIAren mendeurrenaren baitan antolatutako ekimen berezia izan zen.

Ondo pasatzeko eta ikasteko helburuarekin egin genuen txangoa Urrotz eta Beintza-Labaien arteko parajeotan. Apoek eta sugeek, ordea, gehiagorako ere eman zuten. Galdera txikietatik ondorio handiak atera daitezke sarri; hurbilekoari begiratzea baino ez dago mundu mailako galdera askori azalpena emateko. Fokua inguruan ditugun animalia txikietan jarri genuen beraz, eta burua ingurumenean.  

EZUSTEKOZ BETERIKO IBILBIDEA

Lehenbiziko ezustekoa ARGIAko irakurleek eman ziguten. Gehienez 35 pertsonako talde bat osatzeko eskatu genien aldizkarikoei. Animaliekin lan egitean baldintza batzuk betetzea beharrezkoa da, eta naturaren eta jendearen hobe beharrez, komeni da multzo oso handitan ez ibiltzea. Ordu gutxian, alabaina, taldea osaturik zegoen jada, eta arratsalderako beste 35 laguneko taldea osatzea erabaki genuen. Hura ere segituan bete zen. 70 pertsonek eman zuten izena ordu gutxian Leurtzako ibilbiderako, txangoak piztu zuen interesaren isla ederra.

Maiatzaren 18a. Euria goitik eta behetik. Eta hotz samar. Izena emana zutenak ordea ez zituen kikildu horrek. Begiak zabal-zabal zituzten buru txikiak, gure hitzak harriduraz entzuten zituzten ile urdintzen hasiak, eta irribarre batekin erantzuten ziguten gurasoak. Talde horrekin nola huts egin!

Aranzadi zientzia elkarteko kide ander izagirre –eskuan uhandrea duela–, Alberto Gosá –betaurrekoekin– eta artikulu honen egileak eman genizkien anfibio eta narrastien inguruko azalpenak Leurtzan bildutakoei. / Estitxu Eizagirre

Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko Ander Izagirre Egaña, Alberto Gosá eta hiruok egin genituen gidari lanak, eta eguna indarrez hasteko, lehen ezustea eman genien bertaratu zirenei: 1980ko hamarkadan Alberto Gosák berak aurkitu zuen lehen aldiz uhandre piriniarra (Calotriton asper) Leurtzan. 30 urte geroago, berriro ere bertan zegoela ziurtatu ahal izan genuen. Kume bat eta heldu bat aurkitu genituen urtegiko hormaren azpialdeko erreka harritsu eta itzaltsuan. Baina, zergatik uhandre piriniarra Leurtzan? Zein da Pirinioetako erreken eta Leurtzakoaren arteko antzekotasuna?

Uhandre piriniarra erreka harritsu, ondo oxigenatu eta garbietan bizi da. Heldua denean isatsa mantentzen duen anfibioa da. Adituentzat, beraz, urodeloa. Urtegia eraikitzeak bere bizilekuaren zati bat suntsitu bazuen ere, erreka mantentzen den guneetan oraindik ere baldintza onak ditu bizirauteko. Uhandre piriniarra baliatu genuen Leurtzara bertaratutakoei erreken kontserbazioaz eta klima aldaketaz hitz egiteko. Izan ere, uraren tenperatura igotzen bada, mantenduko al ditu uhandre piriniarrak egun dituen populazioak? Ala desagertu egingo da? Galdera airean gelditu zen. Hasi ziren lehendabiziko hausnarketak…

UHANDRETIK UHANDRERA: GUZTIAK EZ BAITIRA BERDINAK

Ez zen uhandre piriniarra izan, ordea, aurkitu genuen anfibio isatsdun bakarra. Uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) ikusteko aukera ere izan genuen. Baina, non topa daitezke anfibioak eta narrastiak tenperatura baxuetako egunetan? Ez al dute kanpoko berotasuna behar aktibatzeko? Leurtzan aurkitu genituen animalia gehienak harri eta enbor azpietan aurkitu genituen, babesean. Udaberria ugal garaia da animalia askorentzat, eta ur-puntuetatik gertu daude, arrautzak jartzera joateko; baina hotz egiten badu, babesean hobe. Etxeko txikienen begiradapean, animalien ezkutalekuak –harri eta enborrak– nola jaso eta utzi erakutsi genuen, eta adituek egiteko lana dela adierazi. Harri bakoitzak bere lekua du, bere funtzioa betetzen du ingurunean. Harriak jasotzen bezala, zegoen moduan uzten ere ikasi behar da.

Zirauna eskuetan / Estitxu Eizagirre

Uhandre palmatu arrak bizkarraldean gandor txikia garatzen du ugal garaian; hori entzutean harrituta gelditu baziren batzuk, ikustekoa izan zen txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) aurkitzean begiak nola zabaldu zituzten. Izan ere, Europako aporik zaharrenak badu zer kontatua: atzeko hanketan zintzilik eramaten ditu ernaldutako arrautzak. Leurtzan ziren askoren harridurarako, gainera, arra izaten da espezie horretan arrautzen arduraduna, zaintzailea. Egon zen esan zuenik gizakiak (gizonek, alegia) horren eredu hartu beharko lukeela… naturak askotan erakusten baitigu dena ez dela gizakiaren begietatik begiratu behar. Ingurumena askoz anitzagoa da.

Txantxikuaren txikitasunaz ez ezik, haren ahultasunen berri ere eman behar izan genuen zoritxarrez. Europan babestuta dagoen espezie honek populazio ederrak ditu Euskal Herrian. Ez du itxura batean desagertzeko mehatxu maila nabarmenik oraintxe, baina gure inguruan kontrakoa pentsatzeko arrazoiak ematen dituzten gertaerak ari dira izaten. Madrilgo adibidea jarri zuen Alberto Gosák. Bertan, klima aldaketa dela eta, gurean gelditzeko aukera egin duen onddo batek txantxikuaren populazio oso bat suntsitu zuen aste gutxian. Azalean sartu eta animalia hiltzen du. Onddo hori aurkitu da gure mendietan eta, hortaz, tentuz begiratu beharko diogu etorkizunari.

Ibilbide gidatuan parte hartu zutenei argi azaldu zitzaien: momentu horretan aurrean zuten ornodun taldea, anfibioena, munduko mehatxatuena da, eta azken urteetan gainbehera global garbia jasaten ari da. Espezie horiek azaletik arnasa hartzeko duten gaitasunak, eragiten du azala leuna eta zeharkatzeko erraza izatea. Inguruan gertatzen diren aldaketek (herbizidek, pestizidek, kutsadurak, klima aldaketak…) zuzenean eragiten diete. Horrek egiten du, bestalde, animalia txiki hauek gure ingurunearen bioadierazle bikainak izatea. Gure naturaren osasunari neurria hartu nahi badiogu, sarriago begiratu beharko diegu anfibioei. Eurak dira aldaketa sentituko duten lehenak, baita nabarituko dutenak ere, zoritxarrez.  

ERREALITATETIK KONDAIRETARA: APOAK ETA ARRABIOAK

Txantxiku arruntaz gain, ikusi genuen apo gehiago. Apo arruntak (Bufo spinosus) ere egin zuen bere agerraldia. Harri azpian, lurraren barruko zulo batean kiribilduta zegoen, bere begi gorri biziak guri so zituela. Aitzakia ederra izan zen hitz egiteko animalien migrazioaz, ugaltzeko estrategiez, bertako bi apoen arteko ezberdintasunez... eta animalion ospe ilunaz. Izan ere, nork ez du sekula entzun apoek pozoia dutela, edota begietara pixa egiten dutela? Euskal kulturan eta kanpokoetan dauden kondaira eta usteek zabaldu izan dituzte halakoak...

Arrabio arrunta agertu zitzaigun eguna amaitzear zela... / Juan Luis Izeta

Kondairak aipatuta, nola ahaztu eguna amaitzear zela agertu zitzaigun espeziea: arrabio arrunta (Salamandra salamandra), suarekin, heriotzarekin eta infernuarekin lotu izan den anfibioa. Mantso, lasai, ziurtasun osoz zihoan bere kolore hori eta beltzeko bizkar marratuarekin basora bidean. Momentu gozagarria izan zen.

ETA NARRASTIAK? NON ZIREN LEURTZAKO NARRASTIAK?

Ibilbide aurreko eguna ere euritsua eta hotza izan zela ikusita, narrastiak ikusteko esperantzak txikia behar zuela aurreratu genien gerturatutakoei. Badira, ordea, zeru lainotuaren azpian ere gorputza martxan jartzeko adina bero biltzen dutenak, Euskal Herrian aurkituko dugun hankarik gabeko muskerra adibidez, zirauna alegia. Nola ba? Zirauna (Anguis fragilis) ez al da suge mota bat?

Ziraunaren gorputzak sugeekiko duen antzekotasunak nahasten gaitu askotan, baina ondo behatuta, muskerren taldeko animalia dela ohartuko gara. Sugeek ez bezala, azpialdean dituen ezkatak lerro bakarrean baino gehiagotan ditu banatuak, eta betazalak ditu begiak estaltzeko. Irakurleari arreta gehien deituko diona, baina, sugandilek bezala isatsa askatzeko gaitasuna dutela da. Hau da, isatsa galduz gero, berriro sortu dezake ziraunak, sugeek ez bezala.

Harri azpietan azaldu ziren ziraun arra, emea, kumea… eta guztiak ezberdintzeko aukera izan genuen. Leku bertsuetan topatu genituen ere horma-sugandilak (Podarcis muralis). Euskal Herriko gainontzeko sugandilekin duten ezberdintasuna azaldu ostean, ugaltzeko moduaz aritu ginen. Izan ere, harri azpietan aurkitu genituen sugandilon arrautza txikiak. Horiek hiltzerik nahi ez badugu, bake santuan utzi behar dira, ukitu ere ez. Eguteran zeuden jarriak, harri azpialde hezeetan. Ez kasualitatez, horma-sugandilak ondo asko dakielako non jarri bere geneen etorkizuna bermatuko duten arrautzak.

Ibilbidean zehar begiak eskala txikian izan genituen jarriak. Belarriak erne, burmuina piztuta eta gogoetarako ideiak airean zebiltzala. Aurkituriko animalia txiki horiengan irakurri ahal izan genituen gure ingurura maiz iristen zaizkigun klima aldaketa, eredu jasangarriak eta biodibertsitatea bezalako hitz potoloak.

Animaliak ikusteaz gain, parajeaz gozatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek / Estitxu Eizagirre

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
Lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak 2024an

Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.


92 hildako gutxienez
Zergatik lehertu da zerua orain Valentzian?

Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Korrika egiten duen hegalaria

Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.


Erle beltza mehatxupean

Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.

Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan... [+]


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko B. Otamendik hitzaldi hartan esan ziren ideia... [+]

2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


“Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko”

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Basoilarra agertu da Larra-Belaguan, baina zer esatera etorri zaigu?

Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]


Haizearekin dantzan

Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu dabilenean “miru-itzala” edo “miru-kerizpea” dagoela esatea, Felipe... [+]


Kosk egiten ez duen tigrea

Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.


Eguneraketa berriak daude