Euskaraz egiteagatik belauniko eta liburuak eskuetan, euskaraz egiteagatik ikasgelako azken mahaira, euskaraz egiteagatik: “aldeano burro!”... Zigorra, mespretxua, debekua. Eskolan, eta kalean, eta lantokian... Hizkuntza zapaldua izan da mendeetan, baita azken hamarkadetan ere. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak “Egia, Aitortza eta Erreparazioa euskaldunontzat” manifestua argitaratu du. Ale xumea, apenas landu eta ezagutarazi den errepresioaren memoria osatzeko.
Euskal Herrian Euskarazek manifestuarekin batera hamar bat minutuko bideo-dokumentala osatu du. Ahotsak egitasmoak jende helduari egindako ehunka elkarrizketetatik hizkuntza zapalkuntzarekin zerikusia duten txatalak bildu dituzte EHEkoek. Euskaldun horien testigantzak hainbat gaztek ikusi ditu eta EHEko kideak harrituta geratu dira, konturatu direlako gazte gehienentzat halako gertaerak ezezagunak direla. Bideoan ageri diren euskaldunek duela hamarkada gutxi pairatu zuten jazarpena kontatzen dute, batik bat, eskolakoa; ez dira duela mendeetako zapalkuntzaz ari, atzo goizekoaz baizik. Urko Aierbek kezka adierazi du: “Herri bezala hausnartu behar dugu nola ari garen egiten memoriaren transmisioa, euskara komunikazio tresna bezala transmititzeaz gain, hizkuntzaren ingurua, euskalduntasuna nolabait esan, ez gara ari transmititzen, edo ez behintzat behar bezala”.
Manifestuaren ardatza dira egia, aitortza eta erreparazioa, eta hiru kontzeptuak euskal gatazkaren errelatoaren eztabaidan jorratzen diren hiru elementuak dira. Gisa berean landu nahi dute hizkuntzagatik eragindako bortxa, zapalkuntza. Euskal gatazka deitzen zaion eremu horren barruan, esate baterako mugimendu feminista hasi da bere irakurketa egiten, bere egia, aitortza eta erreparazioa lantzen eta eskatzen. EHEk gauza bera eskatzen du hizkuntzaren jazarpenari dagokionez. Aierbek ez du uste bortxa moten artean alderaketak egiten hasteak zentzurik duenik, “baina horrelako lanketen bidez ikusten da bortxa aurpegi anitzekoa izan dela eta hiru kontzeptuak baliagarriak direla eremu guztietarako”.
Gertatu dena jakiteak balio du gaur egungo egoera azaldu ahal izateko, EHEren ustez. Euskararen eta euskaldunen gaur egungo egoera ez baitira kasualitatearen ondorio, erabaki eta neurri batzuen ondorio baizik. Zein erabaki eta neurri izan diren, nork hartu dituen, nola gauzatu diren, zein ondorio izan dituzten, ezinbestekoa da gaurkoa ulertzeko.
Eta egiaren ondoren dator aitortza, egindako kaltearen aitortza. Eragileek aitor dezatela: “Bortxa erabili genuen, hizkuntza ordezkapena eta hizkuntza gatazka sustatu genituen euskara gaztelerarekin edo frantsesarekin ordezkatzeko”. Manifestuaren bultzatzaileek oso ondo dakite halako esaldirik ez dela esango: “Bereziki bi estatuak, gaur egun euskara ordezkatzeko norabidean neurriak hartzen ari dira. Aitortza aldarrikatzen dugu jakinda ez dela helduko”.
Egia, aitortza, eta ondoren erreparazioa. EHEk hirugarren kontzeptu honetan jarri nahi du indarra, izan ere jazotakoa ezagutzeak aurrera begira lan egiteko balio behar du, hizkuntza politika zehazteko. Hala dio Aierbek: “Erreparazio bakarra Euskal Herria berreuskalduntzea da, euskaraz bizi nahi dugunok inolako oztoporik eta mugarik gabe hala aritzeko aukera izatea. Erreparazioa diogunean ez dugu esan nahi orain dela ez dakit zenbat mendeko errealitate linguistikora itzultzea. Orain, hemen, hizkuntza asko dago eta hemen bizi garenok erabaki beharko dugu nola antolatu hizkuntzak. Gure iritziz, ezinbestean, euskara ardatza izan behar da”.
Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria (Dabid Anaut, Euskal Memoria Fundazioa), Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak (Susa), Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskera (Ttarttalo)... bada jazarpena jaso duen literatura, badira bortxa jasan duten euskaldunen lekukotasunak. Beste kontu bat da dagoena zenbateraino zabaldu den, zenbateraino iritsi den euskal herritarrengana. EHEk baditu bi kezka gertatutakoa dibulgatzeaz ari garela. Batetik, hezkuntzak eta hedabideek memoria transmititzeari zenbaterainoko arreta ipintzen dioten zalantzan jartzen du. Bestalde, politika linguizidak bultzatu dituzten eragile, alderdi eta instituzioak badira oraindik, “eta haiei ez zaie interesatzen hura kontatzea, are okerrago, diskurtsoari bira eman eta euskaldunoi inposizioa leporatzen digute”. Bestetik, sektore euskaltzalean behar bezalako arretarik ez zaiola eman uste du EHEk, “guk egitasmo xume hau egin dugu, aurrera begira jarri ahal izateko”.
Ondoko pasarteak Ahotsak egitasmoak bildutako uztatik ekarritakoak dira. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea helburu duen egitasmoak belaunaldi helduenei egindako elkarrizketa ugari du bildua. Euskal Herrian Euskarazek elkarrizketa horiek arakatu ditu eta euskaraz aritzeagatik jasandako zapalkuntza adierazten duten pasarteak aukeratu eta Mugarik gabeko euskara dokumentalean bildu ditu.
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
--------------------------------
Zeuk esana da ez dela errepresio mota ikusgarriena eta lazgarriena, adibidez, gerrarekin alderatuz. Hiztunen aurkako jazarpena lausoagoa da. Zailagoa da lehen lerrora ekartzen?
Ez dago gerrak utzi dezakeen marka fisikorik, hildakoak eta zaurituak adibidez. Euskararen jazarpenak ez dizkigu horrelako argazkiak utzi, batik bat jendeari gogoan gelditu zaion aztarna daukagu. Ikusten zailagoa da, eta beharbada azaltzen ere zailagoa, baina jazarpen hori ere gogorra da. Jendeak gaizki pasa du, hizkuntza hitz egin nahi eta ezin, baztertua eta mespretxatua sentitu da. Oso gauza potoloa da. Aztarna ez da argazkietan ikusiko, testigantzen bidez jaso daiteke. Arreta jarri behar zaio.
EHEk aurkeztu zuen dokumentalean haiei gertatutakoa etsipenez kontatzen dute, hizkuntza eskubideen urraketaz jabetu ez balira bezala.
Errepresio bortitza jasan zuten belaunaldiek nolabaiteko etsipena erakusten dute: horrela izan zen, gauzak horrela ziren orduan... Kasik ahaztea nahiago balute moduan. Bestalde, jasan zutenarekin batera zetorren gerra ideologikoa. Boteretik zetorren borroka ideologiko hark ulertarazi zien euskarak ez zuela ezertarako balio. Gertatutakotik hainbat urtera hura kontatu, eta zoritxarrez, nabari da ez dutela gogoetarik egin, gaurko belaunaldiek egin duten bezala. Haietako asko, urteak pasata ere, hizkuntza eskubiderik ez balute bezala bizi dira, hizkuntza etxerako dute. Hala ere, erresistentzia jarrerak ere izan ziren, eta eskerrak batzuek hala egin zuten.
Zapalkuntzak ondorioak uzten ditu hiztunengan. Nolakoak izan daitezke?
Ondorio kolektiboak daude alde batetik. Euskarak lurraldeak, hiztunak eta funtzioak galdu ditu. Bestetik, hiztunek pairatu dituzte ondorioak. Hiztuna isildu egin da askotan, euskara jakin arren ez erabiltzea erabaki du. Horretaz gain, seme-alabei ez irakastea erabaki du. Hori galera ikaragarria izan da, belaunaldi eta lurralde batzuetan, oso epe motzean, hizkuntza galdu baita. Kontzientzian ere arrastoa utzi du, nahiz eta batzuetan jazarpena erauntsia izan, eta beste batzuetan aldiz, sirimiria. Jendeak hizkuntzarekiko pertzepzio kaskarra barneratu du, hizkuntza eskubideak gutxietsi ditu. Hamarkadatan esan zaigu euskarak ez duela balio. Hala ere, gaur egun, neurri batean, horri bira eman zaio eta euskarak badu prestigioa. Baina esandakoa, motxila hor daramagu.
Etsipena alde batera utzita, erresistentziari dagokionez, bi modutara heldu dio euskaldunak. Batetik, hizkuntzari atxikimendu naturala izan dio, kasik kontzientziarik gabe: “Euskaraz egingo dut eta kito”. Bestetik, aurreko eredua baino jarrera ideologizatuagoa izan dute, zapalkuntzaren aurrean erreakzionatu dute: “Nik eutsi egingo diot”. Bien baturari esker iritsi gara iritsi garen tokira, zorionez.
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]
Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]